120. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Lankidetza-hitzarmena Berriobeitiko Udalaren eta Aitzoain, Añezkar, Ballariain, Berriobeiti, Berriogoiti, Elkarte, Larrageta, Lotza eta Oteitza kontzejuen artean. Onespena

Berriobeitiko Udalak, 2020ko abenduaren 1ean egindako bilkuran, onetsi zuen lankidetza-hitzarmena Udalaren eta Aitzoain, Añezkar, Ballariain, Berriobeiti, Berriogoiti, Elkarte, Larrageta, Lotza eta Oteitza kontzejuen artean, eta 2021eko otsailaren 5ean sinatu zuten alderdiek.

Eta argitaratzen da, bat etorriz 40/2015 Legearen 48. artikuluarekin (lege horrek hizpide du Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa), apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 27. artikuluarekin (lege horrek hizpide ditu Toki Araubidearen Oinarriak) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 30. artikuluarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa).

Berriobeitin, 2021eko apirilaren 29an.–Alkatea, Raúl Julio Bator Pérez.

LANKIDETZA-HITZARMENA BERRIOBEITIKO UDALAREN ETA AITZOAIN, AÑEZKAR, BALLARIAIN, BERRIOBEITI, BERRIOGOITI, ELKARTE, LARRAGETA, LOTZA ETA OTEITZA KONTZEJUEN ARTEAN

Berriobeitiko Udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 2021eko otsailaren 5eko 11:00ak izanik.

Bildu dira:

Alde batetik:

Raúl Julio Bator Pérez, Berriobeitiko alkate udalburua, hala dela agertzen baita 2019ko ekainaren 15eko osoko bilkurak haren izendapenaz hartutako erabakiaren ziurtagirian, Udal hura ordezkatuz, bat etorriz 6/1990 Foru Legearen 40. artikuluarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa) eta apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.b) artikuluarekin (foru lege horrek hizpide ditu Toki Araubidearen Oinarriak), eta ahalmena izanik hitzarmen hau sinatzeko, hala erabaki baitzuen Udalak, 2020ko azaroaren 3ko osoko bilkuran, aholkulari duela Udal idazkaria, Idoia Suárez Urrutia, zeinak egintzaren fede ematen baitu.

Beste aldetik,

Kontzeju hauen buruak:

–Aitzoain - Pedro Bandrés Oscoz.

–Añezkar - José Ingelmo García.

–Ballariain - José Cortizo Gulias.

–Berriobeiti - Alfonso Larrayoz Iracheta.

–Berriogoiti - Xabier Jáuregui De Carlos.

–Elkarte - Francisco Javier Huarte Babace.

–Larrageta - María Manso Montes.

–Lotza - Rubén Goñi Viguria .

–Oteitza - José Félix Babace Urriza.

Berriobeitiko Zendeako kontzejuetako buruek, hala agertzen baita Kontzeju Batzarrak 2019ko ekainaren 15ean hartutako erabakiaren ziurtagirietan, bat etorriz 6/1990 Foru Legearen 40. artikuluarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa) eta apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.b) artikuluarekin (foru lege horrek hizpide ditu Toki Araubidearen Oinarriak), eta ahalmena izanik hitzarmen hau sinatzeko, hala erabaki baitzen.

Alderdiak ordezkari diren aldetik, bere dituzten eskudantziak erabiliz, eta elkarri aitortuz Lankidetza-Hitzarmen hau formalizatzeko gaitasuna, oinarri harturik honako klausula hauek eta honako hauek aldez aurretik aitortuta,

SARRERA

Lehenengoa.–Berriobeitiko Udalak osaera konplexua du, hamar kontzejuz eratuta baitago (Aitzoain, Añezkar, Artika, Ballariain, Berriobeiti, Berriogoiti, Elkarte, Larrageta, Lotza eta Oteitza).

Bigarrena.–Zendeako toki entitateek giza eta aurrekontu baliabide eskasak dituzte, eta, hortaz, koordinazio eta eraginkortasun handiagoak lortu behar dituzte, herritar guztien mesederako.

Hirugarrena.–Hori dela eta, hitzarmen honek xede hauek ditu: herritarren arreta bizkortzea, herritarrei zerbitzu hobea ematea eta giza baliabideetan eta baliabide ekonomikoetan aurrezpen nabarmena lortzea.

Laugarrena.–Berriobeitiko Udalak, 2017ko abenduaren 5eko udal erabakiaren bidez, honako hauek eskuordetzan hartzea erabaki zuen:

a) Administrazio espedienteak izapidetzea, gai bakoitzeko udal teknikariek egin ditzaten.

b) Kontabilizazio zerbitzua eta kontabilitate aholkularitza, hark egin dezan bere langileen edo kanpo zerbitzuen bitartez.

c) Zerga ikuskapenaren zerbitzua adjudikatzeko izapideak: erabilera pribatiboaren tasak edo udal bide publikoen lurzoruko, lurpeko edo lurgaineko aprobetxamendu bereziak, hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen alde (1,5eko tasa deitu ohi zaiona).

d) Hirigintza lizentziak ematea, Ballariain eta Elkarte kontzejuetan izan ezik.

e) Herriguneetako kaleen garbiketa, paperontziak hustea eta garbitzea, kale eta espaloietan sasiak kentzea eta gune jakin batzuk erratzez garbitzea.

f) Poligonoetako kaleen garbiketa.

g) Argiteria publikoari dagokionez, eragingailuaren kontrola, kontrol energetikoa, ikuskapen zerbitzua, anomaliak detektatzea eta instalazioaren kontserbazioa.

h) Industrialdeetako kale argien kontsumo elektrikoaren fakturazioaren ordainketa.

i) Hitzarmenaren bidez eskuordetutako eskumenak ez eskuordetzea kontzejuek jakin gabe.

j) Udalari eskuordetutako eskumenei buruzko informazioa noiznahi eskatzeko aukera, eta eskuordetutako eskumenak bereganatzeko aukera, hala komeni denean.

Bosgarrena.–Hitzarmen hau sinatzen duten entitate guztien arteko konfiantzan oinarritzen da, baita guztiek hitzarmena fede onez aplikatzeko konpromisoan eta interes orokorraren mesederako irtenbideak lortzeko nahian ere.

Horregatik, Berriobeitiko Zendeako kontzejuen gabeziak integratu daitezen intentsitate eta kalitate berean eta baliabide ekonomikoak gauzatu eta kudeatu daitezen eraginkortasunez eta ahalik eta hobekien, komenigarria da Berriobeitiko Udalaren eta Zendeako kontzejuen arteko lankidetza-esparru bat antolatzea, kontzejuen eskumeneko zenbait eginkizun betetzeko eta zerbitzuak osorik emateko.

Elkarlan horren lege bermea dira administrazioen arteko elkarlan, lankidetza eta laguntza printzipioak, jaso direnak, besteak beste, arau hauetan: urriaren 1eko 40/2015 Legearen 140. artikulua eta hurrengoak (lege horrek hizpide du Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa), 7/1985 Legearen 25. artikulua eta hurrengoak (lege horrek hizpide ditu Toki Araubidearen Oinarriak) eta 6/1990 Foru Legearen 70. eta 30.2 artikuluak (foru lege horrek hizpide du Toki Administrazioa). Horiek denak gauzatzen dira hitzarmen honen bidez.

Horrenbestez, aipatu administrazioek, hitzarmen honen bidez, ituntzen dute eskuordetzan ematea ondoko eskumenak, zeinak kontzejuenak baitira, bat etorriz Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 39. artikuluarekin, Berriobeitiko Udalaren alde, hitzarmen honen bidez eta bat etorriz Sektore Publikoaren 40/2015 Legearen 47.2.a), 48., 49. eta 50. artikuluekin eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 27. artikuluarekin. Hori dena, oinarri harturik honako hauek

KLAUSULAK

Lehena.–Egun, Berriobeitiko Udalak gauzatzen ditu eskumen horiek, eta konpromisoa hartzen du, lehen aipatu kontzejuekin, hitzarmen hau sinatzeko, zeinaren bidez arautuko baita nola eskuordetu honako eskumen hauen kudeaketa eta ordainketa osoa:

a) Poligonoetako argiteria publikoaren mantentze-lanak eta kontsumoaren ordainketa eta kontzejuei dagokien ororen argiteria publikoa.

b) Bideak garbitzea.

c) Hilerriaren garbiketa.

d) Udalak esleitutako eta udal aholkulariaren bidez gauzatutako kontzejuentzako aholkularitza-gastua ordaintzea.

e) Diru-bilketa.

Bigarrena.–Berriobeitiko Kontzejuak eskuordetzan uzten dizkio Berriobeitiko Udalari honako zerbitzu hauen ematea:

2.1. Bideak garbitzea.

Bideen garbiketa honela ematen da eskuordetzan:

a) Oinezkoen eta ibilgailuen bide guztiak garbitzea.

b) Bide publikoak garbitzea, hots, honako hauek denak garbitzea: espaloiak, galtzadak, pasealekuak, igarobideak, erdibitzaileak, biribilguneak, plazak, lurgaineko aparkaleku publikoak, eremu publikoetako kirolguneak, erabilera publikoko gune pribatuak (egoki denean), parkeak, lorategi-eremuak eta abar, honela egingo baita:

• Erratza eskuz pasatzea.

• Erratza mekanikoki pasatzea.

• Kaleak urez eskuz garbitzea. Urtean bitan eginen da, galarazi gabe zehazten duena Gobernu eta Koordinazio Batzordeak, zeina arautzen baita seigarren estipulazioan.

c) Paperontziak mantentzea, hustea, garbitzea eta berritzea.

d) Hostoak joateko garaian hostoak garbitzea.

e) Parkeak, lorategiak eta aisiarako guneak garbitzea.

f) Garbiketa bereziak: grafitiak, pintaketak, kartelak kentzea. Nola gauzatu.

Gutxieneko kalitate estandarrak betez garbituko dira bideak, eta hitzarmen honen seigarren klausulan ezarritako Gobernu eta Lankidetza Batzordeak zehazten duen bezala eta zehazten duen jarraipenarekin.

Hobeki kudeatzeko eta lehenesteko, Gobernu eta Jarraipen Batzordeak kontzejuak zenbait mailatan banatuko ditu, eta bakoitzari egokituko zaizkio tratamendu eta aldizkakotasun gutxieneko batzuk, honako hauei erreparatuz batez ere:

–Ibilgailuen eta oinezkoen trafikoaren garrantzia.

–Nagusi izatea jolas eta ostalaritza jarduera.

–Hondakin motak eta arrazoiak.

–Biztanleriaren dentsitatea.

Paperontziak hustea, garbitzea eta berritzea, zakurrentzako zaborrontziak, paperontziak garbitzea eta desinfektatzea.

Hitzarmen honen bidez, Udalaren esku uzten da lehen aipatu kontzejuetako paperontzi guztien mantentze-lan eta huste etengabea (oraingoak eta etorkizunekoak, baita zakurrentzako zaborrontziak ere). Orobat, behar diren lanak eginen ditu elementuak ongi mantentzeko eta zaintzeko: behar diren konponketak eginen ditu, eta konpondu ezin diren edo desagertu diren paperontziak berrituko ditu.

Era berean, zerbitzu honen xedea da paperontziak kanpotik eta barnetik garbitzea, eta horietan egiten diren pintaketak, jartzen diren pegatinak eta abar kentzea. Eta gauza bera paperontzien ondoko guneekin, eremu publikoan badaude.

Hostoak joateko garaian hostoak garbitzea.

Udazkenaldean bilduko dira hostoak, edo zerbitzuak eskatzen duenean, eta, horretarako, egoki diren baliabide teknikoak eta giza baliabideak erabiliko dira, kontuan harturik zenbat hosto pilatzen diren espaloietan, galtzadetan, pasealekuetan, lorategietan eta, oro har, hiriguneko eremu publikoan.

Parkeak eta aisiarako guneak garbitzea.

Honetan datza: Udalaren eta/edo erabilera publikoko parkeak eta haurren jolasguneak garbitzeko eta egoera higienikoan edukitzeko lanak.

Garbiketa bereziak: grafitiak, pintaketak, kartelak kentzea, eta aldian behingo eta/edo aldi baterako garbiketa zerbitzuak.

Besteak beste, hauek: pintaketak eta grafitiak garbitzea, pankartak nahiz kartelak kentzea, eta antzekoak, baldin Berriobeitiko Udalak eta kontzejuek ez badute horietarako baimenik eman.

Pintaketak eta grafitiak garbituko dira eraikin, horma, pareta, zoru eta hiri altzarietatik (farolak, zutoinak, seinaleak, markesinak eta hiri-elementuak, oro har), baldin Berriobeitiko Udalaren eta Kontzejuaren ustez apain eduki behar badira.

Hilerriaren garbiketa.

Hilerria garbitzea da belar-sastrakak garbitzea, baldin eta kontzejuek hala eskatzen badute. Urtean bitan eginen da, eta gainerako zereginak kontzejuen kontura izanen dira.

Auzotar baten hiletak eragindako garbiketa puntuala kontzejuen kontura izanen da.

Jaiak direla-eta garbitzea.

Kontzejuek hala eskatu ondoren, garbiketa eginen da kontzejuetako zaindariaren jaien aurretik eta ondoren, Berriobeitiko Udaleko zerbitzu anitzekin lankidetzan.

Garbiketa, presazko premietarako.

Presazko premia edo alarma egoera dagoenean, Berriobeitiko Udalak, kontzejuekin adosturik, behar diren garbiketa neurriak hartuko ditu prebentziorako, eremu publikoan ez dadin kalterik izan osasungarritasunean eta higienean, une bakoitzean indarrean dagoen araudiari eta administrazio eskudunek horretarako adosten dituzten jarduketa protokoloei jarraikiz.

Premia larritzat jotzen da kutsagarritzat edo arriskutsutzat jotzen diren obra-hondakinak kentzea, hondakinak non dauden alde batera utzita.

Garbitzea edo obra-hondakinak kentzea.

Obra-hondakinak kendu behar badira, baldin eta hondakinak kontzejuaren titulartasuneko lurretan badaude, kontzejua arduratuko da hondakinak kentzeaz. Era berean, obra-hondakinak udal titulartasuneko lurretan edo bide publikoan badaude, Berriobeitiko Udala arduratuko da lan horiez.

2.2. Argiteria publikoa.

Kontzejuek Udalaren esku uzten dute argiteria publikoaren mantentze lanak egitea, arlo hauei dagokienez:

a) Piztea kontrolatzea.

b) Kontrol energetikoa.

c) Ikuskapen zerbitzuak eta anomaliei antzematea.

d) Zerbitzu honi dagozkion instalazioak zaintzea (besteak beste, aginte zentroak, luminariak, instalazio elektrikoa, kanalizazioak, matxura arinak konpontzea, aldian behin lanparak aldatzea, instalazio elektrikoko aldizkariak, inbentarioa eguneraturik izatea).

Argiteriaren kostuari dagokionez, Udalak bere gain hartzen du kontzeju guztien kontsumo elektrikoa, honako hauek biltzen dituena:

• Poligonoetako argiteria publikoa.

• Kontzejuei dagokien guztiaren argiteria publikoa.

Orobat, argiteria publikoa sei hilean behin ordainduko da (urtean bitan), eta, horretarako, aurrekontuko 1650-46800 partidatik zenbateko bat gordeko da.

Udalak ez du inola ere bere gain hartuko bere kontroletik kanpo, bere argibideei jarraitu gabe edo berak ontzat eman gabe egin diren sareen ardura.

2.3. Haur parkeen mantentze-lanak.

Haur jolasetan prebentziozko mantentze-lanak egiteko, beharrezkoa da egiaztatzea zer egoeratan dauden haur-jolastokiak, haur-jolastokiak ikuskatzeko jarraibideen arabera, honako arauekin bat: UNE-EN 1176 eta 1177 Araua, eta une bakoitzean indarrean diren araudia eta legedia. Haurrentzako ekipamenduen egoerari jarraipena egiteko, behar diren kontrol-fitxak egoki beteko dira. Ardura eta behar bezalako kualifikazioa dituzten langileek eginen dituzte lanak.

2.4. Diru-bilketarako eskumenak.

Kontzejuek aitortzen dute Berriobeitiko Udalak ematen duela kontabilitate zerbitzua eta kontabilitate aholkularitza, eta berronesten hark eman dezala, bere langileen bitartez edo kanpoko zerbitzuen bitartez.

A.–Hirigintzako lizentziak ematea.

Hirigintzako lizentziak emateko eskumena kontzejuarena da, baina Berriobeitiko Udalari eskuordetu zaio, Elkarte eta Ballariain kontzejuetan izan ezik. Eskumen hori Nafarroako Toki Administrazioari eta Lurralde Antolamendu eta Hirigintzari buruzko legedian xedatutakoaren arabera gauzatzen da.

2.5. Festak.

Ez dago inolako eskuordetzarik puntu honetan.

Kontzejuetako mugartean ikuskizunak nahiz jarduerak baimentzeko baldintzen araubidea bat etorriko da martxoaren 8ko 44/1990 Foru Dekretuaren 2. artikuluarekin (foru dekretu horren bidez baldintzak arautzen dira toki publikoetako ikuskizunen baimenetarako).

Hirugarrena.–Administrazio publikoen arteko lankidetza.

Hainbat proiektutan elkarrekin aritzeko borondatea agertzen dute bai Berriobeitiko Udalak bai aipatu kontzejuek, eta konpromisoa hartzen dute lankidetzarako bideak bilatzeko.

Laugarrena.–Udal langileen lankidetza.

Berriobeitko Udaleko Kontzejuetako administrariak aholkuak emanen dizkie kontzejuei, kontzejuko lehendakari kargudunen bidez, hala eskatzen denean, Berriobeitiko Udaleko idazkariaren laguntza puntualarekin eta Berriobeitiko Udaleko zerbitzu anitzen laguntza puntualarekin, mantentze-lan txikiak egiteko; lan horiek 32 ordutik beherakoak izanen dira.

Bosgarrena.–Aipatutako zerbitzuak gauzatzeko, kontzejuek honako eskumen hauek uzten dituzte Udalaren esku:

a) Aipatutako zerbitzuak ematearekin lotutako administrazio-prozedurak tramitatzea, ebazpen-proposamenetik hasi eta guztiz bukatu arte, eta, horretarako, behar diren ebazpen guztiak ematea, eta, bereziki, loturik daudenak zerbitzu horiek emateko horiek eskubidea aitortzearekin, eskuratzearekin, etetearekin eta/edo azkentzearekin arauei eta indarreko arau orokorrei dagokienez, eta administrazio-izapide horiek ukitzen dituzten kontzejuei horren berri emanez.

b) Zerbitzuak behar bezala emateko behar diren jarraibideak eta aplikazio-irizpideak ematea.

c) Ordenantza Fiskalean ezartzen diren zerbitzuak emateagatik zuzenbide publikoko diru-sarrera tributarioak eta ez-tributarioak kudeatzea, likidatzea, ikuskatzea eta biltzea, bat etorriz toki-ogasunak arautzen dituen araudian ezarritakoarekin.

d) Zerbitzu arloko zehatzeko ahala gauzatzea, eta legez behar diren ikuskapenak eta egiaztapenak egitea.

e) Eskuordetutako eskumenak erabiliz emandako egintzen kontra jarritako errekurtso administratiboak ebaztea eta ukitutako kontzejuei horien berri ematea. Berriobeitiko Udalak bere gain hartzen ditu, eta hartuko, eskuordetzan emandako eskumenak.

f) Zerbitzuak zuzenean edo zeharka kudeatzea, legez ezarritako moduan eginez kontratazioa; iraupena ez da izanen hitzarmen honen indarraldia baino luzeagoa.

Seigarrena.–Hitzarmen honetako estipulazioen betetzea bultzatzeko eta jarraipena, kontrola eta interpretazioa egiteko, Gobernu eta Koordinazio Batzordea sortzen da.

6.1. Honako hauek osatuko dute Gobernu eta Koordinazio Batzordea: Berriobeitiko Udaleko alkatea edo alkateak horren eskuordetza ematen dion pertsona; Berriobeitiko Udaleko kontzejuen batzordearen burua; kontzeju bakoitzeko ordezkari bat, hori izanik burua edo buruak horren eskuordetza ematen dion pertsona.

6.2. Gobernu eta Koordinazio Batzordeari dagokio bere antolaketa eta funtzionamendu erregelamendua egitea.

6.3. Hitzarmen honetan eta hitzarmenaren antolaketa eta funtzionamendu erregelamenduan ezarri gabekoan, Gobernu eta Koordinazio Batzordeak men eginen die urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoetarako ezarritako funtzionamendu arauei (lege horrek hizpide du Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa).

Zazpigarrena.–Gobernu eta Koordinazio Batzordeak honako eginkizun hauek ditu:

a. Hitzarmen honen plangintza, koordinazioa, jarraipena, kontrola, txostengintza eta interpretazioa egitea.

b. Hitzarmen honen aldaketa eta berritze guztiei buruzko txostena egitea.

c. HItzarmen honetan berariaz bildutako eskudantziak erabiltzea.

Gobernu eta Koordinazio Batzordeak urtero jasoko ditu txostenak honako hauei buruz:

a. Hitzarmena betetzearen egoera, baita ekitaldi bakoitzean atzemandako gorabeherak ere.

b. Eskuordetutako zerbitzuak betetzeko, Berriobeitiko Udalak izenpetu beharreko kontratuak.

c. Erakunde sinatzaileen proposamenak, kexak edo iradokizunak.

Urtero, zerbitzuen jardueraren memoria bat aurkeztuko da.

Zortzigarrena.–Eskumenak eskuordetzan emateak ez dakar berekin titulartasuna lagatzea; betiere, kontzejuena izanen da. Eskumenen erabilera bakarrik eskuordetuko da.

Kontzejuek noiznahi eska dezakete informazioa Berriobeitiko Udalari eskuordetzan emandako eskumenak erabiltzeko moduaz eta zerbitzuen emateaz, idazki bat zuzenduta Udalari. Udalak hogei egun balioduneko epean igorri beharko du eskatutako informazioa, eskaera erregistroan sartu zen egunetik hasita.

Bederatzigarrena.–Betiere, bermatuko da gaur egungo gastu publiko arrunta erabiltzaile bakoitzeko, Berriobeitiko Udalak finantzatua.

Hamargarrena.–Hitzarmen hau administratiboa da. Administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordenako organoei dagokie bide judizialean berrikustea hitzarmen hau, baita hitzarmena betez edo hartatik eratorrita emandako egintzak eta erabakiak ere.

Hamaikagarrena.–Hitzarmen honek indarrean jarraituko du egungo legegintzaldia amaitu arte, eta luzatzen ahalko da alderdietako edozeinek hala eskatzen badu, gehienez ere 12 hilabete lehenago, eta dagokion agiria sinatu ondoren, gehienez ere beste lau urtez, 40/2015 Legearen 49. artikuluaren arabera.

Hamabigarrena.–Hitzarmen hau suntsiaraz daiteke honako arrazoiren bat frogatzen bada:

a. Bi alderdiek hala adostea.

b. Bi alderdietako edozeinek salatzea, ondorioak izan beharreko eguna baino sei hilabete lehenago gutxienez formalizatuta.

c. Gobernu eta Koordinazio Batzordeko organoan desadostasuna izatea hitzarmen honen funtsezko klausulen interpretazioaz.

d. Hitzarmeneko funtsezko betebeharrak ez betetzea. Suntsiarazteko arrazoi hori aplikatzeko, hitzarmena suntsiarazteko interesa duen erakundeak aldez aurretik jakinaraziko dio suntsiarazteko arrazoi hori badela Gobernu eta Koordinazio Batzordeari, baita suntsiarazteko asmoa ere. Behin komunikazio hori eginik, dei eginen zaio Batzordeari, eta hark bilkura eginen du gehienez hamabost egun balioduneko epean, txosten bat egin dezan suntsiarazpenaren jatorriaz, beste alderdiari entzunaldia eman ondoren. Batzordeak txostena emanik, erakunde interesdunak behar den ebazpena emanen du.

e. Bete ezina, gerora sortutakoa.

f. Indarraldiaren gehieneko epea eta luzatzeko aldia bukatzea.

Hitzarmena suntsiarazirik edo iraungirik, hasiera emanen zaio haren likidazioari, zeina Berriobeitiko Udalak formulatuko baitu, aurretik kontzejuei entzunaldia emanda, eta Gobernu eta Koordinazio Batzordeak onetsiko baitu.

Hitzarmen hau suntsiarazten denean, kontzejuek beren gain hartu beharko dituzte Berriobeitiko Udalak zerbitzua zuzenean eta/edo zeharka emateagatik hartutako betebeharrak eta konpromisoak, edo, hala badagokio, kalte-galerengatik dagokien kalte-ordaina eman beharko dute.

Hamahirugarrena.–Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren eta 2016/679 (EB) Europako Erregelamenduaren arabera, kontzejuak erabiltzaileen fitxategiaren eta erabiltzaileen datu pertsonalen tratamenduaren titularrak dira.

Horregatik, Berriobeitiko Udalari ematen zaizkion datuak, datuen tratamenduaren arduraduna den aldetik, erabiltzaileak identifikatzeko eta hitzarmen honetan jasotzen diren jarduerak egiteko eman ere, soilik erabiliko ditu indarraldiak iraun bitartean, hartutako betebeharrak betetzeko; hori dena, bat etorrita abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 28. artikuluarekin (lege organiko horrek hizpide ditu Datu Pertsonalen Babesa eta eskubide digitalen bermea).

Berriobeitiko Udalak ez ditu erabiliko hitzarmen honetan agertzen ez den beste helburu baterako.

Orobat, betebehartzat hartzen du egoki diren segurtasun neurriak hartzea eta zaintzea, segurtatu ahal izateko darabiltzan datuen konfidentzialtasuna, sekretua eta osotasuna, eta, bereziki, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 5. artikuluan eta 2016/679 (EB) Europako Erregelamenduan oinarrizko mailarako ezartzen diren segurtasun-neurriak, eta, hitzarmena amaitzen denean, kontzejuei itzuli beharrekoak jarduera egiteko erabilitako datu pertsonalen euskarri guztiak.

Hamalaugarrena.–Hitzarmen hau izenpetzeko beharrezkoa izanen da erabakia hartzea bai Osoko Bilkurak bai kontzeju batzar bakoitzak, non onetsiko baita izenpetzea, berariaz adierazita klausula guztiak onartzen direla.

Hamabosgarrena.–Behin parte hartzen duten administrazio bakoitzaren organo eskudunek onetsi ondoren, hitzarmen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta indarrean jarriko da argitaratu eta biharamunean.

Eta bat etorrita daudela, aldeek izenpetzen dute hitzarmen hau, idazpuruan adierazitako tokian eta egunean.

Sinatua: Berriobeitiko Udaleko alkatea, Raúl Julio Bator Pérez; Berriobeitiko Udaleko idazkaria, Idoia Suárez Urrutia; Aitzoaingo kontzejuburua, Pedro Bandrés Oscoz; Añezkarko kontzejuburua, José Ingelmo García; Ballariaingo kontzejuburua, José Cortizo Gulias; Berriobeitiko kontzejuburua, Alfonso Larráyoz Iracheta; Berriogoitiko kontzejuburua, Xabier Jaúregui de Carlos; Elkarteko kontzejuburua, Francisco Javier Huarte Babace; Larragetako kontzejuburua, María Manso Montes; Lotzako kontzejuburua, Rubén Goñi Viguria; Oteitzako kontzejuburua, José Félix Babace Urriza.

Iragarkiaren kodea: L2107637