165. ALDIZKARIA - 2021eko uztailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

100E/2021 EBAZPENA, ekainaren 21ekoa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, honako deialdi hau onesten duena: “3917-Nafarroako toki entitateentzako dirulaguntzak, despopulazioari aurre egiteko gastu arrunteko neurrietarako”. DDBN identifikazioa: 571233.

2021eko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan (abenduaren 29ko 20/2020 Foru Legearen bidez onetsiak eta 304. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 31koan, argitaratuak) partida hau ageri da gastu-aurrekontuan: 210001 21100 4609 922100 partida, “Suspertu plana. Toki entitateentzako dirulaguntzak, despopulazioari aurre egiteko neurriak hartzeko” izenekoa, 500.000,00 euroko gehieneko zenbatekoa duena.

Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren 8. artikuluan zehazten da Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumena dela “erronka demografikoaren eta despopulazioaren aurka borrokatzeko estrategiarekin loturiko neurriak aztertu, koordinatu, proposatu eta tramitatzea” eta “dirulaguntzen deialdia egitea eta dirulaguntzak ematea bere eskumenen esparruarekin lotutako jardueretarako”.

2019ko azaroaren 13ko Gobernu Akordioaren ondotik, Despopulazioaren aurkako Borrokarako Batzordea sortu zen. Organo hori kide anitzekoa da, zeharkakoa eta departamentuen artekoa, xedetzat duena despopulazioa prebenitzeko eta arintzeko neurri praktikoak hartzea, eta atzerakada demografikoa aintzat hartu beharreko printzipio izatea administrazioak arazoari aurre egiteko diseinatzen duen politika nahiz plan orotan.

263/2019 Foru Dekretuan ezarritakoa bete dadin, Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuak, zeinari atxikia baitago Toki Informazioaren eta Despopulazioaren aurkako Borrokarako Estrategiaren Atala, despopulazio-arriskuan dauden Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdia onestea proposatu du, 2021. urtean despopulazioari aurre egiteko neurriak gauzatu ditzaten.

Deialdiaren xedea da despopulazio-arriskuan dauden udal eta mankomunitateei 2021. urtean dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, despopulazioaren aurkako borrokarako gastu arrunteko neurriak finantzatzeko.

Azaldutakoarekin bat, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuan xedatutakoari helduz.

EBAZTEN DUT:

1.–Onestea despopulazio arriskuan dauden Nafarroako toki entitateentzako dirulaguntzen deialdia, 2021. urtean despopulazioari aurre egiteko neurriak gauzatu ditzaten.

2.–Deialdi hau arautuko duten oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen eranskinean jasota daudenak.

3.–500.000,00 euroko gastua baimentzea, 2021erako gastu-aurrekontuko partida honen kargura: 210001 21100 4609 922100 partida, “Suspertu plana. Toki entitateentzako dirulaguntzak, despopulazioari aurre egiteko neurriak hartzeko” izenekoa, 500.000,00 euroko gehieneko zenbatekoa duena.

4.–Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5.–Gastu-baimen hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean sartzea.

6.–Ebazpen hau igortzea Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzura, Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzura eta Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Azpiegituren Zerbitzura.

7.–Deialdiaren eta bere oinarri eta egintzen aurka toki entitateek, espedientean interesa badute, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2021eko ekainaren 21ean.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús María Rodríguez Gómez.

OINARRI ARAUTZAILEAK, DESPOPULAZIO-ARRISKUAN DAUDEN NAFARROAKO TOKI ENTITATEENTZAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIARENAK, 2021. URTEAN DESPOPULAZIOAREN AURKAKO BORROKARAKO NEURRIAK GAUZATU DITZATEN

1. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da despopulazio-arriskuan dauden udal eta mankomunitateei 2021. urtean dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, Nafarroako udalerrietan despopulazioaren aurkako borrokarako jarduketak eta gastu arrunteko proiektuak finantzatzeko.

Xedea da jarduketak sustatzea Nafarroaren garapen bateratu eta solidariorako, halako moldez non gizarte berrikuntzaren, ekintzailetzaren eta erronka demografikoaren gaineko eragina izanen duten jarduketen aldeko apustua eginen baita, honako helburu hauetan aurrera egiteko: sarbide unibertsala izatea kalitate handiko zerbitzu publiko eta azpiegituretara; landa eremuko komunitateak biziberritzea teknologia eta berrikuntzaren bidez; enplegurako aukera berriak sortzea; landa eremuen eta hiriguneen arteko lankidetza eta osagarritasuna sendotzea; gizarte inklusioa eta genero berdintasuna bermatzea; klima aldaketaren ondorioak arintzea eta oreka bilatzea bizitza pribatuaren eta profesionalaren artean.

2. Entitate onuradunak.

a) Deialdi honetan parte hartzen ahalko dute despopulazio-arriskuan egonik, ondorengo irizpideen arabera bost arrisku talde hauetako batean sartzen diren udalek:

–1. taldea: Muturreko despopulazio-arriskua.

  • Biztanleria-dentsitatea 8 bizt./km² edo txikiagoa denean.

–2. taldea: despopulazio-arrisku bizia.

  • Biztanleria-dentsitatea 12,5 bizt./km² edo txikiagoa eta 8 bizt./km² baino handiagoa denean.

–3. taldea: despopulazio-arrisku esanguratsua.

  • Biztanleria-dentsitatea 25 bizt./km² edo txikiagoa eta 12,5 bizt./km² baino handiagoa denean, eta 1989tik 2019ra bitarteko hogeita hamar urteetan biztanleak galdu dituztenak.

–4. taldea: Gainbehera bizia.

  • %15eko edo gehiagoko biztanle-galera 1989tik 2019ra bitarteko hogeita hamar urteetan, eta biztanleria-dentsitatea 25 bizt./km² baino handiagoa denean.

–5. multzoa: Gainbehera moderatua.

  • %15 baino gutxiagoko biztanle-galera 1989tik 2019ra bitarteko hogeita hamar urteetan, eta biztanleria-dentsitatea 25 bizt./km² baino handiagoa denean.
  • Edo 2021-2027 aldirako Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) despopulazio irizpideak betetzen dituztenek (urtean %1eko biztanle-galera gutxienez 2007-2017 aldian) eta aurreko egoeretako bakar batean ere ez daudenek.

b) Deialdi honetan parte hartzen ahalko dute, halaber, despopulazio-arriskuan udalerri bat edo gehiago (aurreko a) apartatuan aipatutakoak) dituzten mankomunitateek, baldin eta haietan jarduketarik egiten badute, 5.1 oinarrian ezarritakoari jarraikiz. 1).

c) Udalek banaka nahiz lankidetzan (beste udal batzuekin batera) aurkezten ahalko dituzte eskaerak. a) apartatuan adierazitako udalak soilik izaten ahalko dira lankidetzako proiektu horien onuradun.

d) Pirinioetako Planean sartuta dauden toki entitateak ezin izanen dira deialdi honen onuradun izan.

8. apartatuan ageri diren informazio iturriak erabiliko dira.

3. Proiektu eta jarduketa diruz lagungarriak.

3.1. Ohar orokorrak.

Eskabideetan adierazitako ekimenak proiektu eta jarduketa diruz lagungarritzat hartuko dira Nafarroako Despopulazioaren aurkako Borrokaren Estrategiari loturik proposatzen diren eskaera eta beharrei erantzutera bideratuta badaude, eta helburuak erdiesten laguntzen badute ondoko eremuetan:

–Berrikuntza eta ekintzailetza.

–Pertsona eta gizataldeentzako zerbitzuak: adinekoentzat; mendekotasuna dutenentzat; gazteentzat; emakumeentzat; familientzat; bazterketa arriskuan, zaurgarritasun egoeran edo beharrean dauden taldeentzat; lehendik existitzen diren biziguneetara heldu berri direnentzat, eta antzekoentzat.

–Lankidetzako zerbitzuak, zerbitzu-trukaketa eta jarduketa partekatuak.

–Mugikortasuna.

–Turismoa eta merkataritza.

–Teknologia: gaikuntza eta zerbitzu digitalak.

–Kultura eta tradizioa.

–Landa- eta natur ondarearekin loturiko zerbitzuak.

–Landa-eremuaren ikusgaitasuna eta zabalkundea. Sentsibilizazioa landa-balioei begirako jarrera positiboak sortzeko.

Honako hauek dira Despopulazioaren aurkako Borrokarako Estrategiaren inguruko erreferentziazko dokumentuak:

–“Nafarroako lurralde-desberdintasunen diagnostikoa: erronkak eta proposamenak”, Errealitate Sozialaren, Planifikazioaren eta Gizarte Politiken Ebaluaziorako Behatokiak egina:

https://www.navarra.es/documents/48192/0/Informe_Desigualdades_Territoriales.pdf/38e612e5-999d-3ebf-3937-3726e47106ba?t=1578916577556

–“Nafarroako Garapen Kohesionatu eta Solidariorako Gizarte Berrikuntzarako Ekintzak”, Errealitate Sozialaren, Planifikazioaren eta Gizarte Politiken Ebaluaziorako Behatokiak egina:

https://www.observatoriorealidadsocial.es/eu/ikerketak/acciones-de-innovacion-social-para-un-desarrollo-cohesionado-y-solidario-de-navarra/es-550758/

–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren ikerketa, Toki Informazioaren eta Despopulazioaren aurkako Borrokarako Estrategiaren Atalak egina, Nafarroan depopulazio-arriskuan dauden eremuen azterketa eta mapa barne dituena.

3.2. Ekintza eta proiektu diruz lagungarriak.

Proiektu diruz lagungarriak izanen dira udal edo mankomunitate bakoitzak halakotzat jotzen dituenak, baldin eta Nafarroako Despopulazioaren aurkako Borrokarako Estrategiaren ildoan proposatzen diren eskaera eta beharrei erantzuten badiete eta haren helburuak erdiesten laguntzen badute, eta deialdi honetako 3.1 apartatuan sailka badaitezke.

3.3. Gastu diruz lagungarriak eta ez-lagungarriak.

Dirulaguntzen bidez soilik finantzatuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari dagozkion gastuak, 4. oinarrian ezarritako epean egindakoak. Zehazki, diruz lagunduko dira ondoko gastu kontzeptu hauek, betiere merkatuko balioekin bat etorriko direnak.

3.3.1. Gastu diruz lagungarriak:

a) Langile gastuak, baldin eta lagundutako jarduera sustatzen duten toki entitateetako plantilla organikoko langileenak ez badira.

b) Laguntza teknikoa: proiektua garatzeko beharrezkoak diren zerbitzu profesionalak entitatetik kanpo kontratatzea (memoriak, planak, proiektuak eta beste erredaktatzeko gastuak barne).

c) Diruz lagundutako jardueren publizitate edo zabalkunde gastuak.

d) Materialak argitaratzeko gastuak. Soilik proiektuaren xedea lortzeko ezinbestekoa den material inprimatuak jasoko du dirulaguntza.

e) Jarduera garatzeko beharrezkoa den material suntsikorraren gastuak.

f) Diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean kontziliazioa ahalbidetzeko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea, etab.).

g) Entitate batzuen artean garatzen diren proiektuen kasuan, joan-etorri kolektiboen gastuak, adibidez, mikrobusen alokairua edo taxi zerbitzua.

h) Gastu finantzarioak, aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak eta antzekoak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta ezinbestekoak badira hura ongi gauzatzeko.

i) Tributuak gastu diruz lagungarriak dira dirulaguntzaren onuradunak benetan ordaintzen dituenean. Ez dira inola ere gastu diruz lagungarritzat joko berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak, ezta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

3.3.2. Diruz lagungarriak ez diren gastuak:

a) Banku kontuetako interes zordunak.

b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.

c) Prozedura judizialen gastuak.

d) Aperitibo, otordu eta antzekoen gastuak.

e) Entitatearen beraren publizitatearekin edo jardueraren sustapenarekin lotutako gastuak, Nafarroako Gobernuaren logotipoa agertzen ez bada.

f) Jardueretan parte hartu dutenentzako esker-sariak edo opariak, edonolakoak.

g) Nafarroako toki entitateen aurrekontu-egitura onetsi zuen irailaren 23ko 234/2015 Foru Dekretuaren VI. kapituluan (Inbertsio errealak) sartzen diren gastuak.

4. Exekuzio-epea.

Dirulaguntzaren xedeko proiektuen exekuzio epea 2021eko urtarrilaren 1etik azaroaren 15era artekoa izanen da.

Gastuak epe horretan fakturaturik eta ordaindurik daudenean joko da egintzat jarduketa.

5. Eskabideak.

5.1. Tipologia eta aurkeztu beharreko eskabide kopurua.

Deialdi honetako onuradun izateko baldintzak betetzen dituzten udalerri eta mankomunitateek, aurreko apartatuetan ezarritakoarekin bat etorriz, proiektuen eskabideak aurkezten ahalko dituzte ondoko tipologia eta mugei jarraikiz:

1. Mankomunitateen eskaerak: eskabide bat onartuko da mankomunitate bakoitzeko, baldin eta proiektua mankomunitatearen eremuan despopulazio-arriskuan dagoen udalerri batean edo zenbaitetan jarduketak egiteko bada, oinarri hauetako 2 b apartatuan ezarritakoari jarraikiz. Mankomunitateen proiektuetarako eskaerak ez dira onartuko, baldin eta jarduketak despopulazio-arriskurik ez duten mankomunitatearen eremuko udalerri batean edo zenbaitetan egiteko badira.

2. Udalerrien eskaerak: eskabide bat onartuko da udalerri bakoitzeko, hurrengo tipologietako proiektuetarako:

2.1. Lankidetzakoa: despopulazio-arriskuan dauden hainbat udalerritan jarduketak gauzatzeko proiektu bat aurkeztu beharko da. Udalerriek beren arteko bat izendatuko dute ondorio guztietarako haien ordezkari izan dadin proiektuan, baita eskaera egitean eta etor litekeen laguntza ekonomikoa jasotzerakoan ere. Proiektuaren ordezkari izanen den toki entitatea izendatzeko nahikoa izanen da proiektua sustatzen duten toki entitateetan alkatetzaren ardura duten pertsonek sinatutako adierazpena aurkeztea.

2.2. Banakoa: proiektu bat aurkeztu beharko da udalerrian bertan soilik eginen diren jarduerekin.

5.2. Dokumentazioa.

Dirulaguntza eskatzen duten entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Behar bezala betetako eskabide-orria, II. eranskinaren araberakoa.

Lankidetzako proiektuen eskaeretan, entitate eskatzaileetako bat arituko da gainerakoen ordezkari gisa ondorio guztietarako, eta hark ordainduko ditu gastu guztiak eta dirulaguntza osorik jasoko.

a) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, III. eranskinaren araberakoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntza publikoen onuradun izateko ezarritako betebeharrei buruzkoa.

b) Proiektua, honako aurkibidea izanen duena, eta oso-osorik beteta, III. eranskineko ereduari jarraikiz:

1. Azalpen orokorra eta proiektuaren eremua.

  • 1.–Izenburua, datu orokorrak eta proiektuaren deskribapena.
  • 2.–Oinarrietan adierazten direnen artetik zein sektoretan sartzen den.
  • 3.–Lurralde eremua.
  • 4.–Hartzaileak.
  • 5.–Lankidetza beste entitate batzuekin.
  • 6.–Genero ikuspegia.

2. Berrikuntza, helburuak eta espero diren onurak eta sinergiak.

  • 1.–Berrikuntza.
  • 2.–Helburuak eta espero diren onurak.
  • 3.–Gizatalde onuradunak.
  • 4.–Sinergiak beste jarduketa eta proiektu batzuekin.

3. Proiektu-plana.

  • 1.–Proiektuaren deskribapen teknikoa.
  • 2.–Egin beharreko jarduketak.
  • 3.–Jarduketen egutegia eta mugarriak.
  • 4.–Proiektuaren metodologia.
  • 5.–Aurkezten ahal den dokumentazioa.
  • 6.–Zabalkundea.

4. Proiektuaren bideragarritasuna eta jasangarritasuna.

  • 1.–Proposaturiko proiektuaren bideragarritasuna.
  • 2.–Jasangarritasuna eta jarraitutasuna epe ertain eta luzean.
  • 3.– Proiektua berrerabiltzea beste eremu batzuetan.

5. Proiektuaren aurrekontua:

  • 1.–Proiektu-planaren aurrekontua, kontzeptuz kontzeptu zehaztua.
  • 2.–Dirulaguntzan eskatutako aurrekontua, jarduketaz jarduketa zehaztuta.
  • 3.–Beste finantzabide batzuk, halakorik balego.

6. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

6.1. Epea.

Eskabideak eta erantsitako agiriak 30 egun naturaleko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

6.2. Aurkezteko modua.

Eskabideak eta erantsitako agiriak telematika bidez aurkeztuko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. eta 16. artikuluekin bat, Nafarroako Gobernuaren Atariko Zerbitzuen Katalogoan (www.nafarroa.eus) deialdi honi dagokion fitxan agertzen den loturaren bidez, edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez arautua).

Dokumentazioa pdf formatuan aurkeztuko da, dokumentu bereizietan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Nolanahi ere, eskabideak Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko Toki Informazioaren eta Despopulazioaren aurkako Borrokarako Estrategiaren Atalera bideratu beharko dira.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

6.3. Zuzenketa.

Dirulaguntzaeskaerak 5.2 apartatuan adierazitako baldintzak betetzen ez baditu, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, interesdunari errekerimendua eginen zaio, errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita 10 egun balioduneko epean okerra zuzen dezan, eta adieraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta gertaera horren berri ematen duen ebazpena emanen dela.

7. Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko ahalmena duten organoak.

Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuari dagokio dirulaguntza emateko prozedura bideratzea.

Balorazio batzorde bat sortu da eskaerak ebaluatzeko, honako hauez osatua:Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko zuzendaria, Toki Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria, Toki Informazioaren eta Despopulazioaren aurkako Borrokarako Estrategiaren Ataleko burua eta Toki Azpiegituren eta Obren Ataleko burua.

Batzorde horren proposamena loteslea izanen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 20.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio.

8. Baloraziorako eta antolaketarako irizpideak.

Balorazio batzordeak baloratuko ditu proiektuak eta hurrengo irizpideen arabera lortutako puntuazioa emanen dio bakoitzari:

PROIEKTUA BALORATZEKO IRIZPIDEAK

PUNTUAZIOA

GEHIENEZ ERE 100 puntu

A IRIZPIDEA: PROIEKTUAREN LURRALDE EREMUA

A1. LURRALDEAREN DESPOPULAZIO-ARRISKUAREN INDIZEA (40 puntura arte) (*)

1.–Muturreko arriskua: 40 puntu

2.–Arrisku bizia: 30 puntu

3.–Arrisku esanguratsua: 20 puntu

4.-Gainbehera bizia: 10 puntu

5.-Gainbehera moderatua: 3 puntu

A2. LURRALDEKO ZAHARTZE MAILA (**) (5 puntu arte)

A3. LURRALDEKO MASKULINIZAZIO INDIZEA (**) (5 puntu arte)

50 puntu gehienez

B IRIZPIDEA: PROIEKTUAREN BALORAZIO ESPEZIFIKOA

B.1. AZALPEN OROKORRA ETA PROIEKTUAREN EREMUA

1.–Proiektuaren datu orokorrak eta deskribapena.

10 puntu gehienez

2.–Oinarrietan adierazitako sektoreen artetik zeinetan sartzen den.

3.–Lurralde eremua.

4.–Hartzaileak

5.–Lankidetza beste entitate batzuekin

6.-Genero ikuspegia

B.2. BERRIKUNTZA, HELBURUAK ETA ESPERO DIREN ONURAK ETA SINERGIAK

1.–Berrikuntza

2.–Helburuak eta espero diren onurak

3.–Talde onuradunak

4.–Sinergiak beste jarduketa eta proiektu batzuekin

10 puntu gehienez

B.3. PROIEKTUAREN ANTOLAKETA

1.–Proiektuaren deskribapen teknikoa

2.–Egin beharreko jarduketak

3.–Jarduketen eta mugarrien egutegia

4.–Proiektuaren metodologia

5.–Aurkezten ahal diren agiriak

6.–Zabalkundea:

10 puntu gehienez

B.4. PROIEKTUAREN BIDERGARRITASUNA ETA JASANGARRITASUNA

1.–Proposaturiko proiektuaren bideragarritasuna

2.–Jarraitutasuna eta jasangarritasuna epe ertain eta luzera

3.–Proiektua beste eremu batzuetan berrerabiltzeko aukera

10 puntu gehienez

B.5. PROIEKTUAREN AURREKONTUA

1.–Aurrekontua, proiektu-planeko jarduketaz jarduketa zehaztuta

2.–Dirulaguntzan eskatutako aurrekontua, jarduketaz jarduketa zehaztuta

3.–Kalitatea aurrekontua prestatzean

4.–Doikuntza maila aurrekontuaren eta egin beharreko jarduketen artean

5.–Bestelako bideetatik lortutako finantzaketa, halakorik izatekotan

10 puntu gehienez

(*) Proiektuaren lurralde eremuak despopulazio-arriskuan dauden udalerri bat baino gehiago hartzen baditu, proiektuaren lurralde eremuaren arabera esleituko da arrisku mota, 2.a apartatuan udalerrietarako ezarritako irizpide berberei jarraikiz.

(**) Puntuazioa dagokion indizearekiko zuzenki proportzionala izanen da (proportzionaltasun zuzenaren formula). Datuak bi dezimalekin biribilduko dira.

Informazio iturriak: azalera eta biztanleria-dentsitateari buruzko datuetarako, eta zahartze-mailari (65 urtetik gorako biztanleria/biztanleria osoa*100) eta maskulinizazio-indizeari (gizon kopurua/emakume kopurua/) dagozkienetarako, 2020ko INE/Nastat erabiltzen dira (2019ko urtarrilaren 1ari dagozkionak). Biztanleriaren aldakuntzari buruzko datuetarako, aurrekoez gain honako hauek erabiltzen dira: 1990eko INE/Nastat (1989ko urtarrilaren 1ari dagozkionak), 2008ko INE (2007ko urtarrilaren 1ari dagozkionak) eta 2018ko INE/NaStat (2017ko urtarrilaren 1ari dagozkionak).

Balorazio batzordeak ezarritako puntuazio irizpideen arabera baloratuko ditu aurkezturiko proiektu eta jarduketak, eta udalerrien zerrenda osatuko du puntuaziorik handienetik txikienerako hurrenkeran.

Balorazio irizpide guztiak aplikatuta berdinketa gertatuko balitz bi eskaera edo gehiagoren artean, A.1 apartatuan lortutako puntuazioaren arabera antolatuko da hurrenkera; berdinketak jarraituz gero, A.2 apartatuaren arabera, eta, berdinketa hausten ez bada, A.3, B.1, B.2, B.3, B.4 eta B.5 apartatuetako irizpideen arabera, hurrenez hurren. Adierazitako irizpideak aplikatuta ere berdinketa hausten ez bada, Erregistro Orokor Elektronikoan sarrera besteen aurretik eman zitzaion eskabidearen alde eginez ebatziko da.

9. Deialdiaren zenbatekoa eta dirulaguntzen banaketa.

9.1. Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honek, guztira, 500.000,00 euroko zuzkidura izanen du, 2021erako gastu-aurrekontuko “Suspertu plana. Toki entitateentzako dirulaguntzak, despopulazioari aurre egiteko neurriak hartzeko” izeneko 210001 21100 4609 922100 partidaren kargura.

9.2. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa honako portzentaje hauek aplikatuz lortuko da, gauzatuko den lurraldearen arabera proiektuari dagokion tipologiari jarraikiz eta despopulazio-arriskua kontuan hartuta:

–%80ra bitarte 1. tipologiarako.

–%75era bitarte 2. tipologiarako.

–%70 bitarte 3. tipologiarako.

–%65 bitarte 4. tipologiarako.

–%60 bitarte 5. tipologiarako.

Eskabide bakoitzerako gastu diruz lagungarriaren gehieneko muga hauek ezarri dira:

–20.000 euro udalerrien banakako proiektuetarako eta jarduketa eremutzat udalerri bakarra duten mankomunitateen proiektuetarako.

–40.000 euro udalerrien edo mankomunitateen arteko lankidetza proiektuetarako, baldin eta jarduketarako lurralde eremuak bi udalerri hartzen baditu.

–60.000 euro udalerrien edo mankomunitateen arteko lankidetza proiektuetarako, baldin eta jarduketarako lurralde eremuak hiru udalerri edo gehiago hartzen baditu.

Eskaerak lortutako puntuazio hurrenkeraren arabera ordenatuko dira, 8. oinarriko balorazio irizpideei jarraikiz. Funtsak ordena horretan banatuko dira aurrekontuko partida ahitu arte. Erabilgarri dauden funtsak eskaera bati legokiokeen dirulaguntza guztia estaltzeko adinakoak ez badira, partidan gelditzen den diru kopurua esleituko zaio, partida agortu arte.

10. Dirulaguntza emateko prozedura eta dirulaguntzaren balorazioa.

Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

Instrukzio organoak, balorazio batzordearen irizpena ikusita, laguntza emateko ebazpenaren proposamena eginen du.

Eskaerak 8. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz baloratuko dira; horretarako, balorazio batzordeak beste departamentu eta entitate batzuetako pertsona batzuen laguntza izan dezake, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

Behin eskabideak ebaluatuta, instrukzio organoak ebazpen proposamena igorriko dio Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiari.

Proposamenari txosten bat gehituko zaio, adierazten duena entitate onuradunek dirulaguntzak jasotzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

Instrukzio organoak eginiko ebazpen proposamena ikusirik, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak eskaerak aurkezteko ordenari jarraituz ebatziko du dirulaguntzak zein eskatzaileren alde eman, aurrekontu kontsignazioaren gehieneko mugara iritsi arte betiere, eta 9.2 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

Ebazpena arrazoitua izanen da eta honako hauek adieraziko dira bertan: dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda, xedea eta onartutako zenbatekoa, bai eta, kasua bada, gainerako eskatzaileei ezetsitakoak ere, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak zein diren adierazita.

Laguntzak emateko ebazpena 2 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da, www.nafarroa.eus helbideko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxan.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu, jakinarazi ondoko hilabetean, emandako dirulaguntzak, Gobernu Irekiaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntzak zer programaren eta aurrekontu-kredituren kontura ordainduko diren, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Berariazko edo presuntziozko ebazpenaren aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute; horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

11. Epeak, justifikazioa eta dirulaguntzaren ordainketa.

11.1. Epea.

Dirulaguntzaren xedeko jarduketa guztiak egin ondoren, entitate onuradunek justifikatu beharko dituzte emandako dirulaguntza kalkulatzeko oinarritzat hartzeko onartu diren gastu guztiak. Hori horrela, 2021eko azaroaren 15ean finkatu da proiektua justifikatzeko mugaeguna.

11.2. Neurriek eragindako gastuen justifikazioa.

Proiektua gauzatu izana honako agiri hauek aurkeztuz justifikatuko da:

a) Aurkeztutako proiektua gauzatu izanaren justifikazioa, IV. eranskinaren arabera.

b) Fakturen eta bankuko ordainketen frogagiriak, betiere diruz lagundutako jardueren eta horien kostuaren aitorpena barne dela, eta horiek egiteko gastu guztiak banan-banan zehazturik.

c) Aurkezten ahal diren agiriak:

–Proiektuari buruz aurkezten ahal diren beste agiri batzuen kopia, baldin eta proiektuak beste agiri batzuk, audioak edo bideograbazioak, nahiz web-orriak baditu.

–Zabalkunde eta publizitate ekintzen frogagiriak.

d) Ziurtagiria, toki entitateko idazkaritzaren titularrarena, honako hau adierazten duena:

–Proiektua Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritakoaren arabera egin dela.

–Kontratistaren hautaketa efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz egin dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitako moduan.

–Toki entitateak betetzen dituela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan aurreikusitako betebeharrak.

–Bete direla deialdi honetan ezarritako publizitate betebeharrak.

–Proiektuaren finantzaketa, berariaz adierazita beste erakunde publiko edo pribatuetatik jaso diren, onetsiak izan diren edo onespen zain dauden dirulaguntzak.

11.3. Ordainketa.

Dirulaguntza ordainketa bakar batean pagatuko da, eta Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez erabakiko da, proiektua gauzatu eta entitate onuradunak frogagiriak aurkeztu ondotik.

Justifikatutako gastuak ez badira iristen gastu diruz lagungarriaren kopurura, dirulaguntzaren zenbatekoa doitu eginen da, 9.2 apartatuan azaldutako prozesua jarraituz.

12. Onuradunek bete beharrekoak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:

a) Frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako proiektua egin dela eta dirulaguntza emateko arrazoi izan den helburua bete dela.

b) Emandako dirulaguntzei buruz, egiaztatze lana eta kontrol teknikoa egiten uztea instrukzio organoari, baita horretarako eskumena duen edozein organori ere; jarduketa horietan eskatzen zaien informazio eta dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute.

c) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea instrukzio organoari.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan ezarritako baldintzetan jasotzen diren zabalkunderako neurriak hartzea. Horiez gain, adieraztea Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako proiektuan parte hartu duela, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatuz egiten den publizitatean eta zabalkundean, eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian, baita honako hau idaztea ere: “Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du”. Testu horrek bete beharko ditu Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoak.

13. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzen onuradunak diren entitateek Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk edo nazioarteko erakundeek helburu edo xede bererako emandako dirulaguntzak eta laguntzak jasotzen ahalko dituzte, haiek, guztira, proiektu bakoitzaren gastuaren %100 gainditzen ez badute.

14. Jarraipena eta kontrola.

Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuak ardura izanen du, Toki Informazioaren eta Despopulazioaren aurkako Borrokarako Estrategiaren Ataleko teknikarien bitartez, proiektuen jarraipena egiteko eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeko eta ebaluatzeko.

15. Azpikontratazioa.

Oinarri hauetan aurreikusitako ondorioetarako, %100 arte azpikontratatu daiteke, alegia, beste batzuekin hitzar daiteke dirulaguntzaren xede den proiektua gauzatzea, hein batean edo guztiz. Azpikontratazio hori 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoaren arabera eginen da.

16. Ez-betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.

Oinarri hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, dirulaguntza osoa edo zati bat kobratzeko eskubidea galduko da eta/edo kobratutako dirua itzuli beharko da, hori guztia bat etorriz foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin.

Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

17. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Zehapen prozedura izanen da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarrita dagoena, baina kontuan harturik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean araututako berezitasunak.

18. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

19. Araudi osagarria.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari eta aplikagarria den gainerako araudiari jarraituko zaio.

20. Publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu, jakinarazi ondoko hilabetean, emandako dirulaguntzak, Gobernu Irekiaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntzak zer programaren eta aurrekontu-kredituren kontura ordainduko diren, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

I. ERANSKINA: Despopulazio-arriskuan dauden udalerriak

Informazioa emate aldera, hona despopulazio-arriskuan dauden udalerrien zerrenda:

UDAL. KODEA

UDALERRIAREN IZENA

UDAL. KODEA

UDALERRIAREN IZENA

UDAL. KODEA

UDALERRIAREN IZENA

001

Abaigar

096

Esprontzeda

175

Mues

005

Aberin

099

Etaiu

178

Murillo el Cuende

008

Aguilar Kodes

082

Etxalar

179

Murillo el Fruto

009

Oibar

100

Eulate

180

Muruzabal

012

Allo

102

Ezkurra

182

Nazar

013

Ameskoabarrena

103

Ezporogi

184

Oko

017

Anue

104

Faltzes

187

Oiz

020

Araitz

105

Fitero

189

Olazti

025

Arakil

110

Galipentzu

190

Olexoa

021

Aranaratxe

116

Genevilla

192

Oloritz

024

Arano

117

Goizueta

197

Orisoain

022

Arantza

118

Goñi

200

Oteitza

026

Aras

120

Gesalatz

203

Petilla Aragoi

029

Los Arcos

121

Girgillao

204

Piedramillera

030

Arellano

124

Ibargoiti

205

Pitillas

031

Areso

125

Iguzkitza

209

Erromantzatua

032

Arguedas

126

Imotz

212

Zare

035

Armañantzas

132

Itzagaondoa

213

Saldias

036

Arroitz

135

Xabier

214

Jaitz

037

Arruazu

139

Lana

217

San Martin Unx

038

Artaxoa

140

Lantz

219

Santsol

040

Atetz

141

Lapoblación

220

Santakara

043

Azuelo

143

Larragoa

223

Sartaguda

044

Bakaiku

144

Larraun

224

Sesma

046

Barbarin

145

Elizagorria

225

Sorlada

047

Bargota

146

Leatxe

226

Sunbilla

049

Basaburua

148

Legaria

228

Tebas-Muru Artederreta

050

Baztan

149

Leitza

229

Tirapu

137

Beintza-Labaien

150

Leotz

230

Torralba del Río

051

Beire

151

Lerga

231

Torres del Río

053

Berbintzana

152

Lerin

123

Uharte Arakil

054

Bertizarana

153

Lesaka

235

Uxue

057

Buñuel

154

Lezaun

237

Untzitibar

061

El Busto

155

Ledea

238

Untzue

062

Cabanillas

156

Lizoainibar-Arriasgoiti

239

Urdazubi

063

Cabredo

158

Longida

240

Urdiain

066

Cárcar

159

Irunberri

241

Urraulgoiti

067

Zarrakaztelu

160

Lukin

242

Urraulbeiti

069

Kaseda

162

Marañón

244

Urroz

071

Gazteluberri

164

Mélida

194

Ollaran

074

Zirauki

165

Mendabia

260

Deierri

078

Cortes

166

Mendaza

249

Valtierra

079

Desoio

168

Metauten

255

Villamayor de Monjardín

080

Deikaztelu

170

Mirafuentes

261

Esa

090

Eratsun

171

Miranda Arga

073

Ziordia

91

Ergoiena

173

Monteagudo

263

Zubieta

094

Eslaba

174

Morentin

264

Zugarramurdi

265

Zuñiga

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Eskabide-orria.

III. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena.

IV. eranskina.–Gastu arrunteko neurrien proiektua

V. eranskina.–Idazkaritzaren ziurtagiria dirulaguntzaren justifikaziorako.

VI. eranskina.–Eredua, hedabideetan edo proiektua garatuko den tokietan txertatzeko.

Bete beharreko eredu guztiak deskargatu (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2110005