263. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

135/2021 EBAZPENA, urriaren 25ekoa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan ezarritakoaren babesean Nafarroako Foru Komunitatean eskaintzen diren araubide bereziko kirol irakaskuntzen erdi mailako kirol zikloen antolamendu eta funtzionamendurako jarraibideak, baita onarpen prozedurari, eskola-egutegiari eta ordutegi orokorrari buruzko jarraibideak ere, modalitate berezirako.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 5. artikuluko 1. apartatuak ezartzen du herritar guztiek izan behar dutela bizitza osoan prestatzeko aukera, hezkuntza sistemaren barrenean eta kanpoan, horrela eskuratu, eguneratu, osatu eta zabaldu ditzaten garapen pertsonalerako eta profesionalerako ahalmenak, ezagupenak, trebetasunak eta gaitasunak.

Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuak, araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendu orokorra ezartzen duenak, 24. artikuluan kirol irakaskuntzen eskaintzaren malgutasuna arautzen du; horretarako, edukien multzo komuneko eta multzo espezifikoko moduluak egiteko denboraren ezohiko banaketa aurreikusten duten eskaintza motak ezartzen ditu, baita talde espezifikoentzako eskaintza bereziak ere. Era berean, xedatzen du hezkuntza-administrazioek, haien eskumenen arabera, eskaintza modu horretan antolatzeko beharrezkoak diren neurriak ezarriko dituztela.

Aurrekoa garatzeko asmoz, Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendua eta garapena arautzen dituen abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuaren 7. artikuluan zehazten dira Nafarroan kirol irakaskuntzak antolatzeko modalitateak, eta bertan sartzen da modalitate berezia, kolektibo espezifikoetara zuzenduta dagoena.

Bestalde, Nafarroan kirol lanbideetan hasteari eta jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legeak lanbide horietan jardutearekin zerikusia duten alderdiak arautzen ditu, eta berariaz xedatzen du zein diren lanbide horiek eta horietan jarduteko behar den prestakuntza, baita lanbide bakoitzari dagokion eremu funtzional orokorra esleitu ere. Halaber, kirol lanbideetan hasteko eta jarduteko eskatzen diren baldintzak betetzeko trantsizioari buruzko alderdiei ere heltzen die, eta ezartzen da 2021eko irailaren 1etik aurrera eskatzen ahalko direla apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legeak araututako lanbideetan jarduteko gaitasuna ematen duten lanbide-prestakuntzak eta tituluak.

Kirol modalitate edo diziplina federatu batekin lotutako kirolen arloan, Nafarroan badira hainbat pertsona entrenamendu jarduerak, irakaskuntzakoak, ikaskuntzakoak eta antzekoak egiten dituztenak aipatutako foru legean eskatzen diren hezkuntza-tituluak edo profesionaltasun-egiaztagiriak izan gabe, eta hori gertatzen da bai kirolean trebatzen hasteko jardueretan, bai teknika perfekzionatzeko eremuan. Horregatik, beharrezkoa da eskatzen diren tituluak lortzea ahalbidetuko duten prozedurak antolatzea, aipatutako foru legeak exijitzen dituen baldintzak beteko direla bermatzeko. Ildo horretan, kirol irakaskuntzen modalitate berezia mekanismo egoki bat da kirolean trebatzen hasteko nahiz teknika perfekzionatzeko eremuetan entrenamendu jarduerak, irakaskuntzakoak, ikaskuntzakoak eta antzekoak egiten dituzten eta apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legeak eskatutako hezkuntza tituluak ez dituzten pertsonek titulua lor dezaten.

Hori helburu, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren maiatzaren 29ko 306/2019 Ebazpenaren bidez, erdi mailako kirol zikloetarako modalitate berezia arautu zen, eta haren jarraibideak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritako erdi mailako kirol zikloetan aplikatzen hasi ziren. Kirol irakaskuntzetan, oraindik badira zenbait kirol modalitate eta espezialitate non eskatzen den kirol teknikari titulua edo goi mailako kirol teknikari titulua arautua baitago Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean. Horregatik, beharrezkoa da aipatutako jarraibideak titulu horietara egokitzea.

Ondorioz, ikusirik Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuak aldeko txostena eman duela kirol irakaskuntzen modalitate berezirako ezaugarri batzuk ezartzeko, jardunean dauden kirolarien ezaugarrietara egokituak eta kontuan hartuko dituztenak norberak lortutako ezaupide profesionalak, teknikoak eta kirol arlokoak, betiere Nafarroako Foru Komunitatean kirol irakaskuntzako tituluak lortzea laguntzeko helburuarekin (modalitate berezi hori Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako kirol irakaskuntzen eskaintzaren barruan dago, eta jardunean dauden kirol profesionalei zuzentzen zaie).

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean hezkuntza edo kirol administrazioaren menpe dauden ikastetxeetan, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako kirol irakaskuntzen tituluak modalitate berezian lortzera bideratutako kirol irakaskuntzen eskaintzaren ezaugarri orokorrak ezartzea, ebazpen honen 1. eranskinean ezarritako oinarrien arabera.

2. Hezkuntza edo kirol administrazioaren menpeko ikastetxeetan, araubide bereziko kirol irakaskuntzen modalitate bereziko kirol zikloak egin nahi dituzten ikasleak onartzeari eta horrekin lotutako beste zenbait alderdiri buruzko jarraibideak onestea, baita egutegiari eta antolaketari buruzkoak ere, ebazpen honen 2. eranskinean agertzen direnak.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak igortzea Nafarroako Kirolaren Institutuko Kudeaketako Zuzendaritzara, Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirolaren Zuzendariordetzara, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentrora, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko Prestakuntzako Unitate Teknikora, Nafarroako Kirol Eskolara, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Eskolatze Bulegora eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Ebazpen honen eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko urriaren 25ean.–Lanbide Kualifikazio, Enpresa eta Enplegurako Zerbitzuko zuzendaria, Francisco Javier Martínez Cía. (108/2019 Foru Agindua, azaroaren 26koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Hezkuntza Departamentuko zuzendari nagusien eta idazkari teknikoaren ordez aldi baterako arituko direnak izendatzen dituena).

1. ERANSKINA

HEZKUNTZA SISTEMAREN ANTOLAMENDU OROKORRARI BURUZKO URRIAREN 3KO 1/1990 LEGE ORGANIKOAREN BABESEAN EZARRITAKO TITULUAK LORTZEKO KIROL IRAKASKUNTZEN MODALITATE BEREZIA

1.–Ezaugarriak.

1. Kirol irakaskuntzen modalitate berezia zuzentzen zaie jardunean dauden kirol profesionalei edo ezagutza profesionalak, teknikoak eta kirol federazioren batekin lotutakoak dituzten profesionalei, eta haien ezaugarrietara egokitzen da. Modalitate honek aintzat hartzen ditu profesionalen esperientzia eta eskuratutako ezagutza profesionalak, teknikoak eta kirol federazioren batekin lotutakoak, kirol irakaskuntzetako tituluak lortzea erraztearren.

2. Eskaintza mota berezi eta oso bat da, Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendua eta garapena arautzen dituen abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoaren araberakoa. Horregatik, jardunean dauden edo ezagutza profesionalak, teknikoak eta kirol federazioren batekin lotutakoak dituzten kirol arloko profesionalen kolektiboari zuzenduta dago.

3. Modalitate berezian, kirol irakaskuntzako zikloen eskaintza bereiz egiten ahal da erdi mailako kirol zikloetako irakaskuntzak osatzen dituzten maila edo ziklo bakoitzerako. Eta matrikula eginen da zikloa edo maila osatzen duten modulu eta eduki multzo guztietarako.

4. Eskaintza modalitate honetako taldeek 30 ikasle izanen dituzte gehienez.

5. Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziko ziklo edo mailen curriculumak, eskaintza berezi honen prestakuntza-prozesuan zehar garatuko denak, erreferentziatzat hartuko du dagokion kirol ziklo bakoitzaren egitura eta curriculuma onesten dituen Nafarroako foru dekretuan ezarritakoa. Nafarroan horrelako curriculumik ez badago, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak zuzenean kudeatzen duen lurralde eremurako ezarritako curriculuma aplikatuko da.

2. ERANSKINA

HEZKUNTZA SISTEMAREN ANTOLAMENDU OROKORRARI BURUZKO URRIAREN 3KO 1/1990 LEGE ORGANIKOAREN BABESEAN EZARRITAKO TITULUAK LORTZEKO ESKAINTZEN DIREN ARAUBIDE BEREZIKO KIROL IRAKASKUNTZETAN, MODALITATE BEREZIAN, IKASLEAK ONARTZEKO JARRAIBIDEAK

1.–Bete beharreko baldintzak.

1.1. Araubide bereziko kirol irakaskuntzen modalitate berezian eskaintzen diren ziklo edo mailetan ikaspostua eskatzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Araubide bereziko kirol irakaskuntzen modalitate berezian eskaintzen diren ziklo edo maila bakoitzean sartzeko baldintza orokorrak betetzen direla ziurtatzea.

b) Berariazko sarrera-proba gainditu dela frogatzea.

c) Prestakuntza praktikoaren modulua edo eduki multzoa egin behar izatetik osorik salbuetsita dagoela frogatzea, eskaintza bereziaren xede den kirol teknikari titulua ezartzen duen errege dekretuak xedatutakoaren arabera.

d) Gutxienez eskaintza modalitate honen xede diren kirol irakaskuntzen maila bereko federazio-prestakuntza edo -titulua duela frogatzea, edo dagokion kirol modalitatean 5 denboraldi osoren adinako lan edo kirol esperientzia izatea, betiere baldin eta esperientzia hori modalitate hau eskaintzen den denboraldiaren aurreko hamar denboraldietan eskuratu bada. Eskaintzaren xedeko modalitateari edo espezialitateari dagokion Nafarroako federazioarekin adostuko da denboraldi osoaren definizioa.

e) Frogatzea azken bost urteetatik 3 urtetan Nafarroako federazio batek emandako federazio-lizentzia bat eduki duela, entrenatzaile gisa edo monitore gisa aritzekoa, edo kirol modalitate edo espezialitate bakoitzean ezarritako figurari dagokiona, kirolean trebatzen hasteko mailakoa edo maila horretatik goragokoa.

1.2. Berariazko sarrera-proba gainditu izanaren baldintza betetzen ez duten izangaiek, goian aipatutako gainerako baldintzak betetzen badituzte, aukera izanen dute eskaintza berezi honen xedeko prestakuntza prozesua egiteko, berariazko sarrera-proba berezi bat gaindituz gero. Prestakuntza eta ebaluazio prozesua eginen den ikastetxean bertan formalizatuko da proba berezi horretarako inskripzioa, eta ikastetxea arduratuko da proba antolatzeaz eta kudeatzeaz. Proba horiek kasuan kasuko titulua arautzen duen araudian ezarritakoari egokituko zaizkio.

Sarrera-probaren prozesuan epaimahai bat eratuko da heziketa ziklo bakoitzerako, honela osatua:

–Epaimahaiburua: Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Ataleko pertsona bat.

–Idazkaria: prestakuntza emanen duen ikastetxeko pertsona bat.

–Ebaluatzaileak.

2.–Onartzeko irizpideak.

1. Araubide bereziko kirol irakaskuntzen modalitate berezian eskaintzen diren kirol ziklo edo mailetan inskribatzea eskatzen duten pertsonen lehentasun zerrenda jarraian azaltzen diren lehentasun irizpideen arabera ezarriko da:

2. Lehentasun zerrenda irizpide hauei jarraituz ezarriko da:

–Lehenik.–Gutxienez eskaintza modalitate honen xede diren kirol irakaskuntzen maila bereko federazio-prestakuntza edo -titulua dutela frogatzen duten pertsonak.

–Bigarrenik.–Gutxienez eskaintza modalitate honen xede diren kirol irakaskuntzen maila bereko federazio-prestakuntza edo -titulua dutela frogatzen ez duten pertsonak.

3. Aurreko atalean aipatutako irizpidea aplikatzearen ondorioz sortzen diren bi taldeak honela ordenatuko dira: kasuan kasuko kirol zikloko ziklo edo mailaren lanbide gaitasunekin zerikusia duen kirol eta lan esperientziaren arabera, esperientzia handienetik txikienera ordenaturik. Esperientzia hori urte, hilabete eta egunetan zenbatuko da.

4. Berdinketarik bada, hura ebazteko aplikatuko da Hezkuntza Departamentuan ikasturteko onarpen prozesuetan erabiltzeko egindako zozketa publikoaren emaitza.

3.–Onarpen prozesua.

1. Epe bakar bat egonen da araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza berezian onartua izateko prozesurako: epe arrunta.

2. Sartzeko baldintzak betetzen dituztela frogatuta inskribatzen direnek parte hartuko dute onarpen prozesuaren epe arruntean. Onartuen behin-behineko zerrenda eta behin betiko zerrenda argitaratuko dira.

3. Epe arrunteko onarpen prozesua bukatuta, inguruabar hauengatik esleitu gabe gelditzen diren ikaspostuak esleituko dira:

a) Onartutako pertsonak ezarritako epean ez matrikulatzeagatik.

b) Matrikulatuta egonda ere, ikastaroaren hasiera egunetik 15 eguneko epean ikastaroa hasten ez dutenei baja ofizioz emateagatik.

c) Beste edozein inguruabarrengatik.

4.–Inskripzio-orria aurkeztea.

1. Eskatzaile bakoitzak inskripzio-orri bakarra aurkeztu beharko du, behar bezala beteta, dagokion kirol zikloko zikloa edo maila ematen duen ikastetxeari dagokion administrazio publikoak edo hezkuntza edo kirol administrazioak zehaztutako ereduaren arabera.

Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziaren bidez ziklo edo maila hori ematen duen ikastetxeko bulego administratiboetan aurkeztuko da inskripzio-orria. Ikastetxeak eskaera-orriaren fotokopia zigilatua emanen die ikasle eskatzaileei, zein egunetan sartu den adierazita.

2. Inskripzio-orria aurkezteko epea kasuan kasuko kirol zikloko zikloa edo maila ematen duen ikastetxeari dagokion administrazio publikoak edo hezkuntza edo kirol administrazioak zehaztuko du, ikasturte bakoitzerako.

3. Inskripzio-orrian, sartzeko baldintza orokorra adierazi beharko da, baita gainerako baldintzak ere.

5.–Inskripzio-orriarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Inskripzio-orriaren ereduetan adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da. Atzerritarrek eskubidea dute espainiarren baldintza berberetan sartzeko derrigorrezkoa ez den irakaskuntza sisteman, halaxe xedatu baita Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoan.

2. Hona hemen inskripzio-orriari erantsi beharreko dokumentazioa:

–NANaren, AIZren, pasaportearen edo baliokidearen fotokopia.

–Eskatutako zikloan edo mailan sartzeko baldintza orokorrak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

–Araubide bereziko kirol irakaskuntzen modalitate berezian eskaintzen diren kirol zikloko ziklo edo mailetan sartzeko baldintza espezifikoa betetzen dela frogatzen duen dokumentazioa, kasuan kasuko kirol teknikari titulua ezartzen duen errege dekretuak xedatutakoaren arabera.

–Prestakuntza praktikoaren modulua edo eduki multzoa egin behar izatetik osorik salbuetsita dagoela frogatzeko dokumentazioa, eskaintza berezi honen xede den kirol teknikari titulua ezartzen duen errege dekretuak xedatutakoaren arabera.

–Dagokion Nafarroako federazioan federatua dagoela frogatzen duen dokumentazioa, non adieraziko baita eskatzaileak kirolean trebatzen hasteko mailako edo maila horretatik gorako entrenatzaile gisa, monitore gisa edo kirol modalitate edo espezialitate bakoitzean ezarritako figura gisa duen antzinatasuna.

–Gutxienez eskaintza modalitate honen xede diren kirol irakaskuntzen maila bereko federazio-prestakuntza edo -titulua duela frogatzeko dokumentazioa.

–Lan eta kirol esperientzia. Lan esperientziaren kasuan, lantoki izandako enpresaren ziurtagiria, datu hauek agertzen dituena berariaz: kontratuaren iraupena, gauzatutako jarduera eta noiz aritu den jarduera horretan. Kirol esperientziaren kasuan, dagokion kirol modalitatearen Nafarroako, Espainiako edo beste autonomia erkidego bateko federazioaren ziurtagiria, datu hauek agertzen dituena berariaz: gauzatutako jarduera eta noiz aritu den jarduera horretan.

3. Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada lan esperientzia behar bezala frogatzeko, hurrengo jarraibidean azaltzen den batzordeak informazio osagarria eskatzen ahalko du.

6.–Onarpen batzordea.

1. Izangaiak emandako dokumentazioa “onarpen batzorde” batek gainbegiratuko du. Batzorde hori ikastetxeko zuzendariak, ikasketaburuak eta, gutxienez, kirol irakaskuntzen eskaintza bereziko ziklo edo mailan irakasten duen irakasle batek osatuko dute.

Kirol administrazioaren menpeko ikastetxeen kasuan, onarpen batzorde hori goian azaldutako postuen funtzioak betetzen dituzten pertsonek osatuko dute.

2. Onarpen batzordeak aurkeztutako dokumentazioa aztertuko du, eta erabakiko du ea eskatzaileak frogatu duen baldintza hauek betetzen dituela:

–Araubide bereziko kirol irakaskuntzen modalitate berezian eskaintzen diren kirol zikloko zikloetan edo mailetan sartzeko baldintza espezifikoa betetzen duela jotzeko moduko kirol merezimenduaren jabe izatea, kasuan kasuko titulua ezartzen duen errege dekretuak xedatutakoaren arabera.

–Prestakuntza praktikoaren modulua edo eduki multzoa egin behar izatetik osorik salbuetsita egotea, eskaintza bereziaren xede den kirol teknikari titulua ezartzen duen errege dekretuak xedatutakoaren arabera.

–Nafarroako federazioan federatua egotea, eskatzen den federazio-figura gisa.

–Kasuan kasuko kirol zikloko ziklo edo mailaren lanbide-gaitasunekin zerikusia duen gutxieneko kirol eta lan esperientzia izatea.

–Gutxienez eskaintza modalitate honen xede diren kirol irakaskuntzen maila bereko federazio-prestakuntza edo -titulua izatea.

3. Halaber, onarpen batzordeak kasuan kasuko kirol zikloko ziklo edo mailaren lanbide-gaitasunekin zerikusia duen kirol eta lan esperientzia ezarri eta zenbatuko du, urte, hilabete eta egunetan.

7.–Ikaspostuak gordetzea.

1. Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziko onarpen prozesuaren epe arruntean, talde bakoitzean ikaspostu bat gordeko da desgaitasunen bat duten pertsonentzat.

Desgaitasunen bat dutela frogatzen duten bi pertsona edo gehiago badira, eranskin honen 2. jarraibidean adierazitako irizpideak aplikatuta ateratzen den lehentasun zerrendan gorago dagoenari gordeko zaio ikaspostua.

2. Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziko onarpen prozesuaren epe arruntean, talde bakoitzean ikaspostu bat gordeko da goi mailako edo goi errendimenduko kirolariak direla frogatzen dutenentzat.

Goi mailako edo goi errendimenduko kirolaria dela frogatzen duen pertsona bat baino gehiago izanez gero, ikaspostua gordeko zaio kirol maila handiena duenari, Goi mailako eta goi errendimenduko kirolariei buruzko uztailaren 13ko 971/2007 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Kirol maila parekoa bada, eranskin honen 2. jarraibidean adierazitako irizpideak aplikatuta ateratzen den lehentasun zerrendan gorago dagoenari gordeko zaio ikaspostua.

3. Baldintza horiek betetzen dituztela frogatzen dutenentzat gordetako ikaspostuak betetzen ez badira, eskaintza orokorrekoei gehituko zaizkie.

8.–Jendaurrean jartzea baremoa aplikatzeko irizpideak eta erreklamazioak egiteko prozedura.

1. Jendaurrean egon beharko dute, bai barematzeko irizpideek, bai erreklamazioren bat egin ahal izateko ezarri den prozedurak.

2. Agiri bidez egiaztatzen ahal diren irizpideak bakarrik onartuko dira baremorako.

9.–Onarpena.

Pertsona bat araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziko ziklo edo maila batean eta ikastetxe jakin batean onartuta egoteko, onartutako ikasleen behin betiko zerrendetan onartu gisa agertu beharko da.

10.–Onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak. Matrikula egiteko egunak.

1. Onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak izanen dira onarpen prozeduraren emaitzen berri emateko bide ofiziala.

Zerrenda horiek argitara emanen dira araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziko kirol zikloak ematen dituen hezkuntza edo kirol administrazioaren menpeko ikastetxe publikoan.

2. Behin-behineko zerrenda argitaratzeko data, erreklamazioak egiteko epea eta onartutako pertsonen behin betiko zerrenda argitaratzeko eguna kasuan kasuko kirol zikloko zikloa edo maila ematen duen ikastetxeari dagokion administrazio publikoak edo hezkuntza edo kirol administrazioak zehaztuko ditu, ikasturte bakoitzerako.

3. Ikaspostua lortzen duten pertsonek ikasturte bakoitzerako zehazten den epean egin beharko dute matrikula. Baldin eta matrikula ez bada egiten ikasle onartuen behin betiko zerrendan adierazten diren epeetan, ikasleak dagokion ikasposturako eskubidea galduko du.

4. Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziko ziklo edo mailetan matrikula egiten duten ikasleei, kurtsoa hasi eta 15 eguneko epean eskoletara agertzen ez badira bidezko arrazoirik azaldu gabe, ikastetxeak ofizioz baja emanen die, eta matrikularen ondoriozko eskubide guztiak galduko dituzte.

5. Matrikula egiteko, araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza berezia ematen duen administrazio publikoak edo hezkuntza edo kirol administrazioak ikasturte bakoitzerako eskatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.

11.–Baztertzea.

Ikaspostua lortuta ere, ezartzen diren egunetan matrikulatzen ez direnak onarpen prozesutik baztertuko dira, eta esleitutako ikaspostuaren ondoriozko eskubide guztiak galduko dituzte.

12.–Ikasturteko egutegia.

Araubide bereziko kirol irakaskuntzen eskaintza bereziaren egutegia eskaintza hori ematen duen ikastetxeari dagokion administrazio publikoak edo hezkuntza edo kirol administrazioak ezarriko du, ebazpen honen 3. ebazpenean ezarritakoari jarraikiz.

13.–Egutegia, ordutegia, antolamendua eta funtzionamendua.

Horri guztiari dagokionez, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren maiatzaren 29ko 306/2019 Ebazpenaren 3. eranskinean ezarritakoa aplikatuko da, haren bidez ezarri baitziren Nafarroako Foru Komunitatean modalitate berezian eskaintzen diren araubide bereziko kirol irakaskuntzen erdi mailako kirol zikloen antolamendu eta funtzionamendurako jarraibideak, baita onarpen prozedurari, eskola-egutegiari eta ordutegi orokorrari buruzko jarraibideak ere.

Iragarkiaren kodea: F2115309