241. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MUNETA

Ordenantza, hilerriaren erabilera arautzen duena.
Behin betiko onespena

Munetako Kontzejuak, 2021eko martxoaren 13an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2021eko 71. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 30ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Aditzera ematen da, orok jakin dezan eta ondorioak izan ditzan.

Munetan, 2021eko irailaren 10ean.–Kontzejuko burua, Francisco Javier López de Dicastillo Echeverria.

ORDENANTZA, MUNETAKO KONTZEJUAREN HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ETA HARTAN ZERBITZU EGITEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUENA

I. KAPITULUA

Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak

1. artikulua. Bat etorriz Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4., 25. eta 26. artikuluekin, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4. eta 39. artikuluekin, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 12. eta 100. artikuluekin, Munetako Kontzejuari dagozkio kontzejuko hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zaintza, batere galarazi gabe beste administrazio batzuek alor berean dauzkaten legezko eskumenak.

2. artikulua. Administrazioa. Ahalmen hauek zuzendaritzari eta zaintzari lotuta daude:

–Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.

–Gorpuak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

–Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

–Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Kontzejuaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua.

Hilobien erabileraren gaineko ehorzketa eskubidearen kontzesioa, eskualdaketa eta azkentzea Kontzejuaren erabaki bidez onetsiko dira.

4. artikulua. Hilerria okupatuko da lehendik zeuden hilobiak altxatuz, antzinatasun ordenaren arabera, salbu eta familiak ehorzketa berria egin nahi badu lehendik dagoen familiaren hilobi batean, legezko epeak beterik, betiere.

5. artikulua. Hilerrian, lur ematen ahalko zaio ehorzteko ekartzen den gorpu orori, baldintza hauetako bat betez gero:

a) Heriotza egunean Munetan erroldatutako herritarren gorpuak.

b) Herrian gutxienez ere 4 urte (frogaturik) bizi izan direnen gorpuak.

c) Goiko baldintzak ez bete arren, aurreko ahaideak edo ondorengoak Munetako hilerrian lurperatuta dauzkatenen gorpuak.

d) Aurreko a) eta b) bi baldintzetako bat betetzen dutenen ezkontideen gorpuak.

Halaber, legezko izapideak bete beharko dira eta, ehorzketa eskubideak lortzeko, ordenantza honetan ezarritako kostuak eta/edo tasak ordaindu beharko dira zerbitzuagatik.

Munetako Kontzejua arduratuko da hilobia, nitxoa edo kolunbarioa ehorzketarako prestatuta edukitzeaz.

6. artikulua. Hilerriko lurra lurperatzeko eta hilobietako elementuak paratzeko erabiliko da, ez bestetarako, honako honen arabera:

a) Lurreko hilobiak:

–Hilarriak eta gurutzeak paratzean, honako neurriak beteko dira:

  • Diseinu mota: librea.
  • Gehieneko garaiera: 65 cm.
  • Gehieneko zabalera: 55 cm.

–Lauki edo hobiak lurrez edo belarrez estalirik egonen dira; debeku da lauzadurak nahiz edozein motatako fabrika-obrak egitea.

–Erdiko ilaran, hilobietako hilarriek mugigarriak izan beharko dute, makinen lana errazteko.

b) Kolunbarioak:

1. Kolunbarioa da hilotz erraustuen errautsak dauzkaten errauts-kutxatilak paratzeko tokia, eta errauts-kutxatiletan edo -kutxetan paratu beharko dira. Errautsak kolunbarioan paratu beharko dira nahitaez, inoiz ez lurrean.

2. Kolunbarioaren hasierako erabilera eskatu ahal izateko, nahitaezkoa izanen da eskatzailea Munetan jaioa izatea edo bertan erroldatuta egotea.

3. Kolunbarioaren hasierako erabilerarako eskubidea izanen dute, halaber, kolunbarioei buruzko apartatu honen 2. puntuko bi inguruabarretako edozein betetzen dutenen ezkontideek eta lehen eta bigarren mailako ahaideek.

4. Kolunbario bakoitzean gehienez 4 pertsonaren errautsak uzten ahalko dira. Horien okupazio ordena honela izanen da: ilaraka, ezkerretik eskuinera, goiko ezkerreko aldetik hasita.

5. Kolunbarioak familiarrak izanen dira, eta lehenengo errauts-kutxatila paratu duen familiari dagokio hurrengo errauts-kutxatilak paratzeko baimena ematea.

6. Kolunbarioak erabiltzeko ordena heriotza berriaren arabera ezarriko da, ordenantza hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik aurrera.

7. Familia bat kolunbarioa okupatzen ari bada eta hilobi batean edo beste leku batean errautsak baditu, eta familiaren kolunbarioan sartu nahi baditu, erabilera berritzat joko da, eta dagozkion tasak ordaindu beharko ditu.

Betiere, begirunea eta apaindura gordeko dira hilerri barnean, beste lurzatiak/hilobiak inbaditu gabe eta kasu eginez Kontzejuko buruak mantentzeari buruz eman jarraibideei.

7. artikulua. Hobien kokalekua, lur-erauzketen gastuak eta hobiak ireki nahiz ixteko kostuak Kontzejuaren kargura izanen dira.

8. artikulua. Kontzejuak ez du bere gain inolako erantzukizunik hartuko hilerriaren esparruan gertatzen diren lapurretengatik edo kalteengatik, halakorik gertatuz gero.

9. artikulua. Titularren eginbeharra da hilobiak segurtasun, higiene eta apaindura egoera egokian mantentzea.

Kontserbazio egoera egokia ez denean, Kontzejuak interesdunei eskatuko die 30 egun naturaleko epean beharrezko lanak egin ditzatela. Epe hori iraganik, Kontzejuak berak eginen ditu lan horiek, eta sortzen den kargua titularrei ordainaraziko die.

10. artikulua. Hilerriko lur guztiak erabili ahal izateko, aurretik ordaindu beharko dira ordenantza honek arautzen dituen zerbitzuen tasak.

–Lurreko hilobiak erabiltzeko kontzesioek hamar urteko iraupena izanen dute, eta bi aldiz luzatzen ahalko dira: hasieran 5 urteko aldirako eta gero beste 5 urteko aldirako.

–Nitxoak eta errauts kolunbarioak erabiltzeko kontzesioek hamabost urteko iraupena izanen dute, eta behin luzatzen ahalko dira, hamar urterako.

Ez da inoiz ere emanen epemugarik gabeko kontzesiorik.

11. artikulua. Aipaturiko luzapenak ematen direnean indarra duten tarifei lotuko zaizkie, eta horretan ez da salbuespenik onartuko. Kontzesioa zer egunetan bukatzen den, luzapena 2 hilabete aurretik eskatu behar da gehienez ere, eta gutxienez ere 15 egun lehenago.

12. artikulua. Kontzesioak eta aprobetxamendua honako arrazoi hauengatik ere iraungi daitezke:

–Hilerria desagertzeagatik.

–Interes publikoagatik.

–Hilobi edo kolunbarioen beharragatik, ehorzketa berriak egiteko.

II. KAPITULUA

Ehorzketak, desehorzketak, lekualdaketak eta autopsiak

13. artikulua. Gorpuak edo hondakinak ehortzi, desehortzi eta lekualdatzeko, Hileta Osasunari buruzko Erregelamenduaren arauei eta kapitulu honetan xedatutakoari jarraikiko zaie.

Gorpu-hondakinak dauzkaten hilobietan ehorzteko, aldez aurretik hondakin horiek bildu egin beharko dira, abisua eman eta gero eskubidearen titularrari edo berak eskuordetzea emaniko pertsonari, eta berriz ehorzten ahalko dira beste gorpu bat uzten den unean.

Osasun baimena beharrezkoa izanen da gorpuak edo gorpu-hondakinak desehortzi edo ehorzteko, hilerri honen barnean edo beste hilerri batera lekualdatu nahi direnean, Hileta Osasunari buruzko Erregelamenduan ezarritako kasuetan (urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretua).

Nolanahi ere, osasunari buruz indarrean dauden xedapenetan ezarritakoari jarraikiz eginen dira jarduketa horiek guztiak, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuta.

14. artikulua. Desehorzketak egin daitezke hilerriaren barnean lekualdatzeko nahiz beste hilerri batera eramateko; batean zein bestean, eskabidea aurkeztu beharko du hilobiaren gaineko eskubidearen titularrak.

Desehorzketa egiten denean hilerriaren barreneko beste hilobi batera eramateko, zein hilobitan berrehortzi nahi den, haren gaineko eskubidea duen titularraren baimena beharko da.

15. artikulua. Ehorzketa berriak egiteko desehorzketak.

Hilerriko zein aldetan dauden hilobi zaharrenak, handik hasiko da, eta ezarritako errotazioari jarraikiko zaio; hurrenkera hori ezin izanen da aldatu, jada badiren panteoien kasuan izan ezik, panteoiaren jabe den familiak argi adierazten badu bertan ehortzi nahi dituela hildako senitartekoak.

Epea iraungitzeagatik desehorzterakoan, ez da inolako abisurik eman beharko, nahiz eta senitartekoei garaiz jakinarazten saiatuko den. Panteoien kasuan, epea iraungitzen bada edo ezarritako errotazio txanda aplikatzen bada, jabe den familiak lehen aipaturiko adierazpen argia egin beharko du.

16. artikulua. Beste hilerri batetik berrehorzten denean, ezin izanen da lur berririk okupatu; hildako senitarteko baten beste hilobi batean berrehortzi beharko da.

17. artikulua. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik izan ez badu, baltsamatu gabeko gorpuak baldintza hauetan ateratzen ahalko dira:

–Lurpean ehortzitako gorpuak atera daitezke lurperatu zirenetik gutxienez ere hamar urte iraganik, arrunt hezurturik baldin badaude.

–Hilobi mota guztietan, zinkezko hilkutxan ehortzi bada, noiznahi desehortzi eta lekualdatzen ahalko da, hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da gorpurik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da desehorzketarik eginen, epaileak agindu ezean.

18. artikulua. Gorpu baltsamatuak desehortzi eta lekualdatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria paratu beharko da, baldin ongi kontserbaturik ez badago.

III. KAPITULUA

Hilerriko hilobien erregistroa

19. artikulua. Hilerrian egiten diren hilobi eta zerbitzuen erregistroa sortzen da, eta honako hauek jasoko ditu:

–Hilobiak.

–Ehorzketak.

–Desehorzketak eta lekualdaketak.

–Errausketak.

–Erreklamazioak.

Kontzejuko Idazkaritza arduratuko da erregistroaz. Beharrezko neurriak hartuko ditu datuen segurtasuna bermatzeko, eta horiek aldatzea, galtzea edo inor baimenik gabe haietara iristea eragozteko.

Inskripzioetan akats materialik bada, ofizioz zuzenduko da, akatsa argi eta garbi adierazi eta zuzentzeko idatzizko ohar berria eginez.

IV. KAPITULUA

Tasak hilerrian zerbitzuak emateagatik

20. artikulua. Zerga-egitatea sortzen da zerbitzu hauek gauzatzean:

a) Ehorzketak.

b) Hilobiei lotutako beste lan batzuk.

21. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, izan pertsona fisikoak, izan pertsona juridikoak edo izan, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare bereizia eratzen duten entitateak.

22. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean ageri da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

23. artikulua. Lizentziak ematen ahalko dira hobi berean bi gorpu edo gorpu-hondakin edo gehiago batera lurperatzeko, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain zedarriturik badaude; alabaina, gorpu bakarra lurperatzetik gorako lanak partikularraren kontura izanen dira.

24. artikulua. Hilerri honetako beste hilobi batzuetatik ateratako hondakinak berrehorzterakoan, desehorzketari eta berrehorzketari dagozkien tasak ordaindu beharko dira. Hondakinak beste hilerriren batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

25. artikulua. 20. artikuluaren a) eta b) zenbakietan aipatzen diren zerbitzuei dagozkien tasak ordaindu beharko dira zerbitzuak egin baino lehen, premia larriko kasuetan edo Kontzejuko bulegoek jaieguna dutenetan izan ezik. Horrelakoetan, langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die Kontzejuko bulegoei, behar den tarifa ordainaraz dezaten.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatuari jarraikiz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartzen duenetik, indargabetu eginen dira, baliorik eta ondoriorik batere gabe utzirik, kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen edo ordenantza guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du, eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

ERANSKINA

Lurreko ehorzketak eta kolunbarioak

1.–Lurreko ehorzketak:

a) Munetan erroldatuak, lau urtetik gorako antzinatasunez: salbuetsirik.

b) Munetan erroldatu gabeak: zerbitzuaren kostua halako hiru.

2.–Kolunbarioak

a) Munetan erroldatuak, lau urtetik gorako antzinatasunez: salbuetsirik.

b) Munetan erroldatuak, lau urtetik beherako antzinatasunez, erroldatu gabeak edo Munetan bizi ez direnak: zerbitzuaren kostua halako hiru. Lehen errauts-kutxatilarako.

c) Bigarren, hirugarren eta laugarren errauts-kutxatilarako:

–Munetan erroldatuak, lau urtetik gorako antzinatasunez: salbuetsirik.

–Munetan erroldatuak, lau urtetik beherako antzinatasunez, erroldatu gabeak edo Munetan bizi ez direnak: zerbitzuaren kostua halako hiru.

Iragarkiaren kodea: L2113593