247. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ADIOS

Ordenantza fiskala, Hilerria erabiltzeko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Adiosko Udalak, 2021eko abuztuaren 3an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ordenantza fiskala, Adiosko udal hilerria erabiltzeko tasak arautzen dituena.

Onespenaren erabakia 2021eko 194. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 19an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Adiosen, 2021eko urriaren 6an.–Alkate udalburua, Miguel Ansa Reta.

UDAL HILERRIA ERABILTZEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua.

Adiosko Udalari dagokio udal hilerria administratzea, zuzentzea eta zaintzea, jarraian ematen direnekin bat: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 4., 25. eta 26. artikuluak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 4. eta 29. artikuluak, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 12. eta 100. artikuluak. Eta hori guztia, batere ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean dauzkaten legezko eskumenak.

2. artikulua.

Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak honako ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua.

Udalaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua. Ordenantza honetan arautzen diren hilerriko zerbitzuak erabili nahi dituztenek Adiosko Udalari eginen diote eskaera.

4. artikulua.

Behar bezalako gizalegea eta errespetua agertzen ez dituzten edo edozein modutan lekuaren berezko baitaratzea hausten duten pertsonei han egotea galaraziko zaie. Debeku da edozein motatako animaliak sartzea, gidazakurrak izan ezik.

5. artikulua.

Hilerrian, lur eman dakioke ehorzteko ekartzen den gorpu orori, baldintza hauetako bat betez gero:

a) Heriotza egunean Adiosen erroldatutako herritarren hilotzak.

b) Nahiz eta goiko baldintzak ez bete, aurrekoak, ondorengoak, ezkontidea edo izatezko bikotekidea Adiosko hilerrian lurperatuta dituztenen hilotzak.

c) Etxebizitzarik ez duten eta udal-mugartean hiltzen diren pertsonak.

d) Epaileak agindutako ehorzketak.

Ehorzketa eginen da hildakoaren ahaidea dagoen lekuan. Halaber, legezko tramiteak bete behar dira eta, ehorzteko eskubideak lortzeko, ordenantza honetan ezarritako kostuak eta/edo tasak ordaindu behar dira.

6. artikulua.

Ezin izanen da zementuzko itxiturarik edo lauzarik jarri. Hilarriak hobiaren buruan jarriko dira, lurzoruan edo tripode batez, horiek mugitu ahal izateko makinekin pasatu behar denean.

Ordenantza honen onespenak ez dakar berarekin hilobien gainean jada jarrita daudenak kendu beharra, beharrezko kasuetan izan ezik.

7. artikulua.

Udalak ez du inolako erantzukizunik bere gain hartuko hilerriaren esparruan gerta daitezkeen lapurretengatik edo kalteengatik.

8. artikulua.

Titularren betebeharra da hobiak, hilobiak eta nitxoak segurtasun, higiene edo apaindura baldintza egokietan kontserbatzea, bai eta loreak edo dekorazio zaharrak baimendutako edukiontzietan uztea ere. Kontserbazio egoera egokia ez denean, Udalak interesdunei eskatuko die 30 egun naturaleko epean beharrezko lanak egin ditzaten hori konpontzeko.

Epe hori iraganik, Udalak eginen ditu lan horiek modu subsidiarioan, eta sortzen den kargua titularrei pasatuko die.

II. KAPITULUA

Ehorzketak, desehorzketak, lekualdaketak eta autopsiak

9. artikulua.

1.–Hilotzak edo gorpuzkiak ehortzi, hobitik atera eta lekuz aldatzeko, Hileta Osasunari buruzko Erregelamenduaren arauei eta kapitulu honetan xedatutakoari jarraituko zaie.

2.–Lekua aurreztu beharrez, familia batek baldin badauka ehorzketa bat gutxienez 10 urte lehenago egindakoa, beharturik dago ehorzketa berria leku horretan egitera, eta ezin du beste leku batean egin.

Azken ehorzketatik ez badira iragan 10 urte, ehorzketa beste leku batean egiten utziko da. Kasu horietan, 10 urte iragan ondoren, nahitaezkoa izanen da gorpuzkiak familia hilobira eramatea.

Hori ez da aplikatzen nitxoen edo kolunbarioen kasuan.

3.–Gorpu-hondakinak dituzten hilobietan ehorzteko, aldez aurretik horiek murriztu beharko dira, eskubidearen titularrari edo hark eskuordetutako pertsonari abisua emanda; beste gorpu bat utzi behar denean, gorpu-hondakin horiek berriz ere ehortz daitezke.

Osasun baimena beharrezkoa izanen da gorpuak edo gorpu-hondakinak desehortzi edo ehorzteko, hilerri honen barnean edo beste hilerri batera lekualdatu nahi direnean, Hileta Osasunari buruzko Erregelamenduan ezarritako kasuetan (urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretua). Nolanahi ere, osasunari buruz indarrean dauden xedapenetan ezarritakoari jarraikiz eginen dira jarduketa horiek guztiak, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuta.

10. artikulua.

Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere, eta bi kasuetan hilobiaren gaineko eskubidearen titularraren eskabidea beharko da. Hilotzak hobitik ateratzen badira hilerriaren barreneko beste hilobi batera eramateko, zein hilobitan berrehortzi nahi den, haren gaineko eskubidea duen titularraren baimena beharko da. Kasu horietan, kostuak titularrek ordainduko dituzte.

11. artikulua.

Ehorzketa berriak egiteko desehorzketak. Okupatu gabeko guneak agortu ondoren, lehenbiziko desobiratzeak ehorzketa zaharrenetako eremuan eginen dira, eta ordena hori ezin izanen da aldatu. Desobiratzen hasi baino lehen, saiatu beharko da familiakoei behar besteko aurrerapenez jakinarazten. Beti egonen da hutsarte bat lur librean, behar izanez gero.

12. artikulua.

Beste hilerri batetik ekarritako hilotzak ehorzteko ezin izanen da lur berria okupatu; hildako ahaide baten hilobian jarri beharko dira.

III. KAPITULUA

I. ATALA

Ehorzketa-eskubideak oro har

13. artikulua.

Adiosko hilerrian hiru hilobi mota baino ez dira egonen:

a) Ehorzketa lurrean (ez panteoiak).

b) Nitxoak.

c) Kolunbarioak.

14. artikulua.

Lurreko edo nitxoko hilobiaren erabileraren gaineko ehorzte-eskubidea kontzesio egintzaren bidez sortuko da, eta horrek dakar ordenantza honetan ezarritako tasa ordaindu beharra.

Udalak eman eta onartuko ditu ehorzketa-eskubideak, ordenantza honen printzipioei jarraikiz.

15. artikulua.

Eskaera egiten duen pertsona izanen da lurreko edo nitxoko hilobia erabiltzeko kontzesioaren titularra.

II. ATALA

Ehorzketa eskubidea azkentzea

a) Hilobia abandonatzeagatik. Horrelakotzat joko da eskubidearen titularrak egin beharreko garbiketetan eta mantentze-lanetan modu agerian arreta ez jartzea, horretarako aitzinetik egindako errekerimenduari ez aditua eginik.

b) Kontzesio epea iragateagatik luzapena eskatu gabe, edo luzapenaren epea iragateagatik.

c) Kontzesioa bukatu baino lehen, kolunbarioak edo lurreko hilobiak nahita desobiratzeagatik edo husteagatik.

d) Ordenantza fiskalean ezarritako tasak ez ordaintzeagatik.

e) Titularrak uko egiteagatik.

Aldi baterako kontzesio epea bukatu eta gero, gorpuzkiak hilobitik edo nitxotik atera eta hezurtegi orokorrera eraman daitezke (hori eraikitzea aurreikusita dago), salbu eta ahaideek beren kargura dagoen gorpuzkietarako beste hilobi edo kolunbario batera lekualdatzea erabaki badute.

III. ATALA

Erregistroa

16. artikulua.

Ehorzketa-eskubide guztiak dagokien erregistro liburuan inskribatuko dira. Erregistroa Adiosko Udalaren Idazkaritzan eginen da.

IV. KAPITULUA

Hilobiak eraikitzea, mantentzea eta zaintzea

17. artikulua.

Eskubideen titularren kargura izanen dira norberak eraikitako hilobiak edo nitxoak konpontzeko eta zaintzeko obrak, eta Udalak eraikitako hilobietan hilarriak eta osagarriak edo apaingarriak jartzea.

18. artikulua.

Lurreko hilobietan, baimena emanen da gurutze edo antzeko bakar bat jartzeko hilobiko. Honako baldintza eta gehieneko neurri hauei jarraitu behar zaie:

–Gurutzeak: Altuera, 1,20 m.

–Hilarria: 1,05 x 0,60 x 0,30 m, posizio bertikalean jarriak.

Ezin da deus eraiki, ezta inongo egiturarik jarri ere, hilobiaren gainean. Ezin da jarri hesirik edo itxiturarik ere.

Gomendatzen da zuhaitz, landare, heskai eta bestelako landare-elementurik ez landatzea. Landatzen badira, ez dira 100 cm-tik gorakoak izanen.

V. KAPITULUA

Udalaren kolunbarioa

19. artikulua. Kontzeptua.

Kolunbarioak dira gorpuak edo gorpuzkiak erraustetik heldu diren errautsak gordetzeko tokiak.

20. artikulua. Kokalekua.

Kolunbarioak Udalaren hilerrian daude eta honako hauetatik heldu diren errautsak bil ditzakete:

–Gorpu bakar baten edo horren gorpuzkien errausketa.

–Nitxo beretik atera diren gorpu-hondakinak.

Gehienez, hiru errauts-urna edo kutxatila gorde daitezke Adiosko kolunbarioetan, tokietako neurrien arabera. Salbuespenez, behar bezala arrazoituta, Udalak beste kasu batzuk ebatz ditzake.

21. artikulua. Xedea.

Udalerrian erroldatutako, bertan jaiotako edo udalerriarekin lotutako pertsonen errautsak gorde daitezke, aldez aurretik eskatuta eta Udalak horren aldeko esanbidezko ebazpena emanda.

Lehen graduko ahaideren bat (gurasoak, seme-alabak) ehortzita badute udalerri honetako hilerrian, hilobitik ateratzeko unean, interesdunek errautsak bertan gorde ditzakete, aldez aurretik hala eskatuta eta gorpu-hondakinak erraustuta.

22. artikulua. Eskaerak.

Kolunbarioa erabili nahi dutenek eskabidea aurkeztu behar dute Udalaren Erregistro Orokorrean, Udalak emandako inprimakian, honako agiri hauekin batera:

–Eskatzailearen NANaren edo IFZren fotokopia.

–Errausketa erraustegi batean egin izanaren ziurtagiria.

–Heriotza Erregistro Zibilean inskribatu izanaren ziurtagiria.

Ebazpena jakinarazi ondoren, baiezkoa bada, errautsak gehienez hamabost eguneko epean utzi behar dira, ebazpena jakinarazten den egunetik hasita. Horrela egin ezean, Udalak besterik gabe ulertuko du kontzesioari uko egiten zaiola. Kontzesioaren aldeko ebazpenak datu hauek izanen ditu, gutxienez: kontzesiodunaren izen-abizenak, kolunbarioaren zenbakia, kontzesioaren data eta epea.

23. artikulua. Kontzesioa emateko epea.

Kolunbarioaren erabilera-epea (aldi baterako kontzesioa) 20 urtekoa da, erabilera ematen den egunetik hasita.

Interesdunari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla eta, kontzesioa ezeztatzen bada epea bukatu baino lehen, interesdunak ez du ordaindutakoa (osorik zein partez) itzultzeko eskubiderik izanen.

Kontzesio epea bukatu eta hilabete iraganda, inork ez badu eskatzen errautsak emateko, Udalak hezurtegi orokorrera eramanen ditu.

Kontzesio epea luza daiteke, behin bakarrik eta hogeita bost urtez, hala eskatzen bada kontzesio epea iragan baino hilabete bat lehenago gutxienez, eta indarrean dagoen tasa ordaintzen bada. Udalak eskaera ebatziko du gehienez 15 eguneko epean. Luzapena uka dezake, uste baldin badu hurrengo urteetan sor daitezkeen beharrei erantzuteko toki nahikoa ez dagoela.

24. artikulua. Errautsak gordetzeko modua.

Errautsak modu ordenatuan gordeko dira kolunbarioetan, goitik behera eta ezkerretik eskuinera. Lerro bat ez bada osorik bete, ezin izanen dira erabili hurrengo lerroko kolunbarioak. Ordena bat jartzearren, aintzat hartuko da erabileraren kontzesioaren data.

25. artikulua. Kolunbarioen erregistroa.

Udalak kolunbarioen erregistroa kudeatuko du. Gutxienez honako hauek jasoko dira horretan: eskatzailearen izen-abizenak, kolunbarioaren zenbakia, kontzesioaren data eta epea, eta bertan utzitako erraustuen izen-abizenak.

26. artikulua. Kolunbarioen ezaugarriak eta apainketa.

Kolunbario guztien identifikazioak berdinak izanen dira, Udalak horretarako normalizatutako ereduari jarraikiz.

Identifikazio plakak altzairu herdoilgaitzez izan behar du, eta gehienez DIN A4 tamainakoa, neurri hauekin: 210 x 297 mm (zabal x luze), horizontalean. Lodiera: 1,5 edo 2 mm.

Inskripzioa duten kolunbarioek berriz erabil dezakete eta datuak irarri, lehendik dagoen plakan.

Plakaren lotura-sistema itsaspenezkoa izanen da eta, testu-metodoa, irarria.

Gutxienez, honako hauek ageriko dira plakan: hildakoaren izen-abizenak eta hil zen eguna edo jaiotzaren eta heriotzaren urteak; eskatzaileak eskabidea egiterakoan aukeratuko du.

27. artikulua. Kalteak.

Adiosko Udalak ez du erantzukizunik izanen hirugarrenek kolunbarioetan lapurretak edo kalteak egiten badituzte. Ez du erantzukizunik izanen arrazoi naturalek (uholdeak...) sortutako kalteen kasuetan ere.

VI. KAPITULUA

Udal hilerria erabiltzeko tasak

28. artikulua. Hilerria erabiltzeko tasak:

Berdinak dira tributu tasa edo kuota eta zerga-oinarria; azken hori honako taula honetan zehazten da:

ZERGA-EGITATEA

Lurzatiaren kontzesioa 20 urterako

350 euro

Lurzatia berritzea, 10 urte (*)

100 euro

Nitxoa, 20 urte

260 euro

Nitxoa berritzea, 10 urte (*)

70 euro

Kolunbarioa, 20 urte

200 euro

Kolunbarioa, 10 urte

50 euro

(*) Kontuan hartuko dira 2006an nitxo edo kolunbarioak erreserbatzeko zehaztutako kopurua ordaindu zuten familiak, ematen diren urteetarako. Tasa horiek 2022an hartuko dute indarra, eta kontzesioak berritu behar dituzten familia guztiei jakinaraziko zaizkie.

(**) Titularraren kargura izanen dira berrehorzketak, lurpetik ateratzeak edo hilerrian aurrez aurreikusi ez den beste edozein jarduera.

29. artikulua. Nitxo eta kolunbarioen erreserba.

Nitxoa eta kolunbarioa erreserbatu daitezke 20 urtez, erreserbaren kontzesioaren unetik zenbatzen hasita, eta erabiltzeagatiko tasa zenbatekoa den, hainbestekoa izanen da erreserbarena.

Kolunbarioa edo nitxoa erreserbatu nahi dutenek eskabidea aurkeztu behar dute Udalaren Erregistro Orokorrean, Udalak emandako inprimakian.

Erreserbaren baimenaren ebazpenean bilduko dira kontzesiodunaren izen-abizenak, nitxoaren edo kolunbarioaren zenbakia, kontzesioa eman zeneko eguna eta erreserba noiz bukatzen den.

30. artikulua. Subjektu pasiboak.

Udal hilerria erabiltzea eskatzen dutenak dira subjektu pasiboak, izanik horiek pertsona fisiko nahiz juridiko edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare bereizia eratzen duten entitateak.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, jarraituko zaio Hileta-Osasunari buruzko Erregelamendua onesten duen urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuan eta indarrean diren gainerako arauetan ezarritakoari.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartzen duenean indarrik gabe geldituko dira harekin bat ez datozen udal xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritako epea iragan ondoren.

Iragarkiaren kodea: L2114739