82. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

80E/2020 EBAZPENA, martxoaren 31koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ukatzen baita zerri gizendegi baten instalazioan aldaketa nabarmena egiteko eskaera. Instalazioa Fustiñanako udal mugartean dago, eta Granja Sojo SL da titularra.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 18ko 800/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 5eko 42E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua.

2017ko apirilaren 3an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, 5.200 toki izan beharrean 6.000 toki izateko. Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak 2017ko maiatzaren 12an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez da funtsezkoa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez da beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina, irizpide horren arabera, bada aldaketa “nabarmena”, aldaketa handiak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, aldaketak ingurumen baimen integratuan jaso behar dira, eta hura aldatu.

Aurkeztutako dokumentazioa nahikotzat jo zen ingurumen baimen integratua aldatzen duen administrazio prozedura tramitatzeko. Hori dela eta, 2017ko maiatzaren 12an, prozedura hori abiarazi zen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko, hots, instalazioak handitzeko, zerriak gizentzeko 5.200 toki izatetik 6.000 izatera, eta lanabesak gordetzeko estalpe bat eraikitzeko.

Espedientea tramitatu da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

2018ko abenduaren 26an, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak jarduera hori lurzoru urbanizaezinean baimentzearen kontrako txostena eman zuen, honengatik:

–Fustiñanako Udal Plan Orokorraren araudiko 109. artikuluak ezartzen duenez, ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan ezarritakoa aplikatu beharko zaie abeltzaintzako poligonoko abeltegiei. Foru dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko abeltegiek ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dira.

–148/2003 Foru Dekretuak honako hau ezartzen du 60 AzLU baino gehiago dituzten eta I., II. eta III. eranskinetan ezarritako kokalekuetatik at dauden zerri ustiategietarako: abelburu gehiago izatea baimentzen ahalko dela eta abere mota aldatu ere egiten ahalko dela, baldin eta espezie berriak ingurumen inpaktu bera edo txikiagoa eragiten badu. Hor ez da sartzen instalazioen azalera handitzea.

–Abeltegi hau aipatutako egoeran dago, 624 AzLUko edukiera baitu eta Fustiñanako herrigunetik 1.000 metro baino gutxiagora baitago (hori da 148/2003 Foru Dekretuaren II. eranskinean eskatzen den gutxieneko distantzia).

–Horregatik, ezin da baimendu instalazioa handitzeko aurkeztu den proiektua, instalazioak okupaturiko azalera eraikia handituko litzatekeelako, ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan ezarritakoa urratuz. Foru dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko abeltegiek ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dira.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

2020ko otsailaren 27an, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak adierazi du ezen aurkezturiko alegazioei ez zaiela inolako dokumentaziorik erantsi 2018ko abenduaren 26ko txostenean egindako balorazioa aldatu ahal izateko; beraz, balorazio horretan ondorioztaturikoa berresten du.

Horrenbestez, bidezkoa da zerriak gizentzeko abeltegi horretan aldaketa nabarmena egiteko eskaera ukatzea, zeinaren xedea baitzen instalazioa handitzea 5.200 toki izan beharrean 6.000 izateko.

Espedienteko txostenak ikusirik eta adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Ukatzea Fustiñanako udal mugarteko zerri gizendegi batean aldaketa nabarmena egiteko eskaera, zeinaren xedea baita handitzeko proiektu bat gauzatzea 5.200 toki beharrean 6.000 toki izan daitezen. Granja Sojo SL da instalazioaren titularra.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Granja Sojo SLra, Greenpeacera, Abeltzaintza Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Biodibertsitatearen Zerbitzura eta Ingurumena Zaintzeko Atalera.

Iruñean, 2020ko martxoaren 31n.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgunean, helbide honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2004384