107. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 9a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

13/2021 FORU AGINDUA, maiatzaren 9koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Nafarroako Gobernuak, osasun agintaritza den aldetik azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluaren indarrez, 2020ko ekainaren 19ko Erabakia hartu zuen, non ezartzen baita Osasun Departamentuaren titularrak, osasun arloko agintari gisa, erabaki hori aplikatzeko beharrezko neurriak hartzen ahalko dituela eta, aplikatzekoa den araudiaren arabera eta bilakaera epidemiologikoa ikusirik, erabaki horretan ezarritakoa gehitzeko, osatzeko edo murrizteko neurriak ezartzen ahalko dituela, beharrezkoak badira.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, apirilaren 26tik maiatzaren 2rako asteko diagnostiko berrien tasak %16 egin du behera, aste horretako intzidentzia metatua 153 kasukoa baita 100.000 biztanleko. 14 eguneko intzidentziaren eta 7 egunekoaren arteko ratioa 2,2koa da. Hortaz, 14. astetik, hots, Aste Santuaren ondoko astetik (apirilaren 5etik 11ra) sumatzen den beheranzko joera mantsoa mantendu da. Beheranzko joera hori nabarmenxeagoa da 64 urtetik gorako biztanleen artean, non ratioa 2,5ekoa den. Oinarrizko ugaltze zenbakia 1etik behera dago apirilaren 16tik: 0,85 eta 1 artean ibili da.

Zirkulazioan dagoen birusari dagokionez, aldaera ingelesa da nagusi (kasuen %98), kutsakorragoa izateaz gainera ospitaleratzeko arriskua handiagoa duena. Azkeneko aste honetan, kezka-iturri diren beste aldagai batzuk izan litezkeen kasu bakan batzuk antzeman dira, eta ikertzen ari dira (aldagai hegoafrikarra eta aldagai brasildarra). Horrek kezka eta mehatxua handitzen du.

Laburbilduz, intzidentziari dagokionez, jaitsiera moderatu bat egon da, baina ospitaleratze kasuak eta heriotzak mantendu dira.

Infekzioen kopurua nabarmenago jaitsi da adin handieneko taldeen artean, eta horrek iradokitzen du ospitaleen okupazioak hobera eginen duela. Datu horretan, txertaketen eragin positiboa sumatzen da. Kontrara, Nafarroan aldagai britainiarra nagusitu den heinean, jende gaztearen ospitaleratze kasuen portzentajea handitu egin da. Deigarria da ospitaleratze kasuen adina gero eta txikiagoa dela, bai ospitaleratze arruntetan, bai ZIUetan. Aste honetan, ospitaleratuen %50 60 urtetik beherakoak izan dira batean zein bestean (57 urte eta 59 urte, hurrenez hurren).

Oraindik ere 4. alerta-mailan gaude (alarma-maila oso altua). Horrek iradokitzen du aldagai britainiarrak, Nafarroan gaur egun nagusia denak, zailago egiten duela transmisioa kontrolatzea, eta, hortaz, aurrerapausoak mantsoagoak dira.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenean beharrezkotzat jotzen da egungo prebentzio neurriei eustea harik eta alerta-maila jaisten den arte eta txerto gehiago jartzen diren arte, horrek ospitaleratze kasuak murriztea ekarriko duelakoan.

Nafarroako Ospitaleguneko Kudeatzailetzaren txostenaren arabera, gaur egun, kezka nagusia birusaren aldagai berriek sortzen dute; izan ere, kutsatzeko ahalmen handiagoa dute, infekzio larri gehiago eragiten dituzte, ospitaleratzea eta ZIUko zainketak behar dituztenak, eta txertoen eragina apaltzen dute. Nafarroan, B.1.1.7 aldagaia (britainiarra) nagusitu da, baina B.1.351 aldagaiaren kasu bat (hegoafrikarra) eta P1 aldagaiaren (brasildarra) 10 kasu antzeman dira. Gainera, beste aldagai batzuk ere zirkulatzen ari direla atzeman da. Hurrengo asteetan, arreta berezia jarri beharko zaie B.1.617 aldagaiak (indiarra) eragindako infekzio kasuei, gure ingurunera iristen ari baita. Horri dagokionez, gauza bera adierazten da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Ospitaleguneko Mikrobiologia Zerbitzuaren txostenean.

Kasu kopuruen jaitsiera mantso doa, eta horrek berekin dakar ospitaleetan duen eragina ere poliki apaltzea. Ospitaleetako okupazioak, batez ere zainketa intentsiboetako oheei dagokienez, goia jo du kaltetu gabe, momentuz, COVID-19ari lotuak ez dauden patologientzako jarduera asistentziala.

Jaitsiera erritmo honekin, ospitaleen gaineko eta, batez ere, ZIUen gaineko presioa arrisku handian mantenduko da hurrengo bi asteetan, eta arrisku maila txikira iristeko, COVID-19rako oheen okupazio mailari dagokionez, 3 edo 4 aste beharko dira.

Ospitaleetako baliabideak handitzeko eskuragarri dauden langileen kopurua gutxitu egin da, profesional ugari bideratu behar izan direlako txertaketak, kontaktuen jarraipena eta proba diagnostikoak egitera.

Kasu berrien kopurua hain poliki jaisteak adierazten du oreka ezegonkor bat dagoela birusa hedatzeko ahalmenaren eta komunitatean aurre egiteko neurrien eraginaren artean. Oreka ahul horri nabarmenki eragiten dion edozein faktore agertuz gero, kutsatzeak nabarmen gehitu daitezke, bai eta gure komunitatean aldagai berriak sartu ere, kutsatzeko eta ospitaleratzeko arrisku handiagoa dutenak eta txertoaren eraginari iskin egiten diotenak.

Horregatik, Nafarroako Ospitalegunearen txostenaren arabera, prebentzio komunitarioko neurriak mantendu behar dira, helburu hauekin: ospitaleen egoera bere onera itzultzea; galga jartzea aldagai berriak sartzeari eta zabaltzeari, kutsatzeak ugaltzeko eta ospitaleratze arruntak eta ZIUetakoak eragiteko ahalmen handiagoa baitute; eta, azkenik, denbora irabaztea txertoen bidez biztanle zaurgarrienak babesteko eta halako immunitate maila bat lortzeko, kutsatzeak ugaltzea mugatzeko modukoa. Udako oporraldira iristen bagara birusaren hedatze maila eta ospitaleetako okupazio maila altuak izanda, kontuan hartuta garai horretan mugikortasuna eta gizarte harremanak ugaltzen direla, arrisku handia egonen litzateke gure erkidegoan pandemiaren gaineko kontrola berriz galtzeko.

Foru agindu honek hainbat eremutarako neurri murriztaileak ezartzen ditu, aurreko beste foru agindu batzuetan egin bezala, honako hauetarako, besteak beste: ostalaritza eta jatetxe zerbitzuak, merkataritza, kultur jarduerak, kirol jarduerak, hezkuntza ez-arautuko zentroak, azoka txikiak, parke publikoak eta beste batzuk; izan ere, jarduera horietan guztietan neurriei eutsi beharra dago, Nafarroako Foru Komunitatean metatutako intzidentzia altua baita oraindik, eta jaitsi beharra dago. Ostatu eta jatetxeen barnealdeak itxita mantenduko dira, baina terrazen ordutegia ordubete zabaltzen da, leku irekiak baitira, non kutsatzeko arrisku gutxiago dagoen, betiere osasungintza publikoa eta jarduera ekonomia orekatzeko asmoz. Argitaratutako ikerlan eta ebidentzia zientifiko asko daude (Berrikuspena: ostalaritzak COVID-19aren transmisioan duen rolaren gaineko ebidentzia epidemiologikoa: literaturaren berrikuspen azkar bat, Gaceta Sanitaria aldizkarian argitaratua, espedienteari erantsi zaiona) erakusten dutenak ostalaritza jarduera arriskutsu bat dela (interakzio soziala izaten da bertan, kasu askotan aireberritze eskasa duten leku itxietan, non hitz egin, jan eta edaten den, maskararik gabe, gehienetan). Azterketa horietan ondorioztatzen da ezen ostalaritza eta jatetxe zerbitzuen itxiera dela COVID-19aren intzidentzia eta hilkortasun tasa jaisteko neurri eraginkorrenetako bat eta, kutsatze tasa altua denean, jarduera horrek itxita segitu behar duela. Une honetan, Nafarroako Foru Komunitatea oso arrisku altuan dago, eta, txosten teknikoek erakusten duten bezala, beharrezkoa da lehendik hartutako neurriak mantentzea; izan ere, egoera epidemiologikoa eta presio asistentziala ez dira nabarmen aldatu, konparatuz gero neurri horiek hartu ziren garaian genuen egoerarekin.

Neurri horiez gain, foru agindu honetan beste bi neurri garrantzitsu ezartzen dira; garrantzitsuak, eragiten dituzten ondorioengatik eta oinarrizko eskubideak mugatzen dituztelako. Alde batetik, eremu publikoan, sei pertsonak elkartzen ahalko dira gehienez, eta pribatuan, bi bizikidetza-unitate, eta sei pertsona gehienez; eta bestetik, zirkulatzeko askatasuna mugatzen da 23:00etatik 6:00ak bitarte, baina salbuespen asko eginda.

Neurri horiek guztiek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoa dute arau-oinarri, non xedatzen baita osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuetan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartu ahal izanen dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta ezertan ukatu gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Jurisprudentzia konstituzionalak onartzen du oinarrizko eskubideak mugatzen ahal direla, kontuan hartuta balio konstituzionalen artean talka egon daitekeela. Jurisprudentzia konstituzionalaren arabera, oinarrizko eskubideak mugatzen ahal dira baldintza batzuk tarteko direla. Lehenbizi, zilegitzat jotzen du lege organiko baten bidez baimena ematea oinarrizko eskubide jakin batzuk mugatzen dituzten neurri zehatzak hartzeko, baina, betiere, baldin eta eskubide mugatze hori behar bezala mugatua badago kasuan kasuko legezko gaikuntzarako xedapenean. Urriaren 22ko 170/2020 Autoaren bidez, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak hauxe adierazi zuen: “Osasun Publikoaren arloko neurri bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren 3. artikuluak gaikuntza ematen dio Nafarroako Foru Administrazioari osasun neurriak har ditzan, arauak ezarritako kasua gertatzen delako, hots, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondoriozko osasun krisia, eta neurri horiek eritasuna transmititzeko helburua dutelako. Apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren 3. artikuluak ez du zehazten zein neurri hartzen ahal diren. Kasuak eta helburuak zehazten ditu bakarrik. Horregatik, legezko gaikuntza zuzena da, eta osasun agintaritzari dagokio neurri zehatzak hartzea, zeinak epaileen kontrolpean egonen baitira, oinarrizko eskubideak mugatzen diren heinean”. Ildo beretik jotzen du Valentziako Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak (4. atalak) 2020ko urriaren 27an emandako 142/2020 Autoak, zeinaren bidez berretsi baitzen, besteak beste, gaueko orduetan zirkulazioa mugatzen zuen neurria.

Era berean, Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziak eskatzen du oinarrizko eskubideak mugatzearen oinarria izatea beste eskubide edo ondasun konstituzional batzuk babestea, murriztapenak beharrezkoak izatea bilatzen den helburua lortzeko, helburu horrekin proportzionalak izatea eta ukitutako oinarrizko eskubidearen funtsezko edukia errespetatzea.

Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Salak, urriaren 22ko 170/2020 Autoaren bidez, apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren babesean, berretsi egin zuen Nafarroaren konfinamendu perimetrala ezarri zuen neurria, zeinaren bidez mugitzeko askatasunaren oinarrizko eskubidea murriztu baitzitzaien nafar biztanle guztiei. Orain, foru agindu honetan zirkulazio askatasuna denbora-eremu jakin baterako murrizten duen neurri bat dago, hots, 23:00etatik 06:00ak bitarte, baina, funtsean, Nafarroan askoz ere jende gutxiagorengan izanen du eragina, mugikortasuna murrizten baita gaueko ordu-tarte batzuetan eta funtsezkoak ez diren jardueretarako (batez ere, gazte helduen aisialdia edo lan egiteko adinean dauden adin ertainekoen aisialdia). Kontuan harturik garai batean neurri murriztaileago bat baimendu zela, biztanle gehiagorengan eragina izan lezakeena, departamentu honek oraindik ere arrazoi gehiago ditu ulertzeko ezen apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoarekin legezko estaldura nahikoa dagoela ordu-tarte batzuetan zirkulatzeko askatasuna mugatzeko. Izan ere, eskubidea ez da eteten, mugatzen baizik, zeren eta salbuespen batzuk aurreikusten baitira funtsezko jardueretarako. Horrez gainera, biltzeko eskubidea ere murriztu nahi da, hala eremu publikoan nola pribatuan. Neurri hori auto horretan berean berretsi zen, jende kopuruari dagokionez (sei lagun). Orain, neurri horri eutsi beharra dago, kutsatze gehienak eremu horretan gertatzen direlako oraindik.

Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziak eskatzen du, oinarrizko eskubideak mugatzen dituzten neurri hauek hartzeko, beharrezkoa dela haien beharra eta egokitasuna justifikatzea. Horri dagokionez, adierazi beharra dago, batetik, ez dagoela neurri bakar bat ere berez nahiko eraginkorra dena birusaren hedapena geldiarazteko. Aitzitik, neurriak modu sinergikoan hartu behar dira eta elkarren osagarriak izan behar dira, beren osotasunean hartuta eraginkorrak izanen badira.

Hartzen diren neurri guztietatik hiru elkarren eskutik joan behar dira, nahitaez. Arrazoitu da, dagoeneko, komenigarria dela ostatuen barnealdeak itxita mantentzea eta terrazen ordutegia 22:00ak arte mugatzea, kutsatzeei begira jarduera arriskutsua delako eta Nafarroako Foru Komunitatean kutsatze arrisku handia dagoelako oraindik, alde batera utzi gabe gure erkidegoan jadanik hauteman diren andui berriek eritasun larriagoa eragiten dutela eta mehatxu hori kezkagarria dela.

Neurri horren osagarri, eremu pribatuan ere neurriak hartu behar dira biltzen ahal diren pertsonen kopurua mugatzeko (bi bizikidetza-unitate, eta sei pertsona gehienez), hiru arrazoirengatik: bat, familia eremuan kutsatze asko gertatzen ari direlako pandemia osoan zehar; bi, Foru Komunitatean oraindik ere dagoen arrisku handiagatik, Nafarroan hauteman diren andui berrien mehatxua dela kausa; eta hiru, ostalaritza jarduera itxi edo mugatzearen ondorioz, bilera gehiago izan litezkeelako eremu pribatuan, toki itxietan, non prebentziorako osasun neurriak erlaxatzen baitira, eta horrek kutsatzeak ugaltzea ekar lezakeelako. Horregatik, egoera epidemiologikoa aldatu ez denez, 2020ko urrian hartu zen eta indarrean dagoen neurri hori mantendu beharra dago.

Azaldutako neurriak osatzeko hartu beharreko beste neurri bat da ordu-tarte batzuetan zirkulatzeko askatasuna mugatzeari dagokiona, arrazoi hauengatik: kale zurruta izenekoa debekatua dagoenez abuztuaren 17ko 8/2020 Foru Lege Dekretuaren bidez (ohiz kanpoko neurriak onetsi zituena Nafarroako Foru Komunitatean COVID-19aren kasu positiboen igoerak eragiten duen arrisku bereziko egoerari erantzuteko), eta ostalaritza jarduera 22:00ak arte mugatua dagoenez, horrek ekar lezake bilera, festa eta antzeko jende topaketa gehiago egitea ordu-tarte horietan, batez ere gazte helduak eta adin ertaineko jendea elkartuta, leku itxietan, non aireberritze kaskarra izaten baita eta prebentziorako osasun neurriak erlaxatzen baitira, eta horrek kutsatzeak ugaltzeko arriskua ekar lezake. Ondorio horiek abalatzeko datu objektiboak daude, konparazio batera, Administrazio Publikoetako segurtasun indar eta kidegoek jarritako salaketak osasun arauak betetzen ez dituzten festa, bilera eta kale zurrutak egiteagatik edo etxeratzeko agindua urratzeagatik. Foruzaingoaren txostena ere erantsi da, non azaltzen baita badakitela askoz ere bilera edo festa gehiago egiten direla osasun neurriak urratuz, baina ezin dutela salaketarik jarri jabetza partikularretan egiten direlako eta, bertan sartzeko, jabearen edo epaileen baimena ez dutelako izaten. Ordu-tarte batzuetan zirkulatzeko askatasuna mugatzen duen araurik ez balego, eta ostalaritza jarduera 22:00etan itxita, lasai asko ondorioztatu daiteke horrelako bilera eta festak ugalduko liratekeela eta, horrenbestez, txertoekin babestuta ez dagoen jendea kutsatzeko arriskua handituko litzatekeela, eta hori kaltegarria izanen litzateke egoera egonkortzeari begira.

Hortaz, esan daiteke datuek erakusten dutela ezen, mugapen horiekin jarraitu ezean, kutsatze kasuek gora egin lezaketela oraindik txertoarekin babestuak ez dauden adin-tarte eta pertsonen artean, eta horrek eragin dezakeela oraingo egoera ahula ezegonkortzea eta pandemiaren gaineko kontrola berriz galtzea.

Prebentziorako osasun neurriak arinduta kutsatze kasuak ugaltzen badira, ziur aski presio asistentziala ere handituko da. Izan ere, egiaztatu da, aldagai britainiarra gurean egonda (%98 Nafarroan), COVID-19aren ondoriozko ospitaleratze arruntak eta ZIUkoak bikoiztu egin direla; gainera, ospitaleratutakoen adin-tartea txikiagoa da, bai ospitaleratze arruntetan, bai ZIUetan. Nafarroako Ospitalegunearen datuen arabera, une honetan COVID-19aren ondorioz ospitaleratzen direnen batez besteko adina 64 urte da, eta 65 urte, ZIUn sartzen direnena; halaber, paziente horien %36,5 60 urtetik beherakoak dira (adin-tarte horretan daudenek ez dute txertoen babesik momentuz). Beraz, pentsatzekoa da, gero eta adineko gehiago txertatu arren, adin-tarte txikiagoetakoak izateagatik oraindik txertatu ez direnen ospitaleratzeek ospitaleetako presioa areagotzen jarraituko dutela, batez ere kontuan hartzen bada, kasuak poliki murriztearen ondorioz, pandemiak ospitaleetan duen eragina ere poliki apaltzen ari dela. Azken horri gehitu behar zaio, goian aipatu den bezala, lurralde mugakideetan agertu diren beste andui batzuek dakarten arriskua. Nafarroako Ospitalegunearen Mikrobiologia Zerbitzuaren txostenaren arabera, andui horiek nahiko kezkagarriak dira, eta ondorio oso kaltegarriak izan ditzakete.

Amaitzeko, zehaztu behar da, Nafarroako Ospitalegunearen txostenak adierazi bezala, eskura dauden osasun langileen kopurua gutxitu egin dela, profesional ugari bideratu behar izan direlako txertaketak, kontaktuen jarraipena eta proba diagnostikoak egitera. Hori dela eta, jarduera horiek ere ukituko lirateke, presio asistentziala nabarmen handituko balitz eta langile horiek ospitaleetan lan egiten hasi beharko balira. Horrenbestez, erabat beharrezkoa da hiru neurri hauek batera hartzea.

Horregatik, kutsatze kasu gehien duten eremuetan jarduteko, ezinezkoa da soilik eremu publikoan neurriak ezartzea (horietan zenbait jarduera mugatzen dira) eremu pribatuan ere halakorik egin gabe, orain arte egin den bezala, zeren, hala eginez gero, ez bailegoke esku-hartzerik kutsapen gehien gertatzen den eremuan, eta horrek ekarriko luke neurriak, orokorrean, eraginkortasunik gabe gelditzea.

Horrez gain, muga horiek proportzionaltasun printzipioa betetzen dute, hau da, eskubidea mugatzean lortzen den etekinak zentzua ematen dio mugatze horri, aurretik adierazitako guztiagatik. Izan ere, biltzeko eskubidea pertsona kopuru zehatz batera eta bi bizikidetza-unitatetara mugatzen da, eta ordu-muga zehatz bateko mugikortasuna, berriz, oinarrizko jarduerak ez direnetara bakarrik, bazter utzita pertsonentzat oinarrizkotzat jotzen diren zirkunstantziak (osasuna, pertsonen zainketak, ezinbesteko kasuak eta abar), horietarako ez baita mugikortasuna mugatzen. Hortaz, honako hau eskubideen mugatze bat da, alderdi puntual batzuetan, eta ez eskubideen eten bat, denbora-muga bat duena, maiatzaren 20ra arte, foru agindu honen indarraldia egun horretan bukatzen baita.

Laburbilduz, presakotzat eta beharrezkotzat jotzen da egun indarrean dauden prebentzio neurriak mantentzea harik eta alerta-maila jaisten den arte, andui berriak begiratzen diren arte eta txerto gehiago jarri arte, horrek ospitaleratze kasuak jaistea ekarriko duelakoan.

Azkenik, hala xedatzen baitu bere 10. artikuluan Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak –Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak–, Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko dira baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta premiazkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean eta neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Kasu honetan, Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salari eskatzen zaio neurri hauek berrestea, eta ez aurretik baimentzea, alarma-egoera maiatzaren 9ko 00:00etan bukatu baino lehen Osasuneko kontseilariak ez baitu ahalmenik oinarrizko eskubideak mugatzeko.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehenik.–Berariazko prebentzio neurri aparteko hauek hartzea Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoa dela-eta:

1.–Prebentzio neurri orokorrak.

1.1. Birusaren transmisioa murrizteko hartu beharreko prebentzio neurri orokorrak dira maskarak egoki erabiltzea, Osasuneko kontseilariaren uztailaren 15eko 34/2020 Foru Aginduan araututakoaren arabera (foru agindu horren bidez hartu baitziren maskararen erabilerarekin lotutako prebentzio neurriak) eta abuztuaren 28ko 40/2020 Foru Aginduan araututakoaren arabera (maskarak hezkuntzaren eremuan erabiltzeari buruzkoa), pertsonen artean gutxienez ere 1,5 metroko segurtasun-tartea mantentzea, eskuak garbitzeko soluzio hidroalkoholikoa edo ura eta xaboia erabiltzea eta, azkenik, aireztapena, ahal dela, naturala eta etengabekoa izatea erabilera publikoko establezimenduetan.

1.2. Horrez gain, oinezkoek pasiboki ez erretzeko duten eskubidea zaindu eta babesteko, eta orobat COVID-19aren kutsapen arriskua murrizteko, kalean eta espazio publikoetan bakarrik erretzen ahalko da ostalaritzako establezimenduetako terrazetan, eserlekuetan, espazio publikoetan eta antzekoetan. Erretzaileak geldirik egonen dira, mugitu gabe, eta gutxienez ere 2 metroko segurtasun-tartea bermatu beharko dute beste pertsona batekin.

1.3. Ebidentzia zientifikoa badago, eta gero eta sendoagoa, erakusten duena birusa barnealdeko eta itxitako espazioetan transmititzen dela, eta bereziki, gutxi edo gaizki egurastuta daudenetan. Aurrekoan oinarrituta, erabilera publikoko establezimenduek ahalik eta gehien aireberritu beharko dituzte lokalak, eta, betiere, egunean hirutan gutxienez.

1.4. Esparru publikoko espazio itxi guztietan, ahal den neurrian, Osasun Ministerioak indarrean dituen gomendioei jarraituko zaie, hots, SARS-CoV-2a hedatzea eragozteko eraikin eta lokaletako klimatizazio eta aireztapen sistemak ibiltzeko eta mantentzeko emandako gomendioei.

2.–Garraioa

2.1. Iruñerriko bidaiarien hiri-garraio erregularreko ibilgailuen okupazioak ez du gaindituko baimendutako gehieneko edukieraren %50, ordu-tarte guztietan, betiere flotaren gehieneko edukierak horretarako aukera ematen badu.

2.2. Iruñerriko bidaiarien hiri-garraio erregularreko ibilgailuetan, honako baldintza hauek bete beharko dira:

–Ireki daitezkeen leihatilak izanez gero, guztiek irekita egon beharko dute airearen zirkulaziorako.

–Sarreran eta irteeran gel hidroalkoholikoaren banagailuak paratuko dira, eta erabiltzaileei gogoraraziko zaie komeni dela eskuak garbitzea autobusera sartzean eta horretatik ateratzean.

–Hiriarteko garraioari dagokionez, eskatuko da autobusetan gel hidroalkoholikoa egotea sarreran zein irteeran, eta erabiltzaileei gogoraraziko zaie komeni dela eskuak garbitzea autobusera sartzean eta horretatik ateratzean.

2.3. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa ez zaio eskola-garraioari aplikatuko, jada aplikagarriak zaizkien osasun babeserako neurriei kalterik egin gabe.

2.4. Gomendatzen da enpresek eta administrazio publikoek langileen sarrera-irteerak malgutu ditzatela, edo erraztasunak eman, bidaiari gutxiago elkar daitezen Iruñerriko hiri-garraio erregularreko linea nagusietan jende gehien ibiltzen den orduetan.

3.–Ostatuak eta jatetxeak.

3.1. Establezimenduen barnealdeak:

3.1.1. Jarduera oro debekatzen da taberna berezi, ikuskizunetarako kafetegi, taberna, kafetegi eta jatetxe gisako lizentzia duten Nafarroako Foru Komunitateko establezimenduen barnealdean, salbu eta edaria eskatzeko, tabakoa eskuratzeko eta komunak erabiltzeko.

3.1.2. Barnealdea ixteko betebehar horretatik kanpo daude hoteletako eta antzeko bestelako ostatuetako jantokiak, baina otorduetako zerbitzua ematen ahalko diete horietan ostatu hartu dutenei bakarrik. Horretarako, zorrotz bete beharko dira prebentziorako osasun neurri orokorrak, eta gehienez lau pertsona egonen dira mahai bakoitzean. Jatetxeetan ez da 21:00etako ordutegi orokorra aplikatuko, ezpada establezimenduak bezeroekin daukan ordutegi arrunta.

3.1.3. Ogia eta/edo eramateko kafea saltzeko zerbitzua duten establezimenduetan, zerbitzu hori baimenduko da (baina ezin da establezimenduan kontsumitu). Nolanahi ere, 21:00etarako itxi beharko dute.

3.1.4. Ostatu eta jatetxeen barnealdea ixteko debekutik kanpo daude honako hauek ere: zentro eta zerbitzu sanitarioen eta soziosanitarioen barneko ostalaritza zerbitzuak, eskola-jantokiak, unibertsitatekoak, enpresakoak eta jantoki sozialeko zerbitzuak.

3.1.5. Salbuespenez, establezimenduei barnealdean zerbitzua emateko baimena ematen ahal zaie baldintza hauek betetzen dituztenean:

a) Establezimenduen bezeroak bidaiarien nahiz salgaien garraio arloko langileak izatea, hori frogatzen badute C edo D gidabaimenarekin edo kasuan kasuko gaitasun profesionalaren agiriarekin.

b) Establezimenduak gasolina-zerbitzuguneetan edo errepideko zerbitzuguneetan kokatuta egotea, hirigunetik kanpo eta Nafarroako errepide nagusietan, aparkalekua badute bost trailer kamioirentzat baino gehiagorentzat eta bazkarien eta afarien zerbitzua ematen badute.

Orobat, jatetxe zerbitzua baimenduko da, baldintza hauek betez gero:

a) Foru agindu honen 3.1.5 a) puntuan zehaztutako langileei baino ezin zaie zerbitzua eman.

b) Baimendutako establezimenduen barnealdea itxita egonen da jende arruntarentzat.

c) Kasu guztietan, osasun agintaritzek oro har ezarritako higiene eta segurtasun neurriak bete behar dira, eta zehazki, jatetxeetarako ezarritakoak.

d) Establezimenduen jabeek begiratu eta bermatu behar dute une oro betetzen direla osasun segurtasunaren arloko neurriak.

Baldintza horiek betetzen dituzten eta Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez aldez aurretik baimena duten establezimenduen baimenek indarrean jarraituko dute, baldin eta eskatutako baldintzak betetzen jarraitzen badute.

3.2. Kanpoaldeak:

3.2.1. Baimentzen da Nafarroako Foru Komunitatean taberna berezi, ikuskizunetarako kafetegi, taberna, kafetegi eta jatetxe gisako lizentzia duten establezimenduek eremu publikoan dituzten aire zabaleko terrazak irekitzea.

Foru agindu honen ondorioetarako, aire zabalean dauden terrazak honakoak dira: eremu estalia edo estali gabea, aldeetan gehienez ere bi hormak, paretak edo paramentuk inguratua, baldin itxitako azalera bada aldeko perimetroaren %50 edo hori baino txikiagoa (perimetro horren barnean da eraikinaren fatxada, terraza atxikirik duena).

Ez dira paramentutzat hartzen espazio fisikoak mugatzeko erabiltzen diren eta airearen zirkulazio librea ahalbidetzen duten elementuak, finkoak nahiz mugikorrak, altuera edo bolumen gutxikoak (gehienez ere metro batekoak).

Lehendik dauden eta baimenduta dauden terrazetan ez dira paramentutzat hartuko garaiera handiagoko elementuak, finkoak edo mugikorrak, baldin eta ez badira 1,60 metrotik gorakoak.

3.2.2. Terrazak baldintza hauek betez irekiko dira:

a) Mahaien arteko tartea 2 metrokoa izanen da, mahaien ertzetik neurtuta.

b) Establezimenduen titularrek seinaleak egin beharko dituzte lurrean, mahaiak kokatu behar diren tokietan, segurtasun-tartea errespetatze aldera.

c) Mahai bakoitzaren bueltan, gehienez ere, lau pertsona egonen dira. Salbuespen gisa, gehienez ere sei pertsona elkartzen ahalko dira, baldin eta mahaiaren edo mahai multzoen neurriek 1,5 metroko segurtasun-tartea bermatzen badute pertsonen artean. 70 cm baino gutxiagoko aldea edo diametroa duten mahaien eta/edo upelen bueltan gehienez ere bi pertsona egonen dira eta, kasu guztietan, eserita.

d) Mahaian eta eserita eginen da kontsumoa.

e) Maskara erabiltzea nahitaezkoa izanen da beti, salbu eta edateko edo jateko unean. Kontrolatuko da bezeroek maskara behar bezala erabiltzen dutela.

f) Terrazetan debekatuta egonen da erretzea 2 metroko segurtasun-tartea gordetzea bermatzerik ez badago.

3.2.3. Toki-erakundeei gomendatzen zaie aukerak azter ditzatela aire zabaleko terrazarako eremuak handitzeko, baina beti bermatu beharko da mahaien arteko eta pertsonen arteko segurtasun-tartea.

3.3. Puntu honetan aipatutako ostalaritzako establezimenduetako eta jatetxeetako terrazak 22:00etan itxiko dira, lokalak jendez hustu ondoren.

3.4. Halaber, janariak prestatu eta zerbitzatzen ahalko dira, etxera eramateko edo aurretiko hitzordua izanda establezimenduan hartzeko, 22:30ak arte.

4.–Hotelak.

4.1. Hoteletako eta ostatu turistikoetako eremu komunetan, okupazioak ezin izanen du gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %50, eta une oro mantendu beharko da 1,5 metroko segurtasun-tartea pertsonen artean.

4.2. Hoteletako eta ostatu turistikoetako kirol-instalazioei dagokienez (adibidez, igerilekuak eta gimnasioak), instalazio horietarako berariazko neurriak aplikatu beharko dituzte.

5.–Aterpetxeak.

5.1. Aterpetxeen modalitateko ostatu turistikoetan, baldin eta logeletan ohatzeak badaude eta, beraz, ezin bada pertsonen arteko gutxieneko segurtasun-tartea gorde, okupazioa baimenduriko gehieneko edukieraren %30 izatea baimenduko da.

5.2. Pertsonen arteko gutxieneko segurtasun-tartea bermatzea ahalbidetzen duten oheak dituzten logelak edo logela bereiziak dituzten aterpetxeetan, okupazioa baimenduriko gehieneko edukieraren %50 izatea baimenduko da.

5.3. Establezimenduaren titularrek antolamendu neurri batzuk ezarriko dituzte, egokiak direnak pilaketak saihesteko eta barnealdean pertsonen arteko segurtasun-tartea gordetzen saiatzeko. Bestela, babes fisikorako beste neurri batzuk ezarriko dituzte bezeroak elkarrengandik zein langileengandik behar bezala babesteko, maskara janztea ekarriko dutenak.

5.4. Establezimenduan jatetxe edo ostalaritzako zerbitzu motaren bat ematen bada, zerbitzuak foru agindu honetan establezimendu horietarako ezarritako baldintzak beteko ditu.

6.–Beilak eta hiletak.

Hiletetan eta beiletan gehienez ere 50 pertsona biltzen ahalko dira aire zabalean direnean, eta 10 pertsona gehienez toki itxietan direnean. Hileten segizioan 50 pertsona elkartzen ahalko dira gehienez.

7.–Gurtza.

7.1. Gurtza-lekuetan, ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %30, eta, betiere, 150 pertsona gehienez; sarrerak eta irteerak mailakatuak izanen dira, eta saihestuko da jendea pilatzea, bai gurtza-lekuen barruan, bai sarbideetan eta irteeretan.

7.2. Ebidentzia zientifikoa baitago adierazten duena kantuaren bidez kutsatzeko arriskua handitzen dela, gomendatzen da ospakizunetan ez kantatzea.

8.–Ezkontzak, bataioak, jaunartzeak eta beste ospakizun sozial, familiar, erlijioso edo zibil batzuk.

8.1. Gurtza-lekuetan egiten diren ospakizunetarako, foru agindu honen 7. puntuan ezarritako edukierak aplikatuko dira. Gurtza-lekuak ez diren lokaletan ospatzen direnen kasuan, pertsonen artean 1,5 metroko segurtasun-tartea errespetatu beharko da (hots, 2,25 metro koadro pertsona bakoitzeko) lokal horien barnean.

8.2. Ezkontza, bataio, jaunartze eta bestelako ospakizun sozial, familiar, erlijioso edo zibil batzuetan, zeremoniaren ondotik ospakizunak egiten badira ostalaritzako establezimenduen edo jatetxeen kanpoaldean edo terrazetan, errespetatu beharko dira 1,5 metroko segurtasun-tarteak pertsonen artean, eta ez da behin ere elkartuko 20 pertsona baino gehiago. Ulertzen da muga hori ospakizunetan ari den talde bakoitzari dagokiola, ongi bereizitako eremuetan baldin badaude.

Ez dago baimenduta dantzatzeko pista edo horretarako prestatutako eremua erabiltzea.

8.3. Horrez gain, aurreko puntuan aipatutako kasuan, foru agindu honen 3. puntuan ostalaritzari eta jatetxeei buruz ezarritakoa ere bete beharko da.

9.–Txikizkako merkataritza establezimenduak eta lokalak eta jarduera eta zerbitzuetakoak.

9.1. Jendaurreko txikizkako merkataritza establezimendu eta lokaletan eta jarduera eta zerbitzu profesionalekoetan, ezin izanen da gainditu gehienez baimendutako edukieraren %50.

9.2. 21:00etan itxiko dira beranduenez.

9.3. Establezimenduen ate nagusietan, bai barrualdean, bai kanpoaldean, ongi ikusten den kartel bat jarri beharko da, gutxienez ere DIN A3 tamainakoa, eta horretan adierazi beharko dira lokalaren gehieneko edukiera eta foru agindu honek baimentzen duena, bezeroentzat

10.–Hipermerkatuak, azalera ertain eta handiko establezimenduak eta merkataritza-gune edo -parkeak, edo horien zati direnak.

10.1. Hipermerkatuetan, azalera ertain eta handiko establezimenduetan eta merkataritza-gune edo -parkeetan, edo horien zati direnetan, ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %30 bertako merkataritzako lokal bakoitzean.

10.2. Merkataritza-guneetan dauden establezimenduen ate nagusietan, bai barrualdean, bai kanpoaldean, ongi ikusten den kartel bat, pantaila bat edo antzeko zerbait jarri beharko da, eta horretan adierazi beharko dira lokalaren gehieneko edukiera eta foru agindu honek baimentzen duena, bezeroentzat. Kartela, pantaila edo antzekoa gutxienez ere DIN A3 tamainakoa izanen da.

10.3. 10. puntu honetan aipatutako establezimenduen ate nagusietan, ongi ikusten den kartel bat, pantaila bat edo antzeko zerbait jarri beharko da, gutxienez ere 70 x 120 cm-koa, eta horretan adierazi beharko da establezimenduaren gehieneko edukiera orokorra (merkataritza-gunean dauden establezimendu guztietan baimendutako edukieren batura).

10.4. 21:00etan itxiko dira beranduenez.

10.5. Ez da utziko bezeroak gune komunetan egotea, barne direla atsedenguneak, saltokien arteko joan-etorrietarako ez bada.

10.6. Jolaserako eremuak itxita egon beharko dira, hala nola haurren jolastokiak edo antzekoak.

10.7. Puntu honetan aipatutako establezimenduetan dauden zinemei, foru agindu honetan jarduera bakoitzerako ezarritako arau eta ordutegi berariazkoak aplikatuko zaizkie.

10.8. Puntu honetan aipatzen diren establezimenduen arduradunak behartuta daude, une oro, sartzeko ateetan kontrola eta zenbaketa-sistema egitera, establezimenduan onartzen den gehieneko %30ko edukieraren kontrola eta bermea izatera, bai eta bezeroak gune komunetan ez daudela kontrolatu eta bermatzera ere, joan-etorrietarako izan ezik.

11.–Bide publikoan jarduten duten merkatuak.

Bide publikoan, aire zabalean edo sedentarioa ez den salmentan jarduten duten merkatuetan (merkatu txikiak), postuak aurrez aurre bereizita egon beharko dira, igarobide baten bidez. Bide horrek erabiltzaileak ibiltzeko espazioa markatuko du, eta bermatuko du erabiltzaileen artean gutxienez 1,5 metroko segurtasun-tartea gordetzen ahal dela, eta 4,5 metroko zabalera izanen du gutxienez. Elkarren ondoko bi posturen artean elementu isolatzaileak paratuko dira, postuen arteko independentzia gordetzeko; halakorik ez bada, 1,5 metroko tartea egon beharko da.

Erabiltzaileak ezin izanen dira inolaz ere postuen alboetatik ibili. Barrutiak sartzeko gune bat eta irteteko beste bat edukiko ditu, eta biak ongi bereizita egonen dira.

12.–Akademiak, autoeskolak eta irakaskuntza ez-arautuko zentroak, eta prestakuntza zentroak.

12.1. Autoeskola eta irakaskuntza ez-arautuko zentroetan eta prestakuntza zentroetan gauzatzen den jarduera aurrez aurre ematen ahalko da, baldin eta gainditzen ez bada baimendutako gehieneko edukieraren %50 eta bermatzen bada 1,5 metroko segurtasun-tartea pertsonen artean.

12.2. 21:00etan itxiko dira beranduenez.

13.–Liburutegiak eta artxiboak.

13.1. Liburutegiek (titulartasun publikokoak zein pribatukoak izan) beren jarduerei lotutako zerbitzuak emanen dituzte, baina okupazioak ezin izanen du gainditu baimenduriko gehieneko edukieraren %50.

13.2. Sustatuko da erabiltzaileek zerbitzuak telematikoki erabiltzea.

13.3. Liburutegi eta ludoteketan haurrentzako jarduerak egiten ahalko dira, gehienez ere hamabi partaideko taldeetan.

13.4. Artxiboek (titulartasun publikokoak zein pribatukoak izan) beren jarduerei lotutako zerbitzuak emanen dituzte, baina gehieneko okupazioak ezin izanen du gainditu baimenduriko gehieneko edukieraren %50.

13.5. 21:00etan itxiko dira beranduenez.

14.–Kirol-jarduerak.

14.1. Kirol-jardueretarako partaideen kopuruak, barnealdean nahiz kanpoaldean egiten direnetarako, Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez ezarriko dira.

14.2. Debekatuta dago saunak, bainu turkiarrak edo antzekoak erabiltzea.

Aldagelak eta dutxak erabiltzen ahalko dira bakar-bakarrik zuzendutako kirol-jarduera fisikoetan, baita baimendutako entrenamendu eta lehiaketetan ere.

Baimentzen da dutxak erabiltzea, banaka, betiere, eta ezin izanen dituzte pertsona batek baino gehiagok erabili aldi berean. Neurri hau ez da aplikatuko baimendutako lehiaketetan.

14.3. Gimnasioetan kirol-jarduera egiteko, hitzordua eskatu beharko da aurretik. Mugitzea eskatzen duten jardueretarako, 20 m²-ko espazioa gordeko da pertsona bakoitzeko. Mugitu gabe egiten diren jardueretan, berriz, 8 m²-ko espazioa mantenduko da pertsona bakoitzeko. Nolanahi ere, nahitaezkoa izanen da maskara erabiltzea.

14.4. Lehiaketa ez-profesionalak eta kirol-ekitaldiak ikusleekin egiten ahalko dira, baldin eta ez bada gainditzen baimendutako gehieneko edukieraren %50. Instalazio itxietan, 200 lagun joaten ahalko dira gehienez publiko gisa, eta beti errespetatu beharko dira 1,5 metroko segurtasun-tartea pertsonen artean eta maskararen erabilera egokia.

Lehiaketa ez-profesionalen eta aire zabaleko instalazioetan egiten diren kirol-ekitaldien kasuan, 400 lagun joaten ahalko dira gehienez publiko gisa, eta beti errespetatu beharko dira 1,5 metroko segurtasun-tartea pertsonen artean eta maskararen erabilera egokia.

Barrualdean 200 pertsona baino gehiago eta kanpokoetan 400 pertsona baino gehiago biltzen dituzten jardueretarako, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txosten loteslea beharko da.

Nolanahi ere, debeku da jatea eta edatea kirol-lehiaketa eta -ekitaldietan.

14.5. Kanpoaldean egiten diren jarduerak 22:00etan itxiko/bukatuko dira beranduenez. Espazio itxietako instalazioak 22:00ak arte erabiltzen ahalko dira lehiaketak eta entrenamenduak egiteko, baldin eta instalazioaren titularrak horretarako baimena ematen badu.

15.–Zuzendutako kirol-jarduera fisikoak egitea espazio itxietan, eta bestelako jarduera fisikoak aire zabaleko espazioetan.

15.1. Zuzendutako kirol-jarduera fisikoak espazio itxietan egiteko, taldeetan ez dira arituko 10 pertsona baino gehiago, eta Nafarroako Kirolaren Institutuak xedatutakoa beteko dute.

Edonola ere, zuzendutako kirol-jarduera fisikoak hamabosnaka egiten ahalko dira espazio itxietan, instalazioak 5 metro koadro baldin baditu parte-hartzaile bakoitzeko, mugikortasun txikiko jardueretarako, eta 16 metro koadro baditu parte-hartzaile bakoitzeko, berriz, mugikortasun handiko jardueretarako, aireberritze naturala badu edo behartua (mekanikoa), airearen birzirkulaziorik gabe.

15.2. Nahitaezkoa izanen da maskara erabiltzea instalazioetako sarbide eta joan-etorrietan, bai eta kirol-jardueretan ere, intentsitate txikiko modalitateak badira. Kirol-praktika mota bakoitzaren modalitatea arautuko da Nafarroako Kirolaren Institutuak xedatutakoaren arabera.

15.3. Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 3. artikuluan aipatzen diren irakaskuntzen babesean egiten diren kirol-jarduera fisikoak salbuetsirik daude 1. puntuan xedatutakotik.

15.4. 21:00etan itxiko dira beranduenez.

15.5. Lasterkariek (“runners”), jarduera fisikoan ari direnean, maskara erabili beharko dute beti ezin dutenean bermatu pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-tartea, Osasuneko kontseilariaren uztailaren 15eko 34/2020 Foru Aginduak ezartzen duenaren arabera (foru agindu horrek prebentzio neurriak ezartzen ditu COVID-19ak eragindako osasun krisian Nafarroako Foru Komunitatean maskara erabiltzeari dagokionez).

Halaber, jarduera fisiko hori pertsona asko dauden tokietan egiten dutenean –hala nola parkeetan, ibai ondoko pasealekuetan, hirigunean edo antzekoetan–, gomendatzen da banaka egitea, eta ez taldeka.

16.–Igerilekuak

16.1. Aisialdiko igerilekuetan edukieraren %50eko muga gorde beharko da, hala haietara sartzeko nola aisialdiko jardueretan bertan.

16.2. Baimentzen da aldagelak erabiltzea, eta dutxak banaka erabiliko dira, eta ezin izanen dituzte pertsona batek baino gehiagok erabili aldi berean.

16.3. Nafarroako Kirolaren Institutuak arautuko du kirol-jardueretarako igerilekuen erabilera.

16.4. 21:00etan itxiko dira beranduenez.

17.–Haurren jolastokiak eta aire zabaleko kirol eremuak.

Haurren jolastokiak eta aire zabaleko kirol eremuak erabiltzen ahalko dira, baldin eta ez bada gainditzen baimendutako gehieneko edukieraren %75.

21:00etan itxiko dira beranduenez.

18.–Monumentuak, erakustaretoak eta museoak.

18.1. Museoetan eta erakustaretoetan egiten diren jardueretan, ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %50.

18.2. Inaugurazioak eta ekitaldi sozialak egiten ahalko dira, baldin eta jatetxe zerbitzurik ez badago, eta segurtasun-tarteak bermatzen ahal badira. Edukiera %50ekoa izanen da, eta jarlekuak aurretik esleituko dira. Jarduera zutik egiten bada, edukiera irizpide honi jarraikiz kalkulatuko da: 3 metro koadro pertsonako.

18.3. Bisita edo jarduera gidatuak gehienez ere hamabi pertsonako taldeetan eginen dira, eta 18koak izaten ahalko dira kanpoan direnean.

18.4. 21:00etan itxiko dira beranduenez.

19.–Zinema-aretoak, antzokiak, auditoriumak, karpadun zirkoak eta antzekoak, aire zabaleko esparruak eta antzeko beste lokal batzuk, eta ikuskizun publikoetarako eta olgetako edo aisialdiko jardueretarako establezimenduak.

19.1. Zinema-areto, antzoki, auditorium, karpadun zirko eta antzekoek beren jarduera gauzatzen ahalko dute aurretik esleitutako eserlekuak erabilita, baldin eta gainditzen ez bada areto bakoitzean baimenduriko gehieneko edukieraren %50. Nolanahi ere, gehieneko edukiera ezin izanen da 200 pertsonatik gorakoa izan. Debeku da jatea eta edatea puntu honetan aipatzen diren ikuskizun edo jardueretan. 22:00etan itxiko dira beranduenez.

19.2. Aire zabaleko esparruetan eta antzeko lokaletan egiten diren jardueretan, eta ikuskizun publikoetarako, josteta edo aisia jardueretarako aire zabaleko establezimenduetan egiten direnetan, ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %50; edonola ere, 400 lagun bilduko dira gehienez.

19.3. Barrualdean 200 pertsona baino gehiago eta kanpokoetan 400 pertsona baino gehiago bildu nahi dituzten jardueretarako, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txosten loteslea beharko da.

20.–Turismo gidarien jarduera egiteko baldintzak.

20.1. Jarduera horiek, barnean zein kanpoan, ahal dela, aldez aurretik hitzordua eskatuta eginen dira eta taldeak, gehienez ere, hamabi lagunekoak izanen dira. Jarduera egiten den bitartean, saihestuko da pilaketak sor daitezkeen eremu edo tokietatik ibiltzea. Halaber, errespetatu beharko dira monumentuak eta bestelako kultur ekipamenduak bisitatzeko baldintzak, agindu honetan ezarritakoaren arabera.

20.2. Turismo aktiboko eta naturako irteerak ere gehienez ere hemezortzi pertsonako taldeetan eginen dira, aldez aurretik erreserba eginda, enpresa edo gidari profesionalekin.

21.–Biltzarrak egitea.

Lehenetsiko da biltzarrak telematikoki egitea. Beste modalitate edo formatu batean egin nahi izanez gero, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari jakinarazi beharko zaio aurretik.

22.–Topaketak, akziodunen batzarrak, lanbide-elkargoen bilerak, negozio-bilkurak, hitzaldiak, ekitaldiak eta antzekoak egitea.

Topaketak, akziodunen batzarrak, lanbide-elkargoen bilerak, negozio-bilkurak, hitzaldiak, ekitaldiak eta antzekoak egiten ahalko dira, baldin eta ez bada gainditzen baimendutako gehieneko edukieraren %50, eta betiere 200 lagun gehienez; horiek eserita egon beharko dute, 1,5 metroko segurtasun-tartea bermatuz elkarren artean. Horrek ez du galaraziko modalitate telematikoa gomendatzea.

Bozketarik egin behar bada, pertsonak mugitzea saihesten duten bozketa sistemak erabiliko dira.

23.–Bingoak, eta joko-, apustu- eta jolas-aretoak.

Bertan behera uzten da jarduera oro bingoen eta joko- eta jolas-aretoen establezimenduen barnealdeetan.

24.–Ekitaldietarako funtzio anitzeko espazioak dauzkaten establezimenduak.

24.1. Baimenduta egonen da establezimendu hauen jarduera, salbu ospakizun familiarrak, sozialak, lagunen artekoak edo aisialdikoak badira, jatekoak eta/edo edatekoak tarteko, barnealdean egindakoak, horiek debekatuta egonen baitira.

24.2. Establezimenduen kanpoaldean egin daitezkeen ospakizunetan, ez da behin ere 20 pertsona baino gehiago bilduko. Ulertzen da muga hori ospakizunetan ari den talde bakoitzari dagokiola, ongi bereizitako eremuetan baldin badaude. Mahaian eserita baino ezin da kontsumitu, eta foru agindu honen 3. puntuan ostalaritzarako eta jatetxeetarako zehaztutako neurri guztiak bete beharko dira.

24.3. Lokalaren barruan, kontsumoa eserita egiten ahalko da soilik, mahai batean edo mahai batzuk elkartuta.

24.4. Edonola ere, ahalik eta gehien erabiliko da maskara, eta pertsonen arteko tartea gordeko.

24.5. Lokalean ez da dantzalekurik baimenduko.

24.6. Lokal horiek 21:00etan itxiko dira.

25.–Elkarte gastronomikoak eta peñak.

25.1. Elkarte gastronomikoek eta peñek itxita jarraituko dute.

25.2. Etenaldi horretatik salbuetsita daude bostehun biztanle baino gutxiagoko udalerri eta kontzeju txikietan kokatutakoak, udalerri edo kontzejuan ez badago kafetegi, jatetxe edo tabernarik eta haiek badira herri guztia elkartzeko lokal bakarrak. Kasu horietan, eta salbuespen gisa, alkateek baimena eman dezakete horiek irekitzeko, baldin eta eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte eta prebentziorako osasun neurri guztiak betetzen badira, foru agindu honen 3. puntuan ezarritakoak alegia.

26.–Alkoholaren salmenta.

Debeku da alkohola saltzea 21:00etatik 8:00etara bitarte, publikoari saltzen dioten mota guztietako establezimenduetan, edozein dela ere duten lizentzia, salbu eta lizentzia hauek dituzten establezimenduetan: taberna berezia, ikuskizunetarako kafetegia, tabernak, kafetegiak eta jatetxeak.

27.–Bilerak eremu publikoan eta pribatuan.

27.1. Ezertan galarazi gabe osasun agintaritzak COVID-19a prebenitzeko asmoz ezarritako segurtasun eta higiene neurriak betetzeko betebeharra, edozein motatako talde edo bilkuretan sei pertsona elkartzen ahalko dira gehienez espazio publikoetan, salbu eta bizikideak badira.

27.2. Erabilera pribatuko espazioetan, bilerak bi bizikidetza-unitatetara mugatuko dira; bizikidetza-unitatetzat joko da etxe berean bizi den pertsona taldea, zaintzaileak eta laguntzakoak barne.

27.3. Mugatzen, baldintzatzen edo debekatzen ahalko dira igarobide publikoetan egiten diren bilerak eta manifestazioak, hots, Konstituzioaren 21. artikuluan araututako oinarrizko eskubidea erabiliz egindakoak, baldin eta ez bada bermatzen kutsatzeak eragozteko behar den segurtasun-tartea sustatzaileek aurkeztutako aldez aurreko jakinarazpenean.

27.4. Artikulu honetan ezarritako muga ez zaie aplikatuko laneko edo erakundeetako jarduerei, garraiokoei edo Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 3. artikuluko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetakoei, unibertsitateko irakaskuntza ematen dutenak barne, ez eta aplikatzekoak diren arauetan berariazko neurriak ezarriz arautzen direnei ere.

28.–Pertsonek gauez zirkulatzeko duten askatasuna mugatzea Nafarroako Foru Komunitatean.

23:00etatik 6:00etara bitarte, jarduera hauek egiteko bakarrik ibiltzen ahalko da Nafarroako Foru Komunitateko erabilera publikoko bide edo espazioetatik:

a) Sendagaiak, osasun produktuak eta premia biziko beste ondasun batzuk erostea.

b) Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joatea.

c) Larrialdiko arrazoiengatik albaitaritzako zentroetara joatea.

d) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo lege arloko betebeharrak betetzea.

e) Ohiko bizilekura itzultzea, apartatu honetan aurreikusitako jardueretako batzuk egin ondoren.

f) Adinekoei, adingabeei, mendekotasuna dutenei, desgaitasuna dutenei edo bereziki kalteberak direnei arreta ematea eta haiek zaintzea.

g) Ezinbesteko edo premiazko kasuetan.

h) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatuta.

i) Gasolindegietan edo gasolina-zerbitzuguneetan depositua betetzea, aurreko paragrafoetan aurreikusitako jarduerak egiteko beharrezkoa denean.

Bigarrena.–Neurri hauek mugatu egiten dituzte Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakian aurreikusitakoak, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Neurri horiek osotara aplikatzekoak dira bertan arautzen diren gainerako neurriei dagokienez, foru agindu honetan xedatutakoaren kontrakoak ez badira, eta galarazi gabe izaera orokorrarekin beste xedapen batzuk ematea, aplikagarriak izanen direnak.

Hirugarrena.–Neurri hauek indarrean egonen dira 2021eko maiatzaren 9tik 20ra bitarte, bi egunak barne, eta, egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Laugarrena.–Foru agindu hau Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora igortzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak foru aginduari berrespen judiziala emateko behar den tramitazioa egin dezan; igortzea, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren Institutura, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Bosgarrena.–Foru agindu honek 2021eko maiatzaren 9an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 9an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2107464