94. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

44/2020 FORU AGINDUA, martxoaren 3koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, uraza, kukulu eta eskarolaren ekoizpen integraturako Nafarroako erregelamendu teknikoa onesten duena.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.

Nafarroan produkzio integratua eta hortik sortutako produktuen bereizketa arautzen dituen maiatzaren 26ko 143/1997 Foru Dekretuak, besteak beste arautzen ditu, haren xedeaz eta aplikazio-esparruaz gain, ekoizpen integratuaren definizioa, bereizketa egiteko sistemak, laborantza-arauen irismena, kontrol eta ziurtapenerako erakundeen aitorpena, eta Nafarroako Ekoizpen Integraturako koordinazio-batzorde baten sorrera. 2018an, Nafarroako ekoizpen integratuari dagokion indarreko araudia berrikusi zuen INTIAko (Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren institutua) teknikariek eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritza Zerbitzuko langileek osatutako lantalde batek. Arauen berrikuspen horren emaitza izan da bertan aldaketa batzuk proposatzea, ekoizleen sektorearen eskaerari erantzuteko.

Freskoan elaboratutako barazki eta fruten Ekoizpen Integratuko Logotipoa sortu eta ezarri zenetik, hura erabiltzeko baimena emateko baldintza izan da elaborazioaren egilea Egokitzaileen eta Eraldatzaileen Erregistroan inskribatuta egotea, eta produktu freskoen kasuan, Barazki Freskoen Erregelamendu Teknikoa betetzea izan da baldintza, haietan jasotzen baitira produktu horien manipulazioa jarduera horretarako egokiak diren instalazioetan egitea bermatzeko baldintzak.

Logotipoa erabiltzeko baimen eskaera ugaldu egin da sektoreko ekoizleen artean, uraza, kukulua eta eskarola ustiategian berean egokitu (kaxetan jarri) eta zuzenean merkaturatzeko, egokitzeko jardueraren kualifikazioa izan gabe, eta horren aldeko txostena eman du INTIAko Ziurtapen atalak; horrenbestez, bidezkoa da indarra duen araudia aldatzea zentzu horretan, Nekazaritzako Lehen Ekoizpeneko Higienearen Jardunbide Egokietan jasotzen denarekin bat, batez ere, uraza, kukulua eta eskarola kaxak busti behar izanez gero, erabiltzen den urak garbia izan behar duela betetzeari dagokionez, pertsonen kontsumorako den uraren kalitateari buruz Europako Kontseiluak 1998ko azaroaren 3an emandako 98/83/EB Zuzentarauaren definizioaren arabera, gainera, uraren analisi bakteriologikoa eskatzen baita.

Foru agindu hau eman aitzinetik, Nafarroako Ekoizpen Integratuaren Erregistroan inskribatutako ekoizleek nahitaez egin behar zuten urtero beraien lurzatietako lurzoruen analisia; sektorearen proposamena aintzat hartuta, ordea, bidezkoa da hori aldatzea eta, analisi hori nahitaezkoa izan beharrean, gomendagarria izatea.

Produktu fitosanitarioen erabileraren arautegia etengabe ari da aldatzen, bai eta ere berrikusten horiek baimentzeko eskakizunak, eta hala, ingurumenean eta osasunean duten eragina minimizatzeko, baimendutako produktuen zerrenda murriztu egin da. Beraz, bidezkoa da ekoizpen integratuan baimendutako produktu fitosanitarioak eranstea Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren Produktu Fitosanitarioen Erregistroak jasotzen dituen produktuen zerrendari.

Gainera, uraza, kukulu eta eskarolaren ekoizpen integraturako Nafarroako erregelamendu teknikoan jasotzen dira produktua ustiategian berean ontziratzeko irizpideak, ondoren sailkatzeko edo egokitzeko lanik ustiategitik kanpo egin gabe, logotipoaren erabilera baimenduz produkzioa ustiategian egokitzeko (kaxatan jarri) eta zuzenean merkaturatzeko.

Nekazaritza Zerbitzuaren proposamenez, sartu beharreko aldaketak aintza hartuta, eta gaiaren inguruko segurtasun juridiko handiagoa lortzeko xedez, bidezkoa da aldatzea aitzineko Uraza, kukulu eta eskarolaren ekoizpen integraturako erregelamendua, 2000ko ekainaren 26ko Ebazpenez onartutakoa, eta Uraza, kukulu eta eskarolaren ekoizpen integraturako Nafarroako erregelamendu tekniko berri bat onartzea, bertan jasotzeko arestian aipatutako aldaketak.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluarekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Uraza, kukulu eta eskarolaren ekoizpen integraturako Nafarroako erregelamendu teknikoa onestea,

Uraza, kukulu eta eskarolaren ekoizpen integraturako Nafarroako erregelamendu teknikoa onesten da, foru agindu honen I. eranskinean ageri den eran, eta II.etik VI.era arteko eranskinak ere onartzen dira.

2. artikulua. Logotipoaren erabilera.

Nafarroako Ekoizpen Integratuaren logotipoaren erabilera baimentzen da produkzioa ustiategian berean egokitzeko (kaxatan jarri) eta zuzenean merkaturatzeko.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indargabetzen da Uraza, kukulu eta eskarolaren ekoizpen integraturako erregelamendu teknikoa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak 2000ko ekainaren 26an emandako Ebazpenaren bidez onetsitakoa.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko martxoaren 3an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Uraza, Kukulu eta Eskarolaren Ekoizpen Integraturako Nafarroako Erregelamendu Teknikoa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2003720