180. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OTSAGABIA

Herriguneko mugikortasuna arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Otsagabiko Udalak, 2021eko apirilaren 6an eginiko osoko bilkuran, erabaki zuen hasierako onespena ematea Otsagabiko herriguneko mugikortasuna arautzen duen ordenantzari.

Iragarkia 2021eko 91. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 22koan, bai eta udaletxeko iragarki-taulan ere, eta, jendaurrean egon zen bitartean erreklamazio bat aurkeztu zen.

Otsagabiko Udalak, 2021eko ekainaren 10ean eginiko bilkuran, erabaki zuen behin betiko onespena ematea Otsagabiko herriguneko mugikortasuna arautzen duen ordenantzari, eta aurkeztutako alegazioa ezestea. Jarraian, testu osoa argitaratu zuen, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Argitara ematen da, jende orok jakin dezan.

Otsagabian, 2021eko ekainaren 21ean.–Alkate udalburua, Mikel Aoiz Iriarte.

OTSAGABIKO (NAFARROA) HERRIGUNEKO MUGIKORTASUNEKO UDAL ORDENANTZA

Otsagabiak Pirinioetako arkitektura berezia gorde du, zeinak gero eta erakarpen turistiko handiagoa baitu. Urtearen zatirik handienean, biztanle gutxi bizi dira herrian, eta, horrenbestez, ez dago arazo nabarmenik, ez mugikortasunari dagokionez, ez oinezkoen eta ibilgailuen bizikidetzari dagokionez. Hala ere, zirkulazio eta aparkaleku arazoak larriagotu dira azken urteetan, batez ere uztailean eta abuztuan, udazkeneko asteburuetan eta egun jakin batzuetan (herriko jaiak, Aste Santua, jaiegun-zubiak, Eguberriak, ekitaldiak eta kirol probak eta antzekoak). Egun horietan, egoera gatazkatsuak gertatzen dira, eta herriaren normaltasunari eragiten diote. Herrigunea aparkatutako autoek inbadituta egote horrek zaildu egiten du eguneroko bizitza, eta eragozpenak sortzen ditu herriguneko monumentu- eta ingurumen-kalitatea duten inguruak erosotasunez ikusteko eta argazkiak ateratzeko; eragin negatiboa du herriaren ingurumen balioetan, eta nabarmen okertzen du haren ingurumen erakargarritasuna.

Azken batean, herrigunea aparkaleku bilakatzen da: deserosoa eta eraginkortasunik gabea. Ordenantza honek helburu du Otsagabiko udalerriari tresna juridiko bat ematea herriguneko mugikortasuna arautzeko, herrian jarraitu beharreko arauak ezarriz eta aipatutako bi egoera mota horiek kontuan hartuz: autoen presiorik ez dagoen egunetakoa, eta Otsagabiko egoiliarren eta bisitarien arteko bizikidetza egokia egon dadin herrira sartzeko eta bertako karriketan aparkatzeko nolabaiteko mugak izan behar dituzten denboraldietakoa.

Ordenantzak Otsagabiko herriguneko sarbideak, zirkulazioa eta aparkatzea arautzen ditu bi egoeratan: sarbide libreko egoera, urteko egun gehienetan aplikatzekoa dena, eta sarbide arautuko egoera, turismo okupazio handieneko egunetan aplikatzekoa dena. Hala, ingurumen interes handieneko eremuei kalte egitea saihestuko da.

Sarbide arautuko egoeran, herriko karriketara ibilgailuak sartzea murrizteko sistema bat ezarriko da, udalaren baimena duten ibilgailuak baizik ez sartzeko eremu horretara. Horretarako, baimendutako ibilgailuek identifikazio txartela izanen dute. Ordenantzak bi txartel mota aurreikusten ditu: lehenengoak (berdea) zirkulatzeko eta aparkatzeko baimena ematen du zirkulazio arautuko eremuan, eta bigarrenak (laranja), berriz, zeregin jakin batzuetarako zirkulatzeko baimena ematen du, baina sarbide arautuko eremuan egoteko denbora mugatua da. Bigarren txartel hori duten ibilgailuek, salgaien edo bidaiarien zamalanetarako sarbide arautuko eremuan zirkulatu ez ezik, jabeak duen garajean (baldin badu) edo txartel laranjarako gordetako lekuetan aparkatzen ahalko dute. Ordenantzak izaera bereziko baimenak ere jasotzen ditu. Kanpoaldeko aparkalekuak aurreikusi dira: patata estazioaren ondoan, Izabako errepideko Otsagabirako sarreraren aldean, Javi Eseverri zentro soziokulturalaren aldean, eta Iruñeko errepideko Otsagabirako sarreran. Gune horiek ongi komunikatuta daude herrigunearekin.

I. KAPITULUA

Xedea eta zirkulazio agenteak

1. artikulua. Arau orokorrak.

Mugikortasun ordenantza honek Otsagabiko (Nafarroa) herriguneko erabilera publikoko bideetan ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioa arautzen du. Lege testu hauetan xedatutakoaren babesean idatzi da: Toki araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25 2.b) artikulua, eta 6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duena. Aginduek bide horietatik zirkulatzen duten pertsona guztiak behartzen dituzte, ibilgailuen edo animalien gidari diren aldetik zein oinezkoak diren aldetik. Ordenantza honetan aurreikusi ez den orori dagokionez, urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren arauak eta hura osatzen edo garatzen duten gainerako xedapenak aplikatuko dira.

2. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea Otsagabiko herriguneko zirkulazioa arautzea da, bereziki, sarrera mugatua izaten ahal duen eremuan, helburu hauekin: batetik, eremua berreskuratzea pertsonak libre zirkula eta elkartu daitezen, herritarren aisialdirako eta karrika, plaza eta espazio publikoetan libre jolas daitezen; eta, bestetik, kutsadura akustikoa eta ingurumenaren kutsadura murrizteko, bide segurtasuna handitzeko, ohitura osasungarriak sustatzeko eta oinezkoendako karriketan zamalanak egoki kudeatzeko.

3. artikulua. Zirkulazio agenteak.

Agintaritza eskuduneko agenteek herriguneko trafikoa arautuko dute ordenantza honen aplikazio eremuan. Halaber, haien eskumena izanen da ordenantza honetan eta aplikatzeko diren gainerako xedapenetan xedatutakoaren aurkako arau-hausteengatik egin beharreko salaketak egitea.

II. KAPITULUA

Aplikazio eremuak

4. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza honen aplikazio eremuak Otsagabiko hiri lurzoru osoa hartzen du. Eremu hori ordenantzaren eranskinean jasotako planoan dago adierazita grafikoki. Ordenantza eremu horretako karrika eta espazio publikoetan aplikatuko da, data hauetan:

Uztaila eta abuztua - Aste Santua (Ostegun Santutik Pazko Astelehenera) - iraileko eta urriko asteburuak - herriko jaiak - Eguberriak (abenduaren 24tik urtarrilaren 1era) - jaiegunetako zubiak - ekitaldiak.

Eremu osoan debekatuta dago ibilgailuak bide publikoan aparkatzea, ordenantza honetan zehaztutako kasuetan eta horretarako aurreikusitako lekuetan izan ezik.

5. artikulua. Zirkulazio arautuko eremua.

Zirkulazio arautuko eremua mugatzen da; ordenantza honen eranskineko planoetan grafikoki adierazita dago. Eremu horretan, udal baimenik ez duten ibilgailuen sarbidea mugatuko du Udalak, aipatutako egunetan. Egun batzuetan ibilgailuen zirkulazioa murrizteak helburu hau du: lortzea espazio publikoek beren eginkizun nagusia bete dezaten, hau da, oinezkoak bide publikoan aldi baterako egotea erraztea eta harreman eta truke sozialak sustatzea. Zirkulazio arautuko eremuan horretarako egokitutako guneetan baizik ezin izanen dira aparkatu ibilgailuak; gune horiek, Udalak bere garaian zehazten dituen bitarteko eta sistemekin adieraziko dira: hala nola zoladuraren gaineko seinale horizontalak, fatxadetako seinale bertikalak, oztopo zutoin finko zein eramangarriak eta abar. Zirkulazio arautuko eremuan, Udalak eremu jakin batzuk mugatzen ahalko ditu, hiri altzarien bidez, ibilgailuak aparkatzea eragozteko.

6. artikulua. Aparkaleku publikoko eta txandakako aparkalekuko eremuak.

Aparkaleku publikoko eremuak zedarrituko dira patata estazioaren ondoan, bai eta denbora mugatuko txandakako aparkalekuko plazak ere (okindegia, farmazia, errepidea).

III. KAPITULUA

Abiadura eta arreta-neurriak

7. artikulua. Abiadura muga.

Ibilgailuak gehienez 20 km/h-ko abiaduran zirkulatzen ahalko dute zirkulazio arautuko eremuko herriko bideetan. Gainerako bideetan, dauden seinaleetan eta Bide Segurtasunari buruzko Legean xedatutakoa bete beharko da.

8. artikulua. Debekuak.

Debeku da:

a) Ordenantza honen aurreko artikuluan ezarritako abiadura mugak gainditzea.

b) Ibilgailuak zabarkeriaz edo ausarkeriaz gidatzea.

c) Aparkatzeko seinaleztaturik ez dauden eremuetan aparkatzea.

IV. KAPITULUA

Zirkulazio arautuko eremuan zirkulatzeko araubidea

9. artikulua. Zirkulazio arautuko eremurako sarbideen seinaleztatzea.

Zirkulazio arautuko eremura sartzeko guneek seinale bertikalak izanen dituzte, sarrera guneetan edo, hala badagokio, udalerriaren sarreran.

10. artikulua. Sarbide mugatuko araubidean zirkulatzeko baimena.

Zirkulazio arautuko eremua sarbide mugatuko araubidean dagoenean, ibilgailuak bertan zirkulatzeko udal baimena beharko da, txartel egiaztagarri baten bidez: horretan, baimendutako ibilgailuaren matrikula ageriko da, eta kanpoaldetik ikusteko moduko toki batean jarri beharko da. Otsagabiko Udalak ezarriko ditu eskatzen diren txartelak jaulkitzeko eta emateko tasak. Txartela ematearekin batera, Otsagabiko Udalak txartel egiaztagarriak erabiltzeko baldintzak eta erabiltzaileek beren gain hartzen dituzten erantzukizunak ere emanen ditu. Ordenantza honetan araututako baimenek, bertan jasotako salbuespenetan izan ezik, bi urteko indarraldia izanen dute, ematen diren unetik aurrera, eta Udalak ofizioz berritzen ahalko ditu hurrengo aldietarako. Baimenaren titularrak Udalari jakinarazi beharko dio baimendutako ibilgailua aldatu dela, baimena emateko oinarri izan ziren baldintzak aldatu badira.

11. artikulua. Baimen egiaztagarri motak.

Bi txartel egiaztagarri mota ezartzen dira:

–A motako txartela: baimena ematen diote ibilgailuari zirkulazio arautuko eremuan eta horretan adierazitako lekuetan aparkatzeko, hura sarbide mugatuko araubidean dagoenean (txartel berdea).

–B motako txartelak: sarbide mugatuko araubidean dagoenean zirkulazio arautuko eremuan zamalanak egiteko edo bidaiariak hartu eta uzteko eragiketak denbora mugatuan egiteko baimena ematen dute, bai eta adierazitako eremuetan aparkatzeko ere (txartel laranja).

“Enpresako ibilgailua” modalitateko B motako txartel egiaztagarria duten ibilgailuek baimena izanen dute zirkulazio arautuko eremuan asteko edozein egunetan aparkatzeko, baldin eta enpresak eremu horretan lanak egiteko ibilgailua erabili behar badu.

12. artikulua. Ibilgailuek txartel egiaztagarria lortzeko baldintzak.

A motako txartel egiaztagarria ematen ahalko zaie honako bi baldintza hauek betetzen dituzten ibilgailuei:

1.–Jabea Otsagabian erroldatuta egotea.

2.–Jabeak egunean izatea Otsagabiko Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergaren ordainketa.

Halaber, A motako txartel egiaztagarria ematen ahalko zaie zirkulazio mugatuko eremuan higiezin baten jabetza edo etxebizitza baten aldi baterako alokairua egiaztatzen duten pertsonen ibilgailuei, pertsona horiek desgaitasuna egiaztatzen ahal badute, 2013ko abenduaren 3ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako desgaitasunari buruzko Errege Dekretuaren arabera, bai eta Otsagabian lan egiten dutenei.

B motako txartel egiaztagarria ematen ahalko zaie honako baldintza hauek betetzen dituzten ibilgailuei:

1.–Jabeak eremu mugatuan aldi baterako bizi dela justifikatu behar du, higiezin baten jabetza, etxebizitza baten aldi baterako alokairua edo zirkulazio arautuko eremuko turismo establezimendu batean ostatu hartu duela egiaztatuta.

2.–Jabeak, aldi berean, zirkulazio arautuko eremuko garaje baten jabe izan behar du, edo garaje bat erabiltzeko eskubidea duela justifikatu behar du agiri bidez.

Pertsona bakoitza txartel bakar baten titularra baizik ezin da izan. Ibilgailu handiei (traktoreak, kamioiak, karabanak, atoiak eta abar) ez zaie emanen txartel egiaztagarririk, ez A motakorik, ez B motakorik.

13. artikulua. Baimen bereziak.

Sartzeko baimen berezia dute Segurtasun Indar eta Kidegoetako, Suteak Itzaltzeko Zerbitzuko, Babes Zibileko eta Osasun Laguntzako ibilgailuek, baldin eta zirkulazio arautuko eremuan lan egin behar badute. Etxez etxeko banaketak eskubidea emanen du zirkulazio arautuko eremuan baimendutako ibilgailuarekin sartu eta zirkulatzeko, eta zamalan txikiak egiteko, horretarako behar den denboraz soilik. Oinezkoen eremuan egoteko gehieneko denbora 30 minutukoa da. Zirkulazio arautuko eremuan dauden turismo ostatuen titularrek modalitate “bereziko” B motako identifikazio txartelak lortzen ahalko dituzte, establezimenduan erregistratuta dituzten gela adina. Txartel horiek guztiak establezimenduaren izenarekin identifikatuta egonen dira, eta helburu dute ostatu establezimenduetako bezeroak zirkulazio arautuko eremuan dauden ostatu establezimenduetara iritsi ahal izatea, beren ekipajeak utzi edo hartzeko edo establezimenduetako garaje pribatuetara sartzeko. Oinezkoen eremuan egoteko gehieneko denbora 30 minutukoa da. Mendekotasuna duten pertsonentzako arreta: baimen horrek eskubidea emanen du mendekotasuna duten pertsonak utzi edo hartzeko ibilgailua aparkatzeko, gehienez ere hogeita hamar minutuz. Oinezkoendako eremuan egoteko gehieneko denbora 30 minutukoa da. Obra eta muntaketako ibilgailuak sartzea: Ordenantza honen ondorioetarako, obra eta muntaketako ibilgailutzat jotzen da eraikinak altxatzeko, instalatzeko edo birmoldatzeko obrak egiteko erabiltzen dena. Taxi zerbitzua: Ibilgailu horiek ordenantza honen eraginpeko karriketara sartzen ahalko dira zerbitzuaren berezko jarduera egiteko, betiere kargarekin zirkulatzen badute, edo hutsik zirkulatzen ari badira, zirkulazio arautuko eremuan bezeroak jasotzera doazenean. Bidaiariak eta haien ekipajeak igotzeko eta jaisteko behar-beharrezko den denboran gelditzeko baizik ez dira baimenduta izanen. Desgaitasuna duten pertsonak iristea: Beren mugikortasunari eragiten dioten desgaitasunak dituzten pertsonak doazen ibilgailuak, baldin eta erakunde eskudunak emandako Irisgarritasun Txartela badute. Txartelak ibilgailutik kanpo ikusteko moduko leku batean egon behar du, Mugikortasuneko Ordenantzak ezarritako moduan. Ibilgailu ofizialak.

14. artikulua. Txartel egiaztagarriak erabiltzeko arauak.

Txartela baimendutako ibilgailua sartzeko baizik ezin izanen da erabili, eta ezin izanen zaio beste ibilgailuren bati utzi. Txartelaren onuradunek hura behar bezala erabiltzeko erantzukizuna hartzen dute, eta araudi hau betetzeko konpromisoa hartzen dute. Helbidea edo ibilgailua aldatuz gero, onuradunak berehala jakinarazi beharko ditu aldaketak.

15. artikulua. Txartelak eta baimenak iraungitzea eta baliogabetzea.

Kasu hauetan iraungiko dira emandako baimenak eta txartelak:

a) Eman zireneko epea amaitzen denean.

b) Interesdunak ohiko bizilekua edo garaje plaza eraginpeko eremuan izateari uzten dionean.

c) Baimena ematea eragin zuten sarbide baldintzak ez betetzeagatik edo aldatzeagatik.

V. KAPITULUA

Arau-hausteak, zehapenak eta zehapen prozedura

16. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honen arau-haustea da ordenantzaren artikuluetan ezarritakoa ez betetzea, egitez edo ez-egitez. Estatuko legeriak ezartzen duenari jarraituz, arau-hausteak honela sailkatuko dira: oso astunak, astunak eta arinak. Ordenantza honen edo aplikatzekoak diren bestelako legezko xedapenen kontrako ekintzak edo ez-egiteak arau-hauste administratibotzat joko dira, eta bertan jasotzen diren kasuetan, moduan eta neurrian zigortuko dira, salbu eta zigor-legeetan jasota dauden delituak edo faltak badira. Kasu horretan, udal administrazioak jurisdikzio ordena eskudunari pasatuko dio erruduntasun testigantza, eta ez du zigor prozedurarekin jarraituko autoritate judizialak epai irmoa ematen ez duen bitartean. Ordenantza honetan jasotako arauen kontrako arau-hausteak arintzat joko dira, baldin eta hurrengo apartatuetan espresuki astuntzat edo oso astuntzat jotzen ez badira. Ordenantza honetan honako arlo hauetan tipifikatutako jokabideak joko dira arau-hauste astuntzat: zabarkeriaz edo ausarkeriaz gidatzea; premiaren bat edo istripuren bat egonda laguntzarik ez ematea; gidariaren ahalmen psikofisikoak nahastu edo gutxitzen dituzten gaiak hartzea; abiadura mugekin, pasatzeko lehentasunarekin, aurreratzeekin eta norabidea edo noranzkoa aldatzearekin zerikusia dutenak; agindutako noranzkoaren kontra zirkulatzea; leku arriskutsuetan edo trafikoa larri oztopatzen duten lekuetan gelditu eta aparkatzea; ikuspenik ez dagoenean edo gutxituta dagoenean argiak piztu gabe edo bidearen beste erabiltzaileak itsutuz zirkulatzea; arauzko baimenik gabe edo matrikularik gabe zirkulatzea; bide segurtasuna bermatzen duten baldintza teknikoak betetzen ez dituen ibilgailu batekin zirkulatzea; baimenik gabe bidean obrak egin eta seinaleztatzea; baimenik gabe bideko obren seinaleak kentzea edo hondatzea; aldi baterako seinaleak zein seinale iraunkorrak kentzea edo hondatzea; eta ibilgailuen arteko lehiaketak edo lasterketak egitea. Aurreko apartatuan aipatzen diren arau-hausteak oso astuntzat hartuko dira, baldin eta arrazoi hauetakoren baten ondorioz arrisku inguruabarrak gertatzen badira: zirkulazio handia egotea; eguraldiaren edo ikuspenaren egoera txarra; ibilgailuak eta beste bide erabiltzaile batzuk aldi berean zirkulatzea bidean; edo antzeko beste edozein egoera, baldin eta arau-hauste astunak egiten diren unean horietan aurreikusitako arriskuari beste arrisku jakin bat gehitzen badiote.

17. artikulua. Zehapenak.

Trafikoari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen aurkako edozein ekintza edo ez-egite lege horretan ezarritakoaren arabera zehatuko da. Mugikortasun ordenantzaren gainerako arau-hausteen motak eta dagozkien zenbatekoak ordenantza honen 2. eranskinean zehaztuta daude, eta ordenantzan jasotakoak alkatearen dekretu bidez handitzen ahalko dira.

18. artikulua. Zehapen esparruaren eskumena.

Alkate udalburuaren eskumena izanen da, edo horretarako eskuordetutako zinegotziarena, ordenantza honetan jasotako aginduak hausteagatiko zehapenak ezartzea. Prozedura ofizioz abiaraziko da. Guardia Zibileko edo Foruzaingoko agenteen salaketek, bide zirkulazioa zaintzeko eta kontrolatzeko lanetan ari direnean, frogaren balioa dute, salaketaren egitateen gainean izan litezkeen froga guztiak ekarri beharko badituzte ere. Horrek ez du ezertan ukatuko salatuek ere beren defentsan frogak ekarri edo izendatzen ahal izatea. Halaber, edozein pertsonak aurkezten ahalko du ordenantza honetako aginduak haustegatiko salaketa, horrelakorik ikusiz gero. Kasu horretan, salaketak ez du egiazkotasun presuntziorik izanen.

19. artikulua. Isunen taula.

Oro har, ordenantza honetako aginduak urratzen dituzten arau-hausteak, ordenantza honetako 2. eranskinean ageri den isun taularen arabera zehatuko dira. Nolanahi ere, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.k) artikuluan xedatutakoarekin bat, Osoko Bilkuraren eskumena izanen da, ebazpen justifikatuaren bidez, ordenantza honetako aginduen aurkako arau-hausteengatiko isunen taula berri bat ezartzea.

20. artikulua. Salaketak egitea.

Guardia Zibilak eta Foruzaingoak ordenantza honetan jasotako aginduak urratzen dituzten gertakariei dagozkien salaketak eginen dituzte. Halaber, Otsagabiko Udalak langileak gaitzen ahalko ditu ordenantza honen eremuan sartuta dauden zirkulatzeko eta aparkatzeko espazioak zaindu eta kontrolatzeko, eta espazio horietan egindako arau-hausteengatiko salaketak egiteko. Azkenik, edozein pertsonak salaketa egiten ahalko du ordenantza honetako aginduak urratzen dituzten egitateengatik.

21. artikulua. Salaketaren datuak.

Egiten diren salaketetan, hala errekerimendukoetan nola ofizioz egindakoetan, datu hauek jaso beharko dira nahitaez:

–Ustezko arau-haustea zer ibilgailutan egin den, ibilgailu horren identifikazioa.

–Gidaria nor den, jakinez gero. Salatutako egitatearen eta haren inguruabarren zerrenda, ustezko arau-haustea non eta zer egun eta ordutan egin den adierazita.

–Salatzailearen izena, lanbidea eta helbidea. Datu horien ordez identifikazio zenbakia jartzen ahalko da, salaketa Guardia Zibileko edo Foruzaingoko agente batek egin badu bere eginkizunak betez.

22. artikulua. Salaketak.

Salaketak izapide hauen arabera eginen dira:

1.–Salaketa jarri duen agenteak hiru aletan emanen du salaketa orria, eta ale bat emanen dio arau-hausleari. Orri horretan, honako datu hauek jasoko dira: egitateen zerrenda laburra, non, zer egun eta zer ordutan hauteman diren, ibilgailuaren matrikula eta ezaugarriak, hautsitako araua, salatuaren izena, helbidea eta NANa (bertan baldin bazegoen), eta salaketa egin duen agentearen identifikazio zenbakia. Salaketa orria salatzaileak eta salatuak sinatuko dute; salatzaileak sinatzeak, dena den, ez du esan nahi egitateak onartzen dituenik. Arau-hausleak sinatzeari uko egiten badio, edo sinatzen ez badaki, salaketa egiten duen agenteak idatziz jasoko du inguruabar hori, eta horrek sinaduraren ondorio berak izanen ditu. Salatutako gidaria salaketa egiteko unean ez badago, ibilgailuaren haizetako-garbigailuak lotuta jarriko da orria; horrek, dena den, ez du esan nahi arau-haustea jakinarazi denik. Prozesua azkarragoa eta merkeagoa izan dadin, modu mekanizatuan ematen ahalko dira salaketa orriak; tiketak eta salaketa orriak emateko gailuen bidez, hain zuzen.

2.–Salaketa orria entregatu ondorengo hamabost egun baliodunetan (artikulu honetako 4. apartatuan aurreikusitako kasuetan izan ezik entregatzeak haren jakinarazpen gisa balioko baitu), salatuak deskargu idazkia aurkezten ahalko du, eta egokitzat jotzen dituen frogak aurkeztu edo proposatu.

3.–Egitateak ikertzeko eginbideak amaitu ondoren, dagokion ebazpena emanen da, eta salatuari haren edukia jakinaraziko zaio, eta, hala badagokio, adieraziko zaio zer errekurtso jartzen ahalko dituen.

4.–Justifikatutako arrazoiak direla-eta salatuari salaketa orria eman ez bazaio, haren edukia jakinaraziko zaio, eta jakinaraziko zaio hamabost egun balioduneko epean alegazioak egiteko eskubidea duela.

23. artikulua. Deskargu orria.

Borondatezko salaketaren bidez hasitako prozedura batean deskargu orria aurkezten denean, proposatutako froga egin aurretik edo, halakorik proposatu ez bada, dagokion ebazpena eman aurretik, salatzaileari entzunen zaio hamar eguneko epean, eta hark, egoki baderitzo, egokitzat jotzen duen proba osagarria proposatzen ahalko du. Agente batek salatuta hasitako prozedura batean deskargu orria aurkezten bada eta bertan salatuaren egitatea edo haren edozein inguruabar aurkaratzen bada, salaketa egin duen agenteari igorriko zaio, hamabost eguneko epean txostena egin dezan; agenteak berresten badu, salatutako egitateak egiaztatuko ditu, kontrako frogarik ezean. Adierazitako epea iragan ondoren, salatzaileak eta salatuak alegatutakoa eta frogatutakoa ikusita, eta, beharrezkoa izango balitz, froga eginda eta interesdunei entzun eta gero (egitateak ikertzeko eta kalifikatzeko behar-beharrezkoa den kasuetan), dagokion ebazpena emanen da.

24. artikulua. Gidariaren helbidea.

Jakinarazpenen ondorioetarako, ibilgailuaren gidariaren eta titularraren helbidea interesdunek espresuki adierazi dutena izanen da, eta bestela, gidarien eta arau-hausleen erregistroetan eta ibilgailuen erregistroan ageri dena, hurrenez hurren.

25. artikulua. Isunaren zenbatekoa murriztea.

Ordenantza honetan jasotako aginduak hausten dituztenek, egindako arau-haustea zigor legeetan tipifikatuta ez badago eta gidabaimena etetea eragiteko modukoa ez bada, isunaren zenbatekoa ordaintzen ahalko dute udalaren bulegoan, zenbatekoaren %50eko murrizketarekin, horretarako ezarritako epeen barruan.

26. artikulua. Isunak preskribatzea.

Isunen ordainketa eskatzeko ekintza urtebetera preskribatuko da, administrazioaren ikuspegitik ebazpena irmo denetik kontatzen hasita; soil-soilik etengo da hura betearazteko ekintzen edo edozein motatako erreklamazio edo errekurtso jartzearen ondorioz.

27. artikulua. Baimen txartela aldi baterako etetea edo kentzea.

Mugikortasun ordenantza honek arautzen duen esparruan behin eta berriz arau-hausteak egiten dituzten gidariei urtebetez kentzen ahalko zaie daukaten baimen txartela. Otsagabiko Udalak gauzatuko du baimen txartela aldi baterako etete edo kentze hori.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Garatzeko gaitzea.

Alkateari ahalmena ematen zaio ordenantza hau betearazteko eta garatzeko behar diren xedapen guztiak emateko. Alkatearen dekretu bidez onetsi eta aldatzen ahalko dira ordenantza honen zehapenei, seinaleztapenari, eremu arautuaren hedadurari eta zamalanetarako ordutegiei buruzko eranskinak.

Bigarrena.–Indarra hartzea.

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan aurreikusitako 15 eguneko epea iragan ondoren, epe horretan errekerimendu-ahalmenak baliatzen ahalko baitituzte Estatuko edo Autonomia Erkidegoko Administrazioek.

Iragarkiaren kodea: L2110846