150. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

533E/2021 EBAZPENA , ekainaren 3koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, “Hondakinen Funtsa. Etxeko hondakinen urte anitzeko fluxua” izeneko dirulaguntzaren deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 568108.

Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen bidez Hondakinen Funtsa eratu zen, haren bidez zenbait neurri finantzatzeko, helburu izanen dutenak hondakinak sortzeak eta kudeatzeak giza osasunari eta ingurumenari eragiten dizkien eragin kaltegarriak arintzea. Halaber, zehazten du Nafarroako Gobernuak ezarriko dituela Hondakinen Funtsa kudeatzeko, antolatzeko eta banatzeko irizpideak erregelamendu bidez. Tramite hori betetzat jo da Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretua argitaratzearekin batera.

Uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 4. artikuluan ezartzen da 2021eko ekitaldiko Hondakinen Funtsaren osaera, eta, bertan adierazten denaren arabera, 2021eko ekitaldiko Hondakinen Funtsa 2019ko bigarren seihilekoan eta 2020ko lehenean bildu edo ekarri diren benetako diru-kopuruek osatuko dute. Diru-kopuru horiek 4.351.385 euro izan dira.

2020ko azaroaren 17an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak proposatu du Funtsa proportzioan banatzea, hondakinen fluxu bakoitzaren diru-ekarpenaren arabera, bat etorriz Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 3. artikuluan bildutako definizioekin, eta kontuan harturik Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 43. artikuluko arloak.

Eta, 49/2020 Foru Dekretuan ezarritako tramiteak gauzatu ondoren, otsailaren 16an, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren 27E/2021 Foru Agindua onetsi zen, zeinean ezartzen baita 2.063.370 euro erabiltzea etxeko hondakinen fluxurako. Diru-kopuru hori hainbat jarduketaren artean banatzen da. Zehazki, 300.000 euro erabiliko dira 2021ean eta 2022an jarduketak egin daitezen etxeko hondakinen kudeaketarekin, gaikako bilketarekin eta prebentzioarekin lotuta.

Era berean, dirulaguntza horretara deitzeko eta urte anitzeko inbertsio proiektuak finantzatzeko, guztira 1.760.000 euroko zenbatekoa ezarri da, kredituak honela antolatuta:

Bi arrazoirengatik finkatu da 300.000 euroko zuzkidura 2021eko ekitaldian. Lehenbizikoa deialdian bertan dago; izan ere, dirulaguntzaren xedea Nafarroako toki entitateen inbertsio proiektuak finantzatzea da. Horregatik, onuradun izanen direnek proiektuak planifikatzeko denbora behar dute, bai eta horiek gauzatzeko ere. Bigarren arrazoia da 2021eko ekitaldiko aurrekontuak dagoeneko onartuta daudela, eta horrek ere baldintzatzen du aurrekontuak abian jartzea. Horregatik guztiagatik, aurreikusi dugu funtsen beharra baxuagoa izanen dela 2021eko ekitaldi honetan.

Hurrengo ekitaldietarako aurreikusitako diru-kopuruei dagokienez, zehaztuta daude 2020ko ekitaldian gastatu ez diren kreditu eransgarrien arabera, alde batetik. Kreditu horiek 777.237,83 eurokoak dira guztira, eta 2020ko Hondakinen Funtsetik datoz (Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren irailaren 17ko 148E/2020 Foru Agindua). Bestalde, inbertsio proiektuen ezaugarrietan oinarriturik eta dirulaguntzaren deialdia erakargarriagoa izan dadin, 2022ko Hondakinen Funtseko 682.762,17 euro gordeko dira (2020ko bigarren seihilekoan eta 2021eko lehen seihilekoan bildutako diruak osatuko du funts hori). Eta badakigu 2020ko bigarren seihilekoan 1.490.625,20 euro bildu direla fluxu horretarako.

Azaldutakoaren haritik, kredituen honako banaketa hau proposatzen da:

2021

2022

2023

300.000,00

682.762,17

777.237,83

DIRULAGUNTZA, GUZTIRA

1.760.000,00

Bestalde, otsailaren 29ko 20/2020 Foru Legearen bidez, 2021. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorrak onetsi ziren. Gastu aurrekontuan aurreikusi dira Hondakinen Funtsari dagozkion gastu-partidak, bat etorriz Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 42. artikuluan ezarritakoarekin. Eta, partida horien artean, honako hauek daude, behar beste funts dituztenak aurreko paragrafoan aipatutako etxeko hondakinen fluxuaren dirulaguntzarako: 740001-74100-7609-456204: Suspertu Plana. Hondakinen Funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak. Eta hurrengo aurrekontu-ekitaldietarako, baliokide diren aurrekontu partidak gaituko dira.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea “Hondakinen Funtsa. Etxeko hondakinen urte anitzeko fluxua” izeneko dirulaguntzaren deialdia, 2021ean eta 2022an jarduketak egin daitezen etxeko hondakinen arloko prebentzioarekin, gaikako bilketarekin eta kudeaketarekin lotuta. Deialdia honako hauei zuzentzen zaie:

–Etxeko hondakinak bildu, garraiatu edo kudeatzeko eskumena duten eta hondakinak Nafarroako tratamendu instalazio batera eramaten dituzten Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateei. Eta eskumen hori toki entitate batzuen elkarte bati eskuordetuta badago, azken hori izanen da funtsen onuradun potentziala.

Halaber, aurreko paragrafoan aipatutako entitateek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 192. artikuluaren babesean sortzen dituztenak ere onuradun izanen dira.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

740001-74100-7609-456204: Suspertu Plana. Hondakinen Funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak

2021

300.000,00

740001-74100-7609-456204: Suspertu Plana. Hondakinen Funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak (1)

2022

682.762,17

740001-74100-7609-456204: Suspertu Plana. Hondakinen Funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak (1)

2023

777.237,83

(1) edo 2022ko eta 2023ko gastu aurrekontuetan horretarako gaitzen den partida baliokidea, baldin eta kreditu nahikoa eta egokia badago 2022an eta 2023an.

4. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta haren laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2021eko ekainaren 3an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da 2021ean toki entitateei eman beharreko dirulaguntzak arautzea, baldin eta entitate horiek esleituta badute etxeko hondakinen bilketa, garraio edo kudeaketarako eskumena, eta Hondakinen Funtsa eratzeko ekarpena egin badute Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Dirulaguntza honen helburua da laguntzea hondakinen hierarkiako goiko mailadiak lehenesten eta hondakinen arloan aurreikusitako helburuak betetzen, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean ezarritakoarekin bat eta Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko baimendutako kreditua 1.760.000 eurokoa da, eta hurrengo apartatuan zehazten diren jarduketa lerroen artean banatuko da.

2. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak.

Diruz lagungarriak izanen dira etxeko hondakinen prebentzioarekin, gaikako bilketarekin eta horien kudeaketarekin zerikusia duten jarduerekin lotutako kapital inbertsioak. Deialdi honetarako, diruz lagungarriak izanen dira honako proiektu mota hauek:

1. Eraikitzea, hobetzea edo ekipatzea askotariko objektu eta tresnen berrerabilpena prestatzeko eta horiek trukatzeko espazioak, materialen bizitza erabilgarria luzatu eta etxeko hondakinak murriztu ahal izateko.

2. Eraikitzea, hobetzea edo ekipatzea etxeko eta merkataritzako hondakin organikoak in situ tratatzeko espazioak, bai herritarrek etxeko konpostajerako proiektuetan parte har dezaten sustatuz, bai toki entitateek hondakin organikoak batera tratatzeko eskura jartzen dituzten gune komunetan.

3. Eraikitzea, hobetzea edo ekipatzea gaika bildutako etxeko eta merkataritzako hondakinak tratatzeko instalazioak, biogasa ekoizteko edo merkaturatzeko moduko kalitatezko konposta ekoizteko, baldin eta gaikako bilketatik datozen etxeko eta merkataritzako hondakinak soilik tratatzen badituzte (LER 200108 kodea, “Sukalde eta jatetxeetako hondakin biodegradagarriak”; LER 200201 kodea, “Parke eta lorategietako hondakin biodegradagarriak”; eta LER 200302 kodea, “Merkatuetako hondakin biodegradagarriak”).

Tratamendu esklusiboko instalaziotzat hartzen dira gaika bildutako hondakin organikoak bereiz tratatzen ahal dituztenak, nahiz eta industria eremuaren barruan beste etxeko hondakin batzuk tratatu.

3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, oinarri arautzaile hauetan ezarritako epean eta moduan egiten badira.

2. Justifikatutako gastuen eta gastu diruz lagungarriren zenbatekoaren gainean, entitate onuradun bakoitzarentzako gehieneko laguntza 250.000 eurokoa izanen da.

3. Onartutako proiektu bakoitzaren gehieneko zenbateko finantzagarritik, diruz lagungarriak diren inbertsio inbentariagarrien zenbatekoa %70 izanen da gehienez.

4. Ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Dirulaguntza eman baino lehen hasitako jarduketak.

b) Europar Batasuneko nahitaezko arau indardunetara egokitzeko jarduketak.

c) Ingurumen kalitatea hobetzen ez duten produktu edo zerbitzuen aldizkako aldaketa arruntak.

d) BEZa eta zeharkako beste zerga batzuk, berreskuratzeko edo konpentsatzeko modukoak badira. Nafarroako Foru Ogasunaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko da gastu diruz lagungarriak justifikatzeko, baldin eta gastu horiei dagozkien zergak berreskuratzekoak edo konpentsatzekoak ez badira.

e) Finantza-gastuak.

f) Zehaztu gabeko gastuak edo dirulaguntzaren xedea ez dutenak, bai eta proiektuari zuzenean egotzi ezin zaizkion gastuak ere.

g) Lurrak erosteko gastuak.

h) Industria nabeak eraikitzeko gastuak, proiektuaren ingurumen helburuak garatzeko behar-beharrezkoak ez direnean.

i) Azpiegituren alokairua.

j) Beharrezkoak ez diren sariak.

k) Hondakinak kudeatzeko ekintza arruntek eragindako gastu guztiak –hala nola hondakinak biltzeko tasak, edo baimendutako kudeatzaileei arrazoi beragatik egindako ordainketak– edo kasuan kasuko jarduera ekonomikoa garatzeko aplikatu beharreko araudia betez egindako beste edozein gastu.

l) Obra zuzendaritzak, jarraipen eta koordinazio txostenak eta antzekoak, baita obra bukaerako ziurtagiria edo antzekoak ere.

m) Legezko betebeharrak betetzearen ondorioz nahitaezkoak diren jarduketei dagozkienak, hala nola arauzko segurtasun probak.

n) Langileen eta dieten gastuak eta mota guztietako prestakuntza ekitaldietara joateko gastuak edo antzekoak.

5. Oinarri arautzaile hauei jarraikiz emandako dirulaguntzen zenbatekoa ezin da izan, inola ere, Espainiako edo atzerriko beste entitate publiko edo pribatuen dirulaguntzekin batera, entitate onuradunak garatu beharreko proiektuaren kostua baino handiagoa.

4. oinarria.–Entitate onuradunak.

1. Laguntza hauen onuradun izaten ahalko dira etxeko hondakinak bildu, garraiatu edo kudeatzeko eskumena duten eta hondakinak Nafarroako tratamendu instalazio batera eramaten dituzten Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak. Eta eskumen hori toki entitate batzuen elkarte bati eskuordetuta badago, azken hori izanen da funtsen onuradun potentziala.

Halaber, aurreko paragrafoan aipatutako entitateek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 192. artikuluaren babesean sortzen dituztenak ere onuradun izanen dira.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 13. artikuluan ezartzen dituen betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Eskabide orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahalko da horiek betetzen direla.

Betebehar horiek deialdi honen hurrengo apartatuan (5. oinarria) aipatzen diren agiriak aurkeztuta frogatu beharko dira, eta horiek betetzen jarraitu beharko da dirulaguntza ordaindu arte.

5. oinarria.–Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta argitalpen egunaren egun baliokidean bukatuko da.

Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntzen eskabidea modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxaren bidez. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileei tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileentzako arretaguneak jarriko ditu, eta tramiteen katalogoko fitxan behar bezala iragarriko. Gune horietan, aholku emanen zaie eskaerak aurkezteko moduaz, baina, aurreko paragrafoan ezarri bezala, eskaera aurkezteko nahitaezkoa izanen da ziurtagiri digitala edukitzea.

2. Eskabidea honako agiri hauekin batera aurkeztuko da (dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira):

a) Eskabide orria (I. eranskina).

b) Memoria, proiektuaren azalpen zehatza eta norainokoa adierazten dituena.

c) Proiektuaren aurrekontu xehakatua.

d) Deialdi honen kontura jasoko dituzten funtsei publizitatea emateko erabiliko dituzten hedapen neurriak.

3. Eskabideak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio gehienez bost egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

6. oinarria.–Instrukzio organoa.

1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari dagokio prozeduraren instrukzioa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalaren bidez. Jasotako eskabide guztiak eta aurkeztutako dokumentazioa aztertuko ditu atal horrek.

2. Eskabideak oinarri arautzaile hauetan eskatutako baldintzetakoren bat betetzen ez badu, eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, hamar (10) egun balioduneko epe luzaezinean, errekerimendua jaso eta biharamunetik aurrera zenbatuta, akatsa zuzentzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta adieraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta besterik gabe artxibatuko dela, horretarako emanen den ebazpenaren arabera.

3. Eskabideak berrikusi eta zuzenketak egin ondoren, baldintza guztiak betetzen dituzten administrazio espedienteak eta beharrezko dokumentazioa baloratu eginen dira. Oinarri hauetan edo aplikatzekoa den araudian jasotako eskakizunak betetzen ez dituztenak edo behar den dokumentazioa ez dutenak tramitera ez onartzeko edo ukatzeko ebazpena emanen da, kasu bakoitzean gertatzen den egoeraren arabera.

7. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalak, egindako ebaluazioa ikusita, laguntzak nori eman proposatzen duen txostena eginen du, eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari igorriko.

2. Proposamen txostena egitean, instrukzio organoak egiaztatuko du toki entitate onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

5. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da onuradunak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.

8. oinarria.–Dirulaguntzak emateko irizpideak.

Hona hemen dirulaguntza hau emateko eskaerak baloratzeko irizpideak:

a) Proiektuaren memoriaren koherentzia, kalitatea eta argitasuna (helburuak, adierazleak, aurreikusitako emaitzak): 35 puntu gehienez, honela banatuta:

1. Proiektuaren kalitatea memoriaren xehetasun tekniko eta deskriptiboaren arabera baloratuko da (helburuak, adierazleak, aurreikusitako emaitzak): gehienez ere 15 puntu.

2. Proiektuaren koherentzia baloratzeko, kontuan hartuko dira ekonomia- eta ingurumen-bideragarritasuna, norainokoa eta jarraipena, eta helburuen planifikazioa, Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planean ezarritako helburuen ildotik: gehienez ere 10 puntu.

3. Proiektuaren argitasuna baloratzeko, kontuan hartuko da espero diren ingurumen onurak lortzeko proiektatutako jarduketen ezagutza, azalpena eta justifikazioa: gehienez ere 10 puntu.

b) Jarduketaren eraginkortasuna, artatutako biztanle / euro ratioan: gehienez ere 20 puntu.

c) Balorizazio adierazlearen arabera, zeinak puntuak ematen baitizkio hondakin-balorazioaren portzentajerik onena lortzen ari denari. Eta etxeko hondakinei buruzko txostenaren 2019ko datuen arabera (“Hondakinen fluxuen araberako txostenak” apartatuan), zeinak web-orri honetan argitaratuta baitaude: https://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Residuos/Inventarios+de+residuos.htm

1. %40tik beherako portzentajea lortu badute, puntu 1.

2. %40 edo handiagoa eta %50 baino txikiagoa den portzentajea lortu badute, 5 puntu.

3. %50 edo handiagoa eta %55 baino txikiagoa den portzentajea lortu badute, 10 puntu.

4. %55 edo handiagoa eta %60 baino txikiagoa den portzentajea lortu badute, 15 puntu.

5. %60 edo handiagoa den portzentajea lortu badute, 20 puntu.

9. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusia izanen da organo eskuduna dirulaguntza emateari buruzko ebazpena egiteko, ebazpen proposamena oinarri harturik. Ebazpena gehienez ere 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, hura argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea galarazi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

2. Dirulaguntzei uko eginez gero edo haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuz gero, dirulaguntza ematen ahalko zaie aurrekontu-kreditu faltagatik baztertuta gelditu diren beste eskaera batzuei, aurrekontuan behar adina diru egonez gero. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraikiko zaio.

10. oinarria.–Proiektuak gauzatzeko epea.

Finantzaketaren xede diren proiektuak hasiko dira dirulaguntza eman dela jakinarazten den egunetik aurrera, eta gauzatzeko epea 2022ko abenduaren 31n bukatuko da. Gauzatzeko epe hori ez da luzatuko.

11. oinarria.–Gastuen eta egindako ordainketen justifikazioa.

Entitate onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztuko dituzte, diruz lagungarriak diren jarduketak amaitu ondoren. Aurkezteko azken eguna 2023ko martxoaren 31 izanen da. Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Egindako jarduketak deskribatzen dituen memoria; bertan, era berean, diruz lagundutako jarduketekin lortu nahi diren xedeen emaitzak baloratuko dira.

Eskabidean adierazitako hedapen neurrien betetze maila ere justifikatuko da memoria horretan, dokumentazio grafikoaren bidez (5. oinarriko 2. apartatuko d letra). Neurri horien ordez, eskabidean proposatutakoen irismen maila bereko beste neurri batzuk hartzen ahalko dira, eta, era berean, egiaztatu egin beharko dira.

b) Proiektuaren amaierako memoria.

c) Fakturak eta aurreko aurrekontuan sartutako ordainketen transferentzia.

Ordainketen justifikazioak argi eta behar bezala frogatu beharko dira (faktura bakoitza eta onuraduna identifikatuta). Nolanahi ere, ordainketa efektiboa apartatu honetan (11. oinarria) adierazitako justifikazio-epea amaitu baino lehen egin beharko da.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoa betetzeko, onuradunak frogatzen ahalko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera hautatu dela, eta, horretarako, gutxienez 2 ondasun edo zerbitzu eskaintza aurkeztu beharko ditu, azkenean eskuratu direnen antzeko ezaugarriak dituztenak eta dirulaguntzaren xede direnak.

d) Onuradunak balio erantsiaren gaineko zerga ordaintzeko eskatzen duenean, Nafarroako Foru Ogasunaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, frogatzen duena ezen faktura horietan BEZa ez dela berreskuratzeko edo konpentsatzeko modukoa izan.

e) Ziurtatzea egin diren ekintzek Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak ezartzen duena betetzen dutela.

f) Gardentasun Legea betetzeko II. eranskina betetzea.

Dirulaguntza justifikatzen ez bada ezarritako baldintza guztiak betez, edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez bada, dirulaguntza itzuli beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluak ezartzen duen moduan.

12. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

Dirulaguntza ordainduko da Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 11. oinarrian adierazitako dokumentazioa aztertu eta gero. Zerbitzu horrek ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko du Ingurumen Zuzendaritza Nagusira. Horrekin batera, entitate onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak betetzen dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

13. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diruz laguntzen den inbertsioa oinarri hauetan ezarritako moduan egin eta justifikatzea.

b) Nork bere gain hartzea diruz lagungarriak ez diren inbertsioen eta gastuen finantza karga.

c) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

d) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

e) Ekipamendu-ondasunak edo higiezinak diruz lagunduz gero, horiek onuradunaren ondarean egon beharko dute gutxienez 5 urtez, salbu eta onuradunari egotzi ezin zaion suntsipena edo galera gertatzen bada. Hala ez bada, dirulaguntzaren zati proportzionala itzuli beharko da.

f) Jasotako dirulaguntzari buruzko publizitate aktiboa ematea.

2. Aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriz ere zehazten ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdurik diru-kopuru horiek askatzen badira, jarduketa lerro bereko onuradunei dirulaguntza emateko erabiltzen ahalko dira, beren proiektuen zenbatekoa oso-osorik jaso ezin izan badute.

4. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean aipatzen diren gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte.

14. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoak nahiz atzerrikoak izan, emandako beste laguntza batzuekin.

Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izango du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

16. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, dirulaguntza zer programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

I. ERANSKINA

Dirulaguntza eskaera (PDFa).

II. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2109276