147. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

39/2021 FORU AGINDUA, ekainaren 11koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, zeinaren bidez arautzen baitira SOCAMEX enpresak Erriberriko San Martin Unxeko errepideko 1,5 kilometroan duen lantokian egin beharreko gutxieneko zerbitzu funtsezkoak, Nafarroako Erdialdeko hondakin uren garraio eta tratamendurako instalazioetako mantentze-lanetako eta kontserbaziorako jarduketei dagozkienak, greba mugagabera deitu baita 2021eko ekainaren 14ko 8:00etatik aitzina.

Langileen ordezkari den Javier Antonio Mediavilla jaunak, haien izenean arituz, jakinarazi du lanaldi osoko greba mugagabea deitu dela SOCAMEX enpresak Erriberriko San Martin Unxeko errepideko 1,5 kilometroan duen lantokian. Deialdia dagokion kontratari atxikirik dauden langile guztiei zuzenduta dago. Greba 2021eko ekainaren 14ko 8:00etan hasiko da.

Greba egiteko eskubidea, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortua, bateragarria izan behar da gizartearen funtsezko zerbitzuak ematearekin, Konstituzioaren testuak berak dioen bezala, eta horretarako behar diren bermeak ezarri behar dira. Konstituzio arloko jurisprudentziak behin eta berriro xedatu duenez, gutxieneko zerbitzuak ezartzerakoan kontuan hartu behar dira proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak, eta zerbitzu horiek ezartzea behar bezala arrazoitu behar da.

Bestalde, denok dakigu osasun arloko egoera berezi eta larri baten aurrean gaudela, COVID-19ak eragindako nazioarteko pandemiaren ondorioz. Hori dela eta, beste greba batzuetan finkatutakoez besteko gutxieneko zerbitzuak ezarri behar dira, zenbait kasutan.

Halaber, bat etorriz Azpiegitura kritikoak babesteko neurriak ezartzen dituen apirilaren 28ko 8/2011 Legearekin eta horren 2. artikuluko a) apartatuan emandako zerbitzu funtsezkoen definizioarekin (“beharrezkoak direnak oinarrizko eginkizun sozialak, osasuna, segurtasuna eta herritarren ongizate sozial eta ekonomikoa edo administrazio publikoen funtzionamendu eraginkorra mantentzeko”), beharrezkotzat jotzen da, aipatutako greba mugagabeari begira, deitutako lanuzteari erantzuna emanen dioten gutxieneko zerbitzuak ezartzea. Zerbitzu horiek proportzionaltasun egokia izan behar dute grebak eragindako ondasun juridiko babestuen babesean eta greban dauden langileen eta herritarren eskubide eta interesen arteko orekan, bai eta lana egiteko nahikotasunean ere, halako moldez non zerbitzuaren gutxieneko estaldura beteko baita, ohiko errendimendu mailara iritsi gabe.

Nafarroako Erdialdeko hondakin uren garraio eta tratamendurako instalazioetako lanetarako, mantentze-lanetarako eta kontserbaziorako ematen den zerbitzua 55 herritan zabalduta dago eta 46.009 biztanleri eragiten die. Funtsezko zerbitzu bat da, besteak beste honako hauek bermatzen dituen tresna baita: osasunerako eskubidea, Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan jasoa, eta pertsonaren garapenerako ingurumen egokiaz gozatzeko eskubidea, bai eta ingurumena zaintzeko betebeharra ere, Espainiako Konstituzioaren 45. artikuluan aurreikusten den bezala. Bestalde, Espainiako Konstituzioaren 132.2 artikuluak ura jabari publikoko ondasun gisa izendatzen du juridikoki. Zerbitzu hori denbora luzez ematen ez bada, kalte eta galera konponezinak edo konpongaitzak eragiten ahal dira ingurumenean, pertsonengan eta/edo ondasunetan. Hori horrela, Konstituzio Auzitegiak dioenez, ingurumena “arriskuan dagoen errealitate baten osagaiak batasunera bideratzeko sortutako kontzeptua da”. Izan ere, ingurumenaren aurkako erasoen neurriak eta garrantziak “defentsa jarrera simetriko” bat eragin dute, maila juridiko guztietan -konstituzionala, Europakoa eta unibertsala- “babes” hitzarekin identifikatzen dena. Babes hori existitzen dena kontserbatzeko ez ezik hobetzeko ere balio duen funtzio baten oinarria da. Eta Espainiako Konstituzioaren 45. artikuluaren xede nagusia tuitiboa da, “natur ondarearen eta espezieen biziraupena arriskuan jartzen ahal duten eta, azken buruan, pertsonen berezko bizi kalitateari kalte egiten ahal dioten degradazio fenomenoei eta mota guztietako mehatxuei aurre egiteko” (Konstituzio Auzitegiaren 233/2015 epaia, azaroaren 4ko 64/1982 epaia eta ekainaren 26ko 102/1995 epaia aipatzen dituena).

Beraz, gutxieneko zerbitzuak ezartzeko orduan, Konstituzioak grebarako aitortzen duen eskubidea errespetatu, eta herritarrek beren osasuna eta ingurumena babesteko duten eskubidea bermatu behar da, Espainiako Konstituzioaren 43. eta 45. artikuluek agintari publikoei ezartzen dizkieten eginbeharrak betez.

Funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzeko eskumena gobernuko agintaritzari dagokio, halaxe xedatzen baita lan harremanei buruzko araudia berritzen duen martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan. Eskumen hori Nafarroako Foru Komunitateak hartua du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 58.1.b) artikuluaren arabera.

Ikusirik Toki Azpiegituren Zerbitzuko zuzendariak eta Nafarroako Toki Azpiegiturak SA sozietate publikoko zuzendari kudeatzaileak emandako txostenak, finkatutako gutxienekoak ezartzen dira Nafarroako Erdialdeko hondakin uren garraio eta tratamendurako instalazioetako lanetarako, mantentze-lanetarako eta kontserbaziorako ematen den zerbitzua bermatzeko, babestu beharreko eskubide hauek kontuan harturik: osasunerako eskubidea, Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan jasoa, eta pertsonaren garapenerako ingurumen egokiaz gozatzeko eskubidea, bai eta ingurumena zaintzeko betebeharra ere, Espainiako Konstituzioaren 45. artikuluan aurreikusten den bezala.

Horrenbestez, kontuan hartuta Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. paragrafoan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 58.1.b) artikuluan xedatutakoa, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. SOCAMEX enpresan (zehazki, hark Erriberriko San Martin Unxeko errepideko 1,5 kilometroan duen lantokian) egin den greba-deialdi mugagabea, zeina 2021eko ekainaren 14ko 8:00etan hasiko baita eta Nafarroako Erdialdeko hondakin uren garraio eta tratamendurako instalazioetako lanetarako, mantentze-lanetarako eta kontserbaziorako ematen den zerbitzuari eraginen baitio, honako jarduera hauek errespetatuz eginen da:

–Oinarrizko arretarako ibilbideak egitea. Ibilbide horietan bermatuko da instalazioetatik hondakinak kenduko direla eta horien funtzionamendu egokia gainbegiratuko dela. Horretarako, instalazioetan eskuragarri dauden prozesuari buruzko datuak hartuko dira, eta gertatzen ahal diren gorabeheren berri emanen da, mantentze-lanetako taldeek horien konponketa planifikatzeko.

–Oinarrizko arreta Tafalla-Erriberriko hondakin uren araztegiko instalazioetan. Bermatuko da instalazioetatik hondakinak kenduko direla eta horien funtzionamendu egokia gainbegiratuko dela. Horretarako, instalazioetan eskuragarri dauden prozesu-datuak hartuko dira, eta gertatzen ahal diren gorabeheren berri emanen da, mantentze-lanetako taldeek horien konponketa planifikatzeko. Ezinbestekoa da instalazioetan lohiak deshidratatzea, erreaktore biologikoaren tratamendu-prozesu egokia bermatzeko, gainkargak saihestuz eta isurketa-parametroak betetzen direla bermatuz.

–Lohi deshidratatuak eta hiri hondakin solidoak kamioietan kargatzea.

–Mantentze-lan prebentiboak artatzea, instalazioetan ura behar bezala tratatzeko ekipo kritikoen matxurak saiheste aldera, ingurune hartzailera doazen isurketen kalitatea bermatzeko.

–Hondakin uren araztegietan eta tratamendu primarioko sistemetan ur- eta lohi-lerroak behar bezala funtzionatzeko beharrezkoak diren matxurak artatzea.

–Mantentze-lan prebentiboak artatzea, instalazioetan ura behar bezala tratatzeko ekipo kritikoen matxurak saiheste aldera, ingurune hartzailera doazen isurketen kalitatea bermatzeko.

–Egiten den lanaren berezitasuna dela eta, eta instalazioetan egin beharreko jarduerak kontuan hartuta, gutxieneko zerbitzu hauek ezarri dira laneko ibilbide-orrien arabera, kontuan harturik isurketa-parametroak betetzeko bermea eta instalazioetan egin beharreko jarduerei dagokien lan segururako gehienezko ahalmena:

Zerbitzuko burua.

–Oinarrizko arretarako langileak Mairagako eskualdean: 1 langile.

–Oinarrizko arretarako langileak Izarbeibarko eskualdean: 1 langile.

–Oinarrizko arretarako langileak Tafalla-Erriberriko eskualdean: 2 langile.

–Oinarrizko arretarako langileak tratamendu primarioko sistemetan: 1 langile.

–Mantentze-lanetako langileak Mairagako eskualdean: 2 langile.

–Mantentze-lanetako langileak Izarbeibarko eskualdean: 2 langile.

2. Aipatutako zerbitzuak eginen direla bermatzeko behar beste langilek egon beharko dute jardunean; legez kanpokotzat hartuko da zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.

3. Aurreko puntuetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Lurralde Kohesiorako Departamentuak foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzeari buruzko informazioa igortzeko eskatzen ahal die agindu honek ukitzen dituen zerbitzuen arduradunei.

5. Foru agindu hau jakinaraztea Javier Antonio Mediavilla Pascual jaunari, SOCAMEXi, NILSAri, Toki Azpiegituren Zerbitzuari eta Lurralde Kohesiorako Departamentuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, ondorioak jakinarazten denetik bertatik izanen baditu ere.

Iruñean, 2021eko ekainaren 11n.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Bernardo Ciriza Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2109620