214. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

178E/2021 FORU AGINDUA, uztailaren 14koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez Zuzenbideko graduatu bati prestakuntza beka bat emateko deialdia onesten baita, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalean aritzeko. DDBN identifikazioa: 578108.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak uste du interesgarria dela unibertsitateko tituludunen (Zuzenbideko gradua dutenak) prestakuntza sustatzea, zuzenean ezagut ditzaten Departamentu horretan eta, zehazki, Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalean gauzatzen diren politikak. Pertsona horiek espedienteen kudeaketari, horien azterketa juridikoari eta araudiaren aplikazioari lotutako laguntza juridikoaren funtzioak izanen dituzte, bai eta agintzen zaien beste edozein ere.

Bekaren deialdia eginez eta hura emanez, tituludunen prestakuntza sustatu nahi du Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalak, bekak aukera emanen baitie balio handiko lan eskarmentua eskuratzeko.

Bekaren deialdiari eta kontzesioari buruz oinarri arautzaileetan aurreikusita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua eta, osagarri gisa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

Halaber, aplikatuko da Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea. Foru lege horrek adierazten du Nafarroako Administrazio Publikoek deitzen dituzten dirulaguntzen, beken eta beste edozein laguntza publikoen oinarri arautzaileetan berdintasun klausulak sartuko direla genero berdintasuna benetan gauzatzeko jarduketak baloratzeko edo, bestela, jarduketa horiek nahitaez betearazteko.

Horiek guztiak horrela, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuak ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Zuzenbideko graduatu batentzako prestakuntza beka bat emateko deialdia onestea, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalean aritzeko. Deialdiaren oinarri arautzaileak foru agindu honen eranskinean daude.

2. Bekaren hamabi hilabeterako, 11.380,92 euroko gastua baimentzea, honela banatua:

2021. urtean, gastua, osotara, 2.845,23 euro izanen da. Kopuru hori 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Bekak” izeneko 700000 70110 4809 411100 partidaren kargura egotziko da. Kopuru hori honela banatuko da:

• 2.700 euro, egotziko zaizkionak 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Bekak” izeneko 700000 70110 4809 411100 partidari, 2021eko urritik abendura arteko ordainketen kontzeptuan (3 hilabete).

• 145,23 euro, hiru hilabetez ordaintzeko Gizarte Segurantzako enpresaren kuota, 48,41 eurokoa baita, 2021eko urritik abendura arte.

2022rako, gastua, osotara, 8.535,69 eurokoa izanen da, baldin eta horretarako kreditu egoki aski bada, eta 2022. urteko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura egotziko da. Kopuru hori honela banatzen da:

• 8.100 euro, 2022ko urtarriletik irailera arteko hileko soldatak ordaintzeko.

• 435,69 euro, Gizarte Segurantzako kuota bederatzi hilabetez ordaintzeko, 2022ko urtarriletik irailera.

Hurrengo urteetan, beka luzatzen bada, zenbatekoak berberak izanen dira: 900 euro hilean, gehi Gizarte Segurantzako kuotari dagozkion 48,41 euro hilean.

2022-2023 eta 2023-2024 urteetan luzatzen diren beken gastua urte horietako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen diren partiden kargura egotziko da, baldin eta horretarako kreditu egoki aski baldin badago.

2022., 2023. edo 2024. urteetan Gizarte Segurantzako kuota eguneratzen bada, erreserbatutako eta baimendutako kopuruak ere eguneratuko dira.

3. Deialdi honen oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluarekin eta hurrengoekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta Ekonomia Aferetako Bulegora, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Nafarroako Dirulaguntzen Datu Basera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2021eko uztailaren 14an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

ERANSKINA

Zuzenbideko graduatuentzako prestakuntza beka bat emateko 2021eko deialdiaren oinarri arautzaileak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalean aritzeko

Lehena.–Xedea.

Deialdiaren xedea da Zuzenbideko graduatuak prestatzeko beka bat ematea, norgehiagokako araubideari jarraikiz, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalean aritzeko.

Deialdiaren helburua da unibertsitateko lizentziadunen edo graduatuen prestakuntza bultzatzea, modu praktiko eta zuzenean ezagut ditzaten Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalean egiten diren jarduketak.

Bigarrena.–Aurrekontu erabilgarria.

1. Bekak 11.380,92 euro izanen ditu, hamabi hilabeterako, eta kopuru hori egotziko zaio 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Bekak” izeneko 700000 70110 4809 4111002021 partidari edo baliokideari, honela banatuta kopuruaren eta denboraren arabera:

2021. urtean, gastua, osotara, 2.845,23 euro izanen da. Kopuru hori 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Bekak” izeneko 700000 70110 4809 411100 partidaren kargura egotziko da. Kopuru hori honela banatuko da:

• 2.700 euro, 2021eko urritik abendura arteko ordainketen kontzeptuan (3 hilabete).

• 145,23 euro, hiru hilabetez ordaintzeko Gizarte Segurantzako enpresaren kuota, 48,41 eurokoa baita, 2021eko urritik abendura arte.

2022rako, gastua, osotara, 11.380,92 eurokoa izanen da, eta 2022. urteko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura egotziko da. Kopuru hori honela banatzen da:

• 10.800 euro, 12 hilekoak ordaintzeko.

• 580,92 euro, Gizarte Segurantzako enpresaren kuota ordaintzeko, 48,41 eurokoa baita.

2023rako, gastua, osotara, 11.380,92 eurokoa izanen da, eta 2023. urteko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura egotziko da. Kopuru hori honela banatzen da:

• 10.800 euro, 12 hilekoak ordaintzeko.

• 580,92 euro, Gizarte Segurantzako enpresaren kuota ordaintzeko, 48,41 eurokoa baita.

2024rako, gastua, osotara, 8.535,69 eurokoa izanen da, baldin eta horretarako kreditu egoki aski bada, eta 2024. urteko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura egotziko da. Kopuru hori honela banatzen da:

• 8.100 euro, 2024ko urtarriletik irailera arteko hileko soldatak ordaintzeko.

• 435,69 euro, Gizarte Segurantzako kuota bederatzi hilabetez ordaintzeko, 2024ko urtarriletik irailera.

Laburpen taula:

KONTZEPTUA

HILEKO ZENBATEKOA

2021

2022

2023

2024

Gizarte Segurantzaren kuota

48,41

145,23

580,92

580,92

435,69

Beka

900,00

2.700,00

10.800,00

10.800,00

8.100,00

GUZTIRA

948,41

2.845,23

11.380,92

11.380,92

8.535,69

2022-2023 eta 2023-2024 urteetan luzatzen diren beken gastua urte horietako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen diren partiden kargura egotziko da, baldin eta horretarako kreditu egoki aski baldin badago.

2022., 2023. edo 2024. urteetan Gizarte Segurantzako kuota eguneratzen bada, erreserbatutako eta baimendutako kopuruak ere eguneratuko dira.

2. Betiere, bekaren onuradunak bere gain hartuko ditu Gizarte Segurantzaren araubidean sartzeagatik dagozkion betebeharrak, Estatuko araudiak horren gainean ezarritakoarekin bat.

Hirugarrena.–Bekaren iraupena.

Bekak 12 hilabete iraunen du, beka emateko ebazpenean ageri den egunetik zenbatzen hasita.

Beka urtero luzatzen ahalko da, hiru urte egin arte gehienez, hasierako aldia eta luzapenak barne. Luzapen hori emanen da aurrekontuetan horretarako behar adina diru badago.

Laugarrena.–Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.

Beka 900 eurokoa da hilean, Gizarte Segurantzako kuotari dagozkion 48,41 euroak gehituta. Diru kopuru horri pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokion atxikipena eginen zaio, indarra duten arauei jarraikiz hala egin behar baldin bada.

Bekaren onuraduna besteren konturako langileen parekoa izanen da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala; dekretu horrek prestakuntza programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean nola eta zein baldintzatan sartzen diren arautzen du, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatuz.

Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzeko (bertan kidetzeko eta/edo alta hartzeko), eta araubide horretatik ateratzeko ere, kontuan hartuko da onuraduna noiz hasten den prestakuntza programan eta noiz uzten duen, enpresak Gizarte Segurantzan inskribatzeko eta langileak kidetzeko, alta eta bajak hartzeko eta haien datuak aldatzeko Erregelamendu Orokorrean ezarritako modu, epe eta ondorioekin.

Onuradunari ematen zaion dirua ez da inolaz ere soldata edo lansaritzat hartuko, dirulaguntza publikotzat baizik.

Bosgarrena.–Bateraezintasunak.

Prestakuntza beka bateraezina izanen da Administrazio beraren eta beste administrazio publiko batzuen bekekin.

Seigarrena.–Betebeharrak.

Dokumentazioa aurkezteko epea bukatzen den egunean betebehar hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoak izaten ahal dira prestakuntza beken onuradun:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Zuzenbideko graduaren titulua izatea, Espainiako agintariek luzatua edo baliozkotua.

f) Eskatutako titulua prestakuntza bekaren deialdi hau egin aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.

g) Hala badagokio, beka emateko ebazpenaren aurretik frogatzea zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela. Horrekin batera, aitorpen edo hitzemate idazki bat aurkeztu beharko du, adierazteko ez duela kobratzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batetik edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batetik helburu bera duen beste edozein laguntza publiko bateraezin.

h) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galarazten ahal dionik.

Baldintza horiek guztiak bekak irauten duen denbora osoan bete beharko dira.

Zazpigarrena.–Merezimenduak baloratzeko irizpideak.

Beka hau norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan xedatzen den moduan. Hortaz, aurkezten diren eskaerak alderatuta banatuko dira dirulaguntzak baremoko ordenaren arabera, dokumentazio osoa dagoela egiaztatu ondoren.

Eskaerak baloratzeko, honako irizpide hauen arabera kalifikatuko dira merezimenduak, 25 puntu arte, gehienez ere:

a) Ikasketa-espedientea: gehienez ere 8 puntu.

Espedientearen batez besteko nota (graduatuaren osoko kalifikazioa) baloratuko da, honela:

–Nahikoa: 2 puntu.

–Oso ongi: 4 puntu.

–Bikain: 6 puntu.

–Ohorezko matrikula: 8 puntu.

b) Beka emateko eskatzen ez diren beste unibertsitate titulu batzuk, bekaren xede diren arloekin lotura zuzena dutenak; gehienez ere 8 puntu:

–Doktoretza: 2 puntu.

–Masterra: 1 puntu.

–Beste gradu batzuk: 1 puntu.

c) Bekaren xede diren arloekin lotura zuzena duten prestakuntza ikastaroak: gehienez ere 3 puntu.

Kontuan hartuko dira 20 orduko edo gehiagoko prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak, interesdunak jasotakoak zein emandakoak, honela: 0,20 puntu kreditu bakoitzeko edo prestakuntzako 10 orduko.

Ez dira kontuan hartuko 20 ordutik beherako ikastaroak.

Interesdunak jasotako ikastaroek titulu ofizialak izan beharko dute edo, bestela, ofizialki aitortutako prestakuntza zentroetan jasoak, eta behin besterik ez dira baloratuko, nahiz eta interesdunak ikastaroaren edizio bat baino gehiago jaso edo eman izan.

d) Bekaren xede diren arloekin edo titulazioekin lotutako proiektuetan parte hartzea (beste beka batzuk, curriculumaz kanpoko praktikak eta abar): 0,10 puntu hilabete bakoitzeko, 2 puntura arte gehienez.

Horretarako, hilabete osoak zenbatuko dira, eta ez dira kontuan hartuko hortik beherako aldiak.

Curriculumeko praktikak ez dira kontuan hartuko.

e) Hizkuntzak jakitea: 2 puntu gehienez.

Ingelesa baloratuko da, interes zientifikoko hizkuntza den aldetik, bai eta euskara ere; hizkuntza eskola ofizialetako tituluak hartuko dira kontuan, edo Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aitortutako erakundeetakoak. Ebazpen horrek baliozkotzeak ezarri zituen euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila frogatzen duten titulu eta ziurtagirien artean, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera.

–A2 maila: 0,20 puntu.

–B1 maila: 0,30 puntu.

–B2 maila: 0,5 puntu.

–C1 maila: 0,75 puntu.

–C2 maila: 1 puntu.

f) Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko aukera berdintasunaren eta generoaren arloko prestakuntza: 1 puntu gehienez. 20 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.

–600 ordutik gorako ikastaroak: 1 puntu.

–400 ordutik 600 ordura bitarteko prestakuntza: 0,75 puntu.

–200 ordutik 400 ordura bitarteko prestakuntza: 0,5 puntu.

–20 ordutik 200 ordura bitarteko prestakuntza: 0,25 puntu.

Puntuazio orokorrean berdinketa gertatuz gero, lehenik, ikasketa espedienteko a) atalean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan. Hala ere, berdinketak jarraituz gero, beste ikasketa titulu batzuetan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, eta horrela hurrenez hurren, balorazio irizpideen zerrendaren ordena berean.

Zortzigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hamabost egun baliodunean aurkeztuko dira eskaerak.

2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea, 9, Iruña), Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan (zerrenda 2014ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 7an), https://www.navarra.es/eu/herritarren-arreta/bulegoetako-arreta Interneteko helbidean edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

3. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskabidea, eredu normalizatuaren araberakoa, https://www.nafarroa.eus web-orrian eskuragarri dagoena.

b) Curriculum vitae-a, non adieraziko baitira egindako ikasketak, burututako jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak eta aipatu nahi diren merezimendu guztiak.

c) Zuzenbideko graduaren tituluaren fotokopia.

d) Ikasketa espedientearen ziurtagiria (jatorrizkoa edo fotokopia), maila bakoitzeko gai guztien kalifikazioekin, batez besteko nota barne, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatzen duena.

e) Aurreko oinarrian adierazten diren merezimenduen egiaztagiriak.

f) Nortasun Agiri Nazionalaren edo baliokidea den identifikazio agiriaren fotokopia.

g) Nafarroako erroldatze-ziurtagiria, antzinatasuna zehazten duena, beranduenik bi hilabete lehenago egina.

h) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere ez dagoela adierazten duena.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4. Epe barrenean aurkeztutako eskaeran behar diren datu guztiak jasotzen ez badira edo eskatutako agiriak eransten ez bazaizkio, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzendu ditzala edo agindutako agiriak aurkez ditzala. Halaber, jakinaraziko zaio ezen hori egiten ez badu ulertuko dela eskaerari uko egin diola. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, eta interesdunari jakinaraziko zaio.

Eskatzaileek beren helbide elektronikoa emanen dute, behar diren komunikazioak eta/edo jakinarazpenak egiteko.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

5. Prestakuntza bekak jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

Bederatzigarrena.–Ebaluazio batzordea.

1. Ebaluazio batzorde batek ebaluatuko ditu eskaerak, oinarri arautzaile hauetan ezarritako balorazio-irizpide, -modu eta -lehentasunak kontuan hartuta. Batzordea honako hauek osatuko dute:

Batzordeburua: Tania Bernaldo de Quirós Miranda, Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

Batzordekidea: José Joaquín Medrano Artola, Administrazio Publikoko teknikaria (arlo juridikokoa).

Idazkaria: Luis Ángel García Nicolás, Administrazio Publikoko teknikaria (arlo juridikokoa).

Batzordeko kideak kanpoan edo gaixorik badaude, horien ordez Idazkaritza Tekniko Nagusiko kideak arituko dira, baldin eta deialdi honetan eskatzen den titulazio berdina badute.

Hamargarrena.–Bekaren tramitazioa eta hura emateko ebazpena.

1. Eskaerak hartutakoan, Ebaluazio Batzordeak espedientea aztertu eta ebaluatuko du. Eskaerak ez baditu betetzen finkatutako baldintzak edo osorik ez badago, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio jakinarazten dionetik gehienez ere hamar egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzen duen ebazpena emanen dela.

Eskaera osoa eta behar bezalakoa dela ikusitakoan, 7. oinarrian ezarritakoaren arabera barematuko da espedientea, eta Balorazio Batzordeak lehentasun ordena zehaztuko du ateratzen den baremoaren arabera.

Oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko, eta ez da zuzenduko eskaerarekin batera barematzeko aurkezten ez den merezimenduen dokumentazioa.

2. Merezimenduak kalifikatzeko prozesua bukatuta, ebaluazio batzordeak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko iragarki-taulan (González Tablas kalea 9, Iruña) argitaratuko du aukeraturiko izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa, baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxan ere (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

3. Ebaluazio batzordeak organo eskudunari igorriko dio bekak emateko proposamena, loteslea izanen dena.

4. Hautatutako gainerako eskatzaileekin ordezkapenetarako zerrenda bat osatuko da, guztira lortzen duten puntuazioaren araberako hurrenkerari jarraikiz; hurrenkera horri zorrotz jarraituko zaio sortzen ahal diren bajak betetzeko, onuradunak uko egiten duenean, ezinbesteko kasuetan, baldintzak betetzen ez dituenean edo behar bezala arrazoitutako beste edozein kasutan.

5. Ebazpen proposamena ikusita, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak beka nori eman ebatziko du.

Prozedura ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori bukatzen denerako berariazko ebazpena argitaratu edo jakinarazi ez bada, uler daiteke eskaerak ezetsi egin direla administrazioaren isiltasunez.

Administrazio prozedura erkideari buruzko legedian ezarritako bideak erabiliko dira interesdunari jakinarazteko nori esleitu zaion beka eta, halakorik bada, gainerako eskaerak ukatu direla. Hori guztia Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren iragarki taulan argitaratuko da (González Tablas kalea 9, Iruña), baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoko fitxan ere (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Bekaren adjudikazioari buruzko jakinarazpenean, onuradunei ezarritako baldintzak zehaztuko dira.

Hamaikagarrena.–Jabetza intelektuala.

Egiten diren dokumentu eta lanen jabetza intelektuala Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarena izanen da, eta berak bakarrik izanen du haiek zabaldu eta argitaratzeko eskubidea.

Hamabigarrena.–Jardueren hasiera eta ukoak.

1. Prestakuntza beka jasotzen duenak organo eskudunak agintzen dion egunean hasi beharko du jardueran, edo, bestela, bekaren esleipena jakinarazi eta hamar eguneko epean gehienez. Hori egin ezean, ulertuko da onuradunak bekari uko egin diola behin betiko, non ez den ezinbesteko arrazoirik edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera.

2. Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, organo eskudunak zilegi izanen du beka hori ematea ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo postuan ageri denari, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte sortu diren betebeharrak betetzea.

Hamahirugarrena.–Betebeharrak eta bateraezintasunak.

1. Bekaren onuradunek apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 16. eta 19. artikuluetan ezarritako bateraezintasun araubidea eta betebehar orokorrak bete beharko dituzte (foru dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezarri zen).

2. Jarduerak hasten diren unean, onuradunak ez dira jasotzen ariko bekarekin bateraezina den beste edozein laguntza publiko edo pribatu.

Hamalaugarrena.–Tutoretza eta jarduerak.

1. Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Ataleko buruak zuzendu eta ikuskatuko ditu bekaren onuradunak egin beharreko jarduerak. Tutoreak eginkizun jakin batzuk ezarriko dizkio, ordutegiak finkatuko ditu eta bekadunen betebeharrak eta jarduerak betetzen diren begiratuko du, haren ardura izanen baita bekaduna gainbegiratzea.

2. Beka emateak ez du inolaz ere sortuko lan, kontratu edo estatutu bidezko harremanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.

3. Bekadunak 2,5 egun naturaleko atsedenaldia izanen du bekaldiaren hilabete bakoitzeko.

4. Zein unitate administratibotan egiten diren jarduerak, haren barne edo funtzionamendu araubideari jarraituko zaio eskubide horiek erabiltzeko.

5. Bekadunak prestakuntzarako beharrezkoak diren joan-etorriak egin beharko ditu.

Hamabosgarrena.–Kalte-ordainak.

1. Bekadunak eskubidea du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko.

Hamaseigarrena.–Kalteengatiko erantzukizuna.

Administrazio Publikoa izanen da bekadunak bere prestakuntza jarduera bitartean hirugarrenei eragiten dizkien kalte-galeren erantzulea, baina administrazio horrek zilegi izanen du bekadunak, dolo, erru edo zabarkeria larriagatik, izan dezakeen erantzukizuna eskatzea.

Hamazazpigarrena.–Bekaren bukaera.

Beka amaitzeko arrazoiak honako hauek izanen dira:

a) Bekaldiaren amaiera, luzapenik izan gabe.

b) Luzapenaren gehieneko epea amaitzea.

c) Bekari probetxurik ez ateratzea.

d) Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak ez betetzea, jarduerak egiten ardurarik ez jartzea, prestakuntzaren errendimendu edo probetxu eskasa zein eza izatea, edo lanak kalitate gabekoak izatea.

Hamazortzigarrena.–Araubide juridikoa.

Oinarri hauetan aurreikusten ez den orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: 172/2004 Foru Dekretua, apirilaren 19koa, araubide orokorra ezartzen duena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko, eta 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

Hemeretzigarrena.–Errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2112488