2. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1178/2020 EBAZPENA, abenduaren 16koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez tanpoi eremuak baimentzen baitira su-gorrina (Erwinia amylovora) izeneko gaitzari dagokionez Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean

Su-gorrina (Erwinia amylovora (Burr.) Winsl. et al.) gaitz bat da, eremu babestuko berrogeialdiko izurritzat jotzen dena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko urriaren 26ko 2016/2031 (EB) Erregelamenduan, zeina landareen izurrien kontra babesteko neurriei buruzkoa baita.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren maiatzaren 25eko 450/2012 Ebazpenaren bidez, ofizialki ezarritzat deklaratzen da gaitz hori, errosazeoen su-gorrin izena duena eta Erwinia Amylovora bakterioak ((burr.) Winsl. et al) sortzen duena, Nafarroako Foru Komunitate osoan, eta zenbait neurri fitosanitario hartzen dira hura kontrolatzeko.

Batzordearen 2019ko azaroaren 28ko 2019/2072 (EB) Betearazpen Erregelamenduak, zeinak baldintza uniformeak ezartzen baititu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/2031 (EB) Erregelamendua betearazteko, baimentzen du tanpoi eremuak ezartzea su-gorrina pairatzen duten landareak ekoiztu edo lekualdatzeko.

Ebazpen honek I. eranskineko lurzatiak baimentzen ditu tanpoi eremu gisa, baldintzak zehazten ditu horri eusteko, eta eskaera eredua ezartzen du tanpoi eremu berriak ezartzeko edo II. eranskineko eremuetan lurzatiak sartzeko. Eredu hori mintegiek bete behar dute su-gorrina pairatzen duten espezieak ekoizteko lurzatien titularrak badira.

Ikusita Nekazaritza Zerbitzuaren aldeko txostena, I. eranskineko tanpoi eremuak baimentzeari buruzkoa, izaera horri eusteko baldintzei buruzkoa eta II. eranskineko lurzatiak sartzeko eskaera ereduari buruzkoa.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, bai eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidanak ere.

EBAZTEN DUT:

1. I. eranskineko poligonoak eta lurzatiak tanpoi eremu gisa baimentzea su-gorrina sortzen duen Erwinia amylovora ((Burr.) Winsl et al.) bakterioaren aurrean. Lurzati horietan ekoitzitako espezie ostalariak merkaturatzen ahalko dira eremu babestuetara, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera 2021eko ziklo begetatiboa hasi arte. 2021eko ziklo begetatiboan, lurzatian gutxienez 7 hilabete eman beharko dituzte, apirilaren 1etik urriaren 31ra bitarteko epea barne, baimendutako tanpoi eremuan ekoiztutako landare guztiek edo eremu babestu batera eramateko hara sartu direnek beste tanpoi eremutik edo eremu babestu batetik, eremu babestuetara merkaturatu ahal izateko.

2. Baimendutako tanpoi eremu bateko lurzatiak dituzten mintegiek landaketetan izandako aldaketa guztien berri eman beharko diote Nekazaritza Zerbitzuari, hala nola Erwinia amylovora pairatzen duten espezieak erauztea edo landaketa berri bat egitea.

3. Tanpoi eremu batean lurzati berriak sartu nahi dituzten mintegiek edo lurzati berriak dituen tanpoi eremu bat ezartzea nahi dutenek, baldin Erwinia amylovora pairatzen duten espezieak ekoizteko lurzatien titularrak badira, eskaera bat aurkeztu beharko diote, 2021eko apirilaren 1a baino lehenago, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritza Zerbitzuari, II. eranskineko eredua erabiliz, esteka honetan eskura dagoena:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/4305/PRODUCCION-Y-COMERCIALIZACION-DE-PLANTAS-DE-VIVERO

4. I. eranskinean zehaztutako tanpoi eremuek kontrol ofizialaren pean jarraituko dute, bat etorriz Batzordearen 2019ko azaroaren 28ko 2019/2072 (EB) Betearazpen Erregelamenduan jasotako baldintzekin (erregelamendu horren bidez, baldintza uniformeak ezartzen dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/2031 (EB) Erregelamendua gauzatzeko).

5. Tanpoi eremu batean atzematen bada Erwinia amylovora-ren infekzio bat, eremuko mintegi eskatzaileak beharrezko neurri guztiak hartuko ditu gaitza desager dadin, salbu eta landarea ekoizteko lurzatian edo haren inguruan atzematen bada. Halakoetan, tanpoi eremuak baimenduta egoteari utziko dio, eta babestu gabeko eremuaren sailkapena izanen du berriz.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

8. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko abenduaren 16an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Baimendutako tanpoi eremuak su-gorrinerako (E. Amylovora).
2020ko kanpaina

IZENA

UDALERRIA

TANPOI EREMUA OSATZEN DUTEN POLIGONO ETA LURZATIAK

EKOIZPENERAKO BAIMENDUTAKO KATASTROKO LURZATIAK

Alesbes-3

Alesbes

1., 3. (salbu lurzati hauek: 2262, 2263, 2264, 2265, 2275, 2276, 2277 eta 2278), 4., 5., 6., 7. eta 8. poligonoak

Alesbes, 4. poligonoa, 1906. lurzatia

Caparroso

12. eta 17. poligonoak

Cadreita-3

Cadreita, 1. poligonoa, 938. eta 316. lurzatiak

Cadreita, 4. poligonoa, 1512. eta 1487. lurzatiak

Cadreita

1., 4. eta 5. poligonoak

Cadreita, 5. poligonoko 51., 63., 65., eta 202. lurzatiak

Valtierra

1., 2., 3., 7., 8., 9., 10. eta 11. poligonoak

Arguedas

5. poligonoa

Ameskoabarrena-1

Ameskoabarrena

3., 4., 5., 6., 7., 8., 9., 13. eta 14. poligonoak

Ameskoabarrena, 4. poligonoa, 469. lurzatia

Ameskoako herri-mendia

2. eta 3. poligonoak

Urbasa

3., 4. eta 5. poligonoak

Fustiñana-4

Fustiñana, 3. poligonoa, 313., 318., 562. eta 563. lurzatiak

Fustiñana

1., 2., 3., 4., 7., 9., 10., 11. eta 12. poligonoak

Buñuel

3. eta 4. poligonoak

Beintza-Labaien-1

Beintza-Labaien, 2. poligonoa, 1.710. lurzatia

Basaburua

9., 14. eta 15. poligonoak

Ultzama

19. poligonoa

Beintza-Labaien

1., 2. eta 3. poligonoak

II. ERANSKINA

Espezie ostalariak ekoizteko/merkaturatzeko lurzatiak su-gorrinarako (E. amylovora) tanpoi eremu batean sartzeko eskaera (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2015745