247. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

229E/2021 EBAZPENA, urriaren 4koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona proiektu honi: zuntz optikoko interkonexiorako proiektua Gardeko telekomunikazio zentroan, Erronkariko udal-mugartean. Sustatzailea Navarra de Servicios y Tecnologías SA da.

2021eko maiatzaren 25ean, goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen Biodibertsitatearen Zerbitzuak. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko “kategoria” epigrafean dago. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpena emanen duela, arrazoituta.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko dituela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektua lurzoru urbanizagarrian eta urbanizaezinean dagoenez, jakinarazten da baimen honek lurzoru urbanizaezinean kokatutako azpiegituraren zatiari soilik eragiten diola.

Proiektatutako jarduketaren helburua da Erronkariko udal-mugartean, NA-1397 errepideko 24+960 kilometro puntuko H kutxatila Erronkariko 4. poligonoko 597. lurzatian dagoen Gardeko telekomunikazio zentroarekin lotzea, zuntz optiko bidez.

Horretarako, H kutxatila berritik zabalduko da zuntz optikoa, NA-137 errepideko 24+960 kilometro puntuan, kanalizazio bidez. Kanalizazio hori 18 metroko zulaketa zuzenduaren bidez eginen da, errepidea gurutzatzeko, H kutxatila berriraino, eta 54 metroko kanalizazio berritik jarraituko du, 125 mm-ko diametroa duten PVCzko bi hodirekin, 0,3 m-ko zabalerako eta 0,6 metroko sakonerako zanga batean, 4. poligonotik, H kutxatila berriraino, etxebizitzaren ondoan, eta fatxadetatik jarraituko du transformazio zentrora iritsi arte. Zuntz optikoaren hedapenak Gardeko telekomunikazio zentroko behe tentsioko linearen 405 metrotan jarraituko du, eta, ondoren, lurpeko kanalizazio berriko 19 metrotan, 125 mm-ko diametroa duten PVCzko bi hodirekin, Gardeko telekomunikazio zentroraino. Azpiegitura berriaren ondorioz, behe tentsioko linearen 6. zutoina 3 metro mugitu beharko da.

Espedientean jasota daude Lurraldearen Antolamenduaren Atalak eta Erronkariko Udalak egindako txostenak. Ingurumen Eraginaren Atalak espedientearen aldeko txostena egin du, baldintza batzuk ezarrita, honako hau egiaztatu ondoren: nahiz eta proiektuak Ezka ibaia zeharkatzen duen ES2200027 KBEan (Ezka eta Binies ibaiak) sartutako tarte batean, horrek ez dio nabarmen eragiten eta ez du ingurumen balioen osotasuna arriskuan jartzen, zuntz optikoa egungo behe tentsioko linean bermatzen baita.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1.-Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: zuntz optikoko interkonexiorako proiektua Gardeko telekomunikazio zentroan, Erronkariko udal-mugartean. Sustatzailea Navarra de Servicios y Tecnologías SA da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Linearen lan kalean egin behar diren sasiak garbitzeko lanak eta inausketak landaredi naturalari ahalik eta kalte gutxien eragiteko irizpideen arabera eginen dira, Ingurumena Zaintzeko Taldeak gainbegiratuta, batez ere Ezka ibaiaren ertzetan dagoen landarediari dagokionez (2200027 KBE, Ezka eta Binies ibaiak). KBE eremuan lan kalea irekitzea saihestuko da.
  • Zuntz optikoa kanalizatzeko zangaren trazadurak zuhaitz eta zuhaixken gaineko ukipena minimizatuko du, trazadura egokituta eta inausketa eta seinalizazio lanak kemenduta.
  • Belar sastrakak garbitu, lurrak mugitu eta kanalizazio hodia paratu aurretik, eremua ikuskatu beharko da, fauna espezieei eragozpenik ez sortzeko.
  • Zanga irekitzean, landare lurra gordeko da geroago zangaren azaleko partea betetzeko.
  • Zangak zabalik gelditzen badira egun batetik bestera, arrapalak kokatu beharko dira, hara ezustean eror daitezkeen animaliak atera ahal izateko. Zanga ireki eta ahal den lasterren bete beharko da, barnean animaliarik harrapatuta ez dagoela egiaztatu ondoren.
  • Lanak hasi baino 72 ordu lehenago, Erronkaribar-Zaraitzu barrutiko Ingurumena Zaintzeko Atalari abisua eman beharko zaio telefonoz (948475055 / 699307698). Barrutiko Ingurumena Zaintzeko Atalak denbora edo tokiaren gaineko mugak jartzen ahalko ditu lanen garapenaren arabera.
  • Zuntz optikoa zabaltzeko lanetan sor daitezkeen materialak beren izaeraren arabera kudeatu beharko dira, betiere indarreko araudia betez.
  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.
  • Aireko linearen zatian, hegaztiek zuntz optikoko kablearen kontra jotzeko arriskua gutxitzeko, kablea balizatu eginen da: neoprenozko X erako babesak ezarriko dira, baliza bat 15 metroko.

–Hirigintza arlokoak:

  • Baimen hau lurzoru urbanizaezinean kokatutako azpiegituraren zati baterako da, telekomunikazio zentrora arteko konexioa egiteko, zuntz optikoko hoditeria jarriz, Erronkariko 4. poligonoko 597. lurzatian.
  • Ez dira baimen honen zati sarea konektatuko zaion komunikazio zentroan aurretik zeuden azpiegiturak, ezta hargune elektrikoa ere. Horiei buruz, zerbitzu honek ez du aurkitu lurzoru urbanizaezineko baimenei buruzko espedienterik, eta ustez legezko egoeran daude. Baimena eraginkorra izateko baldintza izanen da horiek benetan legezko egoeran egotea.
  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.
  • Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.
  • Eginen den jarduketak ukitzen ahal dituen edo jardueraren trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, jarduketak Ezka ibaiaren polizia eremua eta beste ur laster natural ez-iraunkor bat ukitzen dituenez, sustatzaileak Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena eskuratu beharko du.
  • Trazadurak errepide sarea ukitzen duenez, lanei ekin aurretik sustatzaileak beharrezko baimena eskuratu beharko du Herri-Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusian.
  • Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h) artikulua aplikatuz.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, baimena eman eta bi urteko epean egin edo jarri beharko dira abian ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.
  • Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita edota kenduta. Ildo horretatik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluari jarraikiz, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio adierazpen baten bidez konpromisoa har dezala lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko gehienez ere bost urteko epean, baimendutako jarduera bertan behera uzten bada.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Erronkariko Udalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Erronkaribar-Zaraitzu Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko urriaren 4an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2114507