252. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko urriaren 20an hartua, deklaratzen duena presakoa dela “Iruñerriko ibai parkea handitzeko proiektua eguneratzea. 5.1 tartea: Elortz ibaia (Zizur-Getze Galar tartea)” izeneko obraren proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

2021eko maiatzaren 3an, Iruñerriko Mankomunitatearen Batzorde Iraunkorrak erabaki zuen “Iruñerriko ibai parkea handitzeko proiektua eguneratzea. 5.1 tartea: Elortz ibaia (Zizur-Getze Galar tartea)” izeneko obraren proiektua onestea, desjabetze-espedienteari hasiera ematea eta hasiera batez onestea proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, bai eta proiektua jendaurrean jartzea ere hamabost egunez. Desjabetzearen onuraduna Iruñerriko Mankomunitatearen Zerbitzuak SA da.

Jendaurreko aldia bukatutakoan, Iruñerriko Mankomunitatearen Batzorde iraunkorrak, 2021eko abuztuaren 30ean, behin betiko onetsi zuen aipatutako proiektua, baita ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere, eta aurkeztutako alegazioak ebatzi zituen. Onespen horrek berekin dakar erabilera publikoaren deklarazioa eta lurrak okupatu beharra. Halaber, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea deklara zezala okupazioa presakoa dela, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako.

Proiektua gauzatzearen ondorioz ukituak izanen diren ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa da Elortz ibaiaren inguruneko ingurumen baldintzak hobetu beharra dagoelako, dagoen landaredia babestuz eta babes zerrenda naturala handituz; gainera, herritarrek erabiltzeko moduko gune eta ibilbideak egokituko dira, joan-etorrien segurtasuna handituko da, errepidearen alternatiba izanen den beste bide bat eskainiko delako, eta Galar zendeako eta Zizur zendeako herriak Iruñerriko gainerako udalerriekin konektatzeko aukerak hobetuko dira, hango pasealekuen sarearen bidez.

Gainera, Ezkirotz herriak duen kokapen geografikoa dela kausa, Elortz ibaiaren bazterrean bertan baitago, maiz uholdeak izaten ditu, gero eta handiagoak. Ibai ondoko pasealeku hau egiteak, orobat, ibaiaren ibilgua garbitzea eta mantentzea ekarriko du berekin, eta hori Elortz ibaiaren baldintza hidraulikoen mesederako da, eta, azken finean, uholdeen inpaktua ere gutxiagotuko da.

Nafarroako Gobernuak, Iruñerriko Mankomunitateak alegatutako arrazoiak ikusita, eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, ikusirik txosten juridikoa, eta erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Deklaratzea presakoa dela “Iruñerriko ibai parkea handitzeko proiektua eguneratzea. 5.1 tartea: Elortz ibaia (Zizur-Getze Galar tartea)” izeneko obraren proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Iruñerriko Mankomunitateari jakinaraztea.

Iruñean, 2021eko urriaren 20an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2115123