23. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

283E/2020 EBAZPENA, abenduaren 23koa, Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, deialdi hau onesten duena: “Enpresa, ikerketa zentro eta zentro teknologikoek doktoregaiak kontratatzeko laguntzak: 2021eko Industriako doktoregoak”. DDBN identifikazioa: 541628.

“2021eko Industriako doktoregoak” deialdiaren bidez dirulaguntzak emanen dira doktoregaiak kontrata ditzaten enpresa, ikerketa zentro eta zentro teknologikoek, entitate kontratatzailearen intereseko gaietan ikerketa proiektu bat egiteko.

Honela, urte anitzeko finantzaketa eskema ezarri nahi da talentuaren harrobi egokia osatzeko, Nafarroako berrikuntza sistemaren eragile estrategiko horietan dauden premiak kontuan harturik.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi hau onestea: “Enpresa, ikerketa zentro eta zentro teknologikoek doktoregaiak kontratatzeko laguntzak: 2021eko Industriako doktoregoak”.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzea, betiere horretarako kreditu egokia eta nahikoa izatearen baldintzapean.

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

G20001-G2100-4701-467300: Ikertzaileak eta teknologiaren arloko langileak kontratatzeko laguntzak; industriako doktoregoak; ikertzaileen mugikortasuna

2022

500.000,00

G20001-G2100-4701-467300: Ikertzaileak eta teknologiaren arloko langileak kontratatzeko laguntzak; industriako doktoregoak; ikertzaileen mugikortasuna

2023

500.000,00

G20001-G2100-4701-467300: Ikertzaileak eta teknologiaren arloko langileak kontratatzeko laguntzak; industriako doktoregoak; ikertzaileen mugikortasuna

2024

500.000,00

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2020ko abenduaren 23an.–Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

ERANSKINA

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea.

Laguntza hauen xedea da enpresa, ikerketa zentro eta zentro teknologikoen ikerketa ildoak sendotzea prestakuntzaldian doktorego bat ikasten ari diren ikertzaileak kontratatuz, eta, orobat, ikertzaile horien laneratzea erraztea.

Horretarako, doktoregai baten kontratazioa lagunduko da diruz, ikerketa proiektu bat egiteko bere doktorego tesiaren esparruan, unibertsitate batekin lankidetzan, entitate kontratatzailearen intereseko gaietan.

Diruz lagunduko dira, orobat, gastu hauek: doktorego irakaskuntzetan matrikulatzeko gastuak, prestakuntza osatzeko beste ikerketa-entitate batzuetara joateko mugikortasun gastuak eta ikerketa proiektuaren zabalkunderako gastuak.

2. oinarria. Entitate onuradunak.

1. Onuradun izan daitezke enpresa pribatuak eta publikoak eta Nafarroako I+G+b Sistemako exekuzioko eragile egiaztatuak (SINAI), unibertsitateak izan ezik, doktoregai bat kontratatzen badute eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Nafarroan lantokia edukitzea eta lantoki horretan egitea diruz lagundutako jarduera.

b) Behar den kasuetan, Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala behar denean, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluarekin bat (foru agindu horren bidez, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zen).

c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskabidean ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan entitate eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

2. Ezin izanen dira onuradun izan Europako Batzordearen aitzinetiko erabaki baten ondorioz berreskuratze-agindu baten mende dauden entitateak, erabaki horrek laguntza bat jotzeagatik ilegaltzat eta merkatu erkidearekin bateraezintzat, ez eta, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. apartatuan definitzen den gisan, krisian dagoen enpresatzat sailkaturik daudenak ere.

Halaber, deialditik kanpo geldituko dira aipaturiko (EB) erregelamenduaren 1. artikuluan ezarritako sektore eta baldintzetan diharduten entitateak.

3. Laguntzen eskabide telematikoan dagoen erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko da baldintza guztiak betetzen direla egiaztatzeko, eta eutsi egin beharko zaio proiektua justifikatzeko aldiaren bukaerako egunera arte.

3. oinarria. Kontzeptu diruz lagungarriak.

3.1. Kontratazioa.

Laguntzaren xede izanen da entitate onuradunetako batek doktoregai bat kontratatzea “industria ikerketako” edo “oinarrizko ikerketako” proiektu bat egin dezan, ikerketa horiek Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 84) eta 85) apartatuetan definitzen diren gisan.

a) Kontratatzen den pertsonak, kontratazioaren unean, honako baldintza hauek bete beharko ditu:

I. Ezin izanen du partizipaziorik izan entitate kontratatzailearen kapitalean, ez eta entitate horrekin akzio edo sozietate bidezko harremana duten entitateen kapitalean ere, baldin horren ondorioz entitatearen benetako kontrola –zuzena edo zeharkakoa– izateko ahalmena badu.

II. Doktorego programa ofizial batean sartzeko baldintzak betetzea laguntza-eskabidea aurkezten den unean, Doktorego irakaskuntza ofizialak arautzen dituen urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuaren 6. artikuluak zehaztutakoaren arabera.

III. Espainiako edo atzerriko unibertsitate batek emandako doktore titulurik ez izatea.

IV. Eskabidea aurkeztu baino lehen, eta 12 hilabetetik gorako iraupenarekin, kontratu bidezko doktoratu aitzineko laguntzarik jaso ez izana.

V. Kontrataziorako dirulaguntzarik ez da emanen baldin eta kontratatzen den pertsona honako hauen ezkontidea, ondorengoa edo bigarren mailara arteko ezkontza- edo odol-ahaidea bada (ahaidetasun maila hori barne): entitate onuradunaren enpresaburua edo entitatearen kontrola bere gain daukaten pertsonak, entitatearen zuzendaritzako karguak betetzen dituztenak edo entitatearen administrazio organoetako kide direnak.

Ondorio horietarako, dirulaguntza eskatzen duten entitateek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko dute baldintza horiek betetzen dituztela adierazteko.

b) Kontratuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

I. Kontratu horiek sinatzea 2. oinarrian onuraduntzat ezarririko entitateek eta aitzineko puntuko baldintzak betetzen dituzten pertsonek.

II. Idatziz formalizatuko da, honako hau berariaz adierazirik:

i. Kontratatutako pertsonaren titulazioa.

ii. Hasierako eguna eta bukaerako eguna (salbu eta kontratua mugagabea bada). Ez dira onartuko “proiektuen datak”, “obraren bukaera” eta horrelako aipamenak.

iii. Beteko den lanpostua.

iv. Zenbatekoa eurotan izanen da, eta urteko soldata gordina adieraziko dute; ez dira onartuko “hitzarmenaren arabera” eta horrelako aipamenak.

v. Deialdi honen bidezko dirulaguntzaren aipamena.

III. Kontratua lanaldi osokoa izatea, eta gutxienez 36 hilabetekoa.

IV. Gizarte Segurantzako kotizazio taldea 1.a izanen da.

V. Kontratatuak Nafarroan kokaturiko lantokietan emanen ditu zerbitzuak.

VI. Ezin izanen dira kontratatu norberaren konturako langileak.

VII. Gizarte Segurantzaren kotizazioaren kontu-kodeari dagokionez, entitatearen Nafarroako lantoki batean sartua egonen da kontratatzen den pertsona.

VIII. Ordainsariak kasuan kasuko lan hitzarmenean ezarritakoan oinarrituko dira, eta urteko soldata gordina 25.000 eurokoa izanen da gutxienez.

IX. Langileen Estatutuan eta hura garatzeko araudian xedatutakoa beteko dute.

c) Entitateak doktoregaia kontratatua badu laguntza eskatu aitzinetik, kontratuak b) puntuko baldintzak bete beharko ditu. Bestela, kontratu hori aldatu egin beharko da.

d) Kontzeptu honengatik emanen den laguntza, 5. oinarriari jarraikiz, kontratuak guztira duen kostuaren ehuneko bat izanen da (urteko soldata gordina gehi Gizarte Segurantzako enpresa-kuota).

3.2. Doktorego irakaskuntzetan matrikulatzeko gastuak.

Gehienez hiru urtetako matrikula-gastuetarako dirulaguntza emanen da.

3.3. Mugikortasun gastuak.

Entitate kontratatzailean eta doktoregaiak matrikula egina duen unibertsitatean ez, beste ikerketa entitate batzuetan egindako egonaldien gastuak finantzatuko ditu laguntzak. Mugikortasun gastuetan kontzeptu hauek sartzen dira: ostatua, mantenua, atzerriko laguntza asegurua, bisa eta garraioa.

a) Ostatua eta mantenua: kontzeptu honengatik ematen den dirulaguntza zenbateko baten gisan ezartzen da, egonaldiko egun bakoitzeko, helmugako herrialdearen arabera.

Espainiako egonaldietarako, 40 euro/egun izanen da aplikaturiko kostua.

Hurrengo zerrendako herrialdeetako egonaldietarako, adierazitako kostua aplikatuko da.

HERRIALDEA

KOSTUA

(euro/egun)

Saudi Arabia, Aljeria, Argentina, Australia, Austria, Bosnia-Herzegovina, Kanada, Kamerun, Txile, Txina, Korea, Kroazia, Egipto, Arabiar Emirerri Batuak, Eslovakia, Etiopia, Gabon, Guatemala, Ekuatore Ginea, Hungaria, India, Indonesia, Iran, Irlanda, Israel, Jamaika, Jordania, Kenya, Kuwait, Libano, Libia, Malaysia, Maroko, Mexiko, Montenegro, Nikaragua, Nigeria, Pakistan, Peru, Polonia, Portugal, Txekiako Errepublika, Errumania, Serbia, Singapur, Siria, Taiwan, Kongo.

50

Alemania, Angola, Belgika, Brasil, Kolonbia, Danimarka, Estatu Batuak, Finlandia, Frantzia, Italia, Japonia, Luxenburgo, Norvegia, Herbehereak, Erresuma Batua, Errusia, Suedia, Suitza, Yemen.

60

Aitzineko zerrendan ez dauden herrialdeetako egonaldietarako, aplikatutako kostua 40 euro/egun izanen da.

b) Garraioa:

Kontzeptu honi dagokion gastuagatik dirulaguntza hau emanen da:

I. 300 euro bitarte joan-etorrietarako, egonaldiaren helmuga Espainian dagoenean.

II. 1.000 euro bitarte joan-etorrietarako, egonaldiaren helmuga Espainiatik kanpo dagoenean.

III. Dirulaguntza emanen da egonaldia eginen den tokirainoko joan-etorriak ibilgailu partikularrez egiteagatik, 0,32 euro/km, aurreko bi puntuetan adierazitako gehieneko zenbatekoetaraino.

3.4. Zabalkunde gastuak.

Zabalkunde gastu hauek onartuko dira dirulaguntza emateko:

a) Industriako doktoregoa egiten ari den pertsonak izena ematea jardunaldi tekniko, biltzar edo kongresuetan, haietan ikerketa proiektua aurkezteko xedez. Egonaldi gastuak eta bidaiarenak edo beste batzuk, pertsona hori halako jardunaldi, biltzar edo kongresuetara joatearekin lotuta daudenak. Kasu horietan, aurreko puntuan mugikortasun gastuetarako zehaztutako mugak aplikatuko dira.

b) Aldizkari espezializatuetan argitaratzeko kostua. Dirulaguntzaren xede den Industriako doktoregoa egiten duen pertsonak sinatu behar du argitaratzeko aurkezten den lana.

Gastuek zerikusia izan beharko dute diruz laguntzen den proiektuaren zabalkundearekin, deialdi honen 10.2.e) oinarriko I., II., eta III. puntuei dagokienez.

Gastu diruz lagungarrietako edozeinen gainean (kontratazioa, matrikula, mugikortasuna edo zabalkundea), dirulaguntza emateko ebazpenean jasotzen den laguntza-intentsitatea aplikatuko da.

4. oinarria. Laguntzaren iraupena.

Laguntzek kontratuko 36 hilabete hartuko dituzte gehienez ere, 12 hilabeteko hiru alditan zatiturik (hemendik aitzina, 1., 2. eta 3. urteko epealdiak).

Urteko epealdiak kontatzeko, kontratuaren hasierako eguna hartuko da lehen urteko epealdiaren hasiera eguntzat. Aitzinetik hasiak diren eta 3.1.b) oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituzten kontratuen kasuan, doktoregaiaren matrikula egiten den hilaren 1a hartuko da hasiera eguntzat. Hasiera eguna ez da izanen laguntza-eskaeraren aitzinekoa eta 2021eko irailaren 30a baino geroagokoa.

5. oinarria. Laguntzen intentsitatea eta gehieneko zenbatekoa.

1. Diruz lagungarritzat jotako gastuen gainean aplikatuko den laguntzen intentsitatea hau izanen da:

Entitate onuradunak

Industria ikerketako (II) edo oinarrizko ikerketako (OI) proiektua (%)

IIko edo OIko proiektua eta emakume doktoregaia kontratatzea

(%) (c)

IIko edo OIko proiektua zabalkunde handiarekin

(%) (d)

IIko edo OIko proiektua zabalkunde handiarekin eta emakume doktoregaia kontratatzea

(%) (e)

Enpresa handiak (a)

45

50

55

60

Enpresa ertainak (b)

55

60

65

70

Gainerako entitateak

65

70

75

80

(a) Enpresa handiak: 651/2014 EB Erregelamenduaren 1. eranskinean enpresa txiki eta ertainerako emandako definizioarekin bat heldu ez direnak.

(b) Enpresa ertainak: 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 1. eranskinaren arabera.

(c) Ikerketa zientifiko-teknikoaren esparruan dagoen genero-arrakala gutxitzen laguntze aldera, emakumezko bat kontratatzen denean %5eko laguntza gehigarria emanen da, taulan adierazten den gehienekora iritsi arte.

(d) Zabalkunde handia eman beharreko emaitzak dituzten proiektuak, biltzarren, argitalpenen, irispide libreko baseen edo doako edo kode irekiko programa informatikoen bidez.

(e) Zabalkunde handia eman beharreko emaitzak dituzten proiektuak, biltzarren, argitalpenen, irispide libreko baseen edo doako edo kode irekiko programa informatikoen bidez, eta emakumezko doktoregai baten kontratazioa.

Ez dira inoiz gaindituko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako laguntzen gehieneko zenbatekoak.

2. Eskaera eta entitate onuradun bakoitzeko, gehieneko laguntza 90.000 eurokoa izanen da, alegia, 30.000 eurokoa urteko epealdi bakoitzeko.

6. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2021eko apirilaren 30ean bukatuko, 23:59an.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen www.nafarroa.eus atarian, tramiteen katalogoan behar den webgunearen bidez (hemendik aitzina, laguntzen webgunea).

Eskabidean adierazi beharko da jakinarazpenak bide telematikoak erabiliz jaso nahi direla, eta, horretarako, nahitaezkoa da gaitutako helbide elektronikoa izatea (hemendik aitzina, GEH), bai eta Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan izena emanda egotea ere.

Nolanahi ere, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar departamentu honi baimena ematea jakinarazpenak eta entitate eskatzaileekin egiten diren komunikazio guztiak bitarteko telematiko hutsak erabiliz egiteko.

3. Ondotik zehazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da; laguntzen webgunean eskura dauden ereduetara egokiturik eta fitxategi bereizietan, behar bezala identifikaturik, zein bere izenarekin:

a) Eskabide telematikoa, 2. eta 3.1 a) oinarrietan aipatzen diren alderdiak biltzen dituen erantzukizunpeko adierazpen batekin.

b) Ikerketa proiektuaren memoria zientifiko-teknikoa, 7. oinarriko balorazio irizpideak aplikatzeko.

Justifikatu beharko da doktorego tesiaren ikerketa jarduerak badirela entitate onuradunak garatzen duen ikerketa ildo batekoak edo I+ G proiektu batekoak. Baldin proposatutako jarduerak berriak badira edo ikerketa edo ikerketa-ildo bat hobetu, handitu edo gauzatzekoak, entitateak bere I+G jarduera arrunten barnean eginen ez lituzkeenak.

Memorian hau ere sartuko da:

–Aurrekontuaren atal bat, zehazten dituena aurreikusten diren gastu diruz lagungarriak: kontratazioa, matrikula, mugikortasuna eta zabalkundea.

–Intentsitate osagarriari heldu nahi izanez gero emaitzen zabalkunde handiarengatik, berariazko atal bat, zabalkunde plan zehatza dakarrena, balorazio tekniko-ekonomikorako.

c) Doktoregoa egiteko kontratatuko den pertsona doktoregoa egiteko gisan dagoela frogatzen duen agiria. Hori egiaztatzeko, agiri hauetako bat aurkez daiteke:

I. Doktorego programa bateko onarpena.

II. Doktorego programa batean onartua izateko eskabidea.

III. 2020-2021 ikasturte akademikoko matrikula, doktoregoa eskuratzeko bide ematen duen master batean. Matrikulaturik egon behar da masterra uneko ikasturtean bukatzeko behar diren kreditu guztietan, master bukaerako lanarenak barne, doktoregoa eskuratzeko bide ematen duen master batean.

d) Doktoregaiaren curriculum vitaea (CV). CV formatu normalizatua erabili beharko da, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

e) Eskatzailea enpresa txiki edo ertain bat bada, enpresaren tamaina egiaztatu ahal izateko formularioa, eta, horrez gainera, azken 3 ekitaldietako kontuak, itxiak eta merkataritza-erregistroan inskribatuak, bai eskatzailearenak, bai hari elkartutako eta lotutako enpresenak. Hala egin ezean, enpresa handientzako gehienekoak, 5 oinarrian ageri direnak, aplikatuko dira.

4. Eskabide bakoitzak kontratazio bakar bati eginen dio erreferentzia. Entitate bakoitzeko, gehienez ere kontratazio bakarra lagunduko da diruz. Nolanahi ere, eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarririk badago, diruz laguntzeko kontratu kopurua handitzen ahalko da. Horrelako eskaerak aintzat hartzeko, entitate bakoitzaren eskaeren artean bigarren balorazio handiena lorturikoak hartuko dira aintzat. Oraindik kreditu erabilgarririk egonez gero, entitate bakoitzaren eskaeren artean hirugarren balorazio handiena lorturikoak hartuko dira aintzat, eta horrela hurrenez hurren, harik eta kreditu erabilgarria agortu arte, edo baldintzak betetzen dituen eskaera gehiago ez gelditu arte.

5. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, I+G+b Zerbitzuak entitate interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

6. Ez da zuzentzeko aukerarik izanen “Ikerketa proiektuko memoria zientifiko-teknikoa” aurkezten ez bada.

7. oinarria. Eskaerak baloratzeko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatu eginen dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, oinarri honen 2. apartatuan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskabideei 5. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea eta gehieneko zenbatekoak aplikatuko zaizkie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, Energiaren arloko I+G+b Atalak, baloratuko ditu aurkezten diren eskaerak, irizpide hauen arabera:

BALORAZIO IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

GUTXIENEKO PUNTUAZIOA

A) Ikerketaren eragina

30

20

B) Ikerketaren berritasun maila

30

20

C) Ikerketatik zer eragin espero den entitate onuradunean

30

20

D) Balorazio estrategikoa: proiektuaren ekarpena lor daitezen gizartearen helburuak eta guztien onerako direnak.

10

-

GUZTIRA

100

60

A) Ikerketaren eragina:

–Proposatutako helburuak lortzeko erronka teknologikoa, zailtasun teknikoa. 15 puntu gehienez.

–Ebatzi beharreko problema eta merkatu aukerak. 15 puntu gehienez.

B) Ikerketaren berritasun maila:

–Konparazioa egungo egoerarekin; ikerketak sektoreari ekarriko dion aurrerapenaren justifikazioa. 15 puntu gehienez.

–Ikerketaren berritasuna, entitate onuradunak garatzen dituen ikerketa ildoei lotuta. 15 puntu gehienez.

C) Ikerketaren ondorioz entitate onuradunean espero den eragina:

–Aurrera eraman beharreko ikerketaren garrantzia, entitate onuradunak epe luzera dituen ezagutza eta esperientzia premiei dagokienez. 15 puntu gehienez.

–Espero diren emaitzen garrantzia, honako hauei dagokienez: produktu berriak lortzea; prozesuak hobetzea; dibertsifikazioa; espero den inpaktu ekonomikoa. 15 puntu gehienez.

D) Balorazio estrategikoa: proiektuaren ekarpena lor daitezen gizartearen helburuak eta guztien onerako direnak:

I. Proiektua kokaturik egotea Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategian (RIS3) identifikatutako sektore estrategiko hauetako batean edo gehiagotan: 5 puntu gehienez.

–Automozioa eta mekatronika.

–Elikakatea.

–Energia berriztagarriak eta baliabideak.

–Osasuna.

–Turismo integrala.

–Sorkuntza industriak eta industria digitalak.

II. Ikerketaren aurreikusitako emaitzen eragina eta ekarpena Nafarroaren aurrerakuntzarako Garapen Jasangarriaren Helburuak lortzeari (https://ods-agenda2030.navarra.es/) eta trantsizio ekologikoari begira. 5 puntu gehienez.

3. Laguntzak kudeatzen dituen organoak entitate eskatzaileei eskatzen ahalko dizkie eskabideak ebaluatzeko egoki iruditzen zaizkion agiri eta informazio guztiak.

4. Laguntza eskaera ezetsi eginen da baldin proiektuak ez badu gutxieneko puntuazioa lortzen A), B) edo C) apartatuetan.

5. Eskaera batzuek puntuazio bera lortzen dutenean, A), B) eta C apartatuen balorazioan puntu gehien dituen eskaeraren alde hautsiko da berdinketa, hurrenkera horri jarraituz.

8. oinarria. Laguntzak ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, eskaerak ebaluatu ondoren, ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan, adieraziko du entitate onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Entitate onuradunen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, laguntzen zenbatekoa adierazita.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

2. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko organo eskuduna Berrikuntzako zuzendari nagusia da. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, gehienez ere bi hilabeteko epean emanen da ebazpena eta jakinaraziko zaie entitate eskatzaileei, modu telematikoan, gaitutako helbide elektronikora.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa paratzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legediari jarraikiz.

3. Entitate onuradun batek laguntzei uko egiten badie edo haiek kobratzeko eskubidea galdu izana deklaratuz gero, laguntza ematen ahalko zaie aurrekontuan krediturik ez egoteagatik baztertuta gelditu diren eskaerei. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraikiko zaio. Laguntza berri horiek noiz ematen diren kontuan hartuta, organo kudeatzaileak epe berriak ezartzen ahalko ditu kontrataziorako eta laguntzaren justifikaziorako.

9. oinarria. Dokumentazioa aurkeztea laguntza eman ondoan.

1. Erakunde onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu telematikoki, laguntzen webgunearen bidez, hilabeteko epean gehienez ere, laguntza ematen denetik:

a) Entitate onuradunaren eta doktoregoa ematen duen unibertsitatearen arteko konpromisoen agiria. Atal hauek izanen ditu, gutxienez: doktorego tesiko proiektuaren aipamena, lan denboraren banaketa, jabetza intelektualeko eta industrialeko eskubideak, finantzaketaren baldintzak eta jarraipen mekanismoak; halaber, beste atal batzuk ere izaten ahalko ditu, alderdiek beharrezkotzat jotzen badituzte.

b) Tesi konpromisoa, doktoregaiak eta tesiaren zuzendariak sinatua.

c) Onuraduna izaera pribatuko entitatea bada, gardentasunari buruzko adierazpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluarekin bat.

2. Entitate onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu telematikoki, laguntzen webgunearen bidez, 2021eko irailaren 30a baino lehen, hura barne:

a) Doktoregaiarekin formalizatutako kontratuaren kopia.

Kontratua egiten bada enpresaren langile den batekin, 3.1 b) oinarriko baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa aurkeztuko da, hala nola kontratuaren eranskina, soldataren fitxa edo beste bat.

b) 2021/2022 ikasturtean doktorego programa batean matrikula formalizatu izana edota, salbuespenez, onartua egotea frogatzen duen agiria. Programaren ardura duen unitateak edo, bestela, dagokion unibertsitatearen legezko ordezkariak emaniko agiria izanen da.

c) Kontratatua, Gizarte Segurantzaren kontu-kodearen barnean, entitatearen Nafarroako lantoki batean eta 1. kotizazio-taldean dagoela egiaztatzen duen agiria. Esaterako, Idc txostena (Kotizaziorako datuen txostena-Besteren kontura ari diren langileak, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusia).

3. Betebehar horietako bat betetzen ez bada, emaniko dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

10. oinarria. Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Laguntzen onuradun diren entitateek, 9. oinarrian adierazitako moduan eta epean agiriak aurkezteaz gain, diruz lagundutako kontratazioa justifikatu egin beharko dute epe hauetan:

a) 2022ko urriaren 31 baino lehen, hura barne: aurkeztuko dira lehen urteko epealdiari dagozkion frogagiriak (kontratua sinatzen den egunetik kontratuaren lehenbiziko 12 hilabeteak bete arte).

b) 2023ko urriaren 31 baino lehen, hura barne: aurkeztuko dira bigarren urteko epealdiari dagozkion frogagiriak (lehen urteko epealdia bukatu eta biharamunetik kontratuaren 24 hilabeteak bete arte).

c) 2024ko urriaren 31 baino lehen, hura barne: aurkeztuko dira hirugarren urteko epealdiari dagozkion frogagiriak (bigarren urteko epealdia bukatu eta biharamunetik kontratua bukatu arte edo kontratuaren 36 hilabeteak bete arte).

2. Entitate onuradunek kasuan kasuko urteko epealdiko justifikazio-agiri hauek aurkeztu beharko dituzte laguntzen webgunearen bidez, hango ereduei jarraikiz:

a) Jardun-memoria zientifiko-teknikoa, bertan deskribatuta doktoregaiak egindako jarduerak, barne daudela zabalkunderako jarduerak eta doktorego programako prestakuntza jarduerak, dirulaguntzari dagokion epealdikoak. Bai eta, kasua bada, laguntzaren gainerako iraunaldirako lan-plana, zehazki aipatuz doktorego tesiaren egoera, bilakaera eta lorpena, baita egindako argitalpenak eta egonaldiak edo haiek egiteko plana ere.

b) Egindako jardueren kostua justifikatzeko memoria ekonomikoa, honako hauek jasota:

I. Nominen eta horien ordainagirien kopia, eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak langileari buruz egindako kalkulu globalak (Kalkuluen Kontsulta Zerbitzuaren Likidazio Zuzenerako Sistema).

II. Matrikula-agiriaren kopia eta tasa akademikoak ordaindu izanaren frogagiriarena.

III. Mugikortasun gastuak:

i. Egonaldiaren ikerketa zentroak emaniko agiria, egonaldiaren datak adierazita.

ii. Mugikortasun gastuak: atzerriko laguntza aseguruak ordaindu izanaren frogagiriak, erabilitako garraiobideen txartelak eta haiek ordaindu izanaren frogagiriak edo, ibilgailu partikularra erabil denean, kilometroen deklarazioa.

IV. 3.4 oinarrian adieraziriko zabalkunde gastuen fakturen kopia eta haiek ordaindu izanaren frogagiriena.

c) Unibertsitateko doktorego programaren batzorde akademikoak tesiaren bilakaerari buruz emandako aldeko txostena.

d) Deialdi honetan diruz laguntzen diren kontzeptuengatik beste dirulaguntza batzuk jaso ez izanaren adierazpena.

e) Azken urteko epealdiaren aurkezpenarekin, baldin eta, 5. oinarriaren arabera, zabalkunde handiagatik ematen den laguntza gehigarria jasotzen bada, gutxienez 5 jarduketa aurkeztu beharko dira, modalitate hauetako batzuetan:

I. Hitzaldiak.

II. Posterrak, komunikazioak edo kongresuetan, jardunaldi teknikoetan eta abarretan zabaldutako beste lan batzuk.

III. Aldizkari espezializatuetako argitalpenak.

IV. Komunikabideetako argitalpenak.

V. Interneteko zabalkundea (entitatearen webgunea, eginiko lana sustatzeko bideoak...).

VI. Irispide libreko datu-baseetan sartu izana.

VII. Doako edo kode irekiko programa informatikoak.

VIII. Patenteen edo baliagarritasun modeloen eskaera.

11. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak aurkeztutako agiriak aztertuko ditu, eta dena delako urteko epealdiaren saria ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamenean, proiektuaren bilakaera zientifiko-teknikoaren balorazio positiboa jasoko da, eta adieraziko da entitate onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea dakarten betebeharrak betetzen dituztela.

2. Laguntzak gehienez ere sei hilabeteko epean ordainduko dira, ebazpen honen 10. oinarrian adierazten den dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Epe hori eten eginen da entitate onuradunari eskatzen bazaio aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko.

3. Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, entitate onuradunek frogatzen badute funtsak jaso behar dituztela dirulaguntzaren helburuak betetzeko, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33. artikuluan aurreikusitako bermeekin.

12. oinarria. Kontratuaren etendura eta azkentzea.

1. Deialdi honen babesean egindako kontratuak eteten ahalko dira arrazoi hauengatik: aldi baterako ezintasuna gutxienez ondoz ondoko 2 hilabetez, amatasuna edo aitatasuna, arriskua haurdunaldian, arriskua bederatzi hilabetetik beheitiko haur baten edoskitze naturaleko aldian, eta adopzioa edo harrera kontratazioaldian.

Kasu horietan, laguntzen webgunearen bidez, entitate onuradunek eska dezakete epe horretan laguntza ere eten dadila, eta, ondorioz, epe horretan ez dira diruz lagunduko entitate onuradunak dituen gastuak. Laguntzak kudeatzen dituen organoak baimendu beharko du etete hori, eta, horretarako, egokitzat jotzen dituen txostenak eska ditzake.

Baimen horrek ez du inola ere ekarriko hasieran emandako laguntzaren zenbatekoa handitzea.

2. Kontratua azkentzen bada, entitate onuradunak horren berri eman beharko dio laguntzak kudeatzen dituen organoari. Horretarako, hori justifikatzen duten justifikazio-agiriak aurkeztuko ditu laguntzen webgunearen bidez hilabeteko epean gehienez, kontratua azkentzen denetik.

Kontratua azkentzen bada lehen urteko epealdian, edo azkentzeko arrazoiak entitate onuradunari egoztekoak badira, ez da laguntza ordainduko.

Kontratua azkentzen bada bigarren edo hirugarren urteko epealdian, eta horretarako arrazoiak ez badira entitate onuradunari egoztekoak, kontratua azkendu izanaren komunikazioari gastuen frogagiriak erantsi beharko zaizkio, 10.2 oinarrian zehaztutakoak, hain zuzen. Behar bezala justifikatzen bada, gauzatutakoaren laguntza-zati proportzionala ordainduko da.

13. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Onuraduna izaera pribatuko entitatea bada, dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko du telematikoki, laguntzen webgunearen bitartez, webgune horretan eskuragarri dagoen eredua erabiliz.

Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatutako informazioa emateko betebeharra betetzen ez bada, ez da emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.

a) Diruz lagundutako kontratazioa justifikatzea, 9. eta 10. oinarrietan adierazten den moduan.

b) Begiratzea behar bezala garatzen direla kontratatuak egin beharreko ikerketa jarduerak.

c) Kontratatuaren jardueraren garapenean eragina izan dezakeen edozein gorabeheraren berri ematea laguntzak kudeatzen dituen organoari.

d) Aitzinetik jakinaraztea organo kudeatzaileari kontratatuak zer egunetan defendatuko duen doktorego tesia. Pertsona kontratatuak entitate onuradunari data horren berri emanen dio, eta doktorego tesiaren ale bat igorriko dio organo kudeatzaileari.

e) Kontratua azkendu izanaren berri ematea 12.2 oinarrian adierazten den gisan.

f) Ikerketa proiektuaren emaitzak jakitera emateko eta zabaltzeko betebeharrak, 14. oinarrian aipatzen den gisan.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Baldin ez bada betetzen dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat, emaniko dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, laguntzaren dirua itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatuarekin bat.

Ez-betetzeak mailakatzeko, irizpide hauek erabiliko dira:

a) Jarraipen eta kontrol zientifiko-teknikorako mekanismoen bidez eta frogagiriak azterturik ondorioztatzen bada laguntzaren helburuak nabarmen eta erabat bete gabe gelditu direla, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, kasua bada, laguntza osorik itzuli beharko da.

b) Helburuak partez gelditu badira bete gabe, kobratzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, dagokion dirulaguntza itzuli beharko da.

Ildo horretan, bigarren edo hirugarren urteko epealdiari dagokion jarduketa zientifiko-teknikoaren memoriak aurkako balorazioa jasotzen badu, deklaratuko da eskubidea galdu dela urteko epealdi horri dagokion laguntza kobratzeko.

c) Baldin laguntza gehigarria eman bada zabalkunde handiagatik eta 3. urteko epealdiko justifikazioan ez bada egiaztatzen 10.2.e) oinarrian ezarritakoa, laguntzaren intentsitatea %10 murriztuko da.

d) Ez badira betetzen deialdi honetan ezarritako betebehar formalak, finkaturiko epeak 10 egunez edo gehiagoz gainditu gabe, ordaintzekoa den laguntza %5 gutxituko da. Deialdi honen ondorioetarako, betebehar formaltzat jotzen dira diruz lagundutako jarduketaren dokumentazioa, 10.2 oinarrikoa, aurkeztearen ingurukoak.

3. Goian aipatutako ez-betetzeen arrazoiak ezin bazaizkio entitate onuradunari egotzi, edo ezinbesteko kasu bat baldin bada, laguntzak kudeatzen dituen organoak proposatzen ahalko du ordura arte jasotako zenbatekoaren edo haren zati baten itzulketa ez eskatzeko.

4. Onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidearen galera deklaratu, eta dagozkion zenbatekoak askatzen badira, halakoak erabiltzen ahalko dira behar adinako krediturik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko.

14. oinarria. Ikerketaren emaitzak jakitera ematea eta zabaltzea.

1. Hala entitate onuradunek nola kontratatzen diren pertsonek, diruz lagundutako kontratazioaren gaineko argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, Nafarroako Gobernuak finantzatua dela adierazi beharko dute. Halaber, doktorego tesian finantzaketa hori aipatuko da, bai agirian bertan bai tesia defendatzeko ekitaldian.

2. Betiere, diruz lagundutako proiektuaren inguruan sortzen den dokumentazio guztian nahiz proiektu horren emaitzei zabalkundea emateko materialetan hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero-rolei lotu gabekoa eta aniztasun-irudia emanez, bai emakumeei, bai gizonei dagokienez, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatuarekin bat.

15. oinarria. Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskabidea eta entitate onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia telematikoki aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen www.nafarroa.eus atarian, tramite-katalogoko webgune egokiaren bidez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira (GEH), bai eta herritarren karpetan ere: (https://sede.administracion.gob.es/carpeta/clave.htm).

Gaitutako helbide elektronikoa Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioaren helbide honetan lor daiteke: http://notificaciones.060.es. Horretarako, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

16. oinarria. Laguntzen araubidea.

Deialdi honen xede diren laguntzak Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eta III. kapituluen mende daude, zehazki 25. artikuluaren mende (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne-merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz; 2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa); horrenbestez, aitzinetik jakinarazteko betebeharretik salbuetsirik daude.

Erregelamendu horren aplikazio-aldia Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez luzatu da (L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2020ko uztailaren 7koa), 2023ko abenduaren 31 arte.

Laguntza hauek eragin suspergarria izan behar dute eta, hori bermatzeko, enpresek ezin izanen diete ekin diruz laguntzen ahal diren jarduerei, eskabidea aurkeztu baino lehen.

17. oinarria. Bateragarritasuna eta laguntzak pilatzea.

1. Diruz lagundutako gastuak bateraezinak izanen dira beste laguntza publiko batzuk jasotzearekin, gastu berak estaltzeko.

2. Bereziki, diruz lagundutako kontratazioak bateraezinak dira doktoregaiaren beste lan kontratu oro indarrean edukitzearekin, bai eta soldata izaera duen edozein zenbateko jasotzearekin ere, baldin horrek kalte egiten badio ikerketaren eta prestakuntzaren xedeari edo ordutegi berean gauzatzen bada. Halaber, dirulaguntza hau bateraezina izanen da antzeko helburua duten beste laguntza batzuekin.

18. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Organo kudeatzaileak ikusgai paratuko ditu, Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), emandako dirulaguntzak, honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, entitate onuraduna eta emandako diru kopurua.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntzen webgunean ere jakinaraziko ditu, honako hauek adierazita: laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzen helburua.

19. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2016102