264. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 19a

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

INDUSTRIA, MERKATARITZA ETA TURISMO MINISTERIOA
EOI, FSP, FUNDAZIOA

Laburpena, EOI, F.S.P., Fundazioak 2021eko azaroaren 5ean emandako Ebazpenarena. Ebazpen horren bidez, “Industria Conectada 4.0” proiektuaren esparruan Espainiako industriaren eraldaketa digitala sustatzeko helburua duten laguntzen deialdia onetsi da

DDBN (identifikazioa): 593521.

Argitara ematen da deialdiaren laburpena, bat etorriz azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 17.3.b eta 20.8.a artikuluekin (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra); haren testu osoa kontsulta daiteke Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/convocatoria/593521).

Lehena.–Onuradunak.

Enpresa onuradunak izaten ahalko dira helbide soziala edo lantoki bat Nafarroan duten enpresak, haien izaera juridikoa edozein dela ere (pertsona fisiko edo juridikoak, elkarteak, irabazi-asmorik gabeko entitateak eta abar), horiek diren aldetik industria-jarduera bat garatzen edo garatuko dutenak, haien xede soziala apirilaren 13ko 475/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren (EJSN-2009) C atalean (10 eta 32 arteko multzoak) aipatzen diren jarduerei lotuta badago.

Bigarrena.–Xedea.

De minimis laguntza hauen xedea Espainiako industriaren eraldaketa digitala sustatzea da industria-enpresen bidez.

Deialdi honen xede diren gauzazko laguntzek aholkularitza espezializatu eta banakakoa eskuratzea dakarte, zeinak bilduko baititu enpresa onuradunaren abiapuntuko egoerari buruzko diagnostikoa eta eraldaketa digitalerako plan bat. Enpresa onuradunekiko banakako bileren bidez eta aholkularitzari laguntzeko gaikako tailer erakusgarriak eginez emanen da aholkularitza, eta gutxienez 50 orduko banakako aholkularitza eskainiko da. Aholkularitza hori gauzazko laguntzatzat joko da.

Aholkularitza espezializatuaren barnean, enpresa onuradunak honako zerbitzu hauek eskuratuko ditu:

Enpresaren abiapuntuko egoera digitalari buruzko aurretiko diagnostikoa eta antolaketaren eta negozioaren barne-analisia.

Eraldaketarako plana, honako hauek bilduko dituena: planaren jarduketen definizioa, digitalizazio-aukeren kuantifikazioa eta lehenespena, eta bideratzaileen benchmarkinga.

Industria onuradunaren instalazioetara derrigor egin beharreko bisitak. Instalazioetako bisitak egiterik ez badago justifikatutako arrazoiengatik, modu birtualean egiten ahalko dira, EOI Fundazioak horretarako baimena eman ondoren.

Eduki praktikoa duten tailer erakusgarriak, aholkularitzaren onuradun diren industria-enpresei irtenbide digitalak hurbiltzen dizkietenak.

Hirugarrena.–Oinarri arautzaileak.

EIC/743/2017 Agindua, uztailaren 28koa, “Industria Conectada 4.0” proiektuaren esparruan Espainiako industriaren eraldaketa digitala sustatzeko helburua duten laguntzen oinarri arautzaileak onesten dituena (2017ko 183. Estatuko Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 2koa). Abuztuaren 10eko ICT/818/2020 Aginduak aldatu zuen (2020ko 237. Estatuko Aldizkari Ofiziala, irailaren 4koa).

Laugarrena.–Zenbatekoa.

Deialdi honen gastu osoa hirurehun eta hirurogeita zazpi mila eta laurehun eurokoa (367.400,00 euro) izanen da, eta EOI Fundazioaren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren artean (aurrerantzean, Nafarroako Gobernua) sinatutako lankidetza-hitzarmenaren gastuen aurrekontuaren kargura eginen da; zehatz-mehatz,

Nafarroako Gobernuaren zatia ehun eta hogeita hemezortzi mila eta seiehun euro (138.600,00 euro) dira.

Eta EOI Fundazioaren zatia berrehun eta hogeita zortzi mila eta zortziehun euro (228.800,00 euro) dira, Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioko Industriako eta Enpresa Txiki eta Ertainetako Idazkaritza Nagusiaren aurrekontu aplikazioaren kargura, 2020ko uztailaren 31ko Lankidetza Hitzarmenean ezarritakoarekin bat (2020ko abuztuaren 13ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).

Laguntzaren xede den zerbitzuaren prezioa bederatzi mila zazpiehun eta laurogeita hamar eurokoa (9.790,00 euro) da industria-enpresa onuradun bakoitzeko, zergak barne.

EOI Fundazioak gauzazko laguntza gisako dirulaguntza bat emanen du, aholkularitza prozesua amaitzen duen industria-enpresa onuradun bakoitzeko bederatzi mila ehun eta laurogeita bost euroko (9.185,00 euro) gehieneko banakako zenbatekoa izanen duena.

Enpresa onuradunak seiehun eta bost euroko (605,00 euro) ekarpena eginen dio zerbitzuari. Aholkularitza gauzatzeko, enpresa onuradunari eskatuko zaio aldez aurretik EOI Fundazioari konturako ordainketa bat egin diezaion, enpresa onuradun horrentzako aholkularitzagatik ordaindu behar duen zenbateko osoaren %20 adinakoa, enpresa horri aurretiko bisita egin ondoren. Konturako ordainketa hori aholkularitza amaitutakoan EOI Fundazioari ordaindu beharreko zenbateko osotik kenduko da.

Enpresa onuradunak hari dagokion zenbatekoaren gainerakoa ordainduko du Fundazioak deialdian adierazi duen kontura banku-transferentzia bat eginez 30 egun naturaleko gehieneko epean, faktura egiten denetik aurrera zenbatuta. Faktura aholkularitza amaitutakoan eginen da.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea laburpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2021eko abenduaren 15ean bukatuko.

Madrilen, 2021eko azaroaren 5ean.–EOI, F.S.P., Fundazioko zuzendari nagusia, Nieves Olivera Pérez-Frade.

Iragarkiaren kodea: E2115981