233. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

182C/2021 EBAZPENA, irailaren 20koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez agintzen baita Iruñeko Lan arloko 1. Epaitegiak 2021eko ekainaren 7an emandako 204/2021 epaia, 0000040/2020 zenbakiko prozeduraren gainekoa, inskribatzeko eta haren epaitza Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

Iruñeko Lan arloko 1. Epaitegiak, 2021eko ekainaren 7an, 204/2021 epaia eman zuen 0000040/2020 zenbakiko prozeduraren gainean, zeina bete baita Langile Komisioak sindikatuko Herritarrentzako Zerbitzuen Federazioak Igoa y Patxi SLren, José Ángel Lozano Rodríguezen, Domingo Serrano Lizanaren eta Aldemar Obando Piedrahitaren kontra, Fiskaltzaren esku-hartzearekin, Igoa y Patxi SL enpresaren lan hitzarmen kolektiboa (31100492012013 kodea, 2019ko 102. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 28koan, argitaratua) aurkaratzeaz jarritako demandaren karietara. Epaitza ikusita, eta bat etorriz Lan arloko Jurisdikzioa arautzen duen urriaren 10eko 36/2011 Legearen 166.3 artikuluan xedatutakoarekin, ezen ezartzen baitu epaiak baliogabetzen badu, osorik edo partez, aurkaratutako hitzarmen kolektiboa, eta hitzarmena argitaratu bada, epaia ere argitaratu beharko dela hitzarmena argitaratu zen aldizkari ofizialean, Hitzarmen kolektiboen, lan akordio kolektiboen eta berdintasun planen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuaren 2.3.b) artikuluan xedatutakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Agintzea Iruñeko Lan arloko 1. Epaitegiak 2021eko ekainaren 7an emandako 204/2021 epaia, Igoa y Patxi SL enpresaren hitzarmen kolektiboaren inguruko 0000040/2020 prozeduraren gainean emandakoa, Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan-Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzeko.

2. Xedatzea epai horren epaitza Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, orok jakin dezan.

Iruñean, 2021eko irailaren 20an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

EPAITZA

Zati batean baietsi ondoren lan hitzarmen kolektiboa aurkaratzearen gaineko demanda, Langile Komisioak sindikatuko Herritarrentzako Zerbitzuen Federazioak Igoa y Patxi SLren, José Ángel Lozano Rodríguezen, Domingo Serrano Lizanaren eta Aldemar Obando Piedrahitaren kontra jarritakoa, Fiskaltzaren esku-hartzearekin, deklaratu behar dut eta deklaratzen dut, horrenbestez, baliogabeak direla Igoa y Patxi SL enpresaren 2018etik 2022ra bitarteko lan hitzarmen kolektiboaren (2019ko maiatzaren 28ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala) arau batzuk, ondotik aipatzen direnak, alderdiak kondenatu behar ditut eta kondenatzen ditut deklarazio hori onartu eta betetzera, eta demandatuak absolbitu behar ditut eta absolbitzen ditut demandaren idatzian jasotako gainerako uzietatik:

–2. artikuluko bigarren paragrafoa (hitzarmen kolektibo hau aplikagarri zaien langile guztiek indarrean izan beharko dituzte beren lana egiteko beharrezkoak diren agiri eta/edo baimen guztiak. Beharrezko agirietako edozeinek indarra galtzen badu, hori aski izanen da kontratua eteteko, hiru hilabetez gehienez, eta gehieneko etenaldi hori bukaturik langileak oraindik ere ez badu eskuratu agiri hori, lan kontratua azkenduko zaio).

–7. artikuluko bigarren paragrafoan zama-lanei buruz egiten den aipua, gidariak lan horietan modu aktiboan parte hartu behar ez duenean.

–Baldintza ekonomikoei buruzko 9. artikuluko zati hau, lanaldia handitzeagatik jasotzen den pizgarria, kilometrajearen prima:

Artikulu honetan ezarritako konpentsazio ekonomikoa egiten den neurrian, ezin da lanaldiaren luzapen hori aparteko ordutzat hartu, eta, ondorioz, ez da bidezkoa izanen aparteko orduen kontzeptu horrengatik inolako erreklamaziorik egitea. Hitzarmen hau sinatzen duten alderdiek konpromisoa hartzen dute, aparteko orduen erreklamaziorik balego enpresaren aurka, eta alderdietako edozeinek eskatuta, hitzarmenaren batzorde paritarioa deitzeko, dagokion irizpena egin dezan hitzarmen honetan adostutakoa berresteko, hots, ordu horiek aparteko orduak ez direla irizteko.

–16. artikulua.

–17.2.14, 17.2.16, 17.2.17, 16.3.7 eta 16.3.15 artikuluak.

Iragarkiaren kodea: F2114033