126. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 31

4. PROZEDURA JUDIZIALAK

NAFARROAKO JUSTIZIA AUZITEGI NAGUSIA
ADMINISTRAZIOAREKIKO AUZIEN SALA

Oinarrizko Eskubideen gaineko 199/2021 Prozedura

Fabiola Llorente Llorente, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako Justizia Administrazioaren letradua.

Aditzera ematen dut: sala honetan bideratu den oinarrizko eskubideen gaineko 199/2021 prozeduran, 66/2021 Autoa eman da 2021eko maiatzaren 11n, eta irmo geratu da. Hona hemen haren aurrekariak eta xedapen zatia, hitzez hitz:

“66/2021 Autoa.

Lehendakaria: Francisco Javier Pueyo Calleja jauna.–Magistratuak: María Jesús Azcona Labiano andrea, Raquel Hermela Reyes Martínez andrea, Antonio Sánchez Ibañez jauna eta Ana Irurita Díez de Ulzurrun andrea.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 11n.

Aurrekariak

Bakarra.–Nafarroako Foru Komunitateko aholkulari juridiko eta letraduak eskaera egin zuen, 2021ko maiatzaren 9an, judizialki berrets zitezen Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 9ko 15/2021 Foru Aginduaren bidez onetsitako neurriak. Foru agindu horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Lakuntzako udalerrirako (Nafarroa), COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Fiskaltzari igorri zitzaion, txostena egin zezan berehala. 2021eko maiatzaren 9an, aldeko txostena eman zuen, eta ebazteko zain dago.

Xedapen zatia

Salak erabakitzen du:

1. Berrestea Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 9ko 15/2021 Foru Aginduaren lehen apartatuan jasotako osasun neurriak. Foru agindu horren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Lakuntzako udalerrirako (Nafarroa), COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

2. Ez berrestea Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 9ko 15/2021 Foru Aginduko bigarren puntuan jasotako osasun neurria. Foru agindu horren bidez prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Lakuntzako udalerrirako (Nafarroa), COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

3. Administrazioak jakinarazi beharko dio Administrazioarekiko Auzien Sala honi berretsitako neurrien betearazpenean eragina duen edozein gorabehera, edo, kasua bada, neurri horiek kentzea eragiten duen beste edozein. Halaber, neurrien luzapena baimentzeko eskaera egin beharko du, osasun arloko administrazioak halakorik erabakitzen badu.

4. Eragindako prozesuko kostuak ez zaizkio inori ezartzen berariaz.

Jakinaraz bekie ebazpen hau alderdiei, aditzera emanez ez dela irmoa, eta haren aurka kasazio errekurtsoa aurkezten ahal dela, Auzitegi Gorenari zuzenduta, hiru egun balioduneko epean, AAJLren 87.2 eta 87 ter artikuluarekin bat (8/2021 Errege Lege Dekretuaren bidez ezarria; 2021eko maiatzaren 5eko Estatuko Aldizkari Ofiziala) eta bertan berariaz aurreikusten diren izapideekin bat. Horretarako, ez da nahitaezko baldintza aurrez berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea.

Hori erabaki, agindu eta sinatzen dute idazpuruan adierazitako magistratuek”.

Eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, honako hau egin eta sinatzen dut.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 21ean.–Administrazioarekiko Auzien Salako Justizia Administrazioaren letradua, Fabiola Llorente Llorente.

Iragarkiaren kodea: J2108469