272. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

95/2021 FORU DEKRETUA, azaroaren 17koa, Aimar Olaizola Apezetxea jaunari eta Juan Carlos Unzué Labiano jaunari Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Merezimenduaren 2021eko Urrezko Domina ematen diena.

Abenduaren 21eko 363/1998 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Kirolaren Goresmen Sariak sortu ziren.

Apirilaren 5eko 42/2001 Foru Aginduak kirolaren goresmen sari horiek nola eman arautzen du. Besteak beste, eranskinaren 1. puntuan, Urrezko Domina arautzen da.

Goresmen hau ematen zaie Aimar Olaizola Apezetxea jaunari eta Juan Carlos Unzué Labiano jaunari.

–Aimar Olaizola Apezetxea jaunari, kirol arloan Olaizola II.a izenez ezagunagoa, esku pilota profesionalaren arloan 23 urteko ibilbide arrakastatsuan gure erkidegoko kirolari egin dion ekarpen esanguratsuagatik; horrekin batera izan duen proiekzio publikoa goraipatu nahi da.

1998an Lekunberriko Jaian Jai pilotalekuan debuta egin zuenetik, palmares oparo eta distiratsua osatu du. Afizionatuen mailan 20 urtez azpiko banakako Espainiako txapeldun eta Nafarroako eskuz binakako txapeldun izan ondoren irabazitako Eskuz Banakako Txapelketako lau txapelak (2005, 2007, 2012 eta 2013koa), lau t’erdiko zazpi txapelak (2002, 2004, 2005, 2008, 2011, 2012, 2013) eta Eskuz Binakako hiru txapelak (2008, 2011, 2016) aipatu nahi ditugu batez ere.

Maila profesionalean 1.307 partida jokatu ditu guztira, horietatik 26 finalak, eta 14tan irabazi du txapela. Horiek horrela, pilotaririk onenetako bat izan da, eta erreferente bat eskuzko modalitatean, gure erkidegoan pilotarentzat loriatsua izan den garai batean. Lau t’erdiko txapelketen errekorra du, eskuz binakako txapelketan final gehien jokatu dituen pilotaria da, eta profesionaletan titulu gehien eskuratu dituztenen artean bigarrena. Aimar Olaizolak ezbeharrari aurre egiteko gaitasun handia erakutsi du, lesio larri bat izan ondoren frontoira itzuli eta kirol ibilbidea 42 urtera arte luzatuta.

–Juan Carlos Unzué Labianori, kirolaren balioei, batez ere ezbeharra gainditzeko gaitasunari egindako ekarpen eta zabalkunde garrantzitsuagatik, eta gure erkidegoan eta estatu osoan bereganatu duen entzuteagatik, futbol arloan ibilbide profesional ikusgarria izan ondoren alboko esklerosi amiotrofikoa (ELA) bezalako gaixotasun gogorra ezagutarazteko eta ikusarazteko eginiko lanean erakutsi duen jarrera eredugarriagatik.

Harrobian hezi zen atezain moduan, eta debuta egin ondorengo bi urteetan Osasunaren lehen taldean jokatu eta gero, F.C. Barcelonan, Sevilla F.C.-en, el C.D. Tenerifen eta Real Oviedon jokatu zuen; 2001-2002 denboraldian Osasunara itzuli zen eta bertan esan zion agur futbolari 2003ko ekainean. Behe mailako kategoria guztietan hautatu zuten nazioartean jokatzeko, eta 20 urtez azpiko selekzioarekin munduko txapeldunorde izan zen Errusian 1985ean.

2003. urtetik aurrera garai luze eta emankorra izan zuen entrenatzaile gisa, hasieran atezainen entrenatzaile gisa F.C. Barcelonan, aldi desberdinetan. Lehen entrenatzaile gisa, C.D. Numancia, Celta de Vigo eta Girona zuzendu zituen, eta 2020an amaitu zuen bere ibilbidea.

ELA diagnostikatu eta aulkia utzi ondoren, lan handia egin du gaixotasuna jendartean ezagutarazten.

Kultura eta Kiroleko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bateko azaroaren hamazazpian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Merezimenduaren 2021eko Urrezko Domina Aimar Olaizola Apezetxea jaunari eta Juan Carlos Unzué Labiano jaunari ematea.

2. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta interesdunei eta Nafarroako Kirolaren Institutuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko azaroaren 17an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2116350