205. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TXULAPAIN

Aldaketa, Herri-ondasunak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Txulapaingo Udalak, 2021eko maiatzaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldatzea Herri-ondasunak arautzen dituen ordenantza. Onespen hori 2021eko 144. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, ekainaren 22an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Argitara ematen da, eta ohartarazten, erabaki honen aurka honako errekurtso hauek aurkezten ahal direla:

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik.

Markalainen (Txulapain), 2021eko uztailaren 29an.–Alkatea, Pablo Rota Arrieta.

ONETSITAKO TESTUA

18. artikulua. Herriko abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta ez da zilegi haien azpierrentamendua edo lagapena.

Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren epea zortzi urtekoa izanen da eta 15 urteraino luza daiteke, bi aldeen artean ados jarrita.

Txulapaingo Udalaren ustez, herri-larreek jasan dezaketen batez besteko azienda-karga zehaztuko da espedienteko balorazio txostenetan aipatzen den herri-larreen balorazioan. Txosten horiek basogintzako ingeniariek idatziko dituzte.

Herri-larreak erabiltzen dituen aziendak bete beharko du Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea, herri-larreak aprobetxatzen dituen abereen osasun babesari dagokionez. Aipatu legean eta bere erregelamenduetan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.

19. artikulua. Debeku da zerri-azienda ibiltzea larrean.

Debeku da arras Foru Araudiaren eskakizun eta baimenak bete gabe erretzen diren lurretan inolako aziendarik larratzea. Lur horiek larratzeko mugatuta egonen dira, eta adierazitako zehapena ezarriko zaie bertan sartzen diren azienda guztiei.

Halaber, erabat galarazia dago mota guztietako azienda larratzea baso-berritzeko itxitako lurretan, Udalaren organo eskudunak zehazten dituen urteetan; halakoetan, adierazitako zehapenak ezarriko dira.

Ezin da larratu behi, zaldi eta ardi azienda baizik. Beste edozein azienda motak Udalaren esanbidezko baimena beharko du.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa ez-betetzeak kontratua deuseztatzea ekarriko du.

Esanbidez galarazia dago zezenketarako azienda edo azienda erasokorra.

72. artikulu berria gehitzen da. Testu hau izanen du:

72. artikulua. Herri-larreen errentamendu kontratua deuseztatuko da azienda guztia aurkezten ez bada identifikatzeko, Txulapaingo Udalak eskatuz gero.

Iragarkiaren kodea: L2112433