23. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LARRAUN

2021eko lan-egutegia

Larraungo alkateak 07/2021 Ebazpena eman zuen 2021eko ilbeltzaren 18an. Hona hemen testu osoa:

Ikusirik funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen, eta udal bulegoetako lan-kontratudunen lan baldintzak; izan ere, lan baldintzak erabaki hauen bidez onartu baitzituen Udalak: 2020ko maiatzaren 8ko Larraungo Udalbatzaren erabakia; eta alkatearen urriaren 7ko 65/2020 Ebazpena.

Ikusirik 217/2020 Ebazpena, maiatzaren 18koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2021eko jaiegunen egutegi ofiziala ezartzen duena.

Ikusirik 98/2020 Foru Dekretua, abenduaren 22koa, zeinaren bidez zehazten baitira epeen zenbaketarako baliogabeak izanen diren egunak, Nafarroako Foru Komunitatean, 2021. urtean.

Horrenbestez, kontuan hartuta espedienteko dokumentazioa, eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.h) artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

ERABAKI DUT:

Lehena.–Onartzea Larraungo Udalaren zerbitzuko langileek 2021ean izanen duten aste barreneko jaiegunen egutegia. Hona hemen:

–Urtarrilaren 1a: Urteberri eguna.

–Urtarrilaren 6a: Errege eguna.

–Martxoaren 19a: San Jose.

–Apirilaren 1a: Ostegun Santua.

–Apirilaren 2a: Ostiral Santua.

–Apirilaren 5a: Pazko astelehena.

–Maiatzaren 1a: Langileen eguna.

–Ekainaren 29a: San Pedro eguna.

–Irailaren 29a: San Migel.

–Urriaren 12a: Espainiako Jai Nazionala.

–Azaroaren 1a: Santu guztien eguna.

–Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa.

–Abenduaren 6a: Konstituzio eguna.

–Abenduaren 7a: Andre María Sortzez Garbiaren Zubia.

–Abenduaren 8a: Andre María Sortzez Garbia.

–Abenduaren 25a: Eguberri eguna.

Gainera 3 jaiegun gehiago ezarri dira, langile bakoitzak hautatzekoak, baldintza izanik ez dela udaletxea jendearentzat itxiko.

Bigarrena.–Larraungo Udaleko administrazioan lanorduen urteko kopurua 1.592 da, abenduaren 11ko 145/2020 Foru Aginduaren arabera, eta honela banatuko da:

Astelehenetik ostiralera, eguneroko lanaldia izanen da, oro har, 7 ordu eta 20 minutukoa. Nahitaez lan egin beharko da 9:30etik 14:30era arte, salbu eta jendeari arreta egiten dieten langileak, horiek 9:00etatik 14:30era arte aritu beharko dute-eta nahitaez. Gainerako bi orduak eta 30 minutuak langileek nahi dutenean eginen dituzte, malgutasunez, 7:00 eta 16:30 artean, eta jendeari arreta egiten dietenen kasuan, 7:10 eta 16:20 artean.

Zerbitzuaren beharren mendekoa ez den lanaldi murriztua duten langileen kasuan, nahitaez bertan egoteko denbora egokitu eginen da, ahal den neurrian, murrizketaren ebazpenean baimendutako ordutegira, edo, bestela, langilearekin adostuko da zerbitzuaren beharren arabera.

Hirugarrena.–Larraungo Udalaren zerbitzuko langileen lanaldiaren malgutasuna ezarri da, langileek laneko eta familiako eginkizunak batera eramatea errazago izan dadin. Hona hemen jarraibideak:

1.–Enplegatu bakoitzak gehienez 10 orduko saldo positibo edo negatiboa izaten ahalko du 7 ordu eta 20 minutuko lanaldiarekiko. Saldo hori egunero gaurkotuko da lanera agertzeko kontrol sistemaren bidez eta konpentsatuko da hilabete natural bakoitzaren barrenean, egiatan lan egindako ordu guztiak eta hilabete natural bakoitzean egin beharreko lanorduak berdinak izan daitezen.

2.–Nahitaezko lanaldia izanen da 9:30etik 14:30era arte (9:00etatik 14:30era jendeari arreta egiten dieten langileen kasuan), eta langile bakoitza kanpoan egon daiteke gehienez 25 orduz urtean; nolanahi ere, lantokian egon gabeko ordu horiek konpentsatu beharko ditu urtean zehar lan eginda.

Laugarrena.–Lanera agertzea kontrolatzeko, bertaratu direnen kontrolerako sistema automatikoa erabiliko da, eta enplegatu guztiek lanpostura sartzean eta bertatik ateratzean fitxatu beharko dute nahitaez. Hala egin beharko dute lanaldiaren hasieran eta amaieran, baita lanaldiaren barnean irteten eta itzultzen diren bakoitzean ere.

Bosgarrena.–Langileek lanaldiaren barnean gehienez hogeita hamar minutu iraunen duen atsedenaldia izanen dute. Atsedenaldi horri dagokionez, bulegoetako langileek nahitaez fitxatu beharko dute sartu-ateratzeetan.

Seigarrena.–Baliogabeak izanen dira, 2021. urtean epeak kontatzeari dagokionez, larunbat eta igande guztiak eta ebazpen honen lehenbiziko xedapenean adierazitako jaiegunak, ekainaren 29a eta irailaren 29a izan ezik.

Zazpigarrena.–Administrazio honen zerbitzuetako premiak direla eta, eta horiek behar bezala jardun ahal izateko, kontabilitate zerbitzuko eta herritarrentzako arretako langileek ezin izanen dituzte oporrak batera hartu.

Zortzigarrena.–Prestakuntza ikastaroetan parte hartzea.

Prestakuntza ikastaroetara joateko erabilitako denbora lan denboratzat hartuko da baldin eta ikastaroek lanpostuko eginkizunekin zerikusirik badute, lanaldian egiten badira eta zerbitzuaren beharrek uzten badute, betiere dagokion organoak aldez aurretik baimena emanda.

Larraundik kanpo egiten diren ikastaroen kasuan, ikastaroaren benetako iraupenari kasuan kasuko herrira egin beharreko joan-etorriaren denbora gehituko zaio. Larraun ibarreko eta ondoko herrietan, joan-etorria egiteko kalkulatutako denbora 120 minutukoa izanen da (joan-etorria guztira).

Ikastaroaren iraupena 5 ordukoa edo hortik gorakoa bada eta bertaratuta egin beharrekoa, lanaldi osoa bezala kontatuko da.

Oro har, lanordutik kanpo egiten diren prestakuntza ikastaroengatik ez da inolako ordu edo diru konpentsaziorik izanen. Urteko lanorduen kontaketaren ondorioetarako, prestakuntzan emandako denbora kasu honetan baizik ez da lan denboratzat hartuko: Administrazioak erabakitzen duenean, lanpostuak bere dituen eginkizunak ongi betetzeko, nahitaezkoa dela prestakuntza ikastaroetara joatea. Halakoetan, langileek eskubidea izanen dute zerbitzuaren arrazoiak direla-eta izandako gastuengatik ezarrita dauden kalte-ordainak eta/edo ordu konpentsazioa jasotzeko.

Euskara ikastaroak egiteko ordu eta diru konpentsazioak, behar bezala baimenduak, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren maiatzaren 17ko 1311/2010 Ebazpenean arautzen dira, haren bitartez parekatzen baitira ekainaren 21eko 195/1993 Foru Dekretuan ezarritako euskara ikastaroak egiteko ordu konpentsazioak gaur egungo prestakuntza jardueretara.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita, ediktuen bidez, Larraungo Udalaren iragarki-taulan ere.

Hamargarrena.–Ebazpen honen berri ematea Udalbatzari, egiten duen hurrengo osoko bilkura arruntean.

Hamaikagarrena.–Ebazpen honek 2021eko ilbeltzaren 1etik hartuko du indarra, atzeraeraginezko ondorioekin.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Ebazpen honen kontra, errekurtso hauetariko bat aurkez daiteke, hautara:

1.–Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita edota gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean ebazpen hau jakinarazten denetik aitzina.

2.–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Mugiron (Larraun), 2021eko ilbeltzaren 19an.–Alkatea, Mikel Huarte Martija.

Iragarkiaren kodea: L2100851