128. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

866E/2021 EBAZPENA, apirilaren 13koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, dirulaguntzen deialdi hau onesten duena: “Elkarrizketa sozialaren eta negoziazio kolektiboaren arloko prestakuntza programak egiteko dirulaguntzak (2021)”. DDBN identifikazioa: 558222.

Enplegurako lanbide-prestakuntzaren sistema lan arloan arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legearen bidez sistema horren erreforma integral bati ekin zitzaion, interes orokorra eta sistemak behar dituen egonkortasuna eta koherentzia bermatzeko.

Enplegurako lanbide-prestakuntzaren sistema zuzentzen duten printzipioak, besteak beste, negoziazio kolektiboa eta elkarrizketa soziala dira, enplegurako lanbide-prestakuntzaren sistema lan arloan garatzeko tresna moduan hartuta.

Nafarroako Gobernuak borondate argia azaldu du jarduera ekonomikoa sustatzeko eta enplegua sortzeko behar diren jarduketei heltzeko, jardunbide egokiak bultzatuz elkarrizketan eta lankidetzan oinarrituta. Horrela langileen enplegagarritasunaren hobekuntza zainduko da, horixe baita enplegurako lanbide heziketaren sistemaren azken helburua. Testuinguru horretan, garrantzitsua da enpresaburuen elkarteek eta sindikatuek betetzen duten zeregina, lanpostuak sortu eta mantentzeko estrategiak garatzekoa, bai negoziazio kolektiboaren esparruan bai ekintza sozialaren esparruan oro har.

Horregatik guztiagatik, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ebazpen hau eman du, dirulaguntzen deialdi bat onesteko, haien bidez finantzatzeko estatuan egiten diren prestakuntza programak, elkarrizketa sozialarekin eta negoziazio kolektiboarekin lotutako eginkizunetan trebatzeko helburua dutenak.

Dirulaguntza hauek kudeatutako dirulaguntzak dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 3.4.a) artikuluaren arabera. Estatuari dagokio horien araudi osoa edo oinarrizkoa ezartzea; horiek kudeatzeko eskumena, berriz, osoa zein partziala, beste administrazio publiko batzuena da.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdi bat onestea, Nafarroako Foru Komunitatean 2021ean egiten diren prestakuntza programetarako, elkarrizketa sozialarekin eta negoziazio kolektiboarekin lotutako eginkizunetan trebatzeko helburua dutenak.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei erantzuteko, 99.000 euroko guztirako gastua baimentzen da 2021eko gastuen aurrekontuko partida honen kargura: “Elkarrizketa sozialean eta negoziazio kolektiboan trebatzeko prestakuntza ekintzak” izeneko 950002 96200 4819 242113 partida.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko apirilaren 13an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da dirulaguntza batzuk emateko prozedura arautzea, haien bidez finantzatzeko Nafarroako Foru Komunitatean 2021ean egiten diren prestakuntza programak, elkarrizketa sozialarekin eta negoziazio kolektiboarekin lotutako eginkizunak betetzen trebatzeko helburua dutenak.

2.–Prestakuntza programa diruz lagungarriak.

2.1. Deialdi honen babesean finantzatzen diren prestakuntza programen helburua da sindikatuekin eta enpresaburuen elkarteekin lotutako pertsonentzako prestakuntza programak egitea, elkarrizketa sozialarekin eta negoziazio kolektiboarekin zerikusia duten eginkizunetan trebatu daitezen. Programa horiek ezin dira berariaz zuzenduta egon Administrazio Publikoaren esparruari, ez eta bertako langileei ere.

2.2. Prestakuntza programetan sartutako ekintza mota hauek izanen dira diruz lagungarriak:

a) Elkarrizketa sozialarekin eta negoziazio kolektiboarekin lotutako edukia duten prestakuntza ekintzak.

b) Jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, foroak, adituen tailerrak eta antzekoak, elkarrizketa sozialarekin eta negoziazio kolektiboarekin lotutako eginkizunei eta jardunbide egokiei buruzko edukia dutenak.

2.3. Onartutako prestakuntza programak 14 hilabeteko epean eginen dira, laguntza ematen den egunetik hasita, gehienez ere 2022ko urriaren 30era arte.

2.4. Prestakuntza ekintzak honako modalitate hauetan ematen ahalko dira: presentziala, ikasgela birtualaren bidezko presentziala, mistoa edo teleprestakuntza. Modalitate presentzialeko prestakuntza ekintzak eta modalitate mistoaren zati presentziala ematea errazteko, ikasgela birtualaren bidez egiten ahalko dira, osorik edo partez, eta prestakuntza presentzialtzat hartuko dira beti. Halaber, modalitate presentziala eskolak emateko sistema bimodal baten bidez egin daiteke, irakaslea eta parte-hartzaile batzuk modu presentzialean aritzen direla eta gainerako parte-hartzaileak modu birtualean aritzen direla. Horrela, parte-hartzaile batzuk ikasgelan egonen dira eta, aldi berean, beste batzuk beste toki batzuetatik arituko dira prestakuntzan, modu partekatuan, ikasgela birtualaren bidez.

3.–Entitate onuradunak.

3.1. Honakoek jasotzen ahalko dituzte oinarri hauetan araututako dirulaguntzak:

a) Sektore arteko enpresaburuen elkarteak, legez eratutakoak, ordezkaritza dutenak Nafarroako Foru Komunitatean.

b) Sindikatuak, legez eratutakoak, ordezkaritza dutenak Nafarroako Foru Komunitatean.

3.2. Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako egoeraren batean dauden entitateak.

4.–Diruz lagungarriak diren aurrekontua eta gastuak.

4.1. Deialdi honetarako aurrekontua 99.000 eurokoa da.

4.2. 33.000 euro izanen dira enpresaburuen elkarteek aurkeztutako programak finantzatzeko; eta 66.000 euro, sindikatuek aurkeztutakoak finantzatzeko. Alderdi horietako batentzat erabilgarri dauden funtsak agortzen ez badira, gerakina beste alderdian aplikatuko da.

4.3. Emanen den dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, programa bakoitzean jasotzen den jarduketa mota hartuko da kontuan, honela:

–Prestakuntza ekintzak: modulu ekonomiko zehatz bat ezartzen da parte-hartzaileko eta orduko, 8 eurokoa.

–Jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, foroak, adituen tailerrak eta antzekoak: 1.500 euro jarduketa bakoitzeko.

4.4. Gehieneko dirulaguntza 33.000 eurokoa izanen da, prestakuntza programako.

Aurrekontu erabilgarria ez bada aski finantzatzeko, gutxienez, azken entitate onuradunak eskatu duen dirulaguntzaren ehuneko 30, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak (NL-NEZ) eskaintzen ahalko du, puntuazio ordenaren arabera, onuradunak suertatu diren programak handiagotzeko aukera. Horrelakoetan, ez da aplikatuko arestian aipatutako muga.

Era berean, baldin eta programa guztiak onuradun suertatzen badira eta aski aurrekontu badago, NL-NEZek eskaintzen ahalko du, hurrenez hurren, puntuazio ordenaren arabera, programa horiek handiagotzeko aukera, aurrekontua agortu arte.

5.–Prestakuntza ekintzetako parte-hartzaileak.

Prestakuntza programetako azken hartzaileak eta parte-hartzaileak izaten ahalko dira sindikatuekin eta enpresaburuen elkarteekin lotutako pertsonak, horien jarduna dela-eta negoziazio kolektiboaren eta/edo elkarrizketa sozialaren prozesuekin zerikusia dutenak, bai zuzenean parte hartuz bai sindikatuen edo enpresen arloetan zuzenduz edo lagunduz.

6.–Eskabideak, dokumentazioa eta haiek aurkezteko epea.

6.1. Eskabideak elektronikoki aurkeztuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan, “Tramitatu” aukeratuz. Horretarako, fitxan eskuragarri dagoen eredu normalizatua erabiliko da.

6.2. Aurkezten den eskaera bakoitzak prestakuntza programa bakar bat izan beharko du.

6.3. Entitate eskatzaileak honako erantzukizunpeko adierazpen hauek egin beharko ditu eskabidea sinatzean:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako egoera bakar batean ere ez dagoela dioen adierazpena, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.

b) Helburu bererako eskatu edo harturiko dirulaguntzen adierazpena.

c) Nafarroako Gobernuak edo haren erakunde autonomoek emandako antzeko laguntza edo dirulaguntzak direla-eta abian jarri diren eta oraindik ere tramitatzen ari diren itzulketa edo zehapen prozedurei buruzko adierazpena.

d) Entitate eskatzaileak bere lurralde eta sektorearen esparruan duen ordezkagarritasunari buruzko adierazpena.

6.4. Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Eskabidea sinatzen duten pertsonak edo pertsonek pertsona juridiko eskatzailearen izenean jarduteko duten ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

b) Programa bakoitzaren justifikazio memoria, gutxienez informazio hau jasotzen duena:

1.–Garatu beharreko proiektu mota.

2.–Justifikazioa: inguruaren ezaugarriak, abiapuntua, lan merkatuaren beharrak, etab.

3.–Helburuak.

4.–Aurreikusitako jarduketak eta onuradunak.

5.–Ekintza plana.

6.–Aurreikusitako giza taldea eta baliabide materialak.

7.–Jarraipena, ebaluazioa eta kontrola egiteko mekanismoak.

c) Programaren aurrekontua, gastu kontzeptuen arabera zehaztua, 4.1 oinarrian adierazitako moduan.

d) Aurretik Nafarroako Gobernuaren inolako dirulaguntzarik jaso ez bada, “transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren” inprimakia aurkeztu beharko da.

e) Aurrekoaz gain, NL-NEZek aurkezten zaizkion eskaeren gainean behar bezala ebazteko behar dituen argibide eta agiri osagarri guztiak eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei.

6.5. Eskabidea aurkeztearekin batera, NL-NEZi baimena ematen zaio zerga betebeharrei eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrei buruzko ziurtagiriak edo informazioa eskatzeko, bai eta eskatzailearen eta ordezkariaren IFZ eta NANa kontsultatzeko ere. Ez da beharrezkoa izanen 6.4 oinarriaren a) letran adierazitako agiria aurkeztea, baldin eta Nafarroako Gobernuan edo bestelako administrazio batean aurkeztu bada. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du zer unetan eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta NL-NEZek elektronikoki lortu beharko ditu bere sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datu-bitartekotzarako plataformetan edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuen bitartez. Entitateak ez badu baimenik ematen kontsulta hori egiteko, dagozkion frogagiriak aurkeztu beharko ditu eskaera tramitatze aldera.

6.6. Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.–Errekerimenduak eta tramitera ez onartzea.

7.1. Dirulaguntzarako eskabidea aurkeztuta, horrek deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei errekerimendua eginen zaie akatsak zuzen ditzaten, 10 eguneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, behar diren informazioak edo agiriak aurkeztuz, eta adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskabideari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

7.2. Ez dira tramitera onartuko deialdi honetan ezarritako epean aurkezten ez diren eskaerak; horrelakoetan, ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.

8.–Balorazio irizpideak.

Aurkeztutako eskaeren balorazio teknikorako, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

A) Berdintasuna.

Irizpide honetan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

5 puntu emanen dira, baldin eta eskaera aurkezteko egunean, entitate eskatzaileak egiaztatzen badu baduela berdintasun plan bat indarrean, Nafarroako Gobernuaren Hitzarmen Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan erregistratuta, edo baduela txosten bat dioena gauzatu dituela genero-berdintasunaren arloko hiru neurri gutxienez, honako arlo hauetan: 1. Hautapen eta kontratazio prozesua; 2. Lanbide-sailkapena; 3. Prestakuntza; 4. Lanbide sustapena; 5. Lan baldintzak, gizonen eta emakumeen soldata-auditoretza barne; 6. Erantzunkidetasuna, bizitza pertsonaleko, familiarreko eta laneko eskubideei dagokienez; 7. Emakumeen ordezkaritza neurriz beherakoa; 8. Ordainsariak; eta 9. Sexu jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren prebentzioa

B) Aurreikusitako parte-hartzaile kopurua.

Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Programan aurreikusitako parte-hartzaileen kopurua baloratuko da. Puntuazioa proportzionalki emanen da, eta gehieneko puntuazioa emanen da parte-hartzaileak 200 direnean.

C) Entitatearen ordezkagarritasuna.

Irizpide honetan 30 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Sindikatuen ordezkagarritasuna baloratzeko, aintzat hartuko da Nafarroako Gobernuko hauteskunde sindikalen erregistroan adierazitako ordezkagarritasuna:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Hauteskunde-Sindikalen-Erregistroa-lan-arlokoak

Enpresaburuen elkarteek, ordezkagarritasuna frogatzeko, negoziazio kolektiboan parte hartu dutela ziurtatuko dute, frogagiri hauetako baten bidez: hitzarmeneko negoziazio mahaiaren eraketa akta (ez badute hitzarmena sinatu) edo hitzarmena bera (hori sinatu badute); ordezkagarritasuna zehazten duen epaia edo zuzenbideko beste edozein frogabide.

Puntuazioa proportzionalki emanen da, eta gehieneko puntuazioa lortuko da ordezkagarritasuna % 100ekoa denean.

E) Efizientzia ekonomikoa: 5 puntu gehienez.

1 puntu emanen da hau gertatzen bada: prezioa merkatzen bada, programen eskaeren batezbestekoa kontuan hartuta, ehuneko puntu bakoitzeko. Ehunekoak osoak ez badira, egoki den zati proportzionala emanen da.

9.–Esleitzeko irizpideak.

9.1. Dirulaguntzak balorazioaren puntuazio hurrenkeraren arabera emanen dira, 4.1 puntuan ezarritako kreditu erabilgarria agortu arte.

9.2. Puntuazioan berdinketa gertatzen bada, berdinketa hausteko irizpidetzat hartuko da parte-hartzaile emakumezkoen kopuru handiena zeinek duen.

10.–Laguntzak emateko prozedura eta organo eskudunak.

10.1. Norgehiagokako araubidea erabiliko da dirulaguntzak emateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan jasotako moduan.

10.2. NL-NEZeko zuzendari kudeatzailea da eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.

10.3. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa NL-NEZeko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuari dagokio.

10.4. Eskaerak baloratzeko ebaluazio batzorde bat eratuko da, kide hauek osatua:

a) Batzordeko burua: Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

b) Batzordeko kideak: Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko bi teknikari; horietako bat batzordeko idazkaria izanen da.

Ebaluazio batzordeak txosten loteslea eginen du. Bertan, deialdian ezarritako irizpideekin bat, eskaeren ebaluazioaren emaitza zehaztuko da zerrenda batean, puntuazio handienetik puntuazio txikienera ordenatuta.

10.5. Ebaluazio batzordearen txostenean aurreikusitako dirulaguntzaren zenbatekoa eskaerakoa baino txikiagoa denean, 10 eguneko epea emanen da programa berriz formula dezaten. Epe horretan programa berriz formulatzen ez bada, aurreikusitako dirulaguntza mantenduko da. Edonola ere, formulazio berria eginen da balorazio-aldian lortutako puntuazioa mantenduz.

10.6. Instrukzio organoak, ebaluazioaren emaitza eta, kasua bada, geroko alegazioak ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta NL-NEZeko zuzendari kudeatzaileari bidaliko dio ebatz dezan.

10.7. Prozedura ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita. Epe hori ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

11.–Entitate onuradunen betebeharrak.

11.1. Deialdi honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak galarazi gabe, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) Deialdi honetako prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenentzako doakotasuna errespetatzea.

b) Dirulaguntza zer jardueratarako eskatu den, hura egitea deialdi honen baldintza eta beharkizun formal eta materialei jarraikiz, baita programa baloratzeko eta dirulaguntza emateko oinarri hartutako baldintzekin bat ere.

c) Entitate onuraduna behartuta dago deialdi honetan jasotako prestakuntza jardueretara joateak dakarren arriskua estaltzera; horretarako, frankiziarik gabeko poliza bat kontratatu beharko du edo, bestela, horren berme gutuna. Estaldura hau izan beharko du gutxienez: laguntza medikoa, farmazeutikoa eta ospitalekoa, ikastaroaren orduetan gertatutako edozein istriputarako –horren barnean, bisitak egiteko irteera baimenduak eta ohiko bizilekutik ikastaroa ematen deneko tokira joateko behar den denbora (joan-etorria edozein garraiobidetan izaten ahal da)–; gutxienez 36.000 euroko kalte-ordaina heriotzagatik, eta 72.000 eurokoa ezintasun iraunkorragatik, baldin eta egoera horiek in itinere istripuaren ondoriozkoak badira, ikastaroan eta prestakuntza ekitaldietan laguntzeko antolatzen diren irteeretan edo bisitetan gertatua.

d) Prozedura instruitzeko eta prestakuntza ekintzak gauzatu eta likidatzeko faseetan NL-NEZek eskatzen dituen argibide eta agiriak aurkeztea, organo horrek ezarritako formatu, epe eta bideak erabilita, eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea.

e) Dirulaguntza emateko betebeharrak eta baldintzak betetzen direla frogatzen duten agiriak aurkeztea, baita dirulaguntza emateko arrazoi izan den jarduera eta kostuak gauzatu direla frogatzen dutenak ere.

f) Ekintzak ebaluatu, kontrolatu eta begiratzeko NL-NEZek eta kontrol organoek sustatzen dituzten jarduketak onartu eta haiei modu aktiboan laguntzea, eskatzen dituzten argibide eta agiri guztiak emanez beti.

Horretarako, ekintzak abian jarri, gauzatu eta justifikatzeko prozesuari buruzko informazioa eta dokumentazioa gorde beharko ditu entitate onuradunak, kontrol/auditoretzaren esku, gutxienez lau urtez. Epe hau zenbatuko da entitate onuradunak dirulaguntzaren frogagiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik hasita.

g) Eskabidean edo eskaerak tramitatzeko eta dirulaguntzak emateko organo eskudunei aurkeztutako agiri edo ziurtagirietan gezurrezko daturik ez ematea.

11.2. Ekintzak edo proiektuak osorik edo partez gauzatzeko hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin kontratu bat sinatzen den kasuetan, entitate onuraduna ez da aipatu diren betebeharretatik salbuetsita egonen.

11.3. Gardentasun betebeharrak:

11.3.1. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien % 20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra bete beharrik, ez direlako aurreikusitako inguruabarrak gertatzen, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta, kasua bada, kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

11.3.2. Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen direla maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak (aipatutako foru lege horrek hizpide ditu gardentasuna, informazio publikoa eskuratzea eta gobernu ona).

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

12.–Ekintzak gauzatzea eta haien hasiera jakinaraztea.

12.1. Deialdi honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 9. artikuluan eta aplikatzekoak diren beste arauetan ezarritakoa kontuan hartuta gauzatuko dira ekintzak.

12.2. Entitate onuradunak NL-NEZi jakinaraziko dio, gutxienez 2 egun natural lehenago, noiz hasten diren prestakuntza ekintzak, jarduerak, jardunaldiak eta antzeko beste jarduketak. Horretarako, Nafarroako Atariko tramiteen atalean eskuragarri dagoen eredu normalizatua erabiliko dute (www.nafarroa.eus) edo, prestakuntza ekintzen kasuan, IRIS aplikazioa.

Hasieraren berri eman ondoren ekintza aldatu edo bertan behera utziz gero, ekintza hasteko aurreikusitako data baino lehenago jakinarazi beharko zaio NL-NEZi, salbu eta tokia, eguna nahiz ordutegia aldatzea edo ekintza eten eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuta badaude eta garaiz aurreikusi ezinak badira, edo ekintza gauzatzen denean gertatzen bada.

Jarduketaren hasiera ezarritako epeetan jakinarazi ezik, ez egintzat joko da, dirulaguntzaren likidazio ekonomikoari dagokionez, salbu eta ezinbesteko arrazoiengatik gertatu bada, behar bezala frogaturik eta gorabehera horiek gertatzean komunikaturik.

12.3. Prestakuntza ekintzen kasuan, prestakuntza ekintza hasten duten parte-hartzaileen zerrendaren berri emateko, IRIS aplikazio informatikoaren bidez eginen da, prestakuntza ekintzaren orduen % 25 eman baino lehen.

Prestakuntza ekintza hasi ondoren plaza hutsik badago edo norbaitek bere tokia uzten badu, beste pertsona batzuk sartzen ahalko dira joandakoen ordez, betiere prestakuntza ekintzak irauten duen denboraren % 25 igaro baino lehen.

13.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

13.1. Entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera burutu duela frogatu beharko du, eta jarduera horrek sortutako gastuak ere bai. Kostuak frogatzeko eta dirulaguntzak likidatzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

13.2. Dirulaguntzaren azken likidazioa egin baino lehen, entitateak honako hauek eskatzen ahalko ditu:

a) Dirulaguntzaren aurrerakina, entitate onuradunak funts horniduren beharra duela frogatuz gero, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitakoari jarraituz. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

• Diruzaintzako fluxuen aurreikuspenen gaineko ziurtagiria, entitateak egina.

• Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortu diren eta eskatu diren maileguen zerrenda, banku entitateen ziurtagiriak gehituta.

• Funtsen beharra dagoela dioen txostena, non adieraziko baitira entitateak une horretan dituen banku-kontuen saldoak.

• Funts horniduren beharra frogatzen duen beste formularen bat.

Aurrerakina ez da inoiz izanen guztira emandako zenbatekoaren % 25etik gorakoa.

b) Ordainketa egitea justifikazio partzialarekin. Entitate onuradunak gauzatutakoaren memoria teknikoa aurkeztu beharko du. Entitateak justifikatutako zenbatekoa ordainduko da, ez besterik.

Aurrerakinaren eta ordainketa partzialen baturak ez du inola ere gaindituko guztira emandakoaren % 60; gainerako % 40a diruz lagundutako jarduera bukatu, justifikatu eta egiaztatu ondoren pagatuko da.

13.3. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, entitate onuradunak frogagiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko jarduketa memoria bat, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak azalduko dituena. Era berean, baldin dirulaguntzaren xedea prestakuntza ekintzak gauzatzea bada, jasoko dira gauzatutako ekintzen kalitatearen ebaluazioaren balorazioa eta emaitzak, 14.1 oinarrian adierazten den moduan.

b) Justifikazio-memoria ekonomiko bat, gutxienez honako hauek jasoko dituena:

–Prestakuntza ekintzen kasuan: onuradunaren adierazpena modulutzat hartutako unitate kopuruari buruz (prestakuntza bukatzen duten parte-hartzaileak eta prestakuntza orduak).

–Gainerako jarduketen kasuan: egindako jarduketen xehetasuna, exekuzio arduradunak, emandako orduak, kostua eta tokia. Xehetasun hori justifikatzeko, aurkeztu beharko dira egindako gastuaren fakturak eta dagokion ordainagiria (Fakturazio betebeharrak arautzen dituen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoaren araberakoak), merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa duten balio bereko agiriak, laneko parteak edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuk.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru-sarreren azalpena, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

13.4. Prestakuntza ekintzetarako dirulaguntzaren zenbatekoa finkatze aldera, eta ekintza presentzialen kasuan, ikasle batek prestakuntza bukatu duela joko da prestakuntza ekintzako orduen % 75era edo gehiagotara joan bada. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzako modalitatearen bidez eman badira, ikasle batek ekintza bukatu duela joko da haren ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldian-aldian egiten diren kontrolen % 75 eginez gero, konektatuta egon den ordu kopurua gorabehera.

Prestakuntza orduen % 25 eman ondoren parte-hartzaileren batek ekintza uzten badu, desbideratzeak onartzen ahalko dira, gehienez ere ekintza bakoitza hasi duten parte-hartzaileen % 30ena.

13.5. Dirulaguntza justifikatzeko epea gehienez hilabetekoa izanen da, programa bukatu eta biharamunetik hasita.

Justifikatutako gastua ez bada iristen aldez aurretik ordaindutakora edo ordainketa partzialen zenbateko osora, bidezko izanen da frogagiri bat aurkeztea erakusteko diru-sarrera bat egin dela NL-NEZen alde, aldez aurretik edo partzialki ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Diru-sarrera horren bitartez entitate onuradunak uko egiten dio dirulaguntza zati horri.

13.6. Aurkeztutako frogagiriak egiaztatuta, NL-NEZek espedientea bukatzeko eta likidatzeko ebazpena emanen du, hiru hilabeteko gehieneko epean, dokumentazio hori aurkezten denetik hasita. Hala badagokio, errekerimendua eginen du justifikatu gabeko zenbatekoak itzultzeko, edo dirulaguntzaren baldintzekin bat etortzen ez direnak. Kasu horretan, berandutze-interesa ordaintzeko eskatuko da, egindako azken ordainketatik hasi eta itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera arteko aldiari dagokiona.

13.7. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea.

14.–Ekintzen ebaluazioa, kontrola eta jarraipena egiteko plana.

14.1. Prestakuntza ekintzen kasuan, entitateek beren prestakuntzaren kalitatearen ebaluazioa eta kontrola eginen dituzte. Horretarako, lagin adierazgarri bat hartu beharko da, prestakuntza jaso dutenen taldeen % 5ekoa, gutxienez. Lagin horrek barne hartuko ditu prestakuntza programako ekintzak, bai eta programan agertzen diren ikaskuntza modalitate guztiak ere.

Parte-hartzaileek prestakuntza ekintzen kalitatea ebaluatuko dute. Ebaluaziorako, “Kalitatea ebaluatzeko galde-sorta” erabiliko da, Nafarroako Atariko tramiteen atalean den eredu normalizatua baliatuz (www.nafarroa.eus).

Entitate onuradunek NL-NEZi igorri beharko diote parte-hartzaileen galde-sorta guztien tabulazioa biltzen duen fitxategiaren (edo fitxategien) kopia bat, egin diren prestakuntza ekintzen kalitatea aztertu ahal izateko. Galde-sortan jasotako galdera bakoitzaren tabulazioa bi modutara aurkeztuko da: batetik, programako prestakuntza ekintzetan eratzen den talde bakoitzeko, eta bestetik, programa osoari buruzkoa.

Entitateak bilduko ditu, 13.3 oinarrian aipatzen den jarduketa memorian, emaitzak, balorazioa eta, hala bada, hartutako neurriak kontrol eta ebaluazio jarduketei buruz.

14.2. NL-NEZek jarraipen eta kontroleko jarduketa hauek egiten ahalko ditu:

a) “Denbora errealeko” jarduketak. Atal honetan sartzen da jardueraren jarraipena egitea, horrek iraun bitartean, eta horretarako froga fisikoak eta testigantzak erabiltzea, enpresaren arduradunei, parte-hartzaileei eta koordinatzaileei elkarrizketen bidez eskatuko baitzaizkie, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko asmoz: jarduketak nola egin diren, edukiak, parte-hartzaileen benetako kopurua, instalazioak eta baliabide pedagogikoak. Horrez gainera, begiratuko da ea argitalpenetan eta bestelako hedabideetan adierazi den ekintzak Nafarroako Gobernuak finantzatu dituela.

b) “Ex post” jarduketak. Ekintzak bukatu ondoren egiten ahalko dira, entitate onuradunetako eta enpresetako arduradunei eta parte-hartzaileei eginen zaizkien elkarrizketen bidez jasoko diren froga fisikoak, lekukotzak eta agiriak erabiliz, besteak beste, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko:

–Ekintzen exekuzioa.

–Parte-hartzaileen benetako kopurua.

–Parte-hartzaileei bertaratze edo parte-hartze diploma eman zaiela eta bertan Nafarroako Gobernuaren ikurra agertzen dela.

Horretarako, entitate onuradunei edozein dokumentazio eskatu eta/edo kanpoko auditoretza egiten ahalko die, NL-NEZen iritziz lan horiek betetzeko bidezkoa bada.

Kontrol ekintzen ondorioz ez-betetzeak antzematen badira, NL-NEZek entitateei eskatuko die ez-betetzeak sortu dituzten egoerak zuzentzeko.

14.3. NL-NEZek aldaketak baimentzen ahalko ditu ekintzetan, baldin eta horien ondorioz balorazio fasean lortutako puntuazioa gutxitzen ez bada eta hasieran emandako dirulaguntza handitzen ez bada. Horretarako, entitate onuradunak eskaera aurkeztu beharko du Erregistro Orokor Elektronikoan, aldaketa justifikatuz eta, hala bada, dagokion ekintzaren fitxa erantsiz. Jarraipen batzorde bat eratzen ahalko da, entitate onuraduneko eta NL-NEZeko ordezkariek osatua, proposatutako aldaketak aztertzeko.

15.–Dirulaguntzak itzultzea.

15. Deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako betebeharrak eta kontzesio ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzeak, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren egoerak gertatzen badira, dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galtzea ekarriko du, eta, aldez aurretik bidezko den itzulketa-prozeduraren ondoren, jasotako dirulaguntza osorik edo partez itzuli beharra, bidezko berandutze-interesak eta guzti (ordainketa agintzen denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera artekoak).

15.2. Dirua itzultzeko prozedura ofizioz hasiko da aurreko ataletan dirua itzultzeko aurreikusitako kasuren bat gertatzean, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat tramitatuko da.

15.3. Itzuli beharrak ez du galarazten Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean “dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei” buruz ezarritakoa.

15.4. Kobratzeko eskubidea galtzeagatik edo emandako dirulaguntzari espresuki uko egiteagatik askatzen den dirua erabil daiteke hasiera batean dirulaguntzarik jaso ez zuten programa horiei laguntzak emateko, deialdi berri bat egiteko beharrik gabe eta balorazioaren puntuazio-ordenari jarraikiz.

16.–Azpikontratazioa.

16.1. Entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera azpikontratatzen ahalko du, eta edozein kasutan ere, bere gain hartuko du gauzatzearen erantzukizuna administrazio publikoaren aurrean, eta berak zein azpikontratistak bermatu beharko dute jarraipen eta kontrol entitateen eginkizunak behar bezala betetzen direla.

16.2. Edonola ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Lege Orokorraren 26. artikuluan ezartzen diren betebeharrak aplikatuko zaizkie entitate onuradunei eta kontratistei.

17.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

17.1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira programak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide propio batzuekin. Dena dela, horien zenbatekoak ezin izanen du gainditu, inola ere, ez bakarrik ez beste batzuekin batera, egin nahi den jardueraren kostua.

17.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, entitate onuradunek horren berri eman beharko diote NL-NEZi. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

18.–Datuen babesa.

18.1. Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek eskaeretan eta jakinarazpenetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

18.2. Entitate eskatzaileen, onuradunen eta parte-hartzaileen identifikazio datuak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta, horri dagokionez, entitate eta pertsona interesdunak honako hauetan aitortzen zaizkien eskubideez baliatzen ahalko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorra, eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; eta garapenerako gainerako arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean. Entitate onuradunen ardura izanen da prestakuntza programetan parte hartzen duten pertsonei aipatu erregelamenduaren 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea.

19.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri hauetan aurreikusten ez den orotan, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: irailaren 9ko 30/2015 Legea, Enplegurako lanbide-prestakuntzaren sistema lan arloan arautzen duena; uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua, irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duena; eta martxoaren 28ko TMS/368/2019 Agindua, zeinaren bidez garatzen baita uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua, administrazio eskudunen prestakuntza eskaintzarekin eta horren finantzaketarekin lotuta dagoena, eta ezartzen dituena horiek finantzatzera bideratutako dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak. Aplikagarri izanen dira, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea, eta arlo honetan aplikatzekoa den beste edozein xedapen arau-emaile.

20.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

20.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, NL-NEZek jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

20.2. Entitate onuradunek Nafarroako Gobernuaren finantzabidearen berri eman beharko dute informazio, argitalpen, material eta ziurtagiri guztietan, baita zerbitzuak eta programak egiten diren toki guztietan ere.

Horretarako, Nafarroako Gobernuaren logotipoa izan beharko du agerian, lehentasunezko tokian, eta inola ere izan gabe entitate sustatzailearena edo antolatzailearena baino txikiagoa. Edonola ere, urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan deskribatutako ezaugarri teknikoak errespetatu beharko dira (foru dekretu horren bidez arautzen dira Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera).

21.–Errekurtsoak.

Pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute oinarri arautzaile hauen eta haien aplikazioaren ondoriozko egintzen aurka, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, jarraikiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoari. Errekurritutako egintza espresua ez bada, edozein unetan jar daiteke gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F2106561