25. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

9/2021 EBAZPENA, urtarrilaren 15ekoa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 30eko 240/2015 Ebazpena, Nafarroako errendimenduko kirolariaren katalogazioaren indarraldiaren iraupenari eta hasierari dagokienez.

Goi mailako kirolari buruzko aurreikuspenak garatzeko, ezarri zirenak Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legean, otsailaren 22ko 9/2012 Foru Dekretua onetsi zen, arautu zituena Nafarroako Foru Komunitateko errendimenduko kirola eta goi mailako kirolarien zerrenda.

Foru dekretu horrek, 3. artikuluan, Nafarroako errendimenduko kirolaren mailak zehazten ditu: Goi mailako kirola (kirolarien, teknikarien eta epaileen estamentuez osatua), goi errendimenduko kirola (kirolarien, teknikarien eta epaileen estamentuez osatua), hobekuntzako kirola (kirolarien eta teknikarien estamentuez osatua) eta oinarrizko errendimenduko kirola (kirolarien eta teknikarien estamentuez osatua).

Bestalde, foru dekretuaren 6. artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako errendimenduko kiroleko kirolari, teknikari edo epaile izaten jarraitzeko, Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak erabakiko du zer bete beharko den maila eta estamentu bakoitzerako.

Gainera, foru dekretu horren azken xedapenetan lehenak ahalmena ematen dio Foru Komunitateko kirol administrazioari foru dekretua betearazteko behar diren egintzak burutzeko, Nafarroako goi mailako kirolari bihurtzeko jarraitu behar diren kirol irizpide teknikoak aldatzeko eta Nafarroako errendimenduko kirolari izaeraren iraunaldia eta horiek izan ditzaketen onurak zehazteko.

Azken xedapenetako lehenean xedatutakoa bete beharrez, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak 240/2015 Ebazpena eman zuen martxoaren 30ean, Nafarroako goi mailako kirolaritzat hartzeko bete behar diren kirol betebehar teknikoak aldatzeaz gainera, arautzen dituena bai Nafarroako errendimenduko kiroleko epaile, teknikari eta kirolari izaeraren iraunaldia, bai Foru Komunitateko kirol administrazioak Nafarroako errendimenduko kiroleko epaile, teknikari eta kirolariei ematen dizkien prestazioak.

Ebazpen horren eranskineko III. kapituluan arautzen zen Nafarroako errendimenduko kirolari, epaile eta teknikari izaeraren iraunaldia, maila desberdinetan. Eranskin horrekin bat, errendimenduko kirolari, teknikari eta epaile izaeraren iraunaldia, goi mailakoen kasuan, kontatzen hasten zen otsailaren 22ko 9/2012 Foru Dekretuaren 10. artikuluan aurreikusitako ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen zen egunean. Gainerako mailetan, berriz, eskatzailea Nafarroako errendimenduko kirolaren zer mailatan dagoen, hura egiaztatzen zuen ziurtagiria ematen zen egunean hasten zen kontatzen.

Horri dagokionez, maila bakoitzerako sarbideak ezarrita zeuden otsailaren 22ko 9/2012 Foru Dekretuan, zeinaren bidez arautzen baitziren Nafarroako Foru Komunitateko errendimenduko kirola eta goi mailako kirolarien zerrenda. Goi mailako kirolaren kasuan, 4. artikuluak (10. artikuluari dagokionez), bi sarbide ezartzen zituen: sarbide arrunta, Nafarroako Foru Komunitateko kirol arloko administrazioaren ebazpenak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuz, norberaren merezimendu teknikoak edo kirol arlokoak kontuan izanik; eta sarbide berezia, Kirolaren Kontseilu Nagusiaren ebazpenak argitaratuz, Goi mailako eta goi errendimenduko kirolariei buruzko uztailaren 13ko 971/2007 Errege Dekretuaren 3. artikuluan aurreikusi bezala.

Hau da, kasuan kasuko ebazpena argitaratzeko unea da goi mailako kirolean sartzeko unea, eta, horrenbestez, goi mailako kirolari, teknikari eta epaile izaeraren iraunaldiaren hasiera. Nafarroako Kirolaren Institutuari izaera horren iraunaldia zehazteko emandako eskumenak hasierako une hori errespetatu behar du, eta hortik abiatuta ezar daiteke izaera horren iraunaldia.

Errendimenduko kirolen gainerako mailetan sartzeko, otsailaren 22ko 9/2012 Foru Dekretuak ezartzen du, 4.2 eta 4.3 artikuluetan, kirol arloko zenbait baldintza bete beharko direla. Horixe da maila horietako bakoitzean sartzeko unea, kontuan izan gabe noiz eskatzen den egiaztapena egitea kasuan kasuko ziurtagiria emanez. Nolanahi ere, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 30eko 240/2015 Ebazpenaren arabera, hasiera eguntzat hartzen zen eskatzailea Nafarroako errendimenduko kirolaren kasuan kasuko mailan dagoela frogatzen duen ziurtagiria ematen den eguna.

Ohartu gara sistema horrek konparaziozko bidegabekeria ekar dezakeela katalogazioaren iraunaldian kirol arloko baldintza teknikoak eskuratzeko egunari dagokionez goi errendimenduko kirolean, hobekuntzako kirolean eta oinarrizko errendimenduko kirolean. Izan ere, egun berean antzeko kirol lorpena eskuratzen zutenek katalogazioaren iraunaldi desberdinak zituzten, eskatutako ziurtagiria noiz ematen zitzaien.

Horregatik, eta kontuan izanda Nafarroako Foru Komunitateko errendimenduko kirola eta goi mailako kirolarien zerrenda arautzen dituen otsailaren 22ko 9/2012 Foru Dekretuan xedatutakoa, bidezkoa da III. kapitulua aldatzea Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 30eko 240/2015 Ebazpenaren eranskinean, eta ezartzea kasuan kasuko kirol lorpena eskuratzeko unea dela goi errendimenduko, hobekuntzako eta oinarrizko errendimenduko kirolari, teknikari eta epaile izaeraren iraunaldiaren hasiera, eta ez kasuan kasuko ziurtagiria ematen den eguna.

Bestalde, 2020ko martxoaren hasieratik aurrera koronabirusa (COVID-19) dela-eta izandako osasun krisiaren ondorioz, kirol lehiaketa ugari bertan behera gelditu edo atzeratu dira, besteak beste Espainiako txapelketa ofizialak eta nazioko eta nazioarteko beste proba aipagarri batzuk, eta entrenamendu programak bertan behera gelditu dira, hala autonomia-erkidegoetan nola teknifikazio eta goi errendimenduko zentroetan. Horrek ekarri du kirol modalitate askotan kirolariek, teknikariek eta epaileek ez dutela aukerarik izan errendimenduko kirolaren katalogazioa lortzeko emaitzarik izateko, dela bertan behera gelditu direlako katalogazioa zuzenean ematen duten probak, dela bertan behera gelditze horren ondoriozko mailaketa aldatu delako.

Horregatik guztiagatik, beharrezkotzat jotzen da urtebete luzatzea salbuespenez Nafarroako kirolari, teknikari eta epaile izaeraren iraunaldia maila guztietan: goi maila, goi errendimendua, hobekuntza eta oinarrizko errendimendua.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak eskuordetu dizkidan ahalmenekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako errendimenduko kirolari, teknikari eta epaile izaeraren iraunaldiari buruzko III. kapitulua aldatzea Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 30ean eman 240/2015 Ebazpenaren eranskinean; ebazpen horren bidez, Nafarroako goi mailako kirolaritzat hartzeko bete behar diren kirol betebehar teknikoak aldatzeaz gainera, arautzen dira bai Nafarroako errendimenduko kiroleko epaile, teknikari eta kirolari izaeraren iraunaldia, bai Foru Komunitateko kirol administrazioak Nafarroako errendimenduko kiroleko epaile, teknikari eta kirolariei ematen dizkien prestazioak.

Ebazpen honen eranskinean zehaztu bezala geldituko da idatzita eranskin horren III. kapitulua.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra bidezkoa dela gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kirol Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Ebazpen hau Kirolaren Zuzendariordetzari eta Administrazio eta Kudeaketa Atalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko urtarrilaren 15ean.–Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Miguel Ángel Pozueta Uribe-Echeverría.

1. ERANSKINA

III. KAPITULUA

Nafarroako errendimenduko kirolari, teknikari edo epaile izaeraren iraunaldia

1. Mailaren araberakoa eta, kasua bada, norberaren estamentuaren araberakoa izanen da Nafarroako errendimendu kirolaren izaeraren iraunaldia, arau hauek betez:

a) Nafarroako goi mailako kirolariak: 3 urteko eperako, eta, Joko Olinpikoetan edo Paralinpikoetan lortu badira maila horretan sartzeko merezimenduak, 5 urteko eperako izanen da. Otsailaren 22ko 9/2012 Foru Dekretuaren 10. artikuluan aurreikusitako ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hasiko da kontatzen epea.

b) Nafarroako goi mailako teknikariak. Zer kirolariren zuzendaritza teknikotan ari diren, horri edo horiei emandako epearen erdirako. Bat baino gehiago badira, epe luzeena duen kirolariaren merezimendua hartuko da kontuan. Otsailaren 22ko 9/2012 Foru Dekretuaren 10. artikuluan aurreikusitako ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hasiko da kontatzen epea.

c) Nafarroako goi mailako epaileak: 2 urteko eperako. Otsailaren 22ko 9/2012 Foru Dekretuaren 10. artikuluan aurreikusitako ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hasiko da kontatzen epea.

d) Goi errendimenduko, hobekuntzako eta oinarrizko errendimenduko kirolariak, teknikariak eta epaileak: Urte 1eko eperako. Gizarte Politiketako kontseilariak martxoaren 29an eman 329/2015 Foru Aginduaren I. eranskinean ezarritako kirol arloko baldintza teknikoak betetzen diren egunean hasiko da kontatzen epea (foru agindu horren bidez prozedura arautzen da Nafarroan goi errendimenduko kirolean, hobekuntzako kirolean eta oinarrizko errendimendukoan sartzeko).

Eskatzailea Nafarroako errendimenduko kirolaren zer mailatan dagoen frogatzen duen ziurtagiriak zehaztuko du noiztik betetzen diren kirol arloko baldintza teknikoak eta noiz bukatuko diren katalogazioaren ondorioak.

2. Aurreko apartatuetan aurreikusitako epeen iraunaldia etenik gabe kontatuko da, iraunaldi hori bukatu arte, salbu eta otsailaren 22ko 9/2012 Foru Dekretuaren 26. artikuluan aurreikusitako etenaldi kasuetan.

3. Aurreko zerrenda batean sartuta badaude, Nafarroako goi errendimenduko kirolari, teknikari edo epaileen zerrenda berri batean sartzeak ekarriko du, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, onurak eta neurriak hartu ahal izateko epe berri bat hastea.

4. Salbuespeneko luzapen bat eman daiteke baldin eta kirolariak, teknikariak edo epaileak lesio edo eritasun larri bat izan badu, kasuan kasuko osasun ziurtagiriaren bidez frogatua, Nafarroako errendimenduko kirolaren izaeraren iraunaldian. Ondorio horretarako, kontuan hartuko dira uztailaren 29ko 1148/2011 Errege dekretuaren eranskinean jasotakoak (Eritasun larrien zerrenda), kasuan kasuko prestazio ekonomikoa Gizarte Segurantzaren sisteman aplikatu eta garatzeko. Salbuespeneko luzapena ezin da inola ere izan hasierako iraunaldiaren erdia baino handiagoa.

5. Aurreko apartatuan aipatutako arrazoiarengatik ematen den luzapena Nafarroako Foru Komunitateko kirol arloko administrazioaren titularraren ebazpenaren bidez erabakiko da, Nafarroako errendimenduko kirolaren balorazio batzordeak proposatuta eta interesdunak eskatu ondoren, luzatu gogo den iraunaldia bukatu baino hilabete bat lehenago gutxienez. Ebazpena hiru hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, ebazteko organo eskudunak jasotzen duenetik hasita. Ulertuko da baiesten dela adierazitako epean jakinarazi ezean.

6. Nafarroako errendimenduko kirolari, teknikari eta epaile izaera, maila edozein dela ere, urtebetez luzatuko da salbuespenez koronabirusa dela-eta (COVID-19) dagoen osasun krisiaren ondorioz. Horrela, pertsona baten katalogazioa indarrean egon bada 2020ko martxoaren 14tik 2021eko ekainaren 30era bitarte, beste urtebete luzatuko zaio katalogazioa.

Iragarkiaren kodea: F2100731