209. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

194E/2021 EBAZPENA, abuztuaren 11koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baitzaio proiektu honi: “Ustaize-Nabaskoze” 20 kV-eko lur azpiko eta aireko linea elektrikoaren ingurumen ukipenetarako baimena luzatzea”. Proiektua Nabaskozeko udal mugartean dago, eta I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da haren sustatzailea.

2021eko apirilaren 14an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta izanen dituela uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak 117. artikuluan ezarritako ondorioak (legegintzako foru dekretu horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

Proiektuko jarduketaren xedea da 20 kV-eko linea elektriko bat (zirkuitu bakunekoa) paratzea Nabaskoze eta Ustaize artean, bi herri horien arteko zerbitzua hobetzeko eta horniduraren tentsioa bateratzeko, hori guztia Iberdrola Distribución Eléctrica SAUren esparruaren barruan.

Linearen aireko zatia 4 km inguru luze da, eta lur azpiko zatia, berriz, 0,98 km. Ustaizeko BTA eta “Judasen Benta-Irunberri 2. zirkuitua” izeneko 13,2 kV-eko linearen 1467. euskarria lotzen ditu. Euskarri hori, hain zuzen, Nabaskoze eta Ustaize lotzen dituen errepidetik hegoaldera dago, Zaraitzu ibaiaren gainean. Linea errepidearekiko paraleloan egonen da, mendebaldetik.

Aireko linea euskarri metalikoen gainean jarriko da. Lur azpiko zatirako zanga bat eginen da (sakonera 70 cm-koa eta zabalera 35 cm-koa), eta han plastikozko 4 hodi jarriko dira, linea bideratzeko.

Nafarroako Gobernuko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 3ko 2E/2019 Ebazpenaren bidez, ingurumen ukipenetarako baimena eman zen proiektu honetarako: “20 kV-eko zirkuitu bikoitzeko aireko eta lur azpiko Ustaize-Nabaskoze linea elektriko berria, Nabaskozeko udal mugartean”. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU izan zen.

Eskaerarako zioa da baimen hori eman zenetik bi urte baino gehiago iragan direla proiektua gauzatzen hasi gabe; beraz, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 37. artikuluaren arabera, ingurumen ukipenetarako baimena iraungitzat jo behar da, sustatzaileak proiektua martxan jartzea galarazi duten inguruabarren zergatiak azaldu ezean. I-DE Redes eléctricas inteligentes SAk adierazi du bere borondatearekin zerikusirik ez duten zioengatik atzeratu dela proiektuaren hasiera eta, beraz, baimen hori luzatzea eskatzen duela.

Trazadurarako proposamena, ezaugarri teknikoak, neurri zuzentzaileak eta beste alderdi garrantzitsu batzuk bat datoz 2019ko espedientean jasotakoarekin. Lursailen eta proiektua kokatuta dagoen ingurunearen ingurumen baldintzek ez dute aldaketa nabarmenik izan. Halaber, ez da behar neurri zuzentzaile edo ingurumen jarraipeneko neurri berri gehigarririk, behinola aurkeztu zen ukipenen azterketan edo urtarrilaren 3ko 2E/2019 Ebazpenean jasotakoak besterik ez.

Espedientean Nabaskozeko Udalaren aldeko txostena jaso da. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita. Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

Ebazten dut:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: “Ustaize-Nabaskoze” lur azpiko eta aireko 20 kV-eko linea elektrikoaren ingurumen ukipenetarako baimena luzatzea”. Nabaskozeko udal mugartean dago, eta I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da haren sustatzailea.

2. Baimen honek hurrengo baldintzak aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Hirigintza eta lurralde arlokoak:

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.

–Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.

–Herri-lurren Atalak, 2018ko ekainaren 11ko txostenean, zehazten du ezen linea elektriko berriak herri-lurrak ukituko dituenez, Nabaskozeko eta Ustaizeko kontzejuek lursail horiek okupatzeko espediente bati hasiera eman eta, obra lizentzia eman baino lehen, aipatu lursailak okupatzeko baimena lortu beharko dutela Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez. Horretarako, aginduzko tramiteen ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Herri Lan Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzuak aldeko txostena eman du, 2018ko uztailaren 20koa, eta honako determinazioak zehaztu ditu:

a) Aireko lineari eusteko dorreak errepidearen galtzada zedarritzeko kanpoko lerrotik bereiz egonen dira. Tarte hori, gutxienez, dorreen garaieraren parekoa izanen da. Foru Komunitatearen intereseko errepideetan (NA-178 halakoxea da), ezin da inola ere 25 metrotik beherako tarterik utzi, halako eran non eroriz gero ez baitu galtzada ukituko.

b) NA-178 errepidean proiektatutako lur azpiko hiru gurutzeak errepidearen zorua ukitu gabe eginen dira, “satorra” baliatuz eta “iltzatze” sistemaren bitartez, eta %1eko maldari eutsiz, gutxienez, babes estalki gisa erabiliko den kutxatilen arteko hodiaren kanalizazioan.

c) NA-2124 errepideko lur azpiko gurutzea aire zabalean egiten ahal da.

d) Sustatzaileak, lanak gauzatu aurretik, eta haietarako behar den eskaerarekin batera, egin beharreko obrak guztiz zehazten dituen dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du Herri Lan Zuzendaritza Nagusian, NA-178 eta NA-2124 errepideetan ukitzen dutena azalduz, eta goian ezarritako determinazioak beteko dituzte baimena lortzeko, hori bidezko bada.

e) Sustatzailearen kargura izanen dira dokumentazio teknikoa prestatzeari, lanak egiteari eta behar bezala funtzionatzeko behar diren kontsumoei dagozkien gastuak.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki, jarduketak Zaraitzu ibaiaren eta beste ur-laster batzuen zaintza eremua ukitzen duenez, sustatzaileak Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena eskuratu beharko du.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

–Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita edota kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

Ingurumenari dagokionez, urtarrilaren 3ko 2E/2019 Ebazpenak biltzen dituen baldintzak bete beharko ditu:

–1432/2008 Errege Dekretua betetzeko, eta aurkeztutako dokumentazioarekin bat, U70YB20-AL motako isolatzaileak erabiliko dira, PECA--1000-A elementuekin, oratzeko kateak dituzten euskarri guztietarako. Esekidurazkoak, berriz, U70YB20 motakoak izanen dira. Batzuetan zein besteetan, erdiko eroalea forratuko da, eta horren finkatzeko grapa ere isolatuko da grapa estaltzaile batekin.

–Era berean, deribazio euskarrian (deribazio gurutzetan ebakitzailea izanen duena, eta lur azpira igarotzekoan ebakitzailea eta autobalbulak), deribazio eroale, terminal eta autobalbula guztiak forratuko dira, eta grapa estaltzaileekin isolatuko dira eroaleetako grapa guztiak; autobalbuletako lotunean, berriz, karpeta isolatzaileak baliatuko dira.

–Ganga formako euskarrietan, kate esekiak dituztenetan, eroale zentrala metro 1 isolatu beharko da alde bakoitzean, oratzeko grapa barne.

–Hegaztiak babesteko balizekin seinaleztatu beharko dira hiru eroaleak linea osoan. Fase bereko bi baliza kontsekutiboren arteko tartea 15 metrokoa izanen da gehienez, halako moduan non seinaleen arteko ikusizko distantzia, albotik begiratuta, 5 metrokoa edo txikiagoa izanen baita.

–Lanek aldatutako eremu guztiak, euskarrietara joateko bide berrien ertzak eta lanak bukatu ondoren utziko ez diren aztarnak barne, inguru horretako berezko belar eta zuhaixken espezieak jarriz lehengoratuko dira.

–Lehentasunez, uztailaren eta azaroaren 15a bitarte eginen dira lan guztiak; hau da, proiektuaren ingurunean bizi diren hegazti espezie mehatxatuek ugaltzeko baliatzen duten epe kritikotik kanpo.

–Lanek irauten duten bitartean, ez da makineria astunik sartuko lineak zeharkatzen dituen zazpi sakanen ibilguetan, eta euskarriak ibilgutik zein horren zortasun eremutik kanpo kokatuko dira.

–Erronkari-Zaraitzu barrutiko Ingurumena Zaintzeko Taldeari ohartarazpena igorri beharko zaio (948890518 edo 699307698, gmaroncal@navarra.es) lanak hasi baino 48 ordu lehenago, gutxienez, euskarrieta sartzeko bideak zehazteko, zuhaitzik moztu behar den aztertzeko (ahal bezain gutxien moztu beharko dira) eta, hala badagokio, linea berriaren lur azpiko hoditeriak Zaraitzu ibaia gurutzatzen duen tokian neurri bereziren bat hartu behar den zehazteko.

–Lanak egin bitartean, ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat aurkituz gero, obrak berehala geldiaraziko dira eta aurkikuntzaren berri emanen zaio Ondare Historikoaren Zerbitzuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari.

–Lanak bukatzean, sustatzaileak txosten teknikoa bidaliko du Biodibertsitatearen Zerbitzura ezarritako ingurumen zehaztapenak gauzatzeak izandako emaitzari eta eraginkortasunari buruz, bai eta, hala badagokio, hasierako bisitaldian erabaki diren bestelako zehaztapenen eraginari buruz ere, bereziki Zaraitzu ibaiarekiko gurutzeari eta lanetara iristeko bideek eragindako lursailak lehengoratzeari dagokienez. Gainera, ingurumen jarraipeneko txosten bat aurkeztu beharko da lanak bukatu eta urtebeteren buruan.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 15.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Azpiegitura Energetikoen Atalera, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Nabaskozeko Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Erronkari-Zaraitzuko Koordinazio Unitatera) eta interesdunari.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 11n.–Naturaguneen eta Espezie Babestuen Ataleko burua, María Carmen Areta Cebrián, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria ordezkatuz, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 16ko 291E/2019 Ebazpenaren arabera.

Iragarkiaren kodea: F2112442