215. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

265E/2021 EBAZPENA, abuztuaren 16koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimentzen baita Servicios de Montejurra SA enpresak Carcarko udal-mugartean duen etxeko hondakinen tratamendurako plantaren eta hondakin ez-arriskutsuen hondakindegiaren instalazioaren aldaketa nabarmena.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren zuzendari nagusiaren urriaren 29ko 2125/2004 Ebazpenaren bidez emana.

2020ko irailaren 30ean, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, alde berri bat ezartzeko, bioegonkortzeko prozesuetarako. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2021eko urriaren 23an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori “ez-funtsezkoa” da, kontuan harturik Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideak (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez da beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa “nabarmena” ere badela zioen irizpenak, aldaketa handiak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, egun duen ingurumen baimen integratua aldatu behar da, aldaketa horiek jasotzeko.

2020ko abenduaren 29an, titularrak ingurumen baimen integratua aldatzeko eskatu zuen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko; proiektuaren xedea da 6000 m²-ko hormigoizko area bat ezartzea, hondakinak bioegonkortzeko konpostajearen bidez eta inausketaren hondakinak biltegiratzeko.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat, atmosferara emisioak egiteko baimena eguneratu da, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuz eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat garatzen duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Proiektua Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. multzoan sartuta daudenetakoa da eta, horrenbestez, lege horren 7. artikuluan xedatutakoarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar zuen.

Horrenbestez, prozedura hori bete ondoren, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ekainaren 17ko 567E/2021 Ebazpenaren bidez, erabaki zen proiektuak ez zuela ingurumen-inpaktuaren ebaluazio prozedura arrunta bete behar, eta ingurumen-inpaktuaren txostena eman zen, ingurumenaren gaineko ondorio nabarmenik ez duela adierazita.

Espedientea tramitatu da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin bat (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Aldaketa nabarmena baimentzea Carcarko udal-mugartean etxeko hondakinen tratamendurako planta baten eta hondakin ez-arriskutsuen hondakindegi baten instalazio batean, alde berri bat ezartzeko, hondakinak bioegonkortzeko konpostajearen bidez, eta inausketaren hondakinak biltegiratzeko proiektua gauzatzeko. Instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Servicios de Montejurra SA da.

Bigarrena.–Instalazio horrek daukan lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena aldatzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoaren arabera, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta kontuan hartuta ebazpen honen III. eranskinean jasotako determinazioak bete beharra. Ebazpen honek babesten dituen jarduera edo jarduketak jakinarazpena egiten denetik bi urteko epean gauzatu edo abian jarri beharko dira gehienez ere; epe hori amaituta, besterik gabe agortuko dira baimenaren ondorioak, eta baimena eraginkortasunik gabe geratuko da.

Hirugarrena.–Instalazioaren zabalpena herri-lurretan egonen denez, obra-lizentzia eman aurretik, udalak jarduera gauzatzeko behar den gutxieneko azaleraren desafektaziorako baimena eskuratu beharko du, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluarekin bat, eta urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuak onetsitako Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 142. artikuluari eta hurrengoei jarraikiz.

Laugarrena.–Atmosferara emisioak egiteko baimena eguneratzea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer emisio egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurietan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Bosgarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin.

Seigarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, modu subsidiarioan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak.

Zortzigarrena.–Instalazioaren aldaketa nabarmena egiteko ematen den ingurumen baimen integratu honek ez du galarazten instalazioak beste baimen batzuk eskuratu behar izatea bestelako arau batzuen indarrez, adibidez, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2009ko urriaren 21ean gizakien kontsumorako ez diren animalien azpiproduktuei eta produktu deribatuei aplikatu beharreko osasun arauak ezartzeko emandako 1069/2009 Erregelamendua.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamargarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Hamaikagarrena.–Ebazpen hau igortzea Servicios de Montejurra SAri, Carcarko Udalari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Biodibertsitatearen Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 16an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2112637