199. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SALDIAS

Ordenantza, Herritarren lana edo auzolana arautzen duena. Behin betiko onespena

Saldiasko Udalak, 2021eko maiatzaren 7an egin osoko bilkuran, legez behar den gehiengoa izanik, erabaki zuen hasiera batez onestea Herritarren lana edo auzolana arautzen duen ordenantza.

Erabakia 2021eko 127. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 1ean. Jendaurrean egoteko epean inork erreklamaziorik aurkeztu ez zuenez gero, behin betiko onetsirik gelditu da ordenantza, eta haren testu osoa ematen da argitara, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Saldiasen, 2021eko abuztuaren 13an.–Alkatea, Jacinto Domínguez San Nazario.

AUZOLANA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da auzolana edo herritarren lana arautzea, Saldiasko Udalaren mesederako egiten diren lan eta zerbitzuei dagokienez.

2. artikulua. Oinarria.

Ordenantza hau, lehenik, Saldiasko auzolanaren ohitura historikoaren bidez arautzen da; orobat, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 53., 54. eta 55. artikuluek xedatzen dutenaren bidez.

3. artikulua. Subjektu pasiboak.

1.–Saldiasen bizi eta bertako erroldan eta zentsuan sartuta daudenek dute auzolana egin beharra.

Herrian bizi den norbaitek baja hartzen badu Udalaren erroldatik auzolana ez egiteko asmotan, auzolanetarako deituko zaio bertan bizi dela egiaztatzen bada.

Saldiasko usadio-ohiturei jarraikiz, aski izanen da etxebizitza berean bizi den familia unitateko kide batek egitea auzolana.

2.–Etxebizitzen titularrak ez badira bizi, baizik eta beste familia batzuei modu egonkorrean alokatu bazaizkie, adostuko da zein familiak eginen duen auzolana, eta Udalari jakinaraziko zaio.

3.–Prestazioa egin behar dute salbuetsitako pertsona baten jabetzako etxebizitzak, baldin eta etxebizitza horietan norbaitek bizileku egonkorra badu (errentamenduaren edo beste kontratu-mota baten bidez).

4. artikulua. Salbuespenak.

1. Lan pertsonala edo auzolana egitetik salbuetsita egonen dira honako pertsona hauek:

a) 18 urtetik beherakoak eta 55etik gorakoak.

b) Urritu fisiko, psikiko eta zentzumenezkoak, %25etik gorako ezintasuna aitorturik badute.

c) Lanerako 4 hilabetetik gorako aldi baterako ezintasuna dutenak, behar bezala frogaturik badago baja agirien eta baja berresteko agirien bidez.

d) Presondegietan giltzapetuak daudenak.

e) Udalbatzaren ustez onura publiko edo interes sozialeko jarduerak egiten dituzten pertsonak.

2. Salbuetsitakoek borondatez egin dezakete auzolana.

5. artikulua. Asegurua.

Toki entitate honen kontura izanen da lan honetan aritzera behartuta daudenei gertatzen ahal zaizkien istripuen arriskuaren estaldura.

6. artikulua. Kudeaketa.

1. Auzolana bi modutara egin daiteke:

a) Udalak deitutako auzolanak. Sistema tradizionala da: Udalak antolatzen ditu auzolan hauek denen onurako obrak edo lanak egiteko. Udalak adieraziko du noiz egin behar diren. Bando baten bidez iragarriko dira eta larunbatetan eginen dira normalean.

b) Udalak agindutako lan zehatzak, horretarako gaitasuna duten pertsona jakin batzuei agindutakoak. Pertsona jakin batzuei aginduko zaizkie lanok, presakoak, zailak edo bereziak izateagatik edo beste edozein arrazoirengatik. Udalaren eskariz eginen dira beti.

c) Bada auzolan berezi bat, aurreko kategorietan sartzen ez dena: ehiztarien tokiko elkarteak urtean behin deitu eta kudeatzen duena. Elkarteak egin den lanaren kontu emanen dio Udalari; lan hori egin dutenei, baina, ez zaie kontatuko Udalerako egindako auzolan gisa.

2. Gutxienez hiru auzolan egin beharko dira urtean. Auzolan bakoitzak 8 ordu inguru iraunen du, baina lan bakoitzaren inguruabar zehatzen arabera alda daiteke. Udalaren ordezkariak auzolana egin izanaren frogagiria banatuko du.

3. Beste lagun batek egiten ahal du auzolana, betiere horretarako egokia baldin bada eta bere borondatez aritzeko prest badago. Ordezkapen hori aldez aurretik jakinaraziko zaio Udalari.

4. Auzolana egitetik libratu daiteke urtean diru kopuru bat ordainduta. Kopuru hori Udalak onetsiko du urte bakoitzerako. 2021. urtean 50 eurokoa izanen da auzolaneko egun bakoitza. Diru hori borondatezko epean ohiko bidetik ordaintzen ez bada, derrigorrezko diru-bilketa erabiliko da %20ko errekarguarekin. Borondatezko epe horren azken eguna urteko azken eguna izanen da.

5. Herritar batek traktorea eramaten badu auzolan batera, bi auzolanen modura kontatuko zaio.

Herritar batek bere jabetzako makina txiki bat eramaten badu auzolan batera (sasi-garbitzeko makina, edo motozerra, konparaziorako), auzolan bat eta erdiren modura kontatuko zaio.

6. Auzolanak meta daitezke hurrengo urteetarako, betiere Udalaren berariazko adostasuna izanik kasu bakoitzean.

7. Bizilagunek urte hasieran jakinarazten ahalko dute ordainduko dutela, sortzen diren lanetarako dei ez dakien.

7. artikulua. Deialdia.

Saldiasko Udalak urtean hiru auzolan eginen ditu, gutxienez, eta horietarako deia 48 ordu lehenago eginen du, bando bidez eta iragarki-taulan agertuz, edo, salbuespen gisa, bestelako bitarteko bat baliatuz.

8. artikulua. Lanen zuzendaritza.

Auzolan bakoitzeko lana Udaleko kide batek zuzenduko du. Espezializazioren bat beharrezkoa denean, Udalak espezialistak izendatzen ahalko ditu lanak kontrolatu eta zuzentzeko.

9. artikulua. Auzolanetik libratzea beste lan batzuk eginez.

Lehendik egindako lanak direla eta, inor ez da auzolanetik libratuko Udaleko ordezkari batek ez badu oniritzia idatzita ematen auzolana egin aitzin.

10. artikulua.

Gutxieneko auzolanak edo ordainketak egiten ez badira, Udalak zenbait eskubide kentzen ahalko ditu: herri-lurren errentamendua, hektareen banaketa NPEren aitorpenerako, herri-lurrez baliatzea, etxeko egur loteak, etab.

AZKEN XEDAPENA

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 20 egunera hartuko du indarra ordenantza honek, eta testu osoak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren izanen ditu ondorio juridikoak.

Iragarkiaren kodea: L2112568