244. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1112/2021 EBAZPENA, urriaren 11koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako behi eta ardi azienden mihi urdinaren 8. serotipoaren kontra txertatzea nahitaezkoa dela deklaratzen duena eta 2021ean eta 2022an behi eta ardi azienden mihi urdinaren 8. serotipoaren kontrako nahitaezko txertaketa egiteko profesionalak gaitzeko prozedura ezartzen duena.

Mihi urdina eritasun biriko bat da, zenbait espezietako hausnarkariei eragiten diena eta Orbivirus generoko birus batek sortu eta Culicoides generoko intsektu jakin batzuek transmititzen dutena. Ardi aziendei gogor erasaten dien patogenoa da, nahiz eta andui batzuek behi aziendei ere klinikoki eragiten ahal dieten, esaterako 8. serotipoak; izan ere oso erraz hedatzen dira bektore egokien presentzian, eta distantzia handietara irits daitezke klima baldintzen arabera, korronte termiko eta haizeen bidez batez ere. Bektore horien jardunik handieneko garaia apiriletik abendura bitartekoa da. Eritasuna Culicoidesen bidez kutsatzeak zaildu egiten du transmisioaren kontrola.

2020. urtearen erdialdean Espainiarekin muga egiten duten Frantziako departamentuetan, Pirinio Atlantikoetan barne, zenbait foku atzeman eta deklaratu izanak Nafarroako zenbait eremutan larrialdiko txertaketa deklaratu behar izatea ekarri zuen. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren urriaren 9ko 926/2020 Ebazpenaren bidez deklaratu zen larrialdia. 2020ko urriaren 21ean eritasunaren foku bat detektatu zen Almandozen (Baztan), eta aurrerago birusa batetik bestera hedatzen ari zela egiaztatu zen Urrozen, Urdazubin, Orreagan, Atetzen eta Jaurrietan. Txertaketa zabala egin zen eta ondorioz, eremu horretan kutsatzen ahal diren animalia gehienak inmunizatuta daude dagoeneko. 2021eko urtarrilean eman zitzaion amaiera txertaketari. Neurriak eritasuna Nafarroa hegoaldera eta beste eskualde batzuetara hedatzea eragotzi du.

Eritasunaren presentziak, eta 8. serotipoaren ezaugarri bereziak direla-eta (behi aziendengan sintoma klinikoak eragiteaz gain frogatuta dago behietan serotipo hori plazenta bidez transmititzen dela), hedatuko balitz zorigaiztoko ondorioak eragingo lituzke, bai animalien osasun eta ongizatearen ikuspegitik, bai ikuspegi ekonomikotik, kaltetutako ustiapenen bideragarritasun ekonomikoari zuzenean eraginen bailioke (errentagarritasuna gutxitzea animaliak hiltzearen ondorioz, produkzioaren jaitsiera edo ugalketa atzeratzea). Hori horrela, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak abenduaren 21eko APA/1251/2020 Agindua eman zuen argitara, mihi urdinari dagokionez berariazko hainbat babes neurri ezartzeko helburuarekin. Agindu horrek eritasunaren 8. serotipoaren aurkako nahitaezko txertaketa eremu bat ezartzen du Nafarroan, eta txertaketa hori 3 urtez egin beharra dago: 2020an, 2021ean eta 2022an.

Txertoa jartzeko honako hauek kontuan hartu behar dira: artaldearen ugaltze-egoera, klima baldintzak, azienden gobernua, larre garaiak, erasandako eremuko abere ustiapenen tamaina txikia eta sakabanatzea. Horiek horrela, txertaketa kanpaina albaitari klinikoen bidez gauzatu beharra dago ezinbestean, eta sasoirik egokienean, hots, urritik datorren urteko urtarrilera bitarte. Horregatik da txertaketa kanpainaren iraupena lau hilabete ingurukoa, urte bakoitzeko urritik hurrengo urteko urtarrilera bitartekoa. 2020ko txertatze kanpaina urte horretako urritik 2021eko urtarrilera bitarteko hilabeteetan egin zen. 2021. eta 2022. urteei dagozkien kanpainak garai berean egin beharko dira, hau da, dagokion urteko urritik hurrengo urteko urtarrilera bitarte, eta 2023ko urtarrilean amaitutzat emanen dira guztiak.

Txertaketa atzeratzen bada edo egiten ez bada eritasuna zabaltzeko arriskua dago, bistan da, eta horrek arriskuan jarriko ditu bai azienda osoa, bai abere azokak, eraginen dituen immobilizazio eta murrizketengatik.

2014/24/EB Zuzentarauak 4. kontuan hartuzkoan ezartzen du ezen, baldintza jakin batzuk betetzen dituzten operadoreek zeregin jakin bat egiteko baimena dutenean inolako hautapen-sistemarik egon gabe, horrelako egoerak ez direla berez kontratazioak izanen, baizik eta baimen-araubide soilak.

Beste alde batetik, 2014/23/EB Zuzentarauak 54. kontuan hartuzkoan onartzen du –gizarte, osasun eta hezkuntzako zerbitzuei dagokienez eta aintzat hartuta horiek zerbitzu delikatuak direla– agintari publikoek askatasuna dutela zerbitzu horiek beraiek emateko edo zerbitzu horiek emakidarik egin gabe antolatzeko, esaterako, horien finantzaketa sinple bat eginez. Beste aukera bat da operadore ekonomiko guztiei lizentziak eta baimenak ematea, baldin eta betetzen badituzte botere edo entitate adjudikazio-emaileak jarritako baldintzak, muga edo kuotarik ezarri gabe; horretarako, agintari publikoek behar adinako publizitatea egin behar dute, eta errespetatu behar dituzte gardentasunaren printzipioa eta diskriminaziorik ezaren printzipioa. Bestetik, 59. kontuan hartuzkoan xedatzen da Zuzentarauaren xedapen bakar batek ere ez duela eragotzi behar ordena, segurtasun eta moral publikoa, osasuna, pertsonen eta animalien bizitza eta landare espezieen kontserbazioa babestea edo bestelako ingurumen neurriak ezarri edo gauzatzea, batez ere garapen jasangarria kontuan hartuta, baldin eta neurri horiek bat badatoz Europar Batasunaren Itunarekin.

Adierazitakoarekin bat, erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidanak,

EBAZTEN DUT:

1. Deklaratzea mihi urdinaren 8. serotipoaren kontrako txertaketa nahitaezkoa dela ebazpen honen I. eranskinean zehazten diren albaitaritza-eskualdeetan eta udalerrietan, eta borondatezkoa Nafarroako Foru Komunitateko gainerako lurraldean, betiere behi eta ardi azienda duten ustiategietan, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren abenduaren 21eko 1251/2020 APA Aginduan aurreikusitakoarekin bat.

2. Bi txertatze kanpaina eginen dira, bata bestearen segidan: batetik, 2021-2022ko kanpaina, 2021eko urrian hasi eta 2022ko urtarrilaren 31 baino lehen amaituko dena, eta bestetik 2022-2023 txertatze kanpaina, 2022ko irailaren 15ean hasi eta 2023ko urtarrilaren 31n amaituko dena. Epe horiek luzatzen ahalko dira animalien ekoizpen eta ugaltze egoeraren arabera.

3. Onestea ebazpenaren II. eranskinean jasotzen den prozedura, albaitaritzako profesionalei mihi urdinaren 8. serotipoaren txertoa emateko gaikuntza eskuratzea ahalbidetuko diena, txertoak jar ditzaten abenduaren 21eko 1251/2020 APA Ministerioaren Aginduaren bidez txertoa jartzea nahitaezkoa dela deklaratu den Nafarroako azienda ustiategietan.

4. Hiru hilabetetik gorako abere guztiak txertatuko dira. Behi aziendaren aurreneko txertaketarako bi dosi jarri behar dira, bien artean 21 eguneko tartea utziz. Ardi aziendaren aurreneko txertaketarako dosi bat edo bi jarriko dira, txerto mota bakoitzaren fitxa teknikoan ezarritakoaren arabera.

5. Txertaketa behar den gaikuntza duten albaitariek eginen dute. Nahitaez txertatu beharreko eremuan kokatuta dauden azienda ustiategiek Nafarroako Gobernuak gaitutako albaitarien zerrendako edozein albaitarirengana jo beharko dute txertoak jartzeko. Zerrenda hori helbide hobetan argitaratuko da: https://www.navarra.es/home_eus/Temas/Ambito+rural/Ganaderia/sanidadehigiene.htm. Orobat, albaitariek Botiken Agentziari eta Abeltzaintza Zerbitzuari emanen diete kontrako edozein erreakzioren berri, Agentziak berak ezarritako prozedurari jarraikiz.

6. Txertoa jartzeaz arduratuko diren albaitari gaituei II. eranskinean adierazten den prozedurarekin bat eta Abeltzaintza Zerbitzuak egoki jotzen dituen jarraibideen arabera emanen zaizkie jarri beharreko txertoen dosiak.

7. Albaitari gaitu bakoitzak Nafarroako Gobernuaren albaitaritzarako kudeaketa telematikoaren atarian ezarritako aplikazioan erregistratuko ditu jarritako txertoak. Behien kasuan, txertatutako abereen banakako identifikazioa grabatuko da. Ardi aziendaren kasuan, aski izanen da txertatutako abere guztien kopurua grabatzea.

8. Txertoa jartzearen kostuak albaitari gaituei ordainduko zaizkie, ebazpen honen II. eranskinarekin batera doan prozeduran ezarritako baremoaren arabera (prozedura hori ere ebazpenaren parte da), behin justifikatu ondoren eta espedientea formalizatzeko tramiteak eginik daudela, 2021eko gastu aurrekontuko “Larrialdiko txertaketa ofizialak” izeneko 710004 71320 2279 412205 partidaren kargura eta, beharrezkoa bada, horren ordezko 2022ko eta 2023ko gastuen aurrekontuko partida baliokidearen kargura.

9. 536.510 euroko gastua baimentzea; horietatik 50.000 euro 2021eko gastuen aurrekontuko “Larrialdiko txertaketa ofizialak” izeneko 710004 71320 2279 412205 partidaren kargura izanen dira, 308.255 euro 2022ko gastuen aurrekontuko “Larrialdiko txertaketa ofizialak” izeneko 710004 71320 2279 412205 partidaren kargura, edo 2022. urteko gastuen aurrekontuko horren ordezko partida baliokidearen kontura, baldin eta kreditu egoki eta nahikorik bada; 178.255 euro “Larrialdiko txertaketa ofizialak” izeneko 710004 71320 2279 412205 partidaren kargura edo 2023. urteko gastuen aurrekontuko horren ordezko partida baliokidearen kontura, baldin eta kreditu egoki eta nahikorik bada.

10. Sailkapen zooteknikoaren arabera gizentzekoak diren ustiategiei ez zaie ordainduko txertaketaren kostua.

11. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko urriaren 11n.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Nahitaezko txertaketarako eremuak

Albaitaritza-eskualde osoak:

–Elizondo.

–Doneztebe.

–Irurtzun.

–Iruña.

–Otsagabia.

Lizarrako albaitaritza-eskualdeko udalerriak:

120 Gesalatz.

154 Lezaun.

260 Deierri.

074 Zirauki.

167 Mañeru.

039 Artazu.

121 Guirgillao.

214 Jaitz.

002 Abartzuza.

011 Allin.

013 Ameskoabarrena.

143 Larragoa.

021 Aranaratxe.

100 Eulate.

Zangozako albaitaritza-eskualdeko udalerriak:

199 Orotz-Betelu.

132 Itzagaondoa.

159 Irunberri.

241 Urraulgoiti.

242 Urraulbeiti.

209 Erromantzatua.

158 Longida.

019 Agoitz.

092 Erroibar.

028 Artzibar.

098 Esteribar.

248 Luzaide.

058 Auritz.

211 Orreaga.

II. ERANSKINA

Mihi urdinaren 8. serotipoaren aurkako txertoa jartzeko albaitarien gaikuntzarako prozedura

1. artikulua. Xedea.

Ebazpen honen xedea da prozedura ezartzea albaitari klinikoen gaikuntzarako eta albaitaritzako laguntza klinikoa emateko helburu soziala duten pertsona juridikoen gaikuntzarako, mihi urdinaren 8. serotipoaren aurkako txertoa jarri ahal izan dezaten mihi urdinaren 8. serotipoaren aurkako nahitaezko txertaketa kanpainan. Gaikuntzak bidea emanen die 2021-2022ko eta 2022-2023ko mihi urdinaren kanpainetan txertoa jartzeko abenduaren 21eko 1251/2021 APA Aginduan edo hura ordezten duen arauan zehaztutako nahitaezko txertaketa eremuetan.

2. artikulua. Gaikuntza lortzeko baldintzak.

1.1. Mihi urdinaren 8. serotipoaren aurkako txertoa emateko gaituak izaten ahalko dira honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak:

a) Lanbide helbidea, albaitaritzako kontsulta edo klinika izatea.

b) Txertatzeko behar den tresneria klinikoa, ibilgailua eta egindako jarduketen kudeaketa informatizatua ahalbidetuko duten tresna eta sistema informatikoak izatea.

c) Gaikuntza aldian indarrean izatea gutxienez urtean 200.000 euroko estaldura izanen duen lanbide erantzukizun zibileko poliza, edo bestela elkargoko poliza kolektiboaren estaldura osoa edukitzea, elkargoko kide izateko kuotak egunean edukitzearen ondorioz.

1.2. Gaikuntza horren babesean mihi urdinaren 8. serotipoaren aurkako txertoa jartzen duten profesional guztiek honako betekizun hauek izanen dituzte:

a) Lege indardunaren arabera lanbidean jardutea ahalbidetzen dien albaitari titulua izatea eta Albaitarien Elkargoko kide izatea.

b) Lanbidean jarduteko desgaitua ez egotea.

c) Nafarroako Gobernuko Abeltzaintza Zerbitzuaren jarraibideak eta gomendioak betetzea.

d) Lanbide Elkargoei buruzko legeria indarduna betetzea.

3. artikulua. Gaikuntza eskuratzeko prozedura.

3.1. 2. artikuluan adierazitako betekizunak betetzen dituen pertsona fisiko edo juridiko orok, ebazpenean ezarritakoarekin bat, mihi urdinaren 8. serotipoaren aurkako txertoa jartzeko zerbitzua eman nahi badu, gaikuntzarako eskabidea eta erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko ditu Nafarroako Albaitarien Elkargo Ofizialean, eranskinean ageri den ereduaren arabera.

3.2. Nafarroako Albaitarien Elkargoak behar diren egiaztapenak eginen ditu egiaztatzeko eskatzailea elkargoko kide dela, desgaitua izateko ziorik ez duela, elkargoko kide izateko kuotak egunean dituela (hala badagokio), eta erantzukizunpeko adierazpena sinatuta dagoela. Egiaztapenak egin ondoren Nafarroako Gobernuko Abeltzaintza Zerbitzura igorriko du eskaera egin duten albaitarien zerrenda. Albaitari horiek mihi urdinaren txertoa jartzeko albaitari gaituen zerrendan sartuko dira, 2023ko urtarrilaren 31ra bitarte, edo beranduagora arte, mihi urdinaren 8. serotipoaren aurkako nahitaezko txertaketa kanpainak indarrean jarraitzen badu, eta hala adierazten bada eskumena duen erakundeak horretarako emandako arau edo ebazpen bidez.

Ondorio horretarako, interesdunek, urtero, irailaren 15a baino lehen, adierazpen bat aurkeztu beharko dute Nafarroako Gobernuaren Abeltzaintza Zerbitzuan, gaikuntzako baldintzei eusten dietela dioena, eta aldaketarik izan bada, horien berri emanen dute; hori guztia, foru agindu honen II. eranskinarekin bat. Adierazpena urtero aurkezten ez bada, gaikuntza automatikoki iraungiko da.

3.3. Eskatzailea pertsona juridikoa bada, eskaera eta erantzukizunpeko adierazpenarekin batera sinatzailearen ordezkaritza frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu, eta erakundearen besteren konturako langile gisa txertoak jarriko dituzten albaitari klinikoen zerrenda.

3.4. Abeltzaintza Zerbitzuak aurkeztutako dokumentazioa aztertuko du eta akatsak baditu edo zalantzak sortzen baditu, eskatzaileari zuzentzeko edo argitzeko eskatuko zaio, edo beharrezkotzat jotzen den dokumentazioa ekartzeko. Hori egiteko hamar egun balioduneko epea eman, eta adieraziko zaio epe horretan egin ezean gaikuntza baliogabetuko zaiola ezarritako betekizunak ez betetzeagatik.

4. artikulua. Pertsona gaituen betebeharrak.

Gaikuntza erdietsi duen pertsona fisiko edo juridiko orok honako betebehar hauek izanen ditu, gaikuntzaren indarraldian zehar:

a) a) Bermatzea betetzen direla gaikuntza lortzeko eskatu ziren baldintza eta betekizunak, zerbitzua ematea ahalbidetzen duten haiexek.

b) Abeltzaintza Zerbitzuari jakinaraztea gaikuntza lortzeko baldintzetan eta profesionalen betekizunetan gertatzen den edozein aldaketa, mihi urdinaren 8. serotipoaren aurkako txertaketa zerbitzuari dagokionez.

c) Gaikuntzaren aldi osoan bermatzea gutxienez ere 200.000 euroko lanbide erantzukizun zibileko indarreko poliza, edo elkargoko kuoten ordainketa egunean izatea.

Zerbitzua abeltzaintzako ustiategiek hautatuta ematen duten pertsona gaituek, aurrekoez gain honako betebehar hauek ere bete izanen dituzte gaikuntzaren indarraldian:

a) Egunean edukitzea momentu bakoitzean indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

b) Betetzea momentu bakoitzean indarra duten xedapenek honako alor hauetan ezarritako betebeharrak: laneko segurtasuna eta osasuna, eta laneko arriskuen prebentzioa.

c) Nafarroako Gobernuko Abeltzaintza Zerbitzuaren jarraibide eta gomendioak betetzea.

d) Datu pertsonalak babesteari buruz indarrean dagoen araudia betetzea eta zerbitzua ematean eskuratzen den informazioaren isilpekotasuna errespetatzea.

e) Erraztea Nafarroako Gobernuko Abeltzaintza Zerbitzuak egiten dituen ikuskatze-jarduketak, zerbitzuaren kalitatea eta segurtasuna bermatze aldera.

f) Aipatutako erakundeari jarraitutasunez eta berehalakoan ematea mihi urdinaren 8. serotipoaren aurkako nahitaezko txertaketa kanpainen garapenaren kontrola egiteko behar den informazioa.

5. artikulua. Abeltzaintzako ustiategiek hautatutako albaitari gaituek zerbitzua ematea.

5.1. Albaitari gaituek mihi urdinaren 8. serotipoaren aurkako txertoa jarriko diete ebazpenaren eranskinean ageri diren nahitaezko txertaketa eremuetan kokatuta dauden abeltzaintzako ustiategietako animaliei.

5.2. Albaitariak bide telematikotik eskatuko dizkio INTIA SAri (Instituto Navarro de Tecnologías Agroalimentarias SA) behar dituen dosiak, eta une horretan bertan adieraziko du abeltzaintzako zein ustiategitan eginen dituen txertaketak eta gutxi gorabehera txertatuko dituen animalien kopurua.

5.3. Eskaera jasotakoan, INTIAk eskabidean ageri diren datuak egiaztatuko ditu, eta behin eskaera onartuta, jarriko dituen albaitariari emanen dizkio txertoak. INTIAk eguneratua izanen du entregatu dituen txerto dosi guztien erregistroa.

5.4. Albaitari gaituek ekoizlearen jarraibideen arabera jarriko dituzte txertoak. Behin jarrita, albaitariak zazpi egun baino gutxiagoko epean helaraziko dio txertaketa partea Abeltzaintza Zerbitzuari, horretarako Albaitaritzako Kudeaketa Telematikoa izeneko tresna erabiliz.

6. artikulua. Txertaketa zerbitzua egiten duten albaitari gaituen ordainsariak.

6.1. Abeltzaintzako Zerbitzuak ordainduko ditu abeltzaintzako ustiategietan mihi urdinaren aukako txertoa jartzeko egindako zerbitzuak, honako tarifa hauen arabera:

FINKOA, USTIATEGI BAKOITZEKO

Behi azienda

29,70 euro

Ardi azienda

19,80 euro

JARRITAKO DOSI BAKOITZEKO

Haragitarako eta esnetarako behi azienda

Lehenengo 200 buruak

0,88 euro

200 burutik 1000 buru bitarte

0,40 euro

1000 burutik gora

0,05 euro

Zezenketarako behi azienda eta betizuak

Lehenengo 200 buruak

1,38 euro

200 burutik 1000 buru bitarte

0,99 euro

1000 burutik gora

0,28 euro

Ardi azienda

Lehenengo 200 buruak

0,6 euro

200 burutik 500 buru bitarte

0,2 euro

500 burutik gora

0,1 euro

Ezarritako kopuruei kasuan-kasuan dagokion BEZa erantsiko zaie.

Ordainketa Nafarroako Gobernuko Abeltzaintza Zerbitzuaren gaikuntza duen pertsona fisiko edo juridikoari eginen zaio, bankuko transferentzia bidez, txertaketa egin beharreko abeltzaintzako ustiategiei buruz aplikazio informatikoan sartutako txertatze datuak alderatu eta egiaztatu ondoren.

Ezarritako epetik 15 egun natural baino gehiagoko atzerapenez jakinarazten diren parteek % 50eko penalizazioa izanen dute ezarritako tarifarekiko. Atzerapenak behin eta berriz errepikatzeak % 100eko penalizazioa ekar dezake, bai eta emandako gaikuntza baliogabetzea ere.

6.2. Gaitutako pertsonek ezin izanen dute jaso abeltzaintzako ustiategiek emandako dirurik programa honetan zehaztutako zerbitzua dela-eta, eta zerbitzu horregatik ez diete inolako fakturarik ordainaraziko beste entitate publiko edo pribatu batzuei.

6.3. INTIAk txertaketen parteak, banatutako dosiak, txertatutako ustiategien erroldak eta gaitutako albaitariek aurkeztutako fakturak alderatuko ditu.

6.4. Eginiko zerbitzuak data hauetan ordainduko dira:

a) 2021eko aurrekontuaren kargura, gaikuntzaren egunetik 2021eko azaroaren 15era bitarte jarritako txertoak, INTIAK egiaztatu eta gero. Aurreikuspena 50.000 eurokoa da.

b) 2022ko lehen hiruhilekoan eta 2022ko aurrekontuaren kargura, 2021eko azaroaren 16tik 2022ko abenduaren 31ra, edo kanpaina luzatuz gero beranduagora bitarte jarritako txertoak, INTIAk egiaztatu eta gero. Aurreikuspena 218.255 eurokoa da.

c) 2022ko aurrekontuaren kargura, 2022ko irailaren 15etik azaroaren 15era jarritako txertoak, INTIAk egiaztatu eta gero. Aurreikuspena 90.000 eurokoa da.

d) 2023ko lehen hiruhilekoan eta 2023koaurrekontuaren kargura, 2022ko azaroaren 16tik 2023ko urtarrilaren 31ra, edo kanpaina luzatuz gero beranduagora bitarte jarritako txertoak, INTIAK egiaztatu eta gero. Aurreikuspena 178.255 eurokoa da.

7. artikulua. Gaikuntza iraungitzeko zioak.

Honako arrazoi hauengatik iraungiko da gaikuntza:

a) Gaitutako pertsonak berariaz uko egitea zerbitzu hau ematen jarraitzeari.

b) Errebokazioa, eta beste edozein arrazoi, funtzionamenduaren gaineko osasun-baimena iraungitzearekin lotua dagoena.

c) Ez betetzea ez gaikuntzarako behar diren baldintzak, ez gaikuntzatik eratorritako betebeharrak edo ebazpen honetan ezarritako betebeharrak. Bereziki, gaikuntzarako baldintzei eusten zaiela dioen adierazpena ez aurkeztea edo izandako aldaketen berri ez ematea, eta txertaketa parteak atzerapenez jakinaraztea behin eta berriz.

d) Ez betetzea Nafarroako Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea eta hura garatzen duen araudia, aplikatzekoa den orotan.

Deskargatu eskaera orria (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2114913