99. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Saio telematikoak egitea onartzea

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 46.3 artikuluaren aldaketa ikusi da. Artikulu horretan, ezohiko egoeretan kide anitzeko organoen bilkurak telematikoki egiteko aukera jasotzen da.

Burlatako Udalak, 2020ko apirilaren 30ean egindako osoko bilkuran, honako hau erabaki zuen aho batez:

Lehenengoa.–I. eranskinean jasotako araudia onartzea, osoko bilkurak eta informazio-batzordeak telematikoki egin ahal izateko.

Bigarrena.–Erabaki hori eta eranskineko testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jendeak horren berri izan dezan eta dagozkion ondorioak izan ditzan.

I. eranskina

Burlatako Udaleko kide anitzeko organoen saio telematikoak arautzea

1.–Araudia.

6/1990 Foru Legean eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legean bileren funtzionamenduari buruz araututako araudi orokorra aplikatuko da, bilkurak telematikoki egitearen berezitasunei kalterik egin gabe.

Zinegotziek osoko bilkuretara modu birtualean joateko bideokonferentzia-sistema bat erabiliko dute. Sistema horrek bermatuko du bilkuran jorratu beharreko gaien eztabaidan parte hartuko dutela, botoa emango dutela eta botoa emateko askatasuna izango dutela.

2.–Deialdia.

Alkatetzak toki-erakundeetako kide anitzeko organoen araubide presentzialaren funtzionamendu normala eragozten duten krisi larriko egoeretan berariaz arrazoitu beharko diren salbuespenezko inguruabarrak justifikatu beharko ditu.

Osoko bilkuraren deialdi ofiziala eta gai-zerrenda behar bezala egiteko behar den dokumentazioaren aldez aurreko banaketa posta elektronikoz egingo da, aurrez aurreko bilkuretan bezala. Argitalpena udalaren www.burlata.eus webgunean eta egoitza elektronikoan egingo da.

Deialdia posta elektronikoz egiten den egunean, erabiliko den sistema eta, hala badagokio, pasahitza adieraziko dira.

3.–Kanala.

Informatika-zerbitzuek unean-unean zehaztutako bideokonferentzia-sistemaren bidez egingo dira saioak. Horretarako, kontuan hartuko dira behar diren bermeak Idazkaritzak behar bezala betetzeko fede publikoko eginkizunak eta saioa behar bezala garatzeko, indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera; orobat, kontuan hartuko dira berrikuntza teknologikoak eta segurtasunaren arloko aurrerapena.

Zinegotziek bideo-kamera bat izan beharko dute pertsonaren bideo-seinalea emateko eta haren nortasuna egiaztatu ahal izateko.

Mikrofonoa duten entzungailuak erabiltzea gomendatzen da, audio-kalitate handiagoa izateko eta inguruko soinuak gutxiago nahasteko.

4.–Saioa prestatzea.

Bilera-gela 15 minutu lehenago irekiko da.

Osoko bilkuran informatika-teknikari bat egongo da, eta saio osoan konektatuta egongo da, bideorik eta ahotsik eman gabe.

Alkatetzak edo idazkaritzak, telefonoaren bidez, informatikako teknikariari eskatu ahal izango diote osoko bilkuratik kanpoko pertsonak bileratik kanporatzeko.

5.–Bilkuraren hasiera.

Bertaratutakoen nortasuna egiaztatu behar da, osoko bilkurako kide bakoitza izendatuz, eta kide horiek beren presentzia bideoz eta ahotsez berretsi behar dute.

Arazo teknikoak badaude, saioa 30 minutu geroago hasi ahal izanen da, konexio-arazoak konpondu ondoren.

Bilkuraren garapena aurrez aurreko bilkuretako berbera izango da: alkatetzak gaiak aurkeztea; idazkaritzak irizpena irakurtzea edo talde politikoek mozioak irakurtzea; eztabaida moderatua egitea, gehienez ere bi hitz txandatan talde bakoitzeko, hauteskundeetan lortutako botoen hurrenkeran; ondoren bozketa.

Saioa egiten den bitartean, bakarrik hitza hartzen duen pertsonak bideo-, audio- eta mikrofono-konexioa izanen du irekita; gainerako kideek mikrofonoa desaktibatu eta aktibatu egiten dute hitza ematen zaienean edo hitza eskatzen zaienean.

Bozketak presentziaren egiaztapenaren modu berean egiten dira, modu nominalean, botoa ematerakoan mikrofonoa konektatuz. Audio-arazoak izanez gero, txateko ahozko zein idatzizko komunikazioak izango dira baliozkoak. Alkatetzaren bozketaren ondoren, bozketaren emaitza eta akordioa onartu den ala ez jakinaraziko da.

Osoko bilkuretara birtualki bertaratuz gero, ezingo da botorik eman indarrean dagoen araudian aurreikusitako isilpeko bozketetan.

Deskonexio puntualen kasuan, zinegotzia osoko bilkuren aretotik atera dela ulertuko da, bai eztabaidan, bai bozketan. Hala ere, deskonexioa nahi gabe gertatzen bada, salbuespenez, zinegotzia harremanetan jarri ahal izango da, telefonoz, idazkariarekin, edo bilkuran audio bidez dagoen beste zinegotzi batekin, betiere idazkariak nortasunaren berri badu, baita bere botoa gauzatzeko ere.

6.–Grabazioa.

Osoko bilkurak eta informazio-batzordeenak osorik grabatuko dira, akta errazago idazteko.

7.–Zuzeneko emisioa.

Osoko bilkura zuzenean eta modu irekian ematen da, zenbait segundoko atzerapenarekin, teledifusio plataformaren bidez, honako helbide honetan:

https://teledifusioncloud.net/burlada/directo.htm

Plataformak ez du uzten jendeak parte hartzea, ezta galderak egitea ere.

8.–Laguntzaileak.

Bileretara joan ahal izango dira:

–Espainiako lurraldean dauden korporatiboak.

–Idazkaria.

–Informatikako teknikariak eta antzekoak.

–Udal-teknikariak eta aholkulariak, beharrezkoa denean, jorratu beharreko gaiaren arabera.

Arrazoi teknikoak direla-eta, ezin izango da publikorik bertaratu saioa egiten den bitartean, baina saioa zuzenean emango da. Herritarrak edo prentsa bertaratu ahal izango dira teknikoki posible denean bakarrik.

Toki araubidearen araudiak ezartzen duen bezala, Alkatetzari buruzko 6/1990 Foru Legearen 80.2 artikuluak udal intereseko gai zehatzei buruzko galde-eskeen txanda ireki ahal izanen du bilkura amaitu ondoren. Alkatetzak galderen txanda irekitzea erabakitzen badu, aretoa eta pasahitza argitaratuko ditu, eta nahi duten auzotarrak konektatu ahal izango dira galderak egiteko. Nolanahi ere, osoko bilkurak irauten duen bitartean, zure galderak eta kontsultak alcaldia@burlada.es posta elektronikora edo wasap bidez bidali ahal izango dituzu horretarako gaitutako mugikorrera. Eskaerak eta galderak irekitzea erabakitzen bada, idazkaritzak bilerara eramango ditu egindako galderak.

9.–Bertaratzeagatiko kalte-ordaina/dieta.

Kargua arduraldi esklusiborik gabe betetzen duten zinegotziek ez dute kalte-ordainik jasoko udaleko kide anitzeko organoen saio telematikoetara benetan joateagatik 19-COVIDaren ondorioz Alarma Estatutik eratorritako konfinamendu-aldian.

Burlatan, 2020ko maiatzaren 4an.–Alkatea, Ana M.ª Gongora Urzaiz.

Iragarkiaren kodea: L2004756