188. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

195E/2021 EBAZPENA, uztailaren 27koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez berrikusten baita zerriak gizentzeko instalazio baten ingurumen baimen integratua. Instalazioa Biurrun-Olkozko udal mugartean dago, eta SC Otazu Loitegui Jose Javier y Maria Lourdes da titularra.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 14ko 0322/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urriaren 31ko 295E/2017 Ebazpenaren bidez eguneratua eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 29ko 244E/2018 Ebazpenaren bidez ofizioz aldatua, eta, geroago, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 3ko 3E/2020 Ebazpenaren bidez aldatu zena.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak, zeina abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen, 26. artikuluan ezartzen du ezen baimenaren baldintzak berrikusi egin behar direla teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratzen direnetik lau urteko epean. Instalazio honetan egiten den jardueraren sektore industrialari dagokionez, aipatu ondorioak argitara eman ziren Batzordearen otsailaren 15eko 2017/302 (EB) Betearazpen Erabakiaren bidez, non ezarri baitziren etxeko hegaztien edo zerri aziendaren hazkuntza intentsiborako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, bat etorriz Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industria emisioei buruz emandako 2010/75/EB Zuzentarauarekin.

Aplikatuz uztailaren 1eko 16/2002 Legearen testu bateginaren 26. artikuluan xedatutakoa (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen lege horren testu bategina), 2019ko urriaren 7an SC Otazu Loitegui Jose Javier y Maria Lourdes sozietateari eskatu zitzaion 2020ko apirilaren 1a baino lehen aurkez zezala ingurumen baimen integratua berrikusteko prozedura tramitatzeko beharrezkoa zen dokumentazio teknikoa, horrela, instalazioa Batzordearen 2014/687/EB Betearazpen Erabakian eskatzen diren baldintzetara egokitzeko. Titularrak 2020ko abuztuaren 4an aurkeztu zuen dokumentazioa.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak ondorioztatu du instalazioak betetzen duela Batzordearen otsailaren 15eko 2017/302 (EB) Betearazpen Erabakian adierazitakoa, non ezarri baitziren teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, bat etorriz 2010/75/EB Zuzentarauarekin.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegaziorik aurkeztu.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea garatzen duen Industria Isurien Erregelamenduaren 16. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori urriaren 16ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Berrikustea Biurrun-Olkozko udal mugartean zerriak gizentzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratua. Izan ere, egiaztatu da ezen instalazioa egokitzen zaiola Batzordearen otsailaren 15eko 2017/302 Betearazpen Erabakiari, non teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak ezarri baitziren; hori guztia bat etorriz teknika erabilgarri onenen ebaluazioarekin, zeina jasotzen baita ebazpen honen eranskinean. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan eta ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra SC Otazu Loitegui Jose Javier y Maria Lourdes sozietatea da.

Bigarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatuta mantentzea hondakin arriskutsuen sortzaile txiki gisa, 15P02056007502007 zenbakiarekin. Sortzen ahal dituen hondakinak ingurumen baimen integratu honen III. eranskinean ageri dira. Hondakinak sortzean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, modu subsidiarioan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen hau igortzea SC Otazu Loitegui Jose Javier y Maria Lourdes sozietateari, Biurrun-Olkozko Udalari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Nekazaritza Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Biodibertsitatearen Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko uztailaren 27an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2111851