114. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Esparru-akordioa, Burlatako Udalaren eta Nafarroako beste toki-erakunde batzuen artean administrazio arteko lankidetza-hitzarmenak sinatzeko, langileen kontratazioaren arloko aldi baterako beharrei erantzutearren

Burlatako Udalak, 2021eko apirilaren 29ko osoko bilkuran, esparru-akordio bat onetsi zuen Burlatako Udalaren eta Nafarroako beste toki-erakunde batzuen artean administrazio arteko lankidetza-hitzarmenak sinatzeko, langileen kontratazioaren arloko aldi baterako beharrei erantzutearren.

Ikusirik tramitatu den espedientea lankidetza-hitzarmenak sinatzeko Burlatako Udalaren eta beste administrazio publiko batzuen artean, giza-baliabideen arloko aldi baterako beharrak asetzeko, haren bitartez Burlatako Udalak erabili ahalko baititu beste administrazio publiko batzuek dituzten langileen kontratazio-zerrendak, eta, alderantziz, beste administrazio horiek erabili ahalko baitituzte Burlatako Udalak eratutako kontratazio-zerrendak.

Kontuan hartuz administrazio-hitzarmenak tresna egokiak direla kontratazio-zerrenda propiorik ez duten administrazioek, edo zerrendak izanda ere aldi baterako agortuak dituztenek, beste administrazio batzuen zerrendak erabili ahal ditzaten, aldi baterako langile-beharrak asetzeko.

Kontuan hartuz Giza Baliabideen Alorrak otsailaren 4an memoria sinatu duela eta bertan zehazten eta azaltzen direla lanpostuak aldi baterako betetzeko beharrak.

Kontuan hartuz udal honetako Idazkaritza Kontu-hartzailetzak aldeko txostena eman duela, aipatutako hitzarmena sinatuz lanpostuak betetzeko prozeduraren legezkotasunari buruz.

Kontuan hartuz, aipatutako txostenetan azaltzen den bezala, administrazio publikoen arteko lankidetza eta elkarlana haien jarduketa arautu behar duen printzipio bat dela. Lankidetza horrekin baliabideak optimizatu, prozedurak arindu eta, hortaz, kudeaketaren eraginkortasuna eta efizientzia hobetzen dira.

Ikusirik sindikatu-ordezkaritzarekin 2021eko apirilaren 15ean izandako bilera.

Kontuan hartuz Zerbitzu Orokorretako Informazio Batzordeak 2021eko apirilaren 21ean emandako aldeko irizpena, Osoko Bilkurak

ERABAKITZEN DU:

1. Onestea esparru-akordioa eta administrazio arteko lankidetza-hitzarmenaren testua, Burlatako Udalaren eta beste toki-erakunde batzuen artekoa, langileen kontratazioaren arloko aldi baterako beharrei erantzuteko.

2. Alkatzetzari baimena ematea beste administrazio publiko batzuekin hitzarmenak sinatzeko, bai eta esparru-akordioaren xedea gauzatzeko beharrezkoak diren behar beste agiri sinatzeko ere.

3. Erabaki hau Langileen Batzordeari jakinaraztea, jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Burlatan, 2021eko apirilaren 30ean.–Alkatea, Ana María Góngora Urzaiz.

Iragarkiaren kodea: L2107177