149. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

Epe irekiera honako honetan parte hartzeko eskaerak aurkezteko: Nafarroako Gobernuak azaroaren 22tik 26ra bitarte Mexiko Hirian antolatuko duen enpresa-misioa gourmet elikaduraren sektorearentzat.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako laugarren Nazioarteko Plana prestatu du (PIN4), Foru Komunitatearen posizionamendua hobetzeko asmoz.

Nazioartekotze Planaren arabera, Mexiko da elika-katearen sektorearen ahalegina fokalizatzea merezi duten lehentasunezko merkatuetako bat.

Mexikok 127 milioitik gora biztanle ditu, eta oso agerikoak dira elikadura ohituretan izandako aldaketak, bai eta bizi estandarren igoera, saltoki handien hedapena eta elikagaien gero eta inportazio handiagoa ere. Horrek aukera handiak irekitzen ditu elikadura osasungarrirako eta gourmet motako elikadurarako.

Mexikoko merkatua aukera handi bat da sektore horretako enpresa nafarrentzat, elikagaien industriaren balizko hornitzaile izan baitaitezke. Horregatik, Nazioartekotze Planean jasota dauden nazioartera ateratzeko laguntzen eta lehentasunezko merkatuen ardatzen barnean, Nafarroako Gobernuak enpresa-misio bat antolatuko du Mexiko Hirian azaroaren 22tik 26ra.

Ekintzaren helburua da Nafarroako gourmet elikaduraren sektorea sustatzea, topaketak bultzatuz eta bilera agendak antolatuz Nafarroako enpresen eta Mexikoko balizko bezeroen artean.

Ekintzaren edukia:

Finantzatutako ekitaldiak honako jarduera hauek bilduko ditu:

–Hitzaldia inportazio edo banaketa enpresarekin.

–Bisita gourmet produktuen kate eta saltokietara, merkatua ezagutzen hasteko.

–Sustapeneko ekitaldia, eta bertan, Nafarroako produktu eta plateren dastaketak, showroom-ak eta showcooking-ak, gastronomiako eta turismoko preskriptoreekin.

–B2B banakako bilerak antolatzea Nafarroako enpresen eta banatzaileen, inportatzaileen eta gourmet produktuekin lan egiten duten kateetako erosketa arduradunen artean.

–Nafarroako Jaialdiaren inaugurazioa, Gaztelako zentroa + Ekilore jatetxea. Gonbidapena inportatzaile-banatzaileei, denda-kateei, prentsari, sukaldariei.

–Ekitaldia Mexikoko Colegio Superior de Gastronomía delakoan, Nafarroako produktuekin eta sukaldaritzarekin. Ekitaldia kazetariekin eta preskriptore mexikarrekin.

–Sustapen liburuxka.

–Barneko joan-etorriak taldean.

Nafarroako Gobernuak bere gain hartzen ditu ekitaldiaren, topaketa enpresarial eta instituzionalen eta bisiten antolakuntza gastuak.

Hegaldiak, otorduak, ostatua edo bestelako gastuak enpresa bakoitzaren kargura izanen dira.

Entitate parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak:

Parte hartu nahi duten entitateek baldintza hauek bete behar dituzte: gourmet produktu eta kanalarekin lan egiten duen enpresa, elkarte edo kluster bat izatea eta egoitza soziala edo egoitza Nafarroan izatea.

Eskaera aurkezteko epea:

Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian dagoen zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxaren bidez, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasi eta abuztuaren 20ra bitarte. Hona helbidea:

https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/participacion-en-la-en-la-mision-empresarial-que-organiza-el-gobierno-de-navarra-en-ciudad-de-mexico-para-el-sector-de-alimentacion-gourmet

Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Parte har dezaketen enpresen gehieneko kopurua:

Misioan 20 entitatek parte har dezakete gehienez, eta gutxienez 8 entitate beharko dira. Inskripzioaren ordenaren arabera hautatuko dira parte-hartzaileak.

Eskaera onartuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak mezu bat bidaliko die inskripzio fitxan adierazitako gaitutako helbide elektronikora, eta ekintza prestatzeko bilera batera deituko die.

Entitate parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak:

–Enpresaren datuak jakinaraztea, ekintzan parte hartzeko eskaeran zehazten direnak.

–Misio komertziala egiten denetik 15 eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.

Iruñean, 2021eko ekainaren 10ean.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.

Iragarkiaren kodea: F2109633