83. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Aldaketa, Udalaren kirol eskolak eta kirol ikastaroak arautzen dituen udal ordenantza ez fiskalean. Behin betiko onespena

Eguesibarko Udalak, 2020ko urtarrilaren 7ko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa Udalaren kirol eskolak eta kirol ikastaroak arautzen dituen udal ordenantza ez fiskalean.

Aldaketa horien hasierako onespenaren eta erregelamenduzko jendaurreko epearen iragarkia argitara eman zen 2020ko 20. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 30ean, eta Udalaren iragarki-taulan. Jendaurrean egon bitartean, ez zen alegaziorik aurkeztu. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, behin betiko onetsirik gelditu da, honekin batera ematen den testuaren arabera.

Argitara ematen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan eta aplikatzekoa den gainerako legedian ezarritakoa bete beharrez.

Aldatzea ordenantzaren izena; hona hemen izen berria:

EGUESIBARKO KIROL ESKOLEI BURUZKO ARAUDIA

1.–Hona hemen izen berria:

1.–Eguesibarko kirol eskoletako kirol sistema.

ORDENANTZA EZ FISKALA:
EGUESIBARKO KIROL ESKOLEI BURUZKO ARAUDIA

1.–Eguesibarko kirol eskoletako kirol sistema.

1.–Haurren kirolaren sustapena da Eguesibarko Udaleko Kirol Zerbitzuaren arduretako bat; hark, Udalaren kirol eskolen programaren bidez, planifikatuko, kontrolatuko eta ebaluatuko du sustapen hori.

2.–Eguesibarreko Udaleko Kirol Zerbitzuak, egokitzat jotzen duenean, dirulaguntzak emateko deialdiak ezartzen ahalko ditu udalerrian klubek kudeatutako kirol eskoletarako. Era berean, hitzarmenak egiten ahalko ditu Eguesibarko kirol klubekin, kirol federazioekin eta beste eskola batzuekin. Eskola horiek Eguesibarko kirol eskolatzat hartuko dira.

3.–Kirol klubek, kirol federazioek edo entitateek, Eguesibarko Udaleko Kirol Zerbitzuarekin edonolako hitzarmena sinatu nahi badute eta/edo haien laguntza-deialdien onuradun izan, sistema hori errespetatu beharko dute, eta hitza eman beharko dute kirol sistema honetan aurreikusitakoen aurkako egitura paralelorik edo kontrakorik ez dutela sortuko.

4.–Araudi honetan aipatu gabe ere sortzen diren kontu guztiak, edo halako eskola batek izan ditzakeen berezitasunak, behin-behinean ebatziko dituzte eskolako koordinatzaileak eta Eguesibarko Udaleko koordinatzaileak, eta behin betiko, berriz, Eguesibarko Udalak.

5.–Eguesibarko Udaleko Kirol Zerbitzuak, Eguesibarko kirol klubekin batera, ezarriko du Eguesibarko kirol eskolak osatzen dituzten espezialitateetako bakoitzaren kirol egitura, eskura diren baliabide pertsonal, espazial eta ekonomikoak kontuan hartuta.

6.–Kirol eskolen garaia bukatuta, kirol jarduera legez eraturiko kirol klub eta entitateen bitartez bideratuko da, baina utzikeriarik gabe Eguesibarko Udaleko Kirol Zerbitzuaren aldetik, horiek lagunduko baititu hitzarmen edo laguntza deialdien bidez.

7.–Kirol mota bakoitzaren kirol eskola taldeka banatuko da, adinaren eta/edo lortutako maila teknikoaren arabera; gehieneko eta gutxieneko bat finkatuko da, kirol mota bakoitzaren ezaugarrien araberakoa.

8.–Egutegia:

8.1.–Eskola horien egutegia eskola-egutegiari egokituko zaio; beraz, oporretan, zubietan eta jaiegunetan pausa eginen du, non ez den aurkakoa baimentzen arrazoi teknikoengatik eta/edo lehiaketengatik.

8.2.–Kirol eskola bakoitzean, jardueraren hasiera lehiaketaren hasieraren araberakoa izanen da; zuzendaritza teknikoaren ardura duten kirol entitateek zehaztuko dute data hori.

8.3.–Betiere, hasiera izen-emateko epea hasi ondotik izanen da.

2.–Kirol eskolen helburuak.

2.1.–Helburu orokorrak.

–Kirolaren irakaskuntzaren bidez ikasleen hezkuntza integralean laguntzea, betiere kirolaren irakaskuntza ulertuta ez xede berariazko baten gisara, prozesu horretan laguntza eman dezakeen baliabide gisa baizik.

–Kirolaren irakaskuntza prozesua hornitzea ikasleen ongizate pertsonala eta haien giza harremanaren sustapena eta hobekuntza bermatuko dituen giroaz.

–Kirol eta garbitasun ohiturak sortzea, etorkizunean beren kasa gara daitezen, eta helduaren ongizate fisiko, mental eta sozialaren zutarri izan daitezen.

–Eskura diren baliabideen arabera, ikasle guztiei bermatzea beraiek libreki hautatzen duten kirola ikasteko eta hartan aritzeko aukera, eta haien kirol gaitasunak ingurune osasuntsu eta seguruan garatu ahal izatea.

–Zenbait ezaugarri irakastea, hala nola ordena, diziplina eta gainerako kideekiko begirunea, entrenamendu taldearen arauak ezagutaraziz, eta orobat kirol instalazioen araudia eta kirol motaren erregelamendua.

–Ahalegin eta ardura gogoa bultzatzea, gainerako kideekin lankidetzan.

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioa txertatzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Legeak ezarritako kirol-eremuari dagozkion jarduera guztietan.

–Erraztasunak eman behar dituzte emakumeek eta neskatoek kirola egin dezaten eta kirolaren maila eta eremu guztietan parte hartu eta horretan jarrai dezaten, bai aisialdian bai lehian.

2.2.–Kirol helburuak.

–Eguesibarko auzotarrei erraztea kirolaren irakaskuntza eta praktika, ekitatea bermatuz eta diskriminazioa saihestuz adinaren, klase sozialaren, nazionalitatearen, etniaren, desgaitasunaren, sexu-orientazioaren, sexu-identitatearen eta/edo genero-identitatearen eta bizilekuaren aldetik.

–Ikasle bakoitzaren norbanakotasuna errespetatzea, bereziki haren adin biologikoari, ezaugarri psikomotrizei, kirol errendimenduaren mailari eta norberaren lehentasunei edo kirol arlokoei dagokienez, aurrerapen logikoa segituz entrenamenduaren eta lehiaren kargetan.

–Ikasleak hornitzea beren adinaren eta garapen mailaren araberako kontzeptu teknikoez eta taktikoez.

–Gorputz hezkuntzaren berezko printzipio metodologikoekin bat etorriz jardutea, eta izaera ludiko-hezitzaile nabarmena izatea.

–Bizitzaren etapa guztietan emakumeak eta neskatoak kirolarekin zerikusia duten eremu guztietan sartu daitezen, eta presentzia izan, parte hartu eta jarrai dezaten sustatzea.

–Kirolean emakumeen eta neskatoen kontrako indarkeriaren aurrean, prebentziorako eta jarduketarako protokoloak eta tresnak prestatu, eta horien ezarpena bultzatzea.

–Kirol mistoa sustatzea haurren artean, eta eskola-adinean jarduera fisikoak eta kirola babestea, balioetan eta hezkidetzan, inklusioan eta berdintasun ezaren kontrako borrokan oinarritutako irizpideekin.

3.–Ikasleak.

3.1.–Ikasle kontzeptua.

Guztiak izanen dira Eguesibarko kirol eskoletako ikasleak, baldin eta, behin betiko plaza izanik, eskatzen zaien dokumentazio guztia aurkeztu badute eta nahitaezko kuota ordaindu badute horretarako epeetan.

3.2.–Ikaslearen eskubideak.

Ikasle guztiek eskubide eta betebehar berak dituzte, inolako bazterkeriarik gabe. Honako eskubide hauek dituzte:

–Entrenamenduetan parte hartzeko, ikasle bakoitzaren heldutasunarekin eta gaitasunekin bat datorren mailan (astean behin, bitan edo hirutan, klubaren irizpide teknikoaren arabera).

–Udalerri edo eskualde mailako lehiaketa ofizialetan parte hartzeko, ikasle bakoitzaren heldutasunarekin eta gaitasunekin bat datorren mailan (klubaren irizpide teknikoaren arabera).

–Irakasleak izateko (monitoreak-entrenatzaileak), arduratsuak eta gutxieneko gaitasunak dituztenak.

–Duintasunez tratatuak izatekoa.

–Kirola egitea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean oinarrituta, eta hezkidetzako, inklusioko eta desberdintasunik gabeko irizpideei jarraikiz.

–Ingurumen osasuntsu eta seguruan parte hartzekoa.

3.3.–Ikaslearen betebeharrak.

Eguesibarko kirol eskoletako ikaslea izateak honako hauetara behartzen du:

–Bere taldekide, monitore, arbitro eta aurkariekin portaera zuzena izatera uneoro.

–Monitoreak eta klubeko arduradunek, baita Udalaren kirol instalaziotako langileek ere, ematen dituzten jarraibide tekniko eta portaerakoei jarraitzera.

–Eguesibarko udal instalazioak erabiltzeko araudia errespetatzera, eta berdin bere jarduera egiteko beste batzuk erabiltzen direnean.

–Kirol klubak agintzen dituen entrenamendu eta lehiaketetan parte hartzera.

–Ordainketak egitera eta nahitaezko dokumentazioa aurkeztera agindutako epeetan.

–Entrenamendu eta lehiaketetara joatera eta handik bilduak izatera, arduradun heldu batek lagundurik.

–Entrenamenduetara huts eginez gero, horren arrazoiak ematera. Elkarren ondoan 4 saiotara huts eginez gero, edo elkarren ondoan ez diren 10 saiotara, jarduera utzi beharko da, izen ematean ordaindutako zenbatekoa itzultzeko eskubiderik gabe.

4.–Kirol klub eta entitateen eginkizunak.

4.1.–Kirol klub eta entitateen eginkizunak:

Klub baten zuzendaritza teknikoaren mendean dagoen Eguesibarko kirol eskolak gutxienez ere koordinatzaile bat izanen du, kirol klubaren aldetik; hura monitoreetariko bat izan daiteke (gaituena) edo beste pertsona bat, era berean gaiturik baldin badago egin beharreko lanerako. Kirol eskolek, enpresa edo federazio baten zuzendaritza teknikoaren mendean baldin badaude, gutxienez ere koordinatzaile bat izanen dute, egin beharreko lanerako gaitua, enpresaren edo federazioaren aldetik. Koordinatzailearen eginkizunak honako hauek izanen dira:

Hona hemen klubaren eginkizunak, klubeko koordinatzailearen bidez:

–Eguesibarko Udaleko Kirol Zerbitzuari lan-talde bat proposatzea, teknikari eta giza harremanei dagokienez gaitua, eskolako talde guztiei arreta egiteko.

–Kirol koordinatzailearekin batera, kirol eskolaren egitura, antolaketa, xedeak eta estrategia planifikatzea, denboraldi bakoitzerako.

–Kirol koordinatzailearekin batera, kirol eskolaren irizpide tekniko, didaktiko eta metodologikoak ezartzea.

–Aldian behin bilerak izatea bai kirol koordinatzailearekin bai taldeetako monitoreekin.

–Monitore guztien jarduketak koordinatzea eta eskolako taldeen segimendua egitea.

–Materialaren eta ekipamenduaren aldetik dauden beharrak eta erosteko lehentasunak ezartzea.

–Kirol instalazioetan ikusitako kalteen berri ematea koordinatzaileari.

–Izen emateak, fitxak eta kuotak ikuskatzea eta/edo egitea, eta orobat urteko programazioan aurretik xedatu diren lehiaketa eta txapelketetan parte hartu ahal izateko eskolak bete behar duen beste edozein baldintza.

–Eskolako talde guztiei ordutegiak esleitzea, Eguesibarko Udalak horretarako jartzen dituen instalazioetan eskura direnen barnean.

–Kirol Zerbitzuak informazioa eskatzen duenean, eskaerari erantzutea.

–Araudia eta emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Legea betetzen direla zaintzea.

–Emakumeen eta gizonen arteko aukera- eta tratu-berdintasunaren printzipioa errespetatzen dela zaintzea.

–Hizkera eta irudi inklusiboak eta ez-sexistak erabiltzea.

–Beharrezkotzat jotzen dituen gorabehera, kexa edo eskaera guztiak igortzea kirol zerbitzura.

–Eskolako ikasleen aita, ama edo arduradunei arreta egitea.

–Hiruhilekoan behin funtzionamenduari buruzko memoria aurkeztea, eta urtean behin kirol eta diru arloko memoria, Kirol Zerbitzuak ezarritako irizpideen arabera.

–Eskolarako erantzukizun zibileko asegurua kontratatzea, entrenatzaileek, arduradunek eta ikasleek egiten duten jarduera barne dagoela.

4.2.–Monitoreen eginkizunak honako hauek izanen dira:

–Esleiturik duen eskola edo ikastaroko taldearen jarduerari zuzenean arreta egitea, entrenamendu eta lehiaketen orduetan.

–Talde bakoitzari erabiltzeko esleitzen zaion denboran, instalazioa ongi erabiltzen eta zaintzen dela begiratzea.

–Saioetan, koordinatzaileak bere talderako ezarritako irizpide teknikoak, didaktikoak eta medotodologikoak garatzea.

–Koordinatzaileak aldian behin deituko dituen bileretara joatea eta betiere jarraitzea hark markaturiko irizpideak.

–Bere taldeari dagozkion jarraipen fitxak betetzea.

–Ikasleen portaera begiratzea, kirol zelaiaren barnean nahiz kanpoan, irakaskuntzaren nahiz lehiaketaren ordutegiaren barnean.

–Ikasleen aita, ama edo arduradunei arreta egiten dien lehena izatea.

5.–Izen emateak.

Eguesibarko kirol eskoletan, izena emanen da araudi honetan agertzen diren irizpideekin bat; hortik kanpo eginez gero, Eguesibarko Udaleko kirol zerbitzuak ez du izen ematea baliozkotzat hartuko, ezta hari dirulaguntzarik emanen ere.

5.1.–Inskripzio organoak.

Kirol-eskoletako izen-emateak Kirol Zerbitzuak eginen ditu, eta kirol-kluben edo bestelako antolaketa-erakundeen esku uzten ahalko du eginkizun hori.

5.2.–Izena emateko urratsak.

Araudi honetan parte hartzeko ezartzen diren lehentasunezko irizpideekin bat, honako urrats hauek ezartzen dira izena emateko:

Aurreko denboraldian parte hartu zuten ikasleen izen ematea.

Ikasle berrien izen-emateak egitea.

5.2.1.–Aurreko denboraldian parte hartu zuten ikasleen izen-ematea:

Aurreko denboraldiaren amaieran eginen da, gutxienez ere 15 egun naturalean.

Ez da beharrezkoa izanen Eguesibarko bizilagun guztiei aditzera ematea epea noiz hasi eta noiz bukatuko den, Udalaren kirol eskolan dauden ikasleei eragiten baitie kontu honek.

Izen ematea behin betikotzat joko da ikasleak, plazaren eskuragarritasuna berretsi ondotik, nahitaezko kuota ordaintzen duelarik eta eskatzen den dokumentazioa aurkezten duelarik.

Jardueren antolatzaileak, Eguesibarko Udalarekin batera, izanen du ardura izen emateko epe honen hasieraren, amaieraren, araudiaren eta ondorioen berri emateko, kirol eskoletan parte hartzen duten ikasle guztiei.

Izen emateko epea bururaturik, kirol klub eta entitateek, Kirol Zerbitzuarekin batera, ikasle berriendako plaza libreak aztertuko dituzte, eta horiek kirol eskola eta kirol ikastaroen publizitatera eramanen dira.

Ikasleek kirol-eskola bateko plaza soilik berritzen ahalko dute (golfa, motokrosa edo arku-tiroa bezalako kirol modalitateetan izan ezik), eta plaza-eskaera aurkezten ahalko dute ikasle berrientzako aldian, horretarako esleitutako atalean beste eskola batean plaza duela adieraziz. Kasu horretan, denboraldi horretarako plaza lortu ahal izateko, plaza hutsak egon beharko dira erroldatutako ikasle berri guztiek, ezarritako epean, izena eman eta gero.

5.2.2.–Ikasle berrien izen-emateak:

Aurreko denboraldiko ikasleen izen ematea bukatzen delarik eginen dira, Kirol Zerbitzuak plazaraturiko publizitatearen arabera.

Kirol Zerbitzuak eginen du izen emateko epeen hasieraren eta amaieraren publizitatea.

Izen ematea behin betikotzat joko da ikasleak nahitaezko kuota ordaintzen duelarik eta eskatzen den dokumentazioa aurkezten duelarik.

5.3.–Ikasleen lehentasuna, izena ematean:

Kirol egitura eta diruaren nahiz kirol instalazioen aldetik dagoen ahalmena kontuan harturik plazen eskuragarritasuna aztertuta, Eguesibarko Udalaren kirol eskoletan lehentasun-ordena honi jarraikiz eginen da ikasleen onarpena:

–Aurreko denboraldian parte hartu duten ikasleak: lehentasuna izanen dute beti, betiere ikasleak begiratzen baditu araudi honetan finkaturiko epeak eta baldintzak. Ikasleek kirol eskola batean soilik berritzen ahalko dute plaza, salbu egun bakarrean entrenatzen diren kirol-modalitateetan, esaterako, golfa, motokrosa edo arku-tiroa.

–Eguesibarren erroldaturiko ikasle berriak.

–Eguesibarren erroldaturiko ikasle berriak, bigarren kirolean.

–Eguesibarren erroldatu gabeko ikasle berriak.

5.4.–Plaza eskuragarrien esleipena:

Araudi honetan bilduriko irizpideak eta epeak begiraturik, baldin eta plazen eskaera handiagoa bada Kirol Zerbitzuaren eta/edo kirol kluben kirol egituraren edukiera eta haiek diruaren aldetik eta kirol instalazioen aldetik dituzten baliabideak baino, plazak zozketa bidez esleituko dira.

5.5.–Inskripzio-orria:

Izena emateko unean, ikasleak honako datu hauek eman beharko ditu:

–Ikaslearen izena eta bi deitura.

–Jaioteguna.

–Erroldatuta dagoen ala ez.

–Telefono mugikorra.

–Helbide elektronikoa.

Izena emateko orrian jasotako datuak datu pertsonalen babesari buruz indarra duen legediaren mende egonen dira. Era berean, izena emateko orrian alderdi batzuk adieraziko dira, hala nola ikasleak datuei buruzko edozein aldaketaren berri emateko duen betebeharra, datuen bilketaren xedea, fitxategietan sartzeko eta datuak zuzendu eta ezabatzeko eta kalte-ordaina jasotzeko eskubideen gaineko jakingarriak, eta fitxategiaren erantzulea Eguesibarko Udala dela.

Udalaren kirol eskoletako edozeinetan izena emateak berarekin dakar adin txikikoaren tutoreek jakitea zein diren jardueraren ezaugarriak eta zein haren eskakizun fisikoa; orobat esan nahi du aitortzen dutela adin txikikoak horretarako baldintza fisikoak dituela eta ez dagoela, osasunaren aldetik, jardueran aritzeko inolako eragozpenik.

7.–Nahitaezko kuota Eguesibarko kirol eskoletan.

–Eguesibarko Udalaren Kirol Zerbitzuak ezarriko du ordaindu beharreko nahitaezko kuota, Eguesibarko Udalaren kirol eskoletan parte hartzeko. Partaide guztiek ordainduko dute kuota hori; hortaz, ez da aldatuko ikasleari dagozkion arrazoiengatik (jardueran izen emanda dauden familiako kideen kopurua, zenbat urte daraman, kirol errendimenduaren maila eta kirol eskoletan parte hartuko duen egun kopurua eta denbora...). Arau hau garatzea eta garapen hori onestea beharrezkoa izanen da bere hartan salbuespenak edo aldaketak egiteko.

–Nahitaezko kuota ordaintzeak ez dakar berez Udalaren kirol eskoletan izena emanda egotea; aldiz, izen emateko prozesuko nahitaezko alderdia da, baina ez loteslea.

–Udalaren Kirol Zerbitzuak eta Eguesibarko kirol klubek kobrantzarako sistemak paratuko dituzte, nahitaezko kuotaren ordainketa egin duten parte-hartzaileei ziurtagiri bat ematea bermatzen dutenak. Ordainketaren ziurtagiria jasotzeko, izen ematea eta ordainketa egiteko unean eskatzen ahalko dute.

–Eguesibarko kirol klubek eta Eguesibarko Udalaren Kirol Zerbitzuak honako kasu hauetan itzuliko dute nahitaezko kuota:

–Parte-hartzaileak bere borondatez uko egiteagatik: jarduera hasi arte baizik ez da aplikatzen ahal, baldin eta parte-hartzaileak garaiz eta idatziz aurkezten badu borondatez uko egiten diola kirol eskoletan parte hartzeari. Itzuli beharreko nahitaezko kuotatik %20 deskontatuko da kudeaketa gastuen kontzeptuagatik, bai eta ikasleak parte hartu ahal izateko hartu diren federazio gastu eta konpromiso saihestezinengatik ere.

–Ikaslea kanporatzeagatik, diziplina erregelamendua aplikatzearen ondorioz: nahitaezko kuota itzultzeko baldintza izango da kanporatua izatea azaroaren lehen egun balioduna baino lehen. Orobat, aurreko artikuluko irizpide berak aplikatuko dira.

–Zerbitzua etengabe eteteagatik: kirol denboraldia hasi ondoren, Eguesibarko Udaleko Kirol Zerbitzua beharturik baldin bada kirol eskolen programa etetera kirol mota batean edo gehiagotan, nahitaezko kuota itzuliko zaie hala eskatzen duten partaideei, zerbitzua egitetik gelditzen diren hilabeteen proportzioan.

–Kuota kirol klubek emandako kontu zenbakietan ordainduko da, edo kontu zenbakia emanez, klubek ezarritako zenbatekoak igor ditzaten.

–Borondatezko ekarpena: Eguesibarko kirol klubek borondatezko diru kopuru osagarri bat eskatzen ahalko diete udal kirol eskoletan parte hartzen dutenei, “Borondatezko ekarpena” izenekoa. Kopuru hori aldez aurretik onetsi beharko du Eguesibarko Udalak.

Kirol klubek borondatezko ekarpenaren bidez erdiesten dituzten diru-sarrerak nahitaez izan beharko dira kirol alorretarako eta horretarako baizik ez, eta betiere parte-hartzaileari egiten zaion zerbitzua hobetzeko xedez, hala nola:

–Klubak antolatzen dituen aparteko jarduerak.

–Bestelako aparteko jarduerak, klubak haietan parte hartzen badu.

–Lehiaketa ofizial batean parte hartzea, zerbitzuaren diru-laguntzatik kanpoko esparruan badago.

–Zerbitzuak funtsezkotzat hartzen ez dituen jantziak erostea.

–Diruz lagundu gabeko kirol material berariazkoa erostea.

–Klubak antolatzen dituen argitalpenak, ikastaroak eta solasaldiak.

–Beste zerbitzu osagarri batzuk:

Kirol klubak eskatu beharreko borondatezko ekarpenaren berri emanen die, nahitaez eta idatziz, parte-hartzaileei eta Eguesibarko Udalaren Kirol Zerbitzuari, argi eta garbi adieraziz honako alderdi hauek:

–Ordainketaren borondatezko izaera.

–Diru kopurua eta nahitaezko kuotarekin duen desberdintasuna.

–Zer denboralditan aplikatuko den.

–Eskuratuko diren zerbitzu osagarriak.

8.–Kirol Zerbitzuaren ekarpenak, kirol eskoletarako.

Eguesibarko Udalaren kirol eskoletako zuzendaritza teknikoa egiten duten Eguesibarko kirol klubei Eguesibarko Udalaren Kirol Zerbitzuak laguntza eta aholkularitza teknikoa emanen dizkie, bere instalazioak eta bertako kirol materiala doan lagako dizkie eta diru-laguntzak emanen dizkie, eskura dituen baliabide teknikoen heinean eta bere diru eta giza baliabideen heinean.

9.–Kirol eskolen bilakaera.

Urtero, urteko lehen hiruhilekoan, Udalak eta klubek finkatuko dute Udalaren kirol eskoletan parte hartuko duten taldeen kopurua, hurrengo denboraldirako.

Talde kopuru hori honako irizpide hauen araberakoa izanen da:

1.–Kirol bizitzaren jarraitutasuna: Udalaren ahalmenen barnean, kirol mota bakoitzeko kategoria eta taldeekin jarraituko da, 7 urtetik 16 urtera bitartean.

2.–Baliabide espazialak eta materialak: kontuan hartuko da Udalak izatea kirol espazioak eta beharrezko kirol ekipamendua.

3.–Eguesibarko bizilagunen eskaera: kontuan hartuko da ibarreko bizilagunen eskaera, talde berriak antolatzeko unean.

4.–Baliabide ekonomikoak: kontuan hartuko dira udal aurrekontuak eta Udalaren diru-sarreren eta gastuen aurreikuspena.

10.–Zehapen araubidea.

1.–Ahalmenak.

Eguesibarko Udalari dagokio ikasleendako zehapen neurriak hartzea, erregelamendu hau betetzen dela eta instalazioaren barruko udal ondasunak zaintzen direla bermatzeko.

Monitore eta entrenatzaileek ahalmena dute ikasleei ahoz kargu hartzeko eta are bertatik egozteko ere, ahozko kargu hartzeari kasurik egiten ez dietenean, aparte utzirik arau-hausleari geroago ezar dakiokeen zehapena.

2.–Falten sailkapena.

Faltak honela sailkatuko dira: faltak arinak, astunak eta oso astunak.

Falta arinak:

a) Kirol eremu bakoitzaren araudi berariazkoa ez errespetatzea.

b) Kirol instalazioak erabiltzea entrenamendurako egun eta/edo orduetatik kanpo.

c) Eremu espresuki debekatuetan jan-edatekoak edo beirazko ontziak sartzea.

d) Takillak modu desegokian erabiltzea.

e) Entrenatzaileen esanei kasurik ez egitea.

f) Instalazioen ardura duten langileen esanei kasurik ez egitea.

Falta astunak:

a) Liskar eta/edo eraso fisikoak piztea eta/edo haietan parte hartzea.

b) Kirol instalazioak eta kirol materiala nahita zikintzea edo hondatzea.

c) Hiru falta arin egitea.

d) Abonatu txartela beste edonori uztea, kirol instalazioetan sartzeko.

e) Beste ikasleen edo arau-hauslearen beraren segurtasunari eragin diezaiokeen beste edozein arau-hauste.

f) Kirol instalazioen barnean ordena larriki nahastea dakarren edozer egitea edo ez-egitea.

Falta oso astunak:

a) Hiru falta astun egitea.

b) Kirol materiala ebastea.

c) Beste ikasleei edo entrenatzaileei gorputzez nahiz hitzez eraso egitea edo errespetua galtzea.

d) Jarrera sexista, homofobiko, transfobiko edo diskriminazio-jarrerak agertzea.

e) Ikasleei gauzak ebastea.

f) Urtebetean hiru falta astun egitea.

g) Instalazioen barnean bizikidetzari, ordenari eta segurtasunari bereziki eragiten dieten jarduketak.

h) Instalazioen erabilera eragoztea erabiltzeko eskubidea dutenei.

i) Kirol eskolen funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.

j) Ekipamenduak, azpiegiturak, elementuak edo instalazioak modu larri eta nabarmenean hondatzea.

3.–Zehapenak.

a) Falta arinen zehapena izanen da:

Ikasleendako: entrenamendu eta partidetan denbora batean (3tik 5 egunera bitarte) parte hartu ezina. Halaber, 25 eta 60 arteko euroko isuna ekarriko dute, eta egindako kalteak konpondu beharra.

Ikasleen tutoreendako: Udalaren kirol instalazioak denbora batean (3tik 5 egunera bitarte) erabili ezina ekarriko dute zehapen. Halaber, 25 eta 60 arteko euroko isuna ekarriko dute, eta egindako kalteak konpondu beharra.

Monitore/koordinatzaile/zuzendariendako: Udalaren kirol instalazioak denbora batean (3tik 5 egunera bitarte) erabili ezina ekarriko dute zehapen. Halaber, 25 eta 60 arteko euroko isuna ekarriko dute, eta egindako kalteak konpondu beharra.

b) Falta astunen zehapena izanen da:

Ikasleendako: parte hartu ezina entrenamendu eta partidetan denbora batez (15 egunetik hilabete 1era bitarte). Halaber, 61 eta 300 arteko euroko isuna ekarriko dute, eta egindako kalteak konpondu beharra.

Ikasleen tutoreendako: zehapena izanen da parte hartu ezina entrenamendu eta partidetan aldi batez (15 egunetik hilabete 1era bitarte). Halaber, 61 eta 300 arteko euroko isuna ekarriko dute, eta egindako kalteak konpondu beharra.

Monitore/koordinatzaile/zuzendariendako: Udalaren kirol instalazioak denbora batean (15 egunetik hilabete 1era bitarte) erabili ezina ekarriko dute zehapen. Halaber, 61 eta 300 arteko euroko isuna ekarriko dute, eta egindako kalteak konpondu beharra.

c) Falta oso astunen zehapena izanen da:

Ikasleendako: zehapen ekarriko dute entrenamenduetara eta partidetara aldi baterako joan ezina (hilabete batetik betiko erabili ezinera bitarte eta kirol eskolan baja ematea), Udalak arau-hauslearen aurka abiarazten ahal dituen legezko egintzak ukatu gabe. Era berean, 301 eta 600 euro arteko isuna ekarriko dute, eta egindako kalteak konpondu beharra.

Ikasleen tutoreendako: zehapen ekarriko dute kirol instalazioetara aldi baterako joan ezina (hilabete batetik betiko erabili ezinera bitarte), Udalak arau-hauslearen aurka abiarazten ahal dituen legezko egintzak ukatu gabe. Era berean, 301 eta 600 euro arteko isuna ekarriko dute, eta egindako kalteak konpondu beharra.

Monitore/koordinatzaile/zuzendariendako: zehapen ekarriko dute kirol instalazioetara aldi baterako joan ezina (hilabete batetik betiko erabili ezinera bitarte), Udalak arau-hauslearen aurka abiarazten ahal dituen legezko egintzak ukatu gabe. Era berean, 301 eta 600 euro arteko isuna ekarriko dute, eta egindako kalteak konpondu beharra.

d) Falta oso astunek hiru urteren buruan preskribituko dute, astunek bi urteren buruan eta arinek sei hilabeteren buruan. Falta oso astunetan ezartzen diren zehapenek hiru urteren buruan preskribituko dute, falta astunetan ezartzen direnek bi urteren buruan, eta falta arinetan ezartzen direnek urtebetean.

4.–Zehapen prozedura.

a) Erregelamendu honetako edozein arau ez betetzeak berarekin ekar dezake, badaezpadako neurri gisa, kirol eskoletatik kanporatzea; hori edozein entrenatzailek edo horretarako ahalmena duenak egin dezake.

b) Kirol eskolako koordinatzaileak txosten bat eta arau-hauslearen datuak igorriko ditu Udalera, bidezko zehapen neurriak har ditzan Erregelamendu honetan oinarrituta.

c) Aplikatu beharreko zehapen prozedura ordenantza fiskal orokorraren 32. artikuluan ezarritakoa izanen da.

Sarrigurenen (Eguesibar), 2020ko martxoaren 18an.–Alkatea, Amaia Larraya Marco.

Iragarkiaren kodea: L2004184