170. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Erregelamendua, langileak aldi baterako kontratatzeko, Burlatako Udalaren, erakunde autonomoen, sozietate publikoen eta Udalaren mendeko beste erakunde ororen zerbitzura aritzeko. Behin betiko onespena

Burlatako Udalak, 2021eko apirilaren 29an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea eta jendaurrean jartzea Erregelamendua, langileak aldi baterako kontratatzeko, Burlatako Udalaren, erakunde autonomoen, sozietate publikoen eta Udalaren mendeko beste erakunde ororen zerbitzura aritzeko; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Iragarkia 2021eko 101. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 3an, eta jendaurrean egon den bitartean ez da haren aurkako alegaziorik jarri. Beraz, testua behin betiko onesten da eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua).

Burlatan, 2021eko ekainaren 17an.–Alkate udalburua, Ana Góngora Urzaiz.

ERREGELAMENDUA, LANGILEAK ALDI BATERAKO KONTRATATZEKO, BURLATAKO UDALAREN, ERAKUNDE AUTONOMOEN, SOZIETATE PUBLIKOEN ETA UDALAREN MENDEKO BESTE ERAKUNDE OROREN ZERBITZURA ARITZEKO

I.–Xedea, aplikazio eremua eta printzipioak

1.–Xedea.

Kudeatzea langileak aldi baterako kontratatzeko prozedura, horretarako sortutako ordezkapen zerrendetatik abiatuta.

2.–Aplikazio eremua.

a) Plantilla organikoan hutsik dauden lanpostuak betetzea bitarteko langileekin, bai eta inguruabar ezberdinengatik sor daitezkeen beharrei erantzutea ere.

b) Araudi hau aplikatuko zaie Burlatako Udalari, haren erakunde autonomoei, sozietate publikoei eta menpeko beste erakunde orori.

Salbuetsiko dira langileak kontratatzeko irizpide propioak dituzten dirulaguntza deialdiren baten babesean egiten direnak (adibidez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren gizarte-intereseko lanak, enplegu sozial babestua, gazte bermea).

c) Araudi hau ez zaie aplikatuko langileak kontratatzeko irizpide propioak dituzten dirulaguntza deialdiren baten babesean egiten diren kontratazioei (adibidez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren gizarte-intereseko lanak, oinarrizko errenta eta abar).

3.–Aldi baterako langileak hautatzeko printzipioak.

Aldi baterako langileak deialdien bidez hautatuko dira, betiere, berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publizitate printzipioak bermatuz.

Nolanahi ere, aldi baterako langileak hautatzeko prozeduretan kontratazioa ahalik eta eraginkortasun eta arintasun handienarekin egitea ahalbidetuko da.

II.–Izangaiak hautatzeko prozedura

4.–Zerrendak eratzea eta lehentasun-hurrenkera:

1. Udal langileen zerrendak, prestakuntza, hobekuntza eta sustapeneko barne deialdietan onetsiak (bitarteko izendapenetarako egindako barne deialdiak).

2. Kasuan kasuko lanpostuan lan-kontratudun finko edo funtzionario gisa sartzeko hautaprobak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin osatutako zerrendak.

3. Kasuan kasuko lanpostuan lan-kontratudun finko edo funtzionario gisa sartzeko hautapen prozesuetatik heldu diren izangaien zerrendak, aurreko apartatukoak izan gabe, deialdian ezartzen den hautapen-prozesuko probaren bat gainditu dutenekin osatuak. Apartatu hau bakarrik aplikatuko da deialdiaren oinarrietan hala ezartzen bada.

4. Kasuan kasuko lanpostua aldi baterako betetzeko hautaproben deialdi publikoaren bidez osaturiko izangaien zerrendak, dagokion hautaprobetan lorturiko puntuen hurrenkeraren araberakoak.

5. Nafarroako Enplegu Zerbitzura igorritako enplegu eskaintza orokorren ondorioz egindako hautaproben bitartez eratutako izangaien zerrendak, horiek kasuan kasuko lanpostuaren betebeharrak betetzen badituzte, hautaprobetan lorturiko puntuen hurrenkeraren araberakoak.

Zerrenda propiorik ez dagoenean edo horiek agortu direnean, beste toki-erakunde batzuenak erabili ahalko dira, administrazioarteko lankidetza-hitzarmenak adostuz Burlatako Udalaren edo haren erakunde autonomoen, edo sozietate publikoen eta Nafarroako beste toki-erakunde batzuen artean, langileak kontratatzeko aldi baterako beharrei erantzutearren.

III.–Deien kudeaketa

5.–Dei motak:

5.1. Oro har, 4. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeraren arabera zerrendan lehenbizi dagoen pertsonari deituko zaio, hura aktibaturik badago.

5.2. Lanpostu huts bat betetzen ari denari ez zaio beste lanpostu hutsik eskainiko, ezta lanpostu berean 6 hilabeteko iraupena edo handik gorakoa duen kontraturik ere, salbu eta betetzen ari den lanpostuaren lanaldia laburragoa bada eskainitakoarena baino.

Izangaiarekin harremanetan jarriko da telefonoz edota telefono mugikorrera edota posta elektronikora bidalitako testu-mezuen bidez, kontratazio zerrendan deiaren unean aktibaturik daudenen hurrenkeraren arabera.

5.3. Lanpostu huts bat lanaldi partzialean betetzen duten langileei eskainiko zaizkie haien entitatearen barnean sortzen diren lanaldi osoko lanpostu hutsak. Barne langileei lanpostu hutsak eskaintzeko irizpideak bat etorriko dira sindikatu-ordezkaritzarekin negoziatutakoekin, eta organo eskudunak onetsi beharko ditu.

Kontratazio eskaintza arruntak:

a) Pertsonarekin harremanetan jarriz gero, lan-eskaintzaren berri emanen zaio eta 24 orduko epea izanen du onartzen duen ala ez erabakitzeko. Epea bukatu eta erantzunik jaso ez bada, zerrendako hurrengo pertsonari deituko zaio, lehentasun-hurrenkeraren arabera.

b) Pertsona aurkitzerik ez badago, testu-mezu bat igorriko zaio telefono mugikorrera edota posta elektronikora, eta lan-eskaintzaren eta erantzuteko epearen berri emanen zaio; 24 ordukoa izanen da, kontaktu egunetik hasita. Epea bukatu eta erantzunik jaso ez bada, zerrendako hurrengo pertsonari deituko zaio, lehentasun-hurrenkeraren arabera.

c) Eskaintzari uko egiten badio, 7. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

Kontratazio eskaintza presakoak:

Premia larria dagoenean, lanpostuan gehienez ere bi egun balioduneko epean hasi behar bada lanean. Zerrendan aktibo dauden izangai guztiei deituko zaie, lehentasun-hurrenkeraren arabera, eskaintza onartzen duen pertsona bat aurkitu arte. Prozedura hau erabiltzeak ez die eraginen aurkitu ez diren edo eskaintzari uko egin dioten izangaiei, zerrendetan duten postuari dagokionez; gainera, azken kasu horretan ez da ukoa justifikatzeko dokumentaziorik eskatuko.

6.–Dei egiteko arau orokorrak.

1. Aldi berean kontratu bat baino gehiago egiten bada, lehen tokian dagoen pertsonari aukera eman beharko zaio haietako edozein aukeratzeko.

2. Prozedura arintzeko edo baliabideen optimizazioa dela eta (40/2015 Legearen 3. artikulua) egokiagotzat jotzen denean, telefono mugikorrera edota posta elektronikora testu-mezua igorriko zaie zerrendan aktibo dauden pertsona guztiei, batera edo taldeka. Bidalitako mezuan jakinaraziko zaie eskaintza eta harremanetan jartzeko epea. Egokiagotzat jotzen bada, mezua bidaliko da jakinarazteko lan-eskaintzaren baldintzak Udalaren web-orriko egoitza elektronikoan daudela. Eskaintzaren baldintzetan ezarritako epea bukatuta, eta zerrenden lehentasun-hurrenkera errespetatuz, mezuari erantzun, eta eskaintza onartu duen izangaiari deituko zaio.

3. Lokalizaturik egon daitezen, izangaiek harremanetarako telefono bat eta helbide elektroniko bat jakinarazi behar dituzte gutxienez; izangaiak arduratuko dira informazio hori uneoro eguneraturik edukitzeaz.

4. Kasu guztietan, kontaktu bakoitzaren idatzizko oharra eginen da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik. (I. eranskina).

5. Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendetan, hiru lanpostutatik bat, lehenbizikoa, erreserbatuko da zerrenda horretan dauden eta %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiendako, betetzeko Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategineko 7. xedapen gehigarrian ezarritakoa.

6. Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie eskainiko beste lanpostu bat betetzeko kontrataziorik eta zuzenean desaktibatuta geldituko dira, salbu eta:

a) Kontratazio eskaintzak lanaldia hobetzea badakar, lanaldi partzialetik osora pasatzea eta eskaintza 6 hilabetekoa edo luzeagoa bada.

b) Eskaintza baldin bada lanpostu huts bat bitarte baterako betetzeko, betiere kontratatutako pertsona ez dagoenean lehendik lanpostu huts bat betetzen, edo eskainitako lanpostu hutsaren lanaldia luzeagoa bada.

c) Kontratazio eskaintza ez bada egiten betetzen ari diren lanpostuari dagokion zerrendatik, baizik beste batetik.

7. Enplegatu bat lanpostu batean ari bada edo aritu bada aldi baterako kontratuarekin eta kontratu hori bukatu eta hurrengo 15 eguneko epean lanpostu zenbaki bera bete behar denean, kontratua izangai horri eskainiko zaio, baldin eta dei berria egitean eskura badago indarreko kontratazio zerrendan eta ez bada 6 hilabeteko iraupena edo handik gorakoa duen lanpostu hutsaren edo kontratuaren kasua, kasu horretan 5.2. artikuluan ezarritakoa aplikatuko baita.

7.–Kontratazioari uko egitea.

7.1. Izangaiak ez dira kontratazio zerrendaren azken postura igaroko honako kasu hauetan:

a) Indarrean dagoen kontratu administratibo edo lan-kontratu batengatik horretara behartua egotea. 8. d) puntuan jasotako kasuetan izan ezik.

b) Aldi baterako ezintasun egoeran badago edo ama izan edo adoptatzeagatik lizentzia badu.

c) Sinatutako kontratuari uko egitea, beste administrazio publiko, enpresa publiko edo enpresa pribatu batean lanean hasteko, edo administrazio berean bai baina beste lanpostu batean aritzeko. 8. d) puntuan jasotako kasuetan izan ezik.

d) Bere zaintzapean edukitzea 3 urtetik beherako ume bat, norberarena nahiz adoptatua, edo lehen gradura bitarteko odol bidezko ahaideren bat, adinagatik edo istripu edo gaixotasun baten ondorioz bere kasa baliatzeko gauza ez dena eta lan ordaindurik egiten ez duena. Arrazoi honengatik kontratu bati uko egiten diotenak ezin dira berriz eskura egotera itzuli gutxienez urtebete iragan arte uko horretatik, salbu eta, lehenbiziko kasuan, adingabeak lehenago 3 urte betetzen baditu, eta, bigarren kasuan, kontzesioa ekarri zuen arrazoia bukatzen bada, eta subjektu eragile berak ezin izanen du arrazoi hori alegatu.

e) Norberaren ezkontza edo parekatutako egoera, baldin eskainitako kontratuaren hasiera eguna badago hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturalen barnean.

7.2. 7.1 apartatuko zerrendan agertzen diren egoeratako batean dauden izangaiek agiri bidez eta modu frogagarrian frogatu beharko dute, 30 egun naturaleko epean, uko egiten dioten lanpostua eskaini zaien egunaz geroztik. Agiriak Burlatako Udalean erregistratu beharko dira, giza-baliabideetara zuzenduta, edo lan-eskaintza egin den erakundean. Agiriak ezarritako epean jasotzen ez badira lanpostuari justifikaziorik gabe uko egin zaiola ulertuko da eta zerrendan azken postura igaroko da izangaia.

7.3. Ukoa justifikatu zuen egoera bukatutakoan, interesdunek eskabidea aurkeztuko dute Burlatako Udalean, giza-baliabideetara zuzenduta, edo lan-eskaintza egin duen erakundean, eskura daudela adierazteko, zerrendan aktibatuta gera daitezen. Komunikazio hori egiten ez den bitartean ez dira eskuragarri egonen eta ez zaie inolako kontrataziorik eskainiko, harik eta aktibatzea eskatzeko eskabidea aurkeztu arte.

8.–Zerrendako azken tokira joatea.

Zerrendako azken tokira pasatuko dira honelako kasuren batean suertatzen direnak:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egotzi beharreko arrazoi batengatik.

c) Izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, bi dei eginda.

d) Bitan uko egitea kontratu arruntaren eskaintza bati, araudi honetako 7.1.a) eta c) apartatuetan adierazitako arrazoiengatik.

9.–Zerrendetatik baztertzea.

Honako hauek izanen dira arrazoiak izangaiak baztertzeko dei egin zaien zerrendatik:

a) Probaldia ez gainditzea, betiere zerbitzuaren arduradunak egin eta Giza Baliabideen Departamentuak onetsitako txosten arrazoitu batekin, eta aldez aurretik sindikatu-ordezkaritzari horren berri emanda.

b) Kontratua azkentzea diziplinazko espediente baten tramitazioaren ondorioz, zerrendetatik baztertzea erabakitzen duen ebazpen batekin bururatzen bada. Diziplinazko espedientea tramitatzen ari den bitartean, administrazioak erabaki dezake etetea izangaiari deitzeko betebeharra, diziplinazko espediente hori ireki bada falta astun edo oso astun bat egin dela-eta.

c) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiengatik, dela kontratatzen den langilea lanpostuan aritzeko gaitasun edo egokitzapen faltagatik, eta horrek lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez egitea galarazten duen errendimendu eskasa badakar, dela lanpostuaren eginkizunak aldatzeagatik, betiere interesdunari entzunaldia eman eta zerbitzuaren arduradunak txostena egin ondotik eta sindikatu-ordezkaritzari jakinarazi ondotik.

10.–Zerrenden indarraldia.

Zerrendek 5 urteko indarraldia izanen dute, salbu eta agortzen badira epe hori iragan baino lehen, edo organo eskudunak erabakitzen badu beste kontratazio zerrenda bat egitea 5 urte horiek igaro baino lehen. Alkatetzaren ebazpenaren bitartez erabaki ahalko da zerrenden indarraldia luzatzea, Udaleko giza-baliabideen arduradunak proposatuta eta sindikatu-ordezkaritzak txostena eginda.

Publizitatea eta gardentasuna

Zerrenda guztiak Udalaren web-orrian argitaratuko dira, eskuragarri egoteko maneran eta aldiro eguneratuko dira; horrela, une bakoitzean zehaztu ahalko da zerrendako pertsonen lehentasun-hurrenkera.

Xedapen indargabetzailea

Araudi honek indarrik gabe uzten du erabat Burlatako Udalean aldi baterako langileen kontratazioak kudeatzeko erabakia, 2016ko apirilaren 28ko osoko bilkuran onetsia eta 2016ko 105. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, ekainaren 1ean.

Azken xedapen bakarra

Erabaki honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean. Indarra hartzen duen unean Udalean, erakunde autonomoetan eta enpresa publikoetan indarrean diren zerrenda guztiei aplikatuko zaie.

I. eranskina

Deien kudeaketa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2109895