208. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

87/2021 EBAZPENA, abuztuaren 11koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Foru Komunitatean Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroen eskaintza 2021-2022 ikasturterako, eta, horrekin batera, onesten baitira jarraibideak onarpen prozedurari buruz, eskola-egutegiari eta ordutegi orokorrari buruz eta ziklo horien antolamenduari eta funtzionamenduari buruz.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak eman dion idazkeran, ezartzen du 41.2 artikuluan ezen Lanbide Heziketako erdi mailako zikloetan sartzeko baldintza bat dela erdi mailako zikloetan sartzeko berariazko prestakuntza ikastaro bat gainditzea; 41.3. artikuluan, berriz, ezartzen du Lanbide Heziketako goi mailako zikloetan sartzeko baldintza bat dela goi mailako zikloetan sartzeko berariazko prestakuntza ikastaro bat gainditzea. Orobat, 41. artikuluaren 5. apartatuan ezartzen du hezkuntza administrazioek Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko berariazko prestakuntza ikastaroak eskainiko dizkietela sartzeko baldintzak betetzen ez dituzten ikasleei.

Behin ezarrita Lanbide Hezkuntzako erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko baldintzak, Hezkuntza Departamentuak Nafarroan abiaraziko ditu, modu esperimentalean, Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko berariazko prestakuntza ikastaroak. Bi ikastaro izanen dira: “Erdi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa” eta “Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa”, hurrenez hurren, eta haien helburua izanen da erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko eskakizun akademikoak betetzen ez dituzten helduei laguntzea Lanbide Heziketako ziklo horietara iristeko behar duten prestakuntza eta lanbide-ezagutza eskuratzen. Hori dela eta, bidezkoa da “Erdi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa” eta “Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa” arautzea Nafarroako Foru Komunitatean.

Horrenbestez, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuak egindako aldeko txostena ikusirik, non agertzen baita helduen ezaugarrietara egokitutako prestakuntza eskaintza batzuk egitearen alde, bide emanen dutenak Lanbide Heziketako tituluak lortzera bideratutako erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko baldintzak betetzeko.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 41. artikuluak aipatzen dituen Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko berariazko prestakuntza ikastaroak arautzea Nafarroako Foru Komunitatean. “Erdi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa” eta “Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa” izanen dira, eta ebazpen honen 1. eranskineko oinarrietan xedatutakoaren arabera arautuko dira.

2. “Erdi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa” eta “Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa” delakoen eskaintza ezartzea 2021-2022 ikasturterako, horietan sartzeko eskakizun akademikoak betetzen ez dituzten helduei laguntzeko haietara iristen. Ebazpen honen 2. eranskinean aipatzen dira sarrera ikastaroaren modalitateak eta zein ikastetxetan emanen diren.

3. 2021-2022 ikasturtean ikasleak ikastetxe publikoetako “Erdi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa” eta “Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa” delakoetan onartzeko prozeduraren jarraibideak, egutegia eta beste alderdi batzuk onestea. Ebazpen honen 3. eta 4. eranskinetan daude jasota.

4. Onestea 2021-2022 ikasturtean helduentzako “Erdi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa” eta “Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa” delakoak emanen dituzten ikastetxeen egutegiari eta ordutegi orokorrari buruzko jarraibide berariazkoak. Ebazpen honen 5. eranskinean ageri dira.

5. Onestea 2021-2022 ikasturtean helduentzako “Erdi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa” eta “Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa” delakoak emanen dituzten ikastetxeen antolamendua eta funtzionamendua arautzeko jarraibide berariazkoak. Ebazpen honen 6. eranskinean ageri dira.

6. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

7. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzura, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora, Eskolatze Bulegora, Etengabeko Prestakuntzaren Bulegora eta ukitutako ikastetxeetara.

8. Ebazpen honen eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 11n.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

1. ERANSKINA

Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroak: araudia eta ezaugarri orokorrak

XEDAPEN OROKORRAK

1. oinarria.–Definizioa.

Erdi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa da Nafarroan hartzen den bidea honako hau antolatzeko: Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 41.2 artikuluan aipatzen den Lanbide Heziketako erdi mailako zikloetan sartzeko berariazko prestakuntza ikastaroa.

Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa da Nafarroan hartzen den bidea honako hau antolatzeko: Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 41.3 artikuluan aipatzen den Lanbide Heziketako goi mailako zikloetan sartzeko berariazko prestakuntza ikastaroa.

2. oinarria.–Xedea eta helburuak.

Erdi mailako zikloetan sartzeko ikastaroak bi xede ditu: batetik, frogatzea ikasleak badituela Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako oinarrizko gaitasunak erdi mailako heziketa zikloetan sartzeko, ezarrita daudenak uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren II. eranskinean; eta, bestetik, horietan sartzeko baldintzak betetzen ez dituzten helduei laguntzea Lanbide Heziketako erdi mailako zikloetara edo 2. mailako kualifikazioa eskuratzeko bestelako prestakuntzetara iristen.

Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroak bi xede ditu: batetik, frogatzea ikasleak baduela Batxilergoko helburuetarako heldutasuna eta badituela goi mailako heziketa zikloetan sartzeko gaitasunak, ezarrita daudenak uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren III. eranskinean; eta, bestetik, horietan sartzeko baldintzak betetzen ez dituzten helduei laguntzea Lanbide Heziketako goi mailako zikloetara edo 3. mailako kualifikazioa eskuratzeko bestelako prestakuntzetara iristen.

3. oinarria.–Ikasleak.

1. Erdi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa da erdi mailako zikloetan sartzeko ikasketa eskakizunak betetzen ez dituztenentzat; ikasturtea hasten denean 17 urte edo gehiago eduki behar dituzte.

2. Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa da goi mailako zikloetan sartzeko ikasketa eskakizunak betetzen ez dituztenentzat; ikasturtea hasten denean 18 urte edo gehiago eduki behar dituzte.

4. oinarria.–Ezaugarri orokorrak.

1. Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroak ikasturte batekoak dira.

2. Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroetako ikasleek, oro har, ikasturte bakarra egin beharko dute.

3. Erdi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa osatzen duten ikasgaiak ezin izanen dira baliozkotu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako izen berekoekin. Orobat, goi mailako zikloetan sartzeko ikastarokoak ezin izanen dira baliozkotu Batxilergoko izen berekoekin.

5. oinarria.–Matrikula.

1. Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroan matrikulatzeak ekartzen du hura osatzen duten irakasgai guztietan matrikulatzea, eta eskubidea ematen du azken ebaluazioaren bi deialdi izateko ikasturte bakoitzeko.

2. Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko ikastaro hauetarako matrikula eginen da ikastetxe publikoetan ikasleak onartzeko prozedura arautzen duen ebazpenean ezarritako moduan, epeetan eta egunetan.

EGITURA

6. oinarria.–Erdi mailako zikloetan sartzeko ikastaroaren antolaketa eta egitura.

1. Erdi mailako zikloetan sartzeko ikastaroak modalitate bakarra du, eta hiru esparru hauetan egituratuta dago:

a) Komunikazio esparrua.

b) Gizarte esparrua.

c) Zientzia eta teknologiaren esparrua.

2. Hauek dira esparru bakoitzeko irakasgaiak:

a) Komunikazio esparrua: “Gaztelania” eta “Ingelesa”.

b) Gizarte esparrua: “Geografia eta Historia”.

c) Zientzia eta teknologiaren esparrua: “Matematika”, “Teknologia eta Informatika” eta “Natura Zientziak”.

7. oinarria.–Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroaren antolaketa eta egitura.

1. Sektore profesional desberdinei erantzute aldera, Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroak hiru modalitate hauetan antolatu dira:

a) Zientziak eta Ingeniaritza.

b) Gizarte Zientziak.

c) Osasun Zientziak.

2. Goi mailako zikloetan sartzeko modalitate bakoitza bi zati hauetan antolatuta dago:

a) Zati komuna: hiru irakasgai dituena.

b) Berariazko zatia: bi irakasgai dituena sarrera ikastaro bakoitzaren modalitaterako.

3. Hauek dira zati komunaren irakasgaiak:

a) Gaztelania.

b) Ingelesa.

c) Gizarte zientziei aplikatutako matematika (“Gizarte Zientziak” eta “Osasun Zientziak” modalitateetan) edo Matematika (“Zientziak eta Ingeniaritza” modalitatean).

4. Hauek dira berariazko zatiaren irakasgaiak:

a) Zientziak eta Ingeniaritza modalitatea: “Fisika” eta “Teknologia”.

b) Gizarte Zientziak modalitatea: “Ekonomia” eta “Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak”.

c) Osasun Zientziak modalitatea: “Biologia” eta “Kimika”.

8. oinarria.–Ikastaro modalitateak eta irakasgaien ordu banaketa.

1. Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa modalitate hauetan egin daiteke:

a) Aurrez aurreko modalitatea.

b) Online modalitatea.

c) Tutorepeko urrutiko modalitatea.

2. Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak dagokion ebazpena emanen du urtero ikastaro modalitatea eta ordu banaketa ezartzeko.

3. 2021-2022 ikasturtean eskaintzen den modalitate bakoitzean, ikasleek honela banatuta izanen dituzte irakasgaietako orduak:

a) Erdi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa: aurrez aurreko modalitatea. 16 eskolaldi, honela banaturik:

–Gaztelania: 3 eskolaldi.

–Ingelesa: eskolaldi bat.

–Geografia eta Historia: 3 eskolaldi.

–Matematika: 3 eskolaldi.

–Teknologia eta Informatika: 3 eskolaldi.

–Natura Zientziak: 2 eskolaldi.

–Tutoretza: eskolaldi bat.

b) Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa: tutorepeko urrutiko modalitatea.

Sarrera ikastaroko irakasgai bakoitzean egonen da, gutxienez, taldeko tutoretza saio bat eta banakako tutoretza saio bat.

CURRICULUMA

9. oinarria.–Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroen curriculuma.

1. Erdi mailako zikloetan sartzeko ikastaroaren curriculuma ezartzeko, erreferentzia gisa hartuko da helduentzako Bigarren Hezkuntzako jakintza esparruetako moduluetarako ezarritakoa, Nafarroan indarrean dagoen curriculumarekin bat etorriz, helburu izanik erdi mailako heziketa zikloetan sartzeko oinarrizko gaitasunak eskuratzea. Gaitasun horiek, hain zuzen, jasota daude Hezkuntza sistemako lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzeko uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren II. eranskinean.

2. Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroaren curriculuma ezartzeko, erreferentzia gisa hartuko da urrutiko Batxilergoko irakasgaietarako ezarritakoa, Nafarroan indarrean dagoen curriculumarekin bat etorriz, helburu izanik goi mailako heziketa zikloetan sartzeko oinarrizko gaitasunak eskuratzea. Gaitasun horiek, hain zuzen, jasota daude Hezkuntza sistemako lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzeko uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren III. eranskinean.

3. Irakasle taldeak hartu beharko ditu metodologia didaktikoari buruzko erabakiak, ikasle guztien arrakastarako egokiak diren ikuspegiak bilatuz, eta bat etorriz Nafarroan ezarrita dagoenarekin helduen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako eta urrutiko Batxilergorako.

10. oinarria.–Printzipio pedagogiko orokorrak.

1. Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroetan erabiltzen den metodologiak bat etorri behar du Nafarroan ezarrita dagoenarekin, hurrenez hurren, helduen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako eta urrutiko Batxilergorako.

2. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak ikaskuntzarako beharrezko tresna izanen dira irakasgai guztietan, bai erdi eta goi mailako zikloetan nahitaezkoak izateagatik, bai eguneroko bizitzarako eta laneratzeko erabilgarriak izateagatik.

3. Irakasleek irakasgai guztietan landuko dituzte irakurmena, idazmena eta jendaurrean ahoz behar bezala aritzeko gaitasuna.

4. Ikastetxeek ikasleen ikaskuntza-erritmo ezberdinak eta haien banakako ezaugarriak eta/edo ikaskuntza-estiloak kontuan hartzen dituzten metodologiak erabiliko dituzte, ikasle guztiek beren gaitasunak ahalik eta gehien garatzea lortzeko. Halaber, metodologia horiek berez ikasteko gaitasunari lagundu, eta talde lana sustatu beharko dute.

5. Tutoretza eta hezkuntza- eta lanbide-orientazioa funtsezko osagaiak dira erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroan. Irakasle tutoreek irakasle taldearen hezkuntza arloko esku-hartzea koordinatuko dute.

11. artikulua.–Zeharkako elementuak.

1. Ikastetxeek, irakaskuntzako programazioaren bitartez, gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasuna garatu beharko dute, genero-indarkeria edo desgaitasuna duten pertsonen kontrakoa prebenitzeko, baita edozein indarkeria, arrazakeria edo xenofobia mota prebenitzeko ere.

2. Era berean, ikastetxeek ekintzak gauzatuko dituzte ezein izaera edo egoera pertsonal edo sozial dela-eta diskriminazio-ezak eta tratu berdintasunak berezko dituzten balioak sustatzeko helburuarekin eta horretarako, beste neurri batzuen artean, edozein diskriminazio mota suposatzen duten portaera eta eduki sexistak eta estereotipoak ekidinen dituzte.

3. Ikastetxeek ekintzak garatuko dituzte elkarbizitza hobea izaten ikasteko, norberaren bizitzan, familian eta inguruan gatazkak era baketsuan konpondu eta prebenitzeko, giza eskubideak errespetatzeko, gizonak eta emakumeak berdin errespetatzeko, baita desgaitasuna dutenak ere, eta edozein bortizkeria motari arbuio egiteko.

4. Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroaren curriculuma ekintzailearen espiritua garatu eta finkatzeko osagaiak izanen ditu, sormena, autonomia, ekimena, talde lana, norberaren konfiantza eta zentzu kritikoa gisako gaitasunak oinarri hartuta. Halaber, curriculumeko beste osagai batzuk izanen ditu, ondoko hauekin lotura dutenak: garapen jasangarria eta ingurumena, sexu abusua eta esplotazio arriskua, desgaitasuna dutenez abusatzea eta haiei tratu txarrak ematea, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak behar ez bezala erabiltzearen ondoriozko arriskuak eta babesa bilatzea larrialdietan eta hondamendietan.

12. oinarria.–Tutoretza eta hezkuntza-orientazioa.

1. Tutoretza eta hezkuntza-orientazioa irakaslanaren zati dira eta ikasle talde bakoitzeko irakasle guztiak elkarlanean ariko dira lan horietan.

2. Taldeek tutore bana izanen dute. Tutoreak irakasle taldearen jarduna eta irakaskuntza koordinatuko ditu.

3. Ikastetxeko zuzendariak izendatuko du tutorea, ikasketaburuaren proposamenari jarraituz, ikasle taldearekin diharduten irakasleen artetik.

4. Tutore bakoitzak bere taldeari edo taldeei jakinarazi behar die tutoretzarako ezarria duen ordutegia. Astean eskolaldi bat esleituko zaie tutoretza lanetarako.

5. Tutoreak honako eginkizun hauek bete beharko ditu:

–Irakasle taldearen hezkuntzako esku-hartzea koordinatzea.

–Ikasleen banakako eta taldeko hezkuntza prozesua bideratzea.

–Ebaluazio saioak koordinatzea eta haietan buru izatea.

–Ikasleek taldean izan behar duten integrazioa erraztea eta ikastetxeko jardueretan parte har dezaten sustatzea.

–Taldearen eskariak eta kezkak bideratzea eta bitartekotzan aritzea gainerako irakasleen eta zuzendaritza taldearen aurrean.

6. Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroetako ikasleek izanen dituzte indarreko araudiko hezkuntza-orientazioko neurrietatik helduen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat eta urrutiko Batxilergoko ikasleentzat ezarritako horiek, hurrenez hurren.

Hezkuntza-orientazioa bereziki garrantzitsua da erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroen une zehatz hauetan:

a) Sarrera ikastaroaren hasieran: ikasle bakoitzari emanen zaio informazioa sarrera ikastaroaren antolaketari buruz, eta aholkularitza eskainiko zaio, ikastaroa gainditzen lagunduko dion lan-plangintza bat egin dezan.

b) Lanbide Heziketako zikloetan izena emateko epe arrunta hasi aurretik: ikasleei orientazioa emanen zaie onartuak izateko prozedurari buruz eta arlo akademiko eta profesionalean etorkizunean izanen dituzten aukerei buruz.

EBALUAZIOA

13. oinarria.–Ebaluazioa.

1. Erdi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa ebaluatuko da bat etorriz helduen Bigarren Hezkuntzarako Nafarroan indarrean dagoen ebaluazio araudiarekin, honako alderdi hauei dagokienez: ebaluazioaren ezaugarri orokorrak, kalifikazioen eskala, irakasle taldea, ebaluazio jarraitua, azken ebaluazioa, ebaluazio agiriak, ebaluazio agiriak baliabide elektronikoen bidez betetzea eta ebaluazio prozesua gainbegiratzea. Alderdi horiek sarrera ikastaroko inguruabar jakinetara egokituko dira, eta, zehazki, honako hauetan berariaz jasotakoetara:

a) Ebaluazioaren ezaugarri orokorrak: ikasleen ikaskuntzaren barruan baloratuko dena da erdi mailako heziketa zikloetan sartzeko oinarrizko gaitasunak eskuratu ote dituzten. Gaitasun horiek, hain zuzen, jasota daude Hezkuntza sistemako lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzeko uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren II. eranskinean.

b) Kalifikazioen eskala: ikastaroko irakasgai bakoitza zenbakiz kalifikatuko da, 1 eta 10 artean.

–Erdi mailako zikloetan sartzeko ikastaroan, esparru bakoitza zenbakiz kalifikatuko da, 1 eta 10 artean. Kalifikazioa ezartzeko, esparrua osatzen duten irakasgaien batezbesteko aritmetikoa eginen da, biribiltzeko arau matematikoa aplikatuta. Esparruaren batezbestekoa egin ahal izateko, 4 puntu gutxienez eskuratu beharko dira irakasgai bakoitzean. Esparruak zenbakiz kalifikatuko dira: 1 eta 10 artean, bi dezimalekin.

Ikastaroaren azken kalifikazioa “gai” (ikastaroaren batez besteko nota kalkulatuko da) edo “ez gai” izanen da (ez da kalkulatuko ikastaroaren batez besteko nota).

Erdi mailako zikloetan sartzeko ikastaroari “gai” kalifikazioa emanen zaio bi baldintza hauek aldi berean betez gero: (1) esparru guztietan edukitzea bost puntuko kalifikazioa edo handiagoa edo lau puntuko kalifikazio bat, gutxienez, edukitzea eta (2) esparruen batezbesteko aritmetikoa bost puntukoa edo handiagoa izatea.

Erdi mailako zikloetan sartzeko ikastaroari “ezgai” kalifikazioa emanen zaio (eta ez da kalkulatuko ikastaroaren batez besteko nota) aurreko bi baldintza horiek betetzen ez badira.

c) Azken ebaluazioa: ikastaroaren amaieran eginen da; zer egunetan izanen den zehaztuko da sarrera ikastaro hauetarako egutegia eta antolamendurako eta funtzionamendurako jarraibideak arautzeko urtero emanen den ebazpenean. Bi deialdi eginen dira ikasturte bakoitzean: bata arrunta eta bestea apartekoa.

2. Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa ebaluatuko da bat etorriz urrutiko Batxilergorako Nafarroan indarrean dagoen ebaluazio araudiarekin, honako alderdi hauei dagokienez: ebaluazioaren ezaugarri orokorrak, kalifikazioen eskala, irakasle taldea, hasierako ebaluazioa, ebaluazio jarraitua eta errekuperazioa, ikastaroaren azken ebaluazioa, ebaluazio agiriak, ebaluazio agiriak betetzea eta zaintzea, matrikula deuseztatzea eta ebaluazio prozesua gainbegiratzea. Alderdi horiek sarrera ikastaroko inguruabar jakinetara egokituko dira, eta, zehazki, honako hauetan berariaz jasotakoetara:

a) Ebaluazioaren ezaugarri orokorrak: ikasleen ikaskuntzaren barruan baloratuko dena da goi mailako heziketa zikloetan sartzeko oinarrizko gaitasunak eskuratu dituzten. Gaitasun horiek, hain zuzen, jasota daude Hezkuntza sistemako lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzeko uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren III. eranskinean.

b) Kalifikazioen eskala: ikastaroko irakasgai bakoitza zenbakiz kalifikatuko da, 1 eta 10 artean.

Ikastaroaren azken kalifikazioa “gai” (ikastaroaren batez besteko nota kalkulatuko da) edo “ez gai” izanen da (ez da kalkulatuko ikastaroaren batez besteko nota).

Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroari “gai” kalifikazioa emanen zaio bi baldintza hauek aldi berean betez gero: (1) irakasgai guztietan edukitzea bost puntuko kalifikazioa edo handiagoa edo lau puntuko kalifikazio bat, gutxienez, edukitzea eta (2) irakasgaien batezbesteko aritmetikoa bost puntukoa edo handiagoa izatea.

Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroari “ezgai” kalifikazioa emanen zaio (eta ez da kalkulatuko ikastaroaren batez besteko nota) aurreko bi baldintza horiek betetzen ez badira.

c) Azken ebaluazioa: ikastaroaren amaieran eginen da; zer egunetan izanen den zehaztuko da sarrera ikastaro hauetarako egutegia eta antolamendurako eta funtzionamendurako jarraibideak arautzeko urtero emanen den ebazpenean. Bi deialdi eginen dira ikasturte bakoitzean: bata arrunta eta bestea apartekoa.

d) Matrikula deuseztatzea: Matrikula deuseztatzeko arrazoiak, prozedurak eta eraginak Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako prestakuntza zikloetarako indarreko araudian ezarritako berak izanen dira.

3. Oro har, behin bakarrik egin daiteke erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa.

14. oinarria.–Ziurtagiria eta ondorioak.

1. Erdi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa gainditzen duten ikasleek ziurtagiri akademiko bat eskuratuko dute, ikastetxeak emana. Horrek bide emanen du Lanbide Heziketako erdi mailako prestakuntza zikloetan sartzeko.

2. Halaber, ziurtagiri akademiko horrek bide emanen du 2. mailako profesionaltasunaren ziurtagirietarako prestakuntza jasotzeko.

3. Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa gainditzen duten ikasleek ziurtagiri akademiko bat eskuratuko dute, ikastetxeak emana. Horrek bide emanen du Lanbide Heziketako goi mailako prestakuntza zikloetan sartzeko. Hain zuzen, gainditutako sarrera ikastaroaren modalitatea zein den, lehentasuna izanen dute Nafarroako goi mailako zikloetan sartzeko, goi mailako heziketa zikloetan sartzeko probarako ezarritakoaren antzera.

4. Halaber, ziurtagiri akademiko horrek bide emanen du 3. mailako profesionaltasunaren ziurtagirietarako prestakuntza jasotzeko.

15. oinarria.–Taldeen osaera.

1. Talde bakoitzaren ratioa, oro har, honako hau izanen da: aurrez aurreko modalitatean, 30 ikasle gehienez eta 15 gutxienez; urrutiko modalitatean, 40 ikasle gehienez eta 15 gutxienez; eta online modalitatean, 50 ikasle gehienez eta 15 gutxienez.

2. Hezkuntza Departamentuak baimena ematen ahalko du aurreko apartatuan zehaztutako ratioak betetzen ez dituzten taldeak eratzeko.

16. oinarria.–Irakaskuntza eta irakasleak.

1. Helduentzako Bigarren Hezkuntzarako indarrean den araudian ezarritako irakaskuntza eginkizuna duten irakasleek emanen dituzte Erdi mailako zikloetan sartzeko ikastaroko irakasgaiak.

2. Urrutiko Batxilergorako indarrean den araudian ezarritako irakaskuntza eginkizuna duten irakasleek emanen dituzte Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroko irakasgaiak.

3. Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroko talde bakoitzak tutore bat izanen du, ikastetxeko gainerako taldeek bezala. Araudian ezarritako tutoretza eginkizunak beteko ditu, eta, horretarako, beharrezko ordu dedikazioa izanen du.

17. oinarria.–Baliabide materialak eta eremuak.

Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa ematen duten ikastetxeek Batxilergoko ikastetxeetarako ezarritako gutxieneko baldintzak bete beharko dituzte. Edonola ere, ikastalde arrunt-tzat joko da eremuen eta instalazioen erabilerari dagokionez.

18. oinarria.–Eskaintza eta baimena.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari dagokio urteko eskaintza planifikatzea eta behar den baimena ematea Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa emateko, halako moduz non bermatuko baitira nahikotasuna, kalitatea eta egonkortasuna ikastaro horren eskaintzan.

2. ERANSKINA

Erdi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa 2021-2022 ikasturtea

1.–Eskaintza.

1. Hauxe da Erdi mailako zikloetan sartzeko ikastaroen eskaintza, 2021-2022 ikasturterako:

ERDI MAILAKO ZIKLOETAN SARTZEKO IKASTAROA

Taldeak

Modalitatea

Ikastetxea

Udalerria

1

Aurrez aurrekoa

Félix Urabayen NHBHI

Iruña

1

Aurrez aurrekoa

Benjamín de Tudela BHI

Tutera

2. Hauxe da Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroen eskaintza, 2021-2022 ikasturterako:

GOI MAILAKO HEZIKETA ZIKLOETAN SARTZEKO IKASTAROA

GIZARTE ZIENTZIAK MODALITATEA

Taldeak

Modalitatea

Ikastetxea

Udalerria

1

Tutorepeko urrutikoa

Félix Urabayen NHBHI

Iruña

GOI MAILAKO HEZIKETA ZIKLOETAN SARTZEKO IKASTAROA

OSASUN ZIENTZIAK MODALITATEA

Taldeak

Modalitatea

Ikastetxea

Udalerria

1

Tutorepeko urrutikoa

Félix Urabayen NHBHI

Iruña

GOI MAILAKO HEZIKETA ZIKLOETAN SARTZEKO IKASTAROA

ZIENTZIAK ETA INGENIARITZA MODALITATEA

Taldeak

Modalitatea

Ikastetxea

Udalerria

1

Tutorepeko urrutikoa

Félix Urabayen NHBHI

Iruña

3. ERANSKINA

Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroan ikasleak onartzeko prozeduraren jarraibideak eta egutegia 2021-2022 ikasturterako

1. oinarria.–Betebeharrak.

1. Erdi mailako zikloetan sartzeko ikaspostu bat eskatzen ahalko dute baldintza hauek betetzen dituztenek aldi berean:

a) Ez betetzea Lanbide Heziketako erdi mailako zikloetan sartzeko eskakizun akademikoak.

b) 17 urte edo gehiago betetzea 2021. urtean.

2. Goi mailako zikloetan sartzeko ikaspostu bat eskatzen ahalko dute baldintza hauek betetzen dituztenek aldi berean:

a) Ez betetzea Lanbide Heziketako goi mailako zikloetan sartzeko eskakizun akademikoak.

b) 18 urte edo gehiago betetzea 2021. urtean.

2. oinarria.–Onartzeko irizpideak.

1. Zerrenda bat eginen da Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroan izena eman duten lagunekin, eta hurrenkeran jarriko dira, honako irizpide hauei jarraituz:

2. Erdi mailako heziketa zikloetan sartzeko ikastaroa:

2.1. Lehentasun hurrenkeraren araberako zerrenda irizpide hauei jarraituta ezarriko da:

–Lehena. Nafarroan gutxienez urtebete erroldaturik daramatela frogatzen dutenak, edo, azkeneko 5 urteetan, gutxienez urtebeteko lan esperientzia frogatzen dutenak lanaldi osoan Nafarroako enpresetan.

–Bigarrena. Aurreko bi egoera horietako bakar batean ere ez daudenak.

2.2. Aurreko apartatuan adierazitako irizpideak aplikatuta ateratzen diren bi taldeetatik bakoitza irizpide hauei jarraikiz ordenatuko da:

–Lehena. Gaindituak dituztenak 2. mailako Matematika eta Gaztelania gako-gaitasunak; matrikulatuak egon direnak 2020-2021 ikasturtean edo aurrekoetan, gutxienez, DBHko 3. mailan edo HBHko 3. moduluan eta eskola graduatua edo ondorio akademikoetarako baliokidea den beste titulu bat dutenak.

–Bigarrena. Aurreko egoera horietako batean ere ez daudenak.

2.3. Aurreko apartatuko irizpideak aplikatu ondoren lortutako azpitaldeen hurrenkera ezartzeko Hezkuntza Departamentuak 2021ean eginen duen zozketa publikoaren emaitzari jarraituko zaio. Hain zuzen, emaitza hori bera aplikatuko da 2021-2022 ikasturterako onarpen prozesu guztietan.

3. Goi mailako heziketa zikloetan sartzeko ikastaroa:

3.1. Lehentasun hurrenkeraren araberako zerrenda irizpide hauei jarraituta ezarriko da:

–Lehena. Nafarroan gutxienez urtebete erroldaturik daramatela frogatzen dutenak, edo, azkeneko 5 urteetan, gutxienez urtebeteko lan esperientzia frogatzen dutenak lanaldi osoan Nafarroako enpresetan.

–Bigarrena. Aurreko bi egoera horietako bakar batean ere ez daudenak.

3.2. Aurreko apartatuan adierazitako irizpideak aplikatuta ateratzen diren bi taldeetatik bakoitza irizpide hauei jarraikiz ordenatuko da:

–Lehena. Gaindituak dituztenak 2. mailako Matematika eta Gaztelania gako-gaitasunak; DBHko graduatu titulua edo ondorio akademikoetarako baliokidea den beste titulu bat edo oinarrizko lanbide titulu bat dutenak; gaindituak dituztenak Hasierako Lanbide Kualifikazio Programa bateko nahitaezko moduluak eta, azkenik, teknikari edo laguntzaile titulu bat (LH 1) edo eskola graduatua edo ondorio akademikoetarako baliokidea den beste titulu bat dutenak.

–Bigarrena. Aurreko lau egoera horietako batean ere ez daudenak.

3.3. Aurreko apartatuko irizpideak aplikatu ondoren lortutako azpitaldeen hurrenkera ezartzeko Hezkuntza Departamentuak 2021ean eginen duen zozketa publikoaren emaitzari jarraituko zaio. Hain zuzen, emaitza hori bera aplikatuko da 2021-2022 ikasturterako onarpen prozesu guztietan.

3. oinarria.–Onarpen prozesua.

1. Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroetan ikasleak onartzeko prozesuan epe bakarra dago: epe arrunta. Ikasturtearen gainerakoa epez kanpoko garaitzat joko da.

2. Sartzeko baldintzak betetzen dituztela frogatuta inskribatzen direnek parte hartuko dute onarpen prozesuaren epe arruntean. Onartuen behin-behineko zerrenda eta behin betiko zerrenda argitaratuko dira.

3. Epe arrunteko onarpen prozesua bukatuta, inguruabar hauen ondorioz esleitu gabe gelditzen diren ikaspostuak esleituko dira:

a) Onartutako pertsonak ezarritako epean ez matrikulatzeagatik.

b) Matrikulatuta egonda ere, ikastaroaren hasiera egunetik 15 eguneko epean ikastaroa hasten ez dutenei baja emateagatik, ofizioz.

c) Beste edozein inguruabarrengatik.

4. oinarria.–Inskribatzeko eskabidea aurkeztea.

1. Eskatzaile bakoitzak eskabide bakarra aurkeztuko du, behar den moduan betea eta gehienez ere hiru aukerarekin.

Aukera bakoitzaren barruan, honako hauek zehaztu behar dira: sarrera ikastaroa (erdi mailako zikloetarako edo goi mailakoetarako den), ikastetxea eta ikastaroaren modalitatea (goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroetan soilik zehaztu beharko da).

Inskribatzeko, dagokion Tramiteen Fitxan ageri diren eskabide-orrien ereduak erabiliko beharko dira. Horietara, Hezkuntza Departamentuko web orriaren bitartez iristen da:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/formacion-profesional

2. Inskribatzeko eskabidea aurkezteko epea 2021eko irailaren 8tik 15era bitartekoa da (14:00ak arte).

3. Zer sarrera ikastaro aukeratu den, hura ematen duen ikastetxeko bulego administratiboetan aurkeztuko da edo horietara zuzenduko da inskripzio-orria.

Ikastetxeek eskabide-orriaren fotokopia zigilatua emanen diete ikasle eskatzaileei, zein egunetan sartu den adierazita.

Izena emateko eskaera ondoko hauen bidez aurkezten ahal da:

a) Inskripzio telematiko bidez, Educa-Ataritik, aukeratutako sarrera ikastaroa eskaintzen duen ikastetxeari zuzenduta, oinarri honetako 1. apartatuan adierazitako Tramiteen Fitxako estekatik abiatuta.

b) Aurrez aurre, aukeratutako sarrera ikastaroa ematen duen ikastetxean.

Inskripzio-orriak jasotzen dituzten ikastetxeetako zuzendariek eskatzen ahalko diete sarrera ikastaroak emanen dituzten irakasleei egin ditzatela antolaketa eta kudeaketa lan batzuk 2021-2022 ikasturteari dagokion inskripziorako eta onartze prozesurako.

4. Inskripzio-orrian eskatzaileak zehaztu beharko du zer egoeratan dagoen, horren arabera azpitalde batean edo bestean lehiatuko baita aukeratutako sarrera ikastaroan onartua izateko.

Hori betetzen ez badute, inskripzio-orria ofizioz baliogabetuko zaie, lorturiko ikaspostua galduko dute eta, matrikulatuta izanez gero, matrikula eta zikloko moduluetan lortutako kalifikazio guztiak baliogabetuko dira.

5. Ezin izanen da inskripzio-orririk aurkeztu ikastetxe batean baino gehiagotan, ez eta eskabide bat baino gehiago ikastetxe berean. Inskripzio-orri bat baino gehiago aurkeztuz gero, bertan behera geratuko dira guztiak, eta, ondorioz, ez dira tramitatuko.

6. Onarpen prozesuan parte hartuko dute, bakar-bakarrik, sartzeko ezarritako baldintzak betetzen dituztela frogatzen duten pertsonek.

7. Inskripzio-orriak aurkezteko epe arrunta bukaturik, ezin izanen da inola ere beste inskripzio-orririk aurkeztu, ez eta aurkeztutako eskabidea aldatu ere.

8. Onartuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, baliorik gabe gelditzen ahalko dira osatu gabeko inskripzio-orriak, existitzen ez direnak, datuak behar ez diren laukitxoetan dituztenak edo parte-hartzaileak eskatzen ahal dituen ikaspostu motekin bat ez datozenak.

9. Onartuen behin betiko zerrenda argitaratuta, eskatzaileak daturen bat oker eman badu edo eman gabe utzi badu, ezin izanen du halakorik aipatu geroko erreklamazioetan, ez eta ondorioztatu ere hargatik bere interes nahiz eskubideak urratu direla.

5. oinarria.–Inskripzio-orriarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Inskripzio-orriaren ereduetan adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da. Atzerritarrek eskubidea dute espainiarren baldintza berberetan sartzeko derrigorrezkoa ez den irakaskuntza sisteman, halaxe xedatu baita Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoan.

2. Hona hemen inskribatzeko-orriari erantsi beharreko dokumentazioa:

–NANaren, AIZren, pasaportearen edo baliokidearen fotokopia.

–Zein aukeratu duen, erdi edo goi mailako zikloetan sartzeko eskakizun akademikoak betetzen ez dituela dioen zinpeko deklarazioa.

–Ikaspostua eskatzen bada ikaspostuak gordetzeko ezarritako bideren bat erabiliz, behar diren frogagiriak aurkeztu beharko dira, eranskin honen 6. jarraibidean ezarritakoari jarraikiz.

–Hala badagokio, erroldatzea edo lan esperientzia frogatzeko dokumentazioa, eranskin honen 7. jarraibidean adierazitakoari jarraikiz.

–Hala badagokio, eranskin honetako 2. oinarriaren 2.2 eta 3.2 apartatuetan adierazitako inguruabarretako batean dagoela frogatzen duen dokumentazioa.

6. oinarria.–Desgaitasuna izateagatik edo goi mailako edo goi errendimenduko kirolaria izateagatik ikaspostua gordetzeko aukera izateko aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Desgaitasuna dutenentzat gordetako ikaspostu bat nahi dutenek agiri hauetako bat aurkeztu behar dute egoera hori frogatzeko:

a) Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak (IMSERSO) edo autonomia erkidegoko organo eskudunak emandako ebazpena edo ziurtagiria.

b) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren (GSIN) ebazpena; edo Lanaren, Migrazioen eta Gizarte Segurantzaren Ministerioarena; edo Defentsa Ministerioarena.

c) Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuko Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak emandako txartela, desgaitasun maila aitortzen duena, identifikatzeko baliozko dokumentu batekin batera.

2. Goi mailako edo goi errendimenduko kirolari izateagatik gordetako ikaspostu bat nahi dutenek Lanbide Heziketako zikloetan onartzeko prozeduraren jarraibideak eta egutegia arautzen dituen maiatzaren 4ko 43/2020 Ebazpenaren I. eranskinean adierazitako dokumentazioa aurkeztu behar dute (“Ikaspostuak gordetzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa, desgaitasuna izateagatik, goi mailako edo goi errendimenduko kirolaria izateagatik eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak izateagatik” oinarria, 1.b apartatua).

3. Gordetako ikaspostu horiek eskatzen dituztenek erreklamazioak aurkezteko epea amaitu baino lehen aurkeztu beharko dituzte egiaztagiri horiek, inskribatzeko gainerako agiriekin batera, inskripzio-orria aurkezten duten ikastetxean.

4. Norbaitek kasu batengatik baino gehiagorengatik eskatzen baldin badu gordetzeko, eskaerak ordena honen arabera lehenetsiko dira:

–Lehenik: ikaspostua gordetzea desgaitasunagatik.

–Bigarrenik: ikaspostua gordetzea goi mailako edo errendimendu handiko kirolaria izateagatik.

7. oinarria.–Lan esperientzia eta erroldatzea frogatzea.

1. Dokumentu hauen bitartez frogatuko da lan esperientzia:

a) Besteren konturako langileak: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria (lan bizitzaren ziurtagiria) edo Lan Mutualitatearena. Ziurtagiri horretan, enpresa, lan kategoria (kotizazio taldea) eta kontratazio aldia jasoko dira.

b) Beren konturako langileak: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria (lan bizitzaren ziurtagiria), autonomoen araubide berezian afiliatuta egondako aldiak jasotzen dituena.

Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada behar bezala frogatzeko izangaiaren lan esperientzia, jarraibide honetako hurrengo apartatuan azaltzen den batzordeak informazio osagarria eska diezaieke.

2. Nafarroan erroldatuta dagoela frogatzeko, Nafarroako herriren bateko biztanleen udal erroldan erregistratuta dagoela egiaztatzen duen agiria aurkeztuko da.

Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada izangai helduaren erroldatze egoera behar bezala frogatzeko, jarraibide honetako hurrengo apartatuan azaltzen den batzordeak informazio osagarria eska diezaioke.

3. Batzorde batek gainbegiratuko ditu aurkeztutako lan esperientzia eta erroldatzea. Batzorde hori honako hauek osatuko dute: ikastetxeko zuzendariak eta sarrera ikastaroa emanen duten bi irakaslek, gutxienez. Batzorde horrek lan esperientziaren gaineko frogagiriak aztertuko ditu, honako hauek egiaztatzeko:

–Aurkezten den lan esperientzia Nafarroako enpresetan egin dela eta urtebetekoa edo hortik gorakoa dela, lanaldi osoan egina eta azkeneko bost urtean.

–Aurkeztu den erroldatzea Nafarroako herriren batekoa dela eta urtebeteko edo hortik gorako antzinatasuna duela.

–Informazio hori eramatea onarpena barematzeko prozesua kudeatzen duen aplikazio informatikora.

8. oinarria.–Ikaspostuak gordetzea.

1. Onarpen prozesuaren epe arruntean, talde bakoitzean ikaspostu bat gordeko da desgaitasunen bat dutela frogatzen dutenentzat.

Pertsona batek baino gehiagok frogatzen badu desgaitasunen bat duela, eranskin honen 2. oinarrian adierazitako irizpideak aplikatuta ateratzen den lehentasun hurrenkeraren araberako zerrendan gorago dagoenari gordeko zaio ikaspostua.

2. Onarpen prozesuaren epe arruntean, talde bakoitzean ikaspostu bat gordeko da goi mailako edo goi errendimenduko kirolariak direla frogatzen dutenentzat.

Baldin pertsona batek baino gehiagok frogatzen badu goi mailako edo goi errendimenduko kirolaria dela, ikaspostua gordeko zaio kirol maila handiena duenari, aintzat hartuz Lanbide Heziketako zikloetan onartzeko prozeduraren jarraibideak eta egutegia arautzen dituen maiatzaren 4ko 41/2021 Ebazpenaren I. eranskina (“Ikaspostuak gordetzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa, desgaitasuna izateagatik, goi mailako edo errendimendu handiko kirolaria izateagatik eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak izateagatik” oinarria).

3. Baldintza horiek betetzen dituztela frogatzen dutenentzat gordetako ikaspostuak betetzen ez badira, eskaintza orokorrekoei gehituko zaizkie.

9. oinarria.–Jendaurrean jartzea baremoa aplikatzeko irizpideak eta erreklamazioak egiteko prozedura.

1. Jendaurrean egon beharko dute, bai barematzeko irizpideek, bai erreklamazioren bat egin ahal izateko ezarri den prozedurak.

2. Dokumentuz egiaztatzen ahal diren irizpideak bakarrik onartuko dira baremorako.

10. oinarria.–Onarpena.

Ikaslea sarrera ikastaro eta ikastetxe batean onartutzat joko da hala agertzen denean onartutako ikasleen behin betiko zerrendetan, edo ikastetxeko zuzendaritzak ikaspostu bat esleitzen dionean eranskin honen 17. jarraibidean ezarritako kasuen ondorioz.

11. oinarria.–Onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak. Matrikula egiteko egunak.

1. Onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak izanen dira onarpen prozeduraren emaitzen berri emateko bide ofiziala. Inskripzio ikastetxe bakoitzean argitaratuko dira zerrenda horiek.

2. Onartutakoen behin-behineko zerrenda 2021eko irailaren 20an argitaratuko da.

3. Zer ikastetxetan aurkeztu den inskripzio-orria, hango zuzendaritzari igorri beharko zaizkio behin-behineko zerrendari egiten zaizkion erreklamazioak, dokumentazioa aurkeztean edo erregistratzean egindako akatsak zuzentzeko, 2021eko irailaren 20tik 22ra bitartean (14:00ak arte).

4. Onartutakoen behin betiko zerrenda 2021eko irailaren 24an argitaratuko da.

5. Onartutakoek dagokien ikastetxean egin beharko dute matrikula, 2021eko irailaren 27tik 29ra bitartean (14:00ak arte).

6. Ikaspostua lortzen dutenek epe horietan egin beharko dute matrikula. Baldin eta matrikula ez bada egiten ikasle onartuen behin betiko zerrendan adierazten diren epeetan, ikasleak dagokion ikasposturako eskubidea galduko du.

7. Sarrera ikastarorako matrikula eginda ere, ikastaroa hasten denetik 15 eguneko epean eskoletara joaten ez diren ikasleei edo aurreikusitako jardueretan hasten ez direnei baja emanen die ofizioz ikastetxeak, non eta ez dagoen bidezko arrazoiren bat, eta matrikularen ondoriozko eskubide guztiak galduko dituzte.

8. Matrikula egiteko, hurrengo jarraibidean (“Matrikula. Matrikularen inprimakia eta dokumentazioa”) adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

12. oinarria.–Matrikula. Matrikularen inprimakia eta dokumentazioa.

1. Ikasleek matrikularen inprimakia bete behar dute matrikula formalizatzeko. Ikastetxeak bestelako informazioa eska badezake ere, inprimakian honako hauek adieraziko dira, gutxienez ere:

a) Ikaslearen identifikazio datuak: deiturak eta izena, NANa/AIZ/pasaportea, sexua, Gizarte Segurantzako zenbakia, jaiotzari buruzko datuak (eguna, herria, herrialdea), nazionalitatea, bizilekuari buruzko datuak eta harremanetarako datuak (helbidea, herria, posta kodea, telefonoa, helbide elektronikoa).

b) Matrikula zer sarrera ikastarorako den, maila zehaztuta (erdi mailakoa edo goi mailakoa).

Matrikularen inprimakiak ikaslearen sinadura eraman behar du. Bi kopia aurkeztu beharko dira, eta horietako bat ikasleari itzuliko zaio, ikastetxeak zigilaturik, matrikula egin dela frogatzeko.

2. Honako dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da:

–NANaren, AIZren, AITaren, ikasle txartelaren edo horien baliokide baten fotokopia.

Inskribatzeko eta matrikulatzeko tramiteei dagozkien prozesu eta dokumentazio guztietan, ikaslearen izen-deiturak bat etorriko dira aipatu dokumentazioan agertzen direnekin.

Atzerritarrek eskubidea dute Espainiakoen baldintza beretan egiteko irakaskuntza hauek, halaxe xedatu baita Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoan.

–Behar bezala justifikatutako kasuetan, eskatzaileei Osasun Txartelaren fotokopia eskatzen ahalko zaie.

–Egindako osasun azterketen txostena, ikasleak desgaitasunik, gaixotasunik edo beste osasun arazorik baldin badu, ikastetxeak jakin beharrekorik.

–Ikaspostua lortu den ikastetxean eskatzen zaion beste edozein dokumentazio.

13. oinarria.–Bazterketak.

Ikaspostua lortuta ere, ezartzen diren egunetan matrikulatzen ez direnak onarpen prozesutik baztertuko dira, eta esleitutako ikaspostuaren ondoriozko eskubide guztiak galduko dituzte.

14. oinarria.–Matrikulazio epea bukatuta hutsik gelditzen diren ikaspostuak.

1. Onarpen prozesuaren epe arrunta bukatu ondoren hutsik gelditzen diren ikaspostuak itxaron zerrendan daudenei eskainiko dizkie ikastetxeak, lehentasun ordenari zorrozki jarraituta, harik eta denak esleitu arte.

Ikastetxeak jakinarazi beharko du, bai iragarki-taulan bai webgunean, horrelako ikaspostu hutsik gelditu denetz, interesdunek jakin dezaten.

2. Era berean, ikastetxeak itxaron zerrendan daudenei eskainiko dizkie ikastaroaren hasiera-egunetik 15 eguneko epean, bidezko arrazoirik izan gabe, eskoletara agertzen ez diren ikasle matrikulatuei ofizioz bajan emateagatik hutsik gelditzen diren ikaspostuak, lehentasun ordenari zorrozki jarraituta, harik eta ikaspostu guztiak esleitu arte.

Ikastetxeak jakinarazi beharko du, bai iragarki-taulan bai webgunean, horrelako ikaspostu hutsik gelditu denetz, interesdunek jakin dezaten.

15. oinarria.–Jaiegunak.

Ebazpen honen 4. eranskinean adierazitako datak aginduzkoak dira. Egun jakinen bat jaieguna bada ikastetxe batean, jai ez den hurrengo egunera aldatuko da, eta behar duen publizitatea emanen zaio.

16. oinarria.–Ikasturteko egutegia.

Sarrera ikastaroetako eskolak 2021eko urriaren 4an hasiko dira, eta amaituko Helduentzako Bigarren Hezkuntzako eta urrutiko Batxilergoko irakaskuntzetarako ezarrita dagoen egunean 2021-2022 ikasturterako.

17. oinarria.–Sarrera ikastaroen eskaintza.

Talde batean inskribatuen kopurua hamabostetik beherakoa baldin bada, Hezkuntza Departamentuak eskaintza bertan behera utz dezake, beste aldagai batzuk ere kontuan hartuta.

18. oinarria.–Epe arruntetik kanpo eskolatzea.

1. Ikaspostu hutsen esleipena bukatu ondoren –halakorik egiten bada–, zilegi izanen da 2021eko urriaren 22ra arte (egun hori barne) ikasle gehiago sartzea hasitako ikastaroan, baldin eta ikasposturik gabe eta ikaspostu hutsik eskaini gabe gelditutako inor ez badago lehentasun zerrendan. Ikaspostuen esleipen hori ikastetxe bakoitzak ebatziko du.

19. oinarria.–Matrikulen bateragarritasuna eta bateraezintasuna.

Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko ikastarorako matrikula ez da bateragarria derrigorrezko hezkuntzako edo derrigorrezko hezkuntzaren ondoko irakaskuntzetarako matrikularekin 2021-2022 ikasturterako, ikastetxe berean nahiz beste batzuetan.

20. oinarria.–Jendaurrean jartzea.

Ebazpen hau eta eranskinak ikastetxeetako iragarki-taulan jarriko dira ikusgai, haiek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita onarpen eta matrikulazio prozesua bukatzen den arte, interesdun guztiek haien berri izan dezaten.

21. oinarria.–Txostenak egitea.

Eskatuz gero, ikastetxeek beren eginkizunei buruzko txostenak bidali beharko dizkiete departamentuko zerbitzuei eta Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiari.

22. oinarria.–Komunikazio bideak.

–Helbide elektronikoak: nescolar@navarra.es, ordenafp@navarra.es eta epa@navarra.es.

–Gurasoei eta ikasleei aholkuak eta orientazioa ematea: 848 426 617.

–Tramitazioari eta ikastetxeetan onartzeari buruzko kontuak: 848 426 977.

–Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzua: 848 426 628, 848 426 036.

–Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzua: 848 426 427.

–Faxa: 848 426 987.

4. ERANSKINA

Onarpen eta matrikula prozesurako egutegia Erdi eta goi mailako heziketa zikloetan sartzeko ikastaroak 2021-2022 ikasturtea

EPE ARRUNTA

HASIERA EGUNA

BUKAERA EGUNA

Izena emateko epea

2021eko irailaren 8a

2021eko irailaren 15a (14:00ak arte)

Onartuen behin-behineko zerrenda argitaratzea

2021eko irailaren 20a

Onartuen behin-behineko zerrendari erreklamazioak aurkeztea

2021eko irailaren 20a

2021eko irailaren 22a (14:00ak arte)

Onartuen behin betiko zerrenda argitaratzea

2021eko irailaren 24a

Ikastetxean eta zikloan ikaspostua lortu duten ikasle onartuen matrikulazioa

2021eko irailaren 27a

2021eko irailaren 29a

IKASPOSTU HUTSEN ESLEIPENA

Ikaspostua lortu duten ikasleak ez matrikulatzearen ondorioz ikaspostu hutsak gelditzen diren sarrera ikastaroetan

2021eko irailaren 30a

Gelditzen diren ikaspostu hutsak bete arte

Bidezko arrazoirik izan gabe, lehenengo hamabost egunetan eskoletara ez agertzeagatik ofizioz ematen diren bajen ondorioz ikaspostu hutsak gelditzen diren sarrera ikastaroetan

2021eko urriaren 19a

Gelditzen diren ikaspostu hutsak bete arte

DATA GARRANTZITSUAK

Ikasturtearen hasiera eguna

2021eko urriaren 4a

5. ERANSKINA

Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroak: eskola-egutegiari eta ordutegi orokorrari buruzko jarraibide berariazkoak 2021-2022 ikasturterako

1. oinarria.–Egutegia.

1. Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroak ematen dituzten ikastetxeetan, 2021-2022 ikasturtea 2021eko irailaren 1ean hasiko da, eta 2022ko ekainaren 30ean bukatuko.

2. Egutegiak Hezkuntzako zuzendari nagusiak maiatzaren 7an emandako 163/2021 Ebazpenaren II. eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko ditu. Izan ere, ebazpen horren bidez, 2021-2022 ikasturterako eskola egutegia eta ordutegia prestatzeko jarraibideak onetsi ziren Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta ikasgeletan emanen diren irakaskuntzetarako eta ikastetxe publiko baimenduetan emanen diren Helduentzako Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzetarako. Horrez gain, baldintza hau bete beharko du berariaz: eskola egunak izanen dira urriaren 4an eskolak hasten direnetik eskolak amaitu arte daudenak.

3. Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroak ematen dituzten irakasleek ikastaroa antolatzeko eginkizunetan erabiliko dute irailaren 1etik eskolak hasi bitarteko denbora, eta horren barruan sartzen da laguntzea zikloetan sartu nahi duten helduen lan esperientzia baloratzen eta erroldatzea aztertzen, bai eta ikastetxeko zuzendaritzak onarpen prozesuari lotuta agintzen ahal dion bestelako lan oro ere.

4. Eskolak bukatzen direnetik 2022ko ekainaren 30a arte, bidezkoa bada, honako hauek eginen dira: ikastaroaren berrikusketa eta ebaluazio lan berariazkoak, irakasgai edo esparru bakoitzaren memoria didaktikoak, departamentuen memoriak, ikastaro bukaerako memoria, orientazioa, erreklamazioak eta ikasleen arreta, baita beharrezkoak diren administrazio egintza guztiak eta hurrengo ikasturtearen antolamenduarekin lotutako jarduerak ere.

Sarrera ikastaroen bukaerako memoria 2022ko uztailaren 5a baino lehen igorri beharko zaie Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuari eta Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuari.

5. Eskola egunetan eskolak eteten ahalko dira, bai ebaluazio jarduerak egiteko, bai Hezkuntza Departamentuak lehentasunezkotzat jotzen dituen beste batzuk egiteko.

6. Oro har, ebaluazio bilerak eta klaustroak ezin izanen dira eskola orduetan egin.

2. oinarria.–Tramitazioa.

Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroen egutegia ikastetxeak proposatu eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak onetsitako egutegian txertatuko da, bat etorriz 2021-2022 ikasturterako eskola egutegia egiteko jarraibideak onesteko dagokion ebazpenean ezarritako jarraibideekin.

6. ERANSKINA

Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroak ematen dituzten ikastetxeen antolamendua eta funtzionamendua arautzeko jarraibide berariazkoak

2021-2022 ikasturterako

1. oinarria.–Irakaskuntzak antolatzeko jarraibideak.

1.1. Antolaketaren eta funtzionamenduaren gaineko jarraibideak.

Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroak ematen dituzten ikastetxeek, jarraibide hauetan jasota ez dagoen orotan, ebazpen honetan xedatutakoari lotuko zaizkie: 259/2021 Ebazpena, ekainaren 18koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, 2021-2022 ikasturterako jarraibideak onesten dituena honako hauek arautzeko: batetik, Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta ikasgelen antolaketa eta funtzionamendua, eta bestetik, ikastetxe publiko baimenduetan Helduen Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak emateko modua, hala modalitate presentzialean nola urrutikoan.

1.2. Erdi mailako zikloetan sartzeko ikastaroaren ezaugarriak.

1.–Erdi mailako zikloetan sartzeko ikastaroek dauzkate, batetik, eskolaldi presentzialak, zeinetara nahitaez joan behar baitute ikasleek, eta, bestetik, ikasleen lan autonomo eta pertsonaleko saioak. Horrenbestez, ikastaroak 600 ordu irautea aurreikusita dago.

2.–Eskolaldi presentzialen helburu nagusia da curriculumaren funtsezko alderdiei buruzko irakaskuntza-ikaskuntza jarduerak egitea, ikasleen arteko lankidetzarako interakzioak sendotzea, ikaskuntza prozesuan autonomoagoak izan daitezen, eta ikasleek behar diren ezaupideak eta oinarrizko gaitasunak eskura ditzaten erdi mailako heziketa zikloetan sartzeko.

3.–Tutoretza gauzatuko da, besteak beste, tutoretza saio presentzialen bidez, berariazko jardueren bidez edo gainerako irakaskuntza-jardueretan txertatuko diren jardueren bidez. Urrutitik ere egiten ahalko da tutoretza, ikastetxe bakoitzak ezartzen duen prozedura erabiliz.

Tutoretza lana prestakuntza prozesuaren osagai garrantzitsuenetako bat da, eta sarrera ikastaroan aritzen diren irakasle-taldeko irakasle guztiek egin beharko dute. Tutoretza lan horren bidez, besteak beste, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren jarraipena eginen da, eta ikaslearen motibazioa sustatuko da.

1.3. Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroaren ezaugarriak.

1.–Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa tutorepeko urrutiko modalitatean ematen da. Taldeko tutoretza saioak, zeinetara ez baitute nahitaez joan behar ikasleek, banakako tutoretza saioak eta ikasleen lan autonomo eta pertsonaleko saioak dauzka. Horrenbestez, ikastaroak 700 ordu irautea aurreikusita dago.

2.–Tutorepeko urrutiko Batxilergorako ezarrita dagoenarekin bat etorriz, Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroko ikasleei irakasgai bakoitzean arreta emateko, zera eskainiko zaie: batetik, taldeko tutoretza presentzialak eta, bestetik, orientaziorako banakako tutoretzak.

3.–Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroaren modalitatearen eta ikasleen berezitasunak ikusita, erabaki da tutoretzetan parte hartzea borondatezkoa izanen dela. Taldeko tutoretza saioetara joan ezin diren ikasleek ikasturte hasieran eman behar izanen diote horren berri tutoreari, eta orduan zehaztuko da zein den haien beharrizanetara egokitzen den banakako tutoretza mota.

4.–Taldeka egiten diren tutoretza saio presentzialetan irakasgaiaren funtsezko alderdiak jorratuko dira ikasleekin, ikasturte hasieran tutoreak jakinaraziko dien jarduera programari jarraikiz.

5.–Banakako tutoretza saioak telefono bidezkoak, telematikoak edo presentzialak izan daitezke. Horien bidez, tutoreak ikasle bakoitzaren ikaskuntza prozesuaren banakako jarraipena eginen du, orientazioa emanen dio eta zalantzak argituko dizkio.

6.–Oro har, irakasgai bakoitzak astean ordu kopuru jakin bat izanen du taldeko tutoretzarako, eta beste ordu kopuru bat banakako tutoretzarako.

7.–Ahal dela, ordutegia prestatzerakoan, talde eta modalitate bakoitzeko asteko tutoretza saioak (taldekoak eta banakakoak) ahalik eta astegun gutxienetan bilduko dira, ikasleak haietara joan daitezen errazteko.

8.–Ikastetxeetan irakasleen eta ikasleen arteko komunikazioa errazteko gela birtual bat izanen dute. Gela horretan, gainera, ikasleak orientatzeko eta haien ikaskuntza prozesuari laguntzeko beharrezkoak diren hezkuntza baliabideak egonen dira.

9.–Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroko ikasleek ikastaroaren gida bat izanen dute, beren kabuz egin beharreko lanean laguntzeko. Gida hori ikasketaburutzaren ardurakoa izanen da, eta informazio orokorra jasoko du: ikastetxea, ordutegiak, egutegia... Halaber, irakasgai bakoitzaren lan-agenda bat izanen du; agenda horretan jasoko da ikasleen ikasketarako lagungarritzat jotzen den informazioa: helburuak, edukiak, denbora banaketa, ebaluazio irizpideak, material didaktikoak, jarduerak, ikasteko orientazioa, etab.

10.–Koordinazio didaktikorako departamentuen ardura izanen da lan-agenda prestatzea, eta ikasketaburuak lan hori zuzenduko du.

11.–Zuzendaritza taldeak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu ikasle guztiek, ikasturte hasieran, agenda hori jaso dezaten edo bide telematikoz eskuratzeko aukera izan dezaten.

1.4. Alderdi pedagogikoak.

1.–Sarrera ikastaroen antolamenduaren eta garapenaren funtsean eredu pedagogiko bereziki praktikoa dago, ezaugarri hauek dituena:

–Funtsean, proiektuetan edo bestelako metodologia aktiboetan oinarritutako ikaskuntzan oinarritzen da.

–Ikaslearen ikaskuntza autonomoa sustatzen du.

–Elkarlanaren bidezko ikaskuntza sustatzen du, ikastaro berean matrikulatutako gainerako ikasleekin partekatua.

2.–Erdi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa aurrez aurreko modalitatean ematen denez, eredu pedagogikoaren oinarri nagusia da curriculumaren funtsezko alderdiei buruzko irakaskuntza-ikaskuntza presentzialeko jarduerak egitea, batez ere ikaskuntza-metodologia aktiboen bitartez.

3.–Goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa tutorepeko urrutiko modalitatean ematen denez, eredu pedagogikoaren oinarri nagusia da hala curriculumaren funtsezko alderdiei buruzko irakaskuntza-ikaskuntza jarduerak egitea –batez ere ikaskuntza-metodologia aktiboen bitartez–, nola, gehien bat, ikaslearen ikaskuntza autonomoari lotutako jarduerak egitea, tutoretzarekin.

4.–Curriculumaren funtsezko alderdiei buruzko irakaskuntza-ikaskuntza jarduerak –batez ere ikaskuntza-metodologia aktiboen bitartez– garatzen dituzten saio presentzialak honelakoak izan daitezke, besteak beste:

–Orientazio saioak: sarrera ikastaroaren antolamenduari eta garapenari buruzko jarraibide eta irizpideak ezartzeko, horiei esker irakaskuntzak egoki aprobetxatzeko eta dagokien oinarrizko gaitasunak eskuratzeko.

–Azalpen saioak: unitatea ezagutzera emateko edo, irakaslearen iritziz, dedikazio berezia behar duten alderdietan sakontzeko.

–Metodologia aktiboen bidezko lan saioak: proposatzen den proiektuaren arabera, saio horiek irakasgai bakar bat edo gehiago lantzeko izan daitezke.

–Ikasleak egin behar dituen ikaskuntza autonomoko prozesuei laguntzeko saioak.

–Ebaluazio proben saio presentzialak.

1.5. Bizikidetza arauak.

Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroak ematen dituzten ikastetxeek horietan ezarritako bizikidetza arauak egokitu dituzte ikastaro horietako ikasleen ezaugarrietara.

2. oinarria.–Irakasleen gaineko jarraibideak.

2.1. Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroak ematen dituzten irakasleei laguntzeko neurriak.

1.–Hezkuntza Departamentuak hezkuntza arloko ikerkuntza, esperimentazioa eta berrikuntza bultzatuko ditu, batez ere sarrera ikastaro hauei egokitutako curriculum-materialak garatzeari dagokionez.

2.–Hezkuntza Departamentuak, orobat, curriculuma garatzeko materialak prestatzea sustatuko du, irakasleei laguntzekoak, bereziki sarrera ikastaro hauetarako direnak.

2.2. Ikastetxeen eta Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuaren eta Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuaren arteko koordinazioa.

1.–Ikastetxeko zuzendaria eta sarrera ikastaroko tutorea arduratuko dira Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuarekin eta Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuarekin hitz egiteaz, helburu izanik erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroak ematen dituzten ikastetxe guztiek koordinatuta jardutea.

2.–Honako hauek osatzen dute erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroen eskaintza koordinatzen duen taldea: Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Ataleko eta Ikasketak Antolatzeko Ataleko langileek eta sarrera ikastaro bakoitzeko tutoreek. Taldea zuzentzea Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Atalaren eta Ikasketak Antolatzeko Atalaren eskumena izanen da.

Iragarkiaren kodea: F2112444