26. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

5E/2021 EBAZPENA, urtarrilaren 13koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Buñueleko udal mugartean «tissue» papera fabrikatzeko eta eraldatzeko instalazioaren aldaketa nabarmena baimentzen duena. Instalazioaren titularra Sofidel Spain SA da.

Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 4ko 1431/2005 Ebazpenaren bidez emana, eta, gero, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 7ko 178E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren apirilaren 25eko 205E/2017 Ebazpenaren bidez, ingurumen baimen integratu berri bat eman zen, paper makina berri bat (MP 02) ezartzeko handitze proiektuaren ondorioz, funtsezko aldaketa gisa hartu baitzen.

2020ko abuztuaren 13an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, «converting» lerro berri bat (R07) ezartzeko. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2020ko abuztuaren 27an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez-funtsezkoa zen, Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez zen beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa nabarmena dela zioen, aldaketa garrantzitsuak baitakartza instalazioak funtzionatzeko baldintzetan. Hortaz, lehendik duen ingurumen baimen integratua aldatu egin behar da, aipatutako aldaketak han jasotzeko.

Era berean, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2020ko abuztuaren 27an emandako irizpenaren arabera, adierazi zuen ezen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, handitze proiektuak ez zuela ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua egin behar, lege horren eranskinetako batean ere agertzen ez zelako, eta ulertzen zelako proiektuak ez zuela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez zekarrelako aipatu 7. artikulu horretan zehaztutako handitzerik edo ukipenik.

2020ko irailaren 14an, titularrak ingurumen baimen integratua aldatzeko eskatu zuen, proiektua gauzatu ahal izateko; hau da, «converting» lerro berri bat instalatzea eraikita dagoen nabe batean.

Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da espedientea. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Baimentzea Buñueleko udal mugartean «tissue» papera fabrikatzeko eta eraldatzeko instalazioaren aldaketa nabarmena, «converting» lerro berri bat ezartzeko. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak. Instalazioaren titularra Sofidel Spain SA da.

Bigarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Hirugarrena.–Titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik hasiko dira aplikatzen ebazpen honetan ezarritako baldintzak, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik. Bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, deusetan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau igortzea Sofidel Spain SLUra eta Buñuelgo Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko urtarrilaren 13an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2100615