252. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

262E/2021 FORU AGINDUA, urriaren 21ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Farmakozaintzaren Aholku Batzorde Teknikoa sortzen duen Osasuneko kontseilariaren otsailaren 22ko 31/2010 Foru Agindua aldatzen duena.

Osasuneko kontseilariak otsailaren 22an emandako 31/2010 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Farmakozaintzaren Aholku Batzorde Teknikoa sortu zen. Gero, Osasuneko kontseilariak azaroaren 30ean emandako 132/2011 Foru Aginduaren bidez, 31/2010 Foru Agindu hori aldatu zen, zehazki, 2. atala, osaerari buruzkoa, baita 4. atala ere, Farmakozaintzaren Aholku Batzorde Teknikoaren Batzorde Iraunkorrari buruzkoa.

Batzorde horretan, Nafarroako Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzako hiru ordezkari daude, horietako bat farmazialaria. Gaur egun, Oinarrizko Osasun Laguntzari lotutako eginkizunak dituzten farmazialariak, organikoki, Eriari Osasun Laguntza emateko Zuzendaritzako Farmazia eta Prestazioen Zuzendariordetzaren menpe daude.

Bestalde, Nafarroako Farmakozaintza Zentroak, gaur den egunean, farmakozaintzako bi teknikari ditu, Farmakozaintzaren Aholku Batzorde Teknikoan parte hartu beharko luketenak. Farmakozaintza Zentroko arduraduna batzordearen osaeraren barruan dago jada, idazkari gisa, baina beharrezkoa da zentro horretan aritzen den beste teknikaria ere sartzea batzordearen osaeran.

Horrenbestez, azaldutakoarekin bat eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Aldatzea Nafarroako Farmakozaintzaren Aholku Batzorde Teknikoa sortzen duen Osasuneko kontseilariaren otsailaren 22ko 31/2010 Foru Agindua, gero azaroaren 30eko 132/2011 Foru Aginduaren bidez aldatu zena; zehazki, 2. atala aldatzea, honela idatzita geldituko baita:

–Batzordeburua: Nafarroako Farmakozaintza Zentroko zuzendaria.

–Idazkaria: Nafarroako Farmakozaintza Zentroko teknikari bat.

–Batzordekideak:

• Nafarroako osasun sareko ospitaleetako hamar espezialista; horietatik lau farmazialariak izanen dira.

• Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzako bi ordezkari.

• Farmazia eta Prestazioen Zuzendariordetzako ordezkari bat.

–Osasun Mentaleko Zuzendaritzako ordezkari bat.

• Osasun Departamentuak Osasun Ministerioko Pazienteen Segurtasunerako Batzorde Teknikoan duen ordezkaria.

• Farmazia Antolamendu eta Ikuskapenaren Ataleko ordezkari bat.

• Nafarroako Farmakozaintza Zentroko teknikari bat.

Nafarroako Farmakozaintzaren Aholku Batzorde Teknikoko kideak Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez izendatuko dira.

2. Foru agindu hau Osasun Zuzendaritza Nagusira igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko urriaren 21ean.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2115224