251. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

NOAIN (ELORTZIBAR)

Dirulaguntzen Plan Estrategikoa 2021-2023 aldirako

Noain Elortzibarko Udalak, 2021eko urriaren 13an egin osoko bilkuran, onetsi zuen Noain Elortzibarko Udalaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa 2021-2023 aldirako.

Erabakian ezarri zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko zela, publizitatea emateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 221.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Noain Elortzibarren, 2021eko ekainaren 25ean.–Alkate udalburua, Sebastián Marco Zaratiegui.

DIRULAGUNTZEN PLAN ESTRATEGIKOA 2021-2023 ALDIRAKO

1.–Arau esparrua.

–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

–Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra garatzeko Erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsia.

–Noain Elortzibarko Udalaren Dirulaguntzei buruzko ordenantza orokorra (40. ordenantza).

2.–Dirulaguntzen plan estrategiko hau onestearen egokitasuna.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluaren arabera, administrazio publikoetako organoek edo dirulaguntzak ezartzea proposatzen duen edozein erakundek, aldez aurretik, dirulaguntzen plan estrategiko batean zehaztu beharko dituzte haiek aplikatzean lortu nahi diren xedeak eta ondorioak, horiek lortzeko behar den epea, aurreikus daitezkeen kostuak eta finantzabideak, betiere lehentasuna emanez aurrekontu-egonkortasunaren helburuak betetzeari.

Udal honen esparruari dagokionez, dirulaguntzen plan estrategiko bat aldez aurretik onesteko eskatzen dio, orobat, Dirulaguntzei buruzko ordenantza orokorraren 3. artikuluak (Noain Elortzibarko Udalaren 40. ordenantza).

Agindu horren arabera, planak honako hauek jaso beharko ditu, gutxienez:

a) Dirulaguntzaren xedea, baldin eta hura zehazten ahal bada plan estrategikoa prestatzen ari den unean.

b) Dirulaguntzak aplikatzean lortu nahi diren helburu eta ondorioak. Lortu nahi diren helburuek merkatuan eragina dutenean, argi eta garbi identifikatutako akatsak zuzentzera bideratu behar dira, eta haien ondorioek merkatuan ahal den distortsiorik txikiena sortu behar dute.

c) Horiek lortzeko behar den epea.

d) Aurreikus daitezkeen kostuak.

e) Finantzabideak.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4.c) artikuluak toki erakundeei esleitutako programazio- edo plangintza-ahalmena baliatuz, plan estrategiko hau prestatu da, eta horretan parte hartu dute Noain Elortzibarko Udalaren dirulaguntzak kudeatzeaz arduratzen diren udal alor, kudeaketa zentro eta administrazio unitate guztiek.

3.–Izaera juridikoa.

Dirulaguntzen plan estrategikoa politika publikoak planifikatzeko tresna programatikoa da, arau izaerarik gabea, eta haren edukiak ez du sortzen ez eskubiderik ez betebeharrik, ez dakar eragin zuzenik partikularren eremuan, eta ez du sortzen eskubiderik ez betebeharrik Administrazioarentzat, eta haren eraginkortasuna dirulaguntzak dituzten lerroak gauzatzearen mende geratzen da, dauden aurrekontu baliabideekin bat etorriz. Hala ondorioztatzen da uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako 38/2003 Legea garatzeko Erregelamenduaren 10. artikulutik 15. artikulura ezarritakoagatik.

Plan estrategikoak ez du berekin ekartzen onuradun izan daitezkeenen aldeko eskubiderik; hala bada, pertsona horiek ezin izanen dute kalte-ordainik edo konpentsaziorik eskatu, plana gauzatzen ez bada. Plana gida gisa aurkezten da, eta, aurrez ezarritako arau esparruaren barruan, ezartzen du interes orokorreko jarduerak sustatzeko ildoan jarraitu beharreko bidea.

Dirulaguntzak ezartzeko, bete beharko dira aurrekontu-egonkortasunaren helburuak; beraz, onesten diren aurrekontu-kontsignazioak eta dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak helburu horietara egokituko dira une oro.

Era berean, dirulaguntzak ezartzerakoan, errespetatu eta bete beharko dira udal ordenantzetako edo udal planetako xedapenak euskararen eta berdintasunaren arloei dagokienez edo beste edozein arlori dagokionez.

4.–Eskumena.

Udaleko Osoko Bilkura da Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onesteko organo eskuduna, dirulaguntzen edo sustapenaren jardueraren plangintza estrategikorako eta kudeaketa ekonomikorako tresna bat denez gero.

Alkatetza izanen da, alabaina, dirulaguntzak emateko organo eskuduna.

Erakunde autonomoen esparruan, haien estatutuetan eskumen hori zein organori esleitu zaion, horiexek izanen dira eskudunak dirulaguntzak emateko.

5.–Esparru subjektiboa.

Dirulaguntzen Plan Estrategiko honen barnean sartzen dira, bai Udal honek ematen dituen dirulaguntzak, bai haren mendeko erakundeek ematen dituztenak (Noaingo Julian Gayarre Musika Eskolako Udal Patronatua).

6.–Indarraldia.

Dirulaguntzen Plan Estrategiko honen denbora-eremua 2021etik 2023ra bitarteko ekitaldietarako proposatzen da, eta hurrengo plana onetsi arte luzatuko da.

7.–Kudeaketa eta eraginkortasuna.

Helburuak lortzeko, beharrezkoa da udal alor, kudeaketa zentro, administrazio unitate edo mendeko erakunde bakoitzak bere esparruan kudea dezan dirulaguntzak ematea, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean xedaturiko moduan, eta Udalaren Kontu-hartzailetzari dagokio, bestalde, horiek fiskalizatzea; horrek guztiak berekin dakar ekintzak koordinatu beharra.

8.–Aurreikus daitezkeen kostuak eta finantzaketa.

Edozein motatako dirulaguntza eman aurretik, dagokion gastuaren baimena izapidetuko da.

Dirulaguntzen zenbatekoa ezin izanen da izan aurrekontuan ezarritako kopurutik gorakoa.

Aurrekontu-kredituak mugatzaileak eta lotesleak dira, eta, beraz, ezin izanen da hartu haien zenbatekoa gainditzen duen gastu-konpromisorik.

Hala ere, salbuespen moduan, dirulaguntzen deialdiak zenbateko gehigarri bat ezartzen ahalko du, eskuragarri diren kredituen guztirako gehieneko zenbatekoaz gain, dirulaguntzak emateko deialdi berria egin behar gabe, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 58. artikuluan ezarritako arauekin bat etorriz.

9.–Plan estrategikoaren kontrola eta jarraipena.

Plan estrategiko honen kontrola eta jarraipena urtero eginen da, eta bi alderdi izanen ditu:

a) Emandako dirulaguntzen kontrol ekonomiko-finantzarioa. Noain Elortzibarko Udalaren Kontu-hartzailetzari dagokio, eta eginen da indarrean dagoen legedian jasotako baldintzetan.

b) Planaren kontrola eta jarraipena egitea Osoko Bilkuraren esku uzten da, eta, horretarako, dirulaguntzak kudeatzen dituen udal alor, kudeaketa zentro, administrazio unitate edo mendeko erakunde bakoitzak aurreko ekitaldian emaniko dirulaguntzen justifikazio memoria bidaliko du ekitaldi bakoitzaren lehen seihilekoan, honako hauek zehazturik:

–Xedea, entitate onuraduna eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

–Emaniko, justifikaturiko, uko eginiko eta itzuliriko dirulaguntzak (edo itzultzeko prozeduran daudenak).

–Helburu zehatzen betetze maila, ezarritako adierazleen eta lorpen epearen arabera, diruz lagundutako ekintzaz profitatu diren pertsonen kopurua zehaztuta.

–Benetako kostuak, aurreikus zitezkeenekin alderatuta.

–Ondorioak edo balorazio orokorra, lortu nahi diren helburuei eta programa mantentzearen edo kentzearen bidezkotasunari buruzko balorazioa emanez.

–Iradokizunak, hurrengo Dirulaguntzen Plan Estrategikoa prestatzeko.

10.–Dirulaguntzen ildo estrategikoak.

Hona hemen jarduera ildo estrategikoak, Udalaren eta haren mendeko erakundeen dirulaguntza lerroak barne hartzen dituen plan estrategiko honetan jasotzen direnez, non aplikatu beharreko adierazleak ere jasotzen baitira, ildo estrategikoaren arabera nahiz dirulaguntza bakoitzaren izaeraren arabera aplikatzeko:

–1. ildo estrategikoa: Gizarte Ongizatea.

Helburu estrategikoa: Noain Elortzibarko pertsonen eta familien bizi baldintzak hobetzen laguntzea, egoera ahulean dauden kasuetan.

Helburu zehatzak:

–Bermatzea oinarrizko beharrizanak asetzen dituztela larrialdi sozialean edo egoera ekonomiko ahulean dauden pertsonek edo familiek.

–Garraioa bermatzea mugitzeko desgaitasuna duten pertsonei, diru-sarrera nahikorik ez duten kasuetan.

–Sustatzea irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimena.

–Jarduerak egin daitezen sustatzea, autonomia pertsonala eta zahartze aktiboa sustatzeko.

Adierazleak:

a) Onuradun kopurua.

b) Deialdi bakoitzean erabilitako aurrekontua.

c) Laguntza kopurua, kontzeptuka.

d) Eginiko jarduera kopurua, proiektuka.

e) Lortutako emaitzak.

f) Eginiko jardueretako parte-hartzaile kopurua.

Gauzatze epea: urteko deialdiak.

Finantzabideak: udal aurrekontua, urte bakoitzerako jasotzen diren aurrekontu-aplikazioekin bat.

Kostu ekonomikoak: dagozkien udal aurrekontuetan jasotako kostu ekonomikoak.

Emateko prozedura: prozedura eginen da banakako ebaluazioaren bidez, norgehiagoka eta, kasua bada, hitzarmena eginez aurrekontuan izendapen bidez azaltzen diren entitateekin.

Jarduera plana: deialdiaren oinarriak prestatuz, banakako ebaluazioaren bidez edo norgehiagokako araubidean, eta hitzarmenak izapidetuz aurrekontuan izendapen bidez azaltzen diren entitateekin.

–2. ildo estrategikoa: Garapenerako lankidetza.

Helburu estrategikoa: Herri behartsuenen garapenean laguntzea, haien bizi baldintzak hobetuz, elkartasuneko eta tokiko garapeneko proiektuetarako dirulaguntzen bidez.

Helburu zehatzak:

–Laguntzea ekintzak gauza daitezen, herrialde edo leku behartsuenen edo garapen-bidean daudenen oinarrizko beharrizanak asetzeko xedez.

–Larrialdiei erantzutea laguntza humanitarioko ekintzen bidez.

Adierazleak:

a) Eginiko jarduketa kopurua, programaka.

b) Lortutako emaitzak.

c) Erabilitako aurrekontua.

Gauzatze epea: urteko deialdiak.

Finantzabideak: udal aurrekontua, urte bakoitzerako jasotzen diren aurrekontu-aplikazioekin bat.

Kostu ekonomikoak: dagozkien udal aurrekontuetan jasotako kostu ekonomikoak.

Emateko prozedura: prozedura eginen da norgehiagoka eta, kasua bada, hitzarmena eginez aurrekontuan izendapen bidez azaltzen diren entitateekin.

Jarduera plana: deialdiaren oinarriak prestatuz, norgehiagokako araubidean, eta hitzarmenak izapidetuz aurrekontuan izendapen bidez azaltzen diren entitateekin.

–3. ildo estrategikoa: Interes ekonomikoen sustapena.

Helburu estrategikoa: Noain Elortzibarko garapen jasangarria, hazkunde ekonomikoa eta sustapena bultzatzea, herritarren gizarte ongizatea eta bizi kalitatea handitzeko xedez.

Helburu zehatzak:

–Enplegua eta autoenplegua bultzatzea Noain Elortzibarren.

–Enpresa-jarduera berriak sor daitezen sustatzea Noain Elortzibarren.

–Txikizkako merkataritza sustatzea.

–Laguntza ematea Noain Elortzibarko eraikinak zaharberritzeko, eta horietan dauden oztopo arkitektonikoak kentzeko.

Adierazleak:

a) Eskabide kopurua.

b) Erabilitako aurrekontua.

c) Noain Elortzibarko langabezia-tasaren gaineko eragina.

d) Noain Elortzibarko enpresa-sorreraren gaineko eragina.

e) Eginiko jardueretako parte-hartzaileak.

f) Onuradun kopurua.

g) Merkatarien Elkarteari atxikitako saltoki kopurua.

Gauzatze epea: urteko deialdiak.

Finantzabideak: udal aurrekontua, urte bakoitzerako jasotzen diren aurrekontu-aplikazioekin bat.

Kostu ekonomikoak: dagozkien udal aurrekontuetan jasotako kostu ekonomikoak.

Emateko prozedura: prozedura eginen da banakako ebaluazioaren bidez eta, kasua bada, hitzarmena eginez aurrekontuan izendapen bidez azaltzen diren entitateekin.

Jarduera plana: deialdiaren oinarriak prestatuz, banakako ebaluazioaren bidez, eta hitzarmenak izapidetuz aurrekontuan izendapen bidez azaltzen diren entitateekin.

–4. ildo estrategikoa: Kultura eta hezkuntza arloko dinamizazioa.

Helburu estrategikoa: Udalerriko ehun kulturala sostengatu, zabaldu eta sustatzea, haren alderdi guztietan.

Helburu zehatzak:

–Noain Elortzibarko haur hezkuntzako eta lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetako guraso elkarteek antolatutako jarduera osagarriak eta eskolaz kanpoko jarduerak sustatzea, hezkuntza-garapena bultzatzeko eta gurasoek eta ikasleek parte-hartze aktiboa izateko xedez.

–Bertako kultura sustatzea eta zabaltzea.

–Musika sustatzea eta zabaltzea, haren genero eta agerpen guztietan.

–Bultzatzea eta sustatzea sormena, irakurzaletasuna eta idatz-zaletasuna, arte plastikoak, arte eszenikoak eta ikus-entzunezkoak, haien alderdi guztietan.

–Indartzea kultura arloko elkarte-mugimendua, herritarrek parte hartzeko modu gisa.

–Euskal hizkuntza eta kultura sustatzea eta zabaltzea.

Adierazleak:

a) Erabilitako aurrekontua.

b) Eginiko jarduerak.

c) Parte hartu duten ikasleak eta familiak.

d) –Elkarte onuradunetako kide kopurua.

e) Eskuraturiko material inbentariagarria.

f) Gizartearen eta kulturaren gaineko eragina.

Gauzatze epea: urteko deialdiak.

Finantzabideak: udal aurrekontua, urte bakoitzerako jasotzen diren aurrekontu-aplikazioekin bat.

Kostu ekonomikoak: dagozkien udal aurrekontuetan jasotako kostu ekonomikoak.

Emateko prozedura: prozedura eginen da banakako ebaluazioaren bidez eta, kasua bada, hitzarmena eginez aurrekontuan izendapen bidez azaltzen diren entitateekin.

Jarduera plana: deialdiaren oinarriak prestatuz, banakako ebaluazioaren bidez, eta hitzarmenak izapidetuz aurrekontuan izendapen bidez azaltzen diren entitateekin.

–5. ildo estrategikoa: jarduera fisikoaren eta kirolaren sustapena.

Helburu estrategikoa: Herritarrei, oro har, eskaintzea kirol beharrizanak asetzeko aukera, eta praktika osasungarria bultzatzea, bizi kalitatea hobetzeko bidetzat, beste entitate batzuekin lankidetzan arituz.

Helburu zehatzak:

–Bultzatzea eta erraztea Noain Elortzibarren kirol ekitaldiak eta ikuskizunak antola ditzaten bertako klub eta sekzioek. Azken horiek Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan inskribaturik egon beharko dute, eta lankidetza-hitzarmena sinaturik eduki Udalaren Kirol Patronatuarekin.

–Erraztea parte har dezaten haur, gazte eta Noain Elortzibarko kirol kluben bidez Noain Elortzibarko kirol instalazioetan abonaturik daudenek, klub horiek lankidetza-hitzarmena sinaturik baitaukate Udalaren Kirol Patronatuarekin, hainbat kirol diziplina sustatu eta bultzatzeko, kirol eskolen bidez eta haietan fidelizatuz.

Adierazleak:

a) Ekitaldiaren aurrekontua.

b) Aurkeztutako eskabideak.

c) Eginiko jarduerak.

d) Gizartearen gaineko eragina.

e) Parte-hartzea.

f) Talde edo kategorien kopurua, lehiaketa kopurua eta joan-etorri kopurua.

Gauzatze epea: urteko deialdiak.

Finantzabideak: udal aurrekontua, urte bakoitzerako jasotzen diren aurrekontu-aplikazioekin bat.

Kostu ekonomikoak: dagozkien udal aurrekontuetan jasotako kostu ekonomikoak.

Emateko prozedura: prozedura eginen da banakako ebaluazioaren bidez eta norgehiagoka.

Jarduera plana: deialdiaren oinarriak prestatuz, banakako ebaluazioaren bidez edo norgehiagokako araubidean.

Iragarkiaren kodea: L2114973