188. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2884E/2021 EBAZPENA, uztailaren 19koa, Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez 150.000 euroko gastu gehigarria baimentzen baita 2021ean langabeendako prestakuntza ekintzak egiteko, gero horiek kontratatzeko konpromisoarekin. DDBN identifikazioa: 541791.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak abenduaren 21ean eman 4513E/2020 Ebazpenaren bidez, deialdi bat eta oinarri arautzaileak onetsi ziren banakako ebaluazio araubidean dirulaguntzak eman zitezen 2021ean langabeendako prestakuntza ekintzak egiteko, gero horiek kontratatzeko konpromisoarekin. Ebazpen horren 3. artikuluan, adierazi zen zenbateko gehigarri bat baimentzen ahal zela, 200.000 eurokoa gehienez ere.

Joan den ekainaren 23an, Gobernuaren Erabaki bat onetsi zen, aurrekontuko aldaketa bat baimentzen zuena, kreditua sortzeko Enplegu eta Lan Aferen Sektoreko Konferentziatik eta Enplegurako Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistemaren Sektoreko Konferentziatik lortutako diru-sarreren bitartez. Aldaketa horretan, 150.000 euroko kreditua sortzea baimentzen zen langabeendako prestakuntza ekintzak egiteko, gero horiek kontratatzeko konpromisoarekin.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30. artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 55. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 150.000 euroko gastu gehigarria baimentzea 2021ean Nafarroako Foru Komunitatearen eremuko langabeendako prestakuntza ekintzak egiteko, gero horiek kontratatzeko konpromisoarekin, 2021eko gastuen aurrekontuko “Enplegu konpromisoa duten eta hainbat taldetarako diren prestakuntza ekintzak. Konferentzia sektoriala” izeneko 950002 96200 4709 242104 partidaren kargura.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko uztailaren 19an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2111320