264. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1109E/2021 EBAZPENA, urriaren 26koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 19ko 96E/2021 Ebazpena aldatzen duena. Ebazpen horren bidez, ingurumen baimen integratua eman zitzaion Oleofat Trader SLk Tuterako udal mugartean duen instalazio bati.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 19ko 96E/2021 Ebazpenaren bidez, ingurumen baimen integratua eman zitzaion instalazio horri.

Horri dagokionez, akats hauek atzeman dira, “Suteen kontra babesteko neurriak” izeneko IX. eranskinari eragiten diotenak:

–Ebazpen proposamenaren IX. eranskina, “Suteen kontra babesteko neurriak” izenekoa, ebazpena eman aurreko entzunaldi tramitearen barruan titularrari jakinarazi zitzaiona 2020ko abenduaren 18an, osatu gabe zegoen; izan ere, ez zituen jaso Babes Zibilaren Zerbitzuak 2018ko azaroaren 28an eta 2020ko uztailaren 30ean egindako txosten osagarrietan ezarritako baldintzak.

–Akats baten ondorioz, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 19ko 96E/2021 Ebazpenean ez zen sartu IX. eranskina, suteen kontra babesteko neurriei buruzkoa.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.2. artikuluaren arabera, administrazio publikoek, ofizioz edo interesdunek eskatuta, edozein unetan zuzentzen ahal dituzte beren egintzetako akats materialak, egitatezkoak edo aritmetikoak.

Hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 125. artikuluan, kasuan kasuko egintza edo xedapena eman duen organoari dagokio zuzentzea administrazio egintzetan eta xedapenetan egiten diren akats material, aritmetiko edo egitezkoak. Orobat, akats zuzenketan aipatu beharko dira zuzenketaren ondorio juridikoak eta, jakinarazi edo argitaratu diren egintzak direnean, nahitaez jakinarazi edo argitaratu beharko da zuzenketa.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren 26.4.c) artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen baimen integratua ofizioz berrikusiko da prozesuaren edo jardueraren funtzionamenduaren segurtasuna dela-eta beharrezkoa denean beste teknika batzuk erabiltzea.

Hortaz, bidezkoa da instalazio horren ingurumen baimen integratua ofizioz berrikustea Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzeko eta industriako emisioei buruzko Erregelamenduaren 16. artikuluan araututako prozeduraren bidez (urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsitako erregelamendua), suteen kontra babesteko neurriak jasotzeko.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoarekin,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Aldatzea Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 19ko 96E/2021 Ebazpena, ingurumen baimen integratua eman ziona Oleofat Trader SLk Tuterako udal mugartean duen instalazio bati, hartan atzemandako akatsak zuzentzeko asmoz. Helburu horrekin, baimenari IX. eranskina gehituko zaio, “Suteen kontra babesteko neurriak” izenekoa, ebazpen honen eranskinean jasotako testu osoa izanen duena.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen hau Oleofat Trader SLri, Tuterako Udalari, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, NILSAri eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko urriaren 26an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2115800