11. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CASCANTE

Ordenantza, kirol eremuen erabilera arautzen duena.
Behin betiko onespena

Cascanteko Udalak, 2020ko irailaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Kirol eremuen erabilera arautzen duen ordenantza: padel pistak eta udal pilotalekua. Iragarkia 2020ko 260. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 5ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe iraganik, ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsi da. Hona hemen haren testua, osorik:

ORDENANTZA, KIROL EREMUEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA: CASCANTEKO PADEL PISTAK ETA UDAL PILOTALEKUA

1. artikulua. Cascanteko padel pistak eta udal pilotatekua jabari publikoko ondasunak dira, funtsean kirol, kultura eta gizarte arloetan erabiltzeko.

2. artikulua. Ordenantza honek xedea du arau multzo bat ematea, kirol eremuetan, tartean pilotalekuan eta padel pistetan, egiten diren kirol, kultura, gizarte eta josteta arloetako jarduerak planifikatzeko, onura hauek lortzearren:

a) Instalazioak era egokian eta ordenatuan baliatzea, herritar guztiek haiek erabiltzeko aukera berak izan ditzaten.

b) Eskura dauden giza baliabideak zein materialak erabat aprobetxatzea.

3. artikulua. Jarduera edonolakoa dela ere, Cascanteko Udalak betiere esku-hartze administratiboa, kontrola eta zainketa eginen ditu, baita agintaritzari dagozkion eginkizun guztiak ere, baldin eta haren eskumenekoak badira.

4. artikulua. Cascanteko Udalaren Osoko Bilkurari honako hauek dagozkio:

a) Ordenantza hau onetsi, aldatu edo indargabetzea.

b) Udalerrian kirol jarduerak sustatzea, egiten diren ahalegin eta ekimen guztiak ikuspegi orokor batekin koordinatuz, beste erakunde batzuei dagozkien eskumenak deusetan ukatu gabe.

c) Eskolako kirola eta kirol amateurra bideratzea eta sustatzea.

d) Inbertsio planetatik sortutako betebeharrei eta instalazioen gastu arruntei aurre egiteko, urtero behar diren aurrekontuak zehaztea.

e) Haiek erabiltzeko prezio publikoak eta tasak finkatzea.

f) Ordenantza hau interpretatzea eta sortzen diren zalantzak argitzea.

5. artikulua. Alkateari edo hark eskuordetzen duenari honako eginkizun hauek dagozkio:

a) Instalazioak zuzentzea eta zaintzea, eta bertako zerbitzuak antolatzea.

b) Instalazioen erabilera egokia dela gainbegiratzea, baita kirol jardueren programak ere, eta instalazioak erabiltzeko baimenak ematea, bai kirol entitateei bai kultura edota eskola arlokoei eta entitate sozialei ere.

c) Instalazioak erabiltzeko ordutegia finkatzea, bai eta oporrak edo konponketak direla-eta egiten diren itxialdiak ere, arrazoiak emanez. Bandoen bidez jakinaraziko da hori guztia, deusetan ukatu gabe ohiko erabiltzaileei banan banako jakinarazpena egitea.

d) Gastuak xedatzea, betiere bere eskumenen eta aurrekontuetan onartu diren kredituen barrenean.

e) Legez ezartzen diren tasak eta prezio publikoak jasotzeko baimena ematea.

f) Jarduerak ikuskatzea eta ordenantza honen aurkako arau-hausteak zehatzea.

g) Nafarroako Gobernuari, korporazio publikoei, enpresa pribatuei eta partikularrei dirulaguntzak eta bestelako laguntzak eskatzea eta haiek emandakoak onartzea, haiek hobetzeko.

Instalazioen erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.

6. artikulua. Erabiltzaileek eskubidea dute instalazioak erabiltzeko, kontuan hartuta haien izaera, baimendutako jarduerak, federazio arauak eta ordenantza honek erabilerari buruz ezarritako arauak.

7. artikulua. Erabiltzaile orok eskubidea du egoki iruditzen zaizkion erreklamazio eta iradokizunak egiteko arduradunari edo, idatziz, Alkatetzari.

8. artikulua. Instalazioak kirola eta, inoiz, beste jardueraren bat egiteko erabiltzen dituzten entitateak, eskolak, elkarteak eta lagun-taldeak honela sailkatzen dira:

–Ohikoak: beren jarduna denboraldi zehatz baterako programatua dutenez, instalazioak aldizka edo sarri erabiltzen dituztenak.

–Noizbehinkakoak: instalazioak noizean behin edo modu puntualean erabiltzen dituztenak.

9. artikulua. Erabiltzaileek konpromisoa hartzen dute instalazioetako ondasun higigarri eta higiezin guztiak errespetatzeko. Ondasun horietan egin kalteak egileak berak edo haren legezko ordezkariak konponduko ditu. Udalak auzibidera jo dezake kalteak eta balizko kalte-ordainak erreklamatzeko.

Erabiltzaileek erabiltzen duten materiala jarri eta jaso beharko dute, eta instalazioak aurkitu bezala utzi beharko dituzte.

10. artikulua. Instalaziotik ateratzeko aginduko zaie ordenantza honetako arauen aurkako jokabidea duten erabiltzaileei zein ikusleei, edo une horretan instalazioan dauden pertsona edo ondasun materialak errespetatzen ez dituztenei.

Ikusleen eskubideak eta betebeharrak.

11. artikulua. Ikusleek errespetu, tolerantzia eta kirol-legezko portaera egokia izanen dute ikuskizun edo ekitaldi orotan, haietan sartzea baimentzen bada.

Kirol jardueren garapen egokiari kontra egiten dioten ikusleak instalaziotik kanporatu ahalko ditu bertako arduradunak.

12. artikulua. Kirol esparruan ez da animaliarik sartuko. Itsu-txakurrak sar daitezke, behar bezala identifikatuta badaude, beren lana egiteko bada eta higiene eta osasungarritasun baldintzak betetzen badituzte.

13. artikulua. Gurasoak edo senideak ezin izanen dira kirol esparruan sartu kirol-eskolen klase orduetan, salbu eta adingabeei klase hasieran eta bukaeran laguntzeko.

Jardueretarako baimenak edo jardueren koordinazioa.

14. artikulua. Kirol-instalazioen ordutegia izanen da astelehenetik igandera, 8:00etatik 21:30era, maiatzean, ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean, eta 9:00etatik 21:00etara, berriz, gainerako hilabeteetan.

Instalazio bakoitzak bestelako ordutegi bat zehaztu dezake, barne-araudian, baina ordutegi horrek ezin izanen du gainditu aipatu ordu-tartea. Debekatuta dago instalazioak erabiltzea berariazko araudian ezarritako ordutegitik kanpo, salbu eta Udalak horretarako baimena ematen badu.

15. artikulua. Instalazioak modu ohikoan erreserbatzeko, aldez aurretik alkatearen baimen idatzia beharko da; baimen hori gehienez ere urtebetekoa izanen da, bidezkoak diren berritzeak deusetan ukatu gabe.

Denboraldiaren hasieran, baimena eskatzearekin batera, kirol, kultura eta eskola arloetako entitateek edo klubek idatziz jakinaraziko diote Udalari, betiere hamabost egun lehenagotik, ekitaldi, entrenamendu edo entseguen egutegia, jarduerak koordinatzeko, instalazioak modu arrazoizkoan eta ordenatuan erabiltzearren eta horiek hobeki aprobetxatu eta kontrolatzearren. Bertan zehaztuko dituzte egunak, ordutegia eta egin nahi duten kirol edo jarduera mota.

Elkarte izaera ez duten taldeek noizbehinkako erreserbak edo erreserba puntualak besterik ezin dituzte egin.

16. artikulua. Egun eta ordutegi bereko jardueren kasuetan, entitateetako arduradunei dei eginen die alkateak, gertatutako arazoari konponbidea emateko. Interesdunei entzun eta gero, alkateari dagokio, azken finean, jarduketak ebatzi eta baimentzea.

17. artikulua. Udalak berak antolatzen dituen jarduerek lehentasuna izanen dute gainerako jardueren eta entitateen aurrean. Lehentasuna izanen dute, halaber, kirol eta kultura arloetako udalerriko entitate, elkarte edo klubek.

18. artikulua. Udalaren baimena duten jardueren ordutegiak ezarri ondoren, gainerako orduak Cascanteko bizilagunek libreki erabiltzeko gelditzen dira. Kasu horietan ez dute Udalaren baimena nahitaez eskatu behar.

19. artikulua. Jende talde bakoitzak gehienez ordu 1 eta ordu 1 eta 30 minutu bitarte erabil dezake, salbu eta Udalak gehiagorako baimentzen badu. Halako jarduera zehatz baterako erabiltzeko aurreikusi eta baimendutako epea iraganda, erabiltzaileek pista utzi beharko dute, ondotik beste jarduerarik bada edo beste jende talde bat zain badago.

20. artikulua. Instalazioa zonaldeka banatuta baldin badago, jarduera desberdinak aldi berean egin daitezke. Nolanahi ere, sen onak aginduko du, denok disfrutatzeko.

21. artikulua. Kasu berezietan, alkateak badu eskubidea ordu tarte batean edo gehiagotan erabiltzeko baimena baliorik gabe uzteko, baldin eta eskaera berezi bati erantzun beharra suertatu edo Udalak antolatu ekintzak gauzatu nahi badira. Betiere, ukituek horren berri izanen dute, gutxienez 7 egun natural lehenagotik eta, posible bada, erabiltzeko baimena beste egun edo ordu batera aldatuko da.

22. artikulua. Instalazioak erabiltzeko baimena izateko, tasa edo prezio publikoa ordainduko da aldez aurretik, Udalbatzak hala irizten badio.

Behin baimena lortutakoan, instalazioak ez erabilita ere, tasa edo prezio publikoa ordaindu egin beharko da, deusetan ukatu gabe baimena kentzea, erreserbatutako orduetan behin eta berriz ez erabiltzeagatik.

Prezioak urtero argitaratuko dira Udalaren web-orrian.

Instalazioak mantendu eta zaintzea.

23. artikulua. Cascanteko Udalak instalazioak zainduko ditu eta segurtasunari eta osasungarritasunari lotutako baldintzak bermatuko ditu.

24. artikulua. Instalazioetako arduradunek ematen dituzten jarraibideak eta arauak bete behar dira, beti.

Udalari jakinaraziko zaizkio atzematen diren anomaliak edo kalteak, baita jardueretan era normalean arituta egiten direnak ere. Horretarako, coordinadordeportivo@cascante.org helbidera idatzi ahalko da edo 948 85 14 50 telefonora deitu.

25. artikulua. Instalazioetan publizitate finkoa ezartzeko, mezua gauzatzeko edozein euskarri erabiltzen dela ere, aldez aurretik baimena lortu eta dagokion tasa edo prezio publikoa ordaindu beharko da.

Arau-hausteak eta zehapenak.

26. artikulua. Cascanteko Udaleko Alkatetzari dagokio erabiltzaileendako zehapen neurriak hartzea, erregelamendu hau betetzeko eta instalazioaren barreneko udal ondasunak zaintzeko.

27. artikulua. Arau-haustetzat hartuko da ordenantza honetan jasotako arauak ez betetzea ekar dezakeen edozein egintza, eta apartatu honetan aurreikusitako zehapenak jartzea ekarriko du.

Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

28. artikulua. Arau-hauste arinak dira:

1. Kirol eremu bakoitzaren berariazko araudia ez errespetatzea.

2. Kirol instalazioak erabiltzea erreserbako egun eta/edo orduetatik kanpo.

3. Eremu espresuki debekatuetan jan-edatekoak edo beirazko ontziak sartzea.

4. Erregelamendu honetan ezarritako arauetako edozein ez betetzea, berariaz hutsegite astuntzat edo oso astuntzat hartzen direnak izan ezik.

Arau-hauste arina egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo pertsona arau-hausleari:

–Kirol instalazioetatik aldi baterako kanporatzea, gehienez ere 15 egun naturaleko eperako. Bitarte horretan, instalazioak erabiltzeko eskubide guztiak galduko ditu.

–Ohartarazpen publiko edo pribatua.

–Arau-hauste arintzat hartutako egintzen ondorioz instalazioetan, ekipamenduetan edo materialetan kaltea eragin bada, zehapenean haren kostua ordaintzeko agindu daiteke, eta betearazpen-bidetik erreklamatuko da.

29. artikulua. Arau-hauste astunak dira:

1. Beste erabiltzaile baten kontrako liskarrak edo/eta eraso fisikoak edo jendearen intimitatearen aurkako erasoak piztea edo/eta haietan parte hartzea.

2. Kirol instalazioak hondatzen dituzten animaliak eta/edo gaiak sartzea.

3. Kirol instalazioak eta/edo ekipamendua nahita zikintzea edo hondatzea.

4. Hiru arau-hauste arin egitea.

5. Beste erabiltzaileen edo arau-hauslearen beraren segurtasunari eragin diezaiokeen beste edozein arau-hauste.

6. Instalazioko edozein higigarri edo higiezin hondatzea.

7. Instalazioaren barrenean ordena larriki nahastea dakarren edozer egitea edo ez egitea.

Arau-hauste astuna egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo pertsona arau-hausleari:

–Kirol-instalazioetatik denbora baterako kanporatzea, gehienez ere 3 hilabeterako. Bitarte horretan, instalazioak erabiltzeko eskubide guztiak galduko ditu.

–Arau-hauste astuntzat hartutako egintzen ondorioz instalazioetan, ekipamenduetan edo materialetan kaltea eragiten bada, zehapenean haren kostua ordaintzeko agindu daiteke, eta betearazpen-bidetik erreklamatuko da.

30. artikulua. Arau-hauste oso astunak dira:

1. Instalazioen barrenean bizikidetza, ordena eta segurtasuna bereziki hondatzen dituzten jarduketak.

2. Instalazioen funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.

3. Hornidura, azpiegiturak, elementuak edo instalazioak modu larrian hondatzea.

4. Hiru arau-hauste astun egitea.

Arau-hauste oso astuna egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo pertsona arau-hausleari:

–Kirol instalazioetatik aldi baterako kanporatzea, gehienez ere 6 hilabeterako. Bitarte horretan, instalazioak erabiltzeko eskubide guztiak galduko ditu.

–Arau-hauste oso astuntzat hartutako egintzen ondorioz instalazioetan, ekipamenduetan edo materialetan kaltea eragiten bada, zehapenean haren kostua ordaintzeko agindu daiteke, eta betearazpen-bidetik erreklamatuko da.

31. artikulua. Zehapen prozeduraren ondoriozko erantzukizun administratiboez gainera, arau-hausleari eska dakioke bestelakotutako egoera lehengoratzeko, baita kalte-ordaina pagatzeko ere egindako kalte-galerengatik.

Kalte-ordaina ez bada pagatzen hura kitatzeko jarritako epean, zenbatekoaren arabera jarritako horretan alegia, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 101. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

32. artikulua. Ematen diren ebazpenen kontra, indarra duen legedian kasu orokorretarako ezarritako errekurtsoak aurkezten ahalko dira.

Errekurtso horiek ebazten diren arte, instalaziora sartzeko eskubidea aldi baterako edo behin betiko galdu duen erabiltzailea ezin da instalaziora sartu.

PADEL PISTAK

Cascantek hiru padel pista ditu gaur egun, Udalaren jabetzakoak. Horietako bat estalkiduna da, 2020an eraikia, eta beste biak aire zabalekoak dira, 2007an eraikitakoak. Instalazio horiek kirol eremu berrian daude, atletismoko pistaren ondoan.

1. artikulua. Funtzionamendu arauak.

1. Pista erreserbatzea.

Pistak erreserbatzeko Cascanteko Udalak horrexetarako kontratutako online plataforma erabili behar da.

Estalkidun padel pistaren kasuan, ezarritako tasa ordaindu beharko da aipatutako plataformaren bitartez.

2. Erreserba ordu 1 eta 30 minuturako izanen da. Pistak ireki eta ixteko Udalak ezarritako ordutegia da 8:00etatik 21:30era, asteko egun guztietan, maiatzean, ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean, eta 9:00etatik 21:30era, berriz, gainerako hilabeteetan.

3. Padel pistak erabili ahalko ditu horretarako eskaria egin duen pertsona orok eta pista estaliaren alokairua ordaindu duenak.

4. Debeku dute pistak erabiltzea:

–14 urtetik beherako adingabeek, salbu eta pertsona heldu baten zaintzapean badaude.

–Ordenantza honekin bat etorriz zehatuak izan diren pertsonek, zehapenak irauten duen bitartean.

2. artikulua. Erabiltzeko baldintzak.

1. Pista estalia erabili ahal izateko beharrezkoa da erreserba egitea eta prezio publikoa ordaintzea.

2. Pistaren egoerak edo klimatologiak kirol jarduera eragozten badu, erreserba baliogabetu ahalko da eta beste egun batera aldatu.

3. Gehienez ere lau pertsonek erabili ahalko dute pista. Laguntzaileak ezin izanen dira pistan sartu.

4. Pista barruan ezin da jan, erre edo beirazko objekturik sartu, ez eta soropila edo itxiturak kaltetu ditzakeen bestelako objekturik ere. Halaber, animaliak ere ezin dira sartu.

5. Ez da hirugarrenendako erreserbarik egin ahalko. Erreserba egin duen pertsona izan beharko da erreserbatutako ordutegian pistan egonen den erabiltzaileetako bat. Horrela ez bada, pista utzi beharko dute.

3. artikulua. Ekipamendua.

Pistan sartzeko kirol ekipamendua beharko da, kirol hori egiteko egokia. Padeleko palak eta pilotak erabiliko dira soilik; ezin da erabili bestelako talka-tresnarik, hala nola teniseko erraketak, hondartzako palak, frontoiko palak, ez eta teniseko pilotarik edo frontoiko pilotarik ere. Pista egokitua dago padelean aritzeko eta, beraz, debeku da beste jolas batzuetan aritzea.

4. artikulua. Erabiltzailearen erantzukizuna.

1. Erabiltzaileak izanen dira eragindako kalteen arduradunak, eta zehapenak ezarri ahalko zaizkie, bat etorriz legezko araudiarekin eta ordenantza honetan ezarritakoarekin.

2. Erabiltzaileek bete beharko dituzte instalazioko arduradunen jarraibideak eta errekerimenduak.

3. Cascanteko Udala ez da inolaz ere erantzulea izanen honako kasu hauetan:

–Kirol horretan aritzeak eragin ditzakeen lesioak.

–Instalazioetan uzten den edozein objekturen galera edo lapurreta.

4. Parte-hartzaileek, erreserba egiten duten unean, kirol ariketak eta jarduera fisikoa egiteko sasoian daudela adierazten dute.

5. Pistatik ateratzean saiatuko dira ez uzten bertan tresnak, osagarriak, arropak, pilota poteak eta abar.

6. Erabiltzailearen betebeharra da pista uztea kontratatutako ordutegia amaitzen denean. Arau hori betetzen ez badu erabiltzailea zehatu ahalko da.

5. artikulua. Jardueren garapena.

Cascanteko Udalak kirol lehiaketak, padel ikastaroak eta abar antolatu ahalko ditu. Horrelakoetan, erreserben sistema baliogabetuko da, harik eta jarduera horiek amaitu arte, pista xede horretarako erreserbaturik egonen baita. Udalak, halaber, erreserbak mugatu ahalko ditu ordu edo egun jakin batzuetan, mantentze-lanak egiteko edo zerbitzu hori emateko langilerik ez dagoenean.

6. artikulua. Pistak zaintzea.

Erabiltzaileek instalazioan anomalia edo kalterik atzematen badute Udalari horren berri emanen diote, coordinadordeportivo@cascante.org postaren bidez edo 948 85 14 50 telefonora deituz.

7. artikulua. Ordaintzera behartuta daudenak.

Estalkidun pista erabiltzeko prezio publikoa ordaindu beharko dute zerbitzu hori erabiltzen dutenek, bai eta guraso-ahala edo tutoretza dutenek ere, adingabeen eta ezgaituen kasuan.

UDAL PILOTALEKUA

Cascanteko udal pilotalekua San Juan parkean dago eta 35,2 m x 17,5 m neurtzen du. 2020an pilotalekuaren itxitura gauzatu zen eta zoladura, argiak eta irisgarritasuna hobetu ziren.

1. artikulua. Funtzionamendu arauak.

Cascanteko udal pilotalekua erabiliko da mota horretako instalazioen berezko kirolak egiteko, hala nola: esku pilota, pala (luzea edo motza) gomazko edo larruzko pilotarekin, frontenisa, xistera, erremontea eta abar. Duen balioaniztunak, beste kirol batzuetan aritzeko aukera ematen du, hala nola irristaketan, tenisean, areto futbolean, eskubaloian... eta, orobat, helburu sozial eta kulturala duten bestelako jarduerak egiteko ere.

1.–Pilotalekua erreserbatzea.

1. Erreserba egiteko Cascanteko Udalak horrexetarako kontratutako online plataforma erabili behar da.

2. Erreserba ordu 1 eta 30 minuturako izanen da. Irekitzeko eta ixteko Udalak ezarritako ordutegia da 9:00etatik 21:30era asteko egun guztietan, maiatzean, ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean, eta 9:00etatik 21:00etara, berriz, gainerako hilabeteetan.

3. Pista libre badago, hura erabiltzeko ez da beharrezkoa izanen aldez aurretik erreserba egitea; lehentasuna, baina, erreserba izapidatu dutenek izanen dute.

4. Cascanteko udal pilotalekua erabili ahalko du eskatzen duen orok, alokairua ordainduta (halakorik badago).

5. Debeku dute pista erabiltzea:

–14 urtetik beherako adingabeek, salbu eta pertsona heldu baten zaintzapean badaude.

–Ordenantza honekin bat etorriz zehatuak izan diren pertsonek, zehapenak irauten duen bitartean.

2. artikulua. Erabiltzeko baldintzak.

1. Pista erabili ahal izateko beharrezkoa da erreserba egitea eta dagokion tasa ordaintzea (halakorik badago).

2. Pista erabiltzeko gehieneko pertsona kopurua izanen da praktikatuko den kirol motaren araberakoa. Laguntzaileak ezin izanen dira pistan sartu.

3. Cascanteko udal pilotalekuaren barruan ezin da jan, erre edo beirazko objekturik sartu, ez eta zoladura kaltetu dezakeen bestelako objekturik ere. Halaber, animaliak ere ezin dira sartu. Pistan sartu aurretik, jokalariek oinetakoetan eraman ditzaketen lur edo lokatz arrastoak kendu beharko dituzte. Halaber, pistatik ateratzean saiatuko dira ez uzten bertan tresnak, osagarriak, arropak, pilota poteak, botilak eta abar.

4. Ez da hirugarrenendako erreserbarik egin ahalko. Erreserba egin duen pertsona erreserba horren erabiltzaileetariko bat izan beharko da. Horrela ez bada, pista utzi beharko dute.

3. artikulua. Ekipamendua.

Pistan sartzeko kirol ekipamendua beharko da, baimendutako kirol hori egiteko egokia.

4. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.

1. Erabiltzaileak izanen dira eragindako kalteen arduradunak, eta zehapenak ezarri ahalko zaizkie, bat etorriz legezko araudiarekin eta ordenantza honetan ezarritakoarekin.

2. Erabiltzaileek bete beharko dituzte instalazioko arduradunen jarraibideak eta errekerimenduak.

3. Cascanteko Udala ez da inolaz ere erantzulea izanen honako kasu hauetan:

–Kirol horretan aritzeak eragin ditzakeen lesioak.

–Instalazioetan uzten den edozein objekturen galera edo lapurreta.

4. Parte-hartzaileek, erreserba egiten duten unean, kirol ariketak eta jarduera fisikoa egiteko sasoian daudela adierazten dute.

5. artikulua. Jardueren garapena.

Cascanteko Udalak kirol lehiaketak, irristaketa ikastaroak, tenisekoak eta abar antolatu ahalko ditu, bai eta kirol arlokoak ez diren bestelako jarduerak ere. Horrelakoetan, erreserben sistema baliogabetuko da, harik eta jarduera horiek amaitu arte, pista xede horretarako erreserbaturik egonen baita. Udalak, halaber, erreserbak mugatu ahalko ditu ordu edo egun jakin batzuetan, mantentze-lanak egiteko edo zerbitzu hori emateko langilerik ez dagoenean.

6. artikulua. Pilotalekua zaintzea.

Erabiltzaileek instalazioan anomalia edo kalterik atzematen badute Udalari horren berri emanen diote, coordinadordeportivo@cascante.org postaren bidez edo 948 85 14 50 telefonora deituz.

Ordenantza onesteko erabakiaren aurka errekurtso hauek aurkez daitezke:

a) Gora jotzeko errekurtsoa, hautara, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratzen denetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Cascanten, 2020ko abenduaren 28an.–Alkate udalburua, Alberto Añón Jiménez.

Iragarkiaren kodea: L2016225