244. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLTZA ZENDEA

Lizentziak ematea etenik, lurzoru urbanizaezinean energia berriztagarrien instalazio berriak nahiz haien ebakuazio azpiegiturak eraikitzeko eta ezartzeko (instalazio fotovoltaikoak, eolikoak edo gisakoak)

Oltza Zendeako Udalak, 2021eko irailaren 30ean egin bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

Oltza zendean egun indarrean den Udal Plan Orokorra behin betiko onetsi zen Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2003ko azaroaren 26an harturiko erabaki baten bidez (2004ko 6. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 14koa). Hirigintzako araudia 2006ko 48. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 21ean.

Udal Planean ez dago berariazko arauketarik, xedatzen duenik bateragarria ote den lurzoru urbanizaezinean energia berriztagarrien instalazioak (instalazio fotovoltaikoak, eolikoak edo gisakoak) eta haien ebakuazio azpiegiturak ezartzea. Hortaz, horrelako arauketa orokor eta lausoak interpretazio arazoak sor ditzake planeamenduan. Batetik, ez dago argi zer araubide aplikatu behar zaien proiektu mota horiei lurzoru urbanizaezinean baimengarriak edo debekatuak diren jarduketei dagokienez, eta, bestetik, ez dago argi planean egun definituta dauden lurzoru urbanizaezineko azpikategorietatik zeinekin diren bateragarriak.

Oltza zendeako Plan Orokorra aldatzeko azterlanak ekarritako antolamendua sor ez dadin egun indarrean den antolamenduak baldintzaturik, Udalbatzak egokitzat jotzen du lizentziak eteteko erabakia hartzea ondoren aditzera ematen diren eremuetan eta erabileretan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru-Dekretuaren 70. artikuluan lizentzien aukerako etendurarako ezarritako araubidearekin (legegintzako foru-dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina):

–Lurzoru-mota: lurzoru urbanizaezina, kategoria guztiak.

–Erabilerak: energia berriztagarrien instalazio berriak nahiz haien ebakuazio azpiegiturak eraikitzea eta ezartzea (instalazio fotovoltaikoak, eolikoak edo gisakoak).

–Salbuespenak: autokontsumorako, lehendik dauden eraikinen estalkietan jartzen direnak.

Ikusirik Udaleko Zerbitzu Teknikoek eman txostena, bai eta Idazkaritzaren txosten juridikoa, 2021eko irailaren 15ekoa.

Kontuan harturik Udaleko Osoko Bilkurak arlo honetan dituen eskumenak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 22.1.c artikuluan xedatuaren arabera.

Kontuan harturik Hirigintzako, Industrietako, Obretako eta Ingurumeneko Informazio Batzordeak aldeko irizpena eman zuela 2021eko irailaren 23an.

Udalak, osoko bilkuran, honako hau erabaki du:

Lehena.–Uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 70.1 artikuluarekin bat (LFD horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina), dekretatzea eten egiten dela lizentziak ematea Oltza zendeako lurzoru urbanizaezinean energia berriztagarrien instalazio berriak nahiz haien ebakuazio azpiegiturak eraikitzeko eta ezartzeko (instalazio fotovoltaikoak, eolikoak edo gisakoak), salbu eta, autokontsumorako, lehendik dauden eraikinen estalkietan jartzen direnak; izan ere, zenbait alderdi aztertu nahi dira: lurraldea, ingurumen, etnografia eta konektibitate ezaugarriak, lurraldean instalazio horiek sortzen duten inpaktua eta abar. Alderdi horiek kontuan hartuta, bada, erabakiko da zein diren mota horretako instalazioak hartzeko eremu egokienak lurzoru urbanizaezinaren barnean, eta zein izanen den aplikatuko zaien araudi partikularra. Horretarako, hain zuzen, aldaketa bat izapidetu beharko da Planean.

Lizentzien etendurak ukitutako eremu eta erabilerak.

–Lurzoru-mota: lurzoru urbanizaezina, kategoria guztiak.

–Erabilerak: energia berriztagarrien instalazio berriak nahiz haien ebakuazio azpiegiturak eraikitzea eta ezartzea (instalazio fotovoltaikoak, eolikoak edo gisakoak).

–Salbuespenak: autokontsumorako, lehendik dauden eraikinen estalkietan jartzen direnak.

Bigarrena.–Ezartzea etendurak iraunen duela Udal Plana aldatzeko hartu beharreko denbora, alegia, aldaketa hori aztertu, prestatu eta izapidetzeko behar dena, eta gehienez urtebete (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 70.3 artikuluari jarraikiz), asmoa baita lurzoru urbanizaezina egoki arautzea. Epe horretan hasierako onespena ematen bazaio, etendura mantenduko da planeamenduko determinazio berrien ondorioz hirigintza-antolamendua aldatzen duten eremuetan, eta etendura horren ondorioak behin betiko iraungiko dira bi urte pasatzen direnean planeamendua edo haren erreforma aztertzeko hartutako etendura-erabakitik. Baldin hasierako onespena urtebeteko epea pasa ondoren gertatzen bada, hasierako onespen horretatik heldu den etendurak ere gehienez urtebeteko iraupena izanen du.

Hirugarrena.–Agintzea lizentziak emateko prozedura eten dadila, eta erabaki hau jakinaraz dakiela lizentzia eskaera egina zuten guztiei berau hartu baino lehen.

Laugarrena.–Erabaki hau Oltza zendeako kontzejuei jakinaraztea, izan ditzan 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 70.5 artikuluan ezarritako ondorioak, eta xedatzea argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitatean editatzen diren egunkarietan.

Bosgarrena.–Ohartaraztea erabaki honen aurka errekurtso hauetariko bat aurkez daitekeela, hautara:

1. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratzen denetik hasita.

3. Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

Seigarrena.–Alkateari ahalmena ematea behar diren erabakiak har ditzan, erabaki hau behar bezala gauzatzeko xedez.

Oltza zendean, 2021eko urriaren 1ean.–Alkatea, Moisés Garjón Villanueva.

Iragarkiaren kodea: L2114477