69. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

144/2020 FORU AGINDUA, martxoaren 31koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez zenbait zentro soziosanitario antolatzeko neurriak aldatu eta behin-behineko zentroetako zuzendariak izendatzen baitira, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren menpe, zentro horietako jarduera asistentziala zuzendu eta koordina dezaten.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 30eko 141/2020 Foru Aginduaren bidez ezarri ziren martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduan aurreikusitako egoera gertatzean hartzen ahalko diren neurriak, eta neurri horiek hartu beharreko bi zentro soziosanitario identifikatu ziren. Gogoratu beharra dago aipatutako SND/275/2020 Aginduan hainbat neurri osagarri ezarri zirela gizarte zerbitzuetako egoitzen esparrua antolatzeko eta haietan informazioa banatzeko COVID-19ak eragindako osasun krisiaren kudeaketari buruz, betiere egoitza bakoitzaren egoera epidemiologikoa eta asistentziala kontuan hartuz.

Martxoaren 30eko 141/2020 Foru Aginduaren bidez hartutako neurrietako bat izendapen bat zen, bi zahar-etxetako jarduera asistentzialaren zuzendaritza eta koordinaziorako; orain, berriz, izendapen hori aldatu eta indartu beharra dago.

Koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretuaren 4. artikuluak ezartzen duenez, alde batetik, Eskubide Sozialetako Departamentuak zentro soziosanitario berriak abian jartzen ahalko ditu, horien bidez indartzeko edo modu alternatiboan emateko sektore kalteberek edo COVID-19aren ondoriozko osasun krisiak nahiz krisi horren kariaz harturiko neurriek ukitutako kolektiboek behar duten arreta, eta, bestetik, Eskubide Sozialetako Departamentuak abian jartzen dituen behin-behineko zentro soziosanitario horietako zuzendaritza postuak izendapen librearen bidez beteko dira, Nafarroako Administrazio Publikoetako bateko edo horietako bati atxikitako funtzionarioen artetik, Eskubide Sozialetako kontseilariaren foru agindu baten bidez.

Bidezkoa da orain, batetik, Zangozako zahar-etxeko jarduera asistentziala koordinatzeko eta eskualde horretako beste zentro soziosanitario batzuen ardura hartzeko izendatutako zuzendaria ordeztea, eta, bestetik, behin-behineko zentroko beste zuzendari bat izendatzea Miranda Argako zahar-etxeko zuzendaria ordezteko eta eskualde horretako beste zentro soziosanitarioen jarraipenaz eta behar litezkeen neurriez arduratzeko.

Horregatik guztiagatik, martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduan, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuan, eta koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretuan ezarritakoarekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Kargutik kentzea Ana Isabel Chocarro Resano andrea, Zangozako eta Miranda Argako zahar-etxeetako zuzendaritza eta koordinazio asistentzialerako behin-behineko zentroko zuzendaria, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziakoa, berak eskatu baitu.

2. Izendatzea María Beróiz Redín andrea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako behin-behineko zentroko zuzendari (50 toki baino gehiagoko behin-behineko zentro batekoa), Zangozako zahar-etxeko koordinazio asistentziala eta eskualde horretako beste zentro sozio-sanitario batzuen jarraipen lana egin dezan.

3. Izendatzea Ana Arnedo Villanueva andrea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako behin-behineko zentroko zuzendari (50 toki baino gehiagoko behin-behineko zentro batekoa), Miranda Argako zahar-etxeko behin-behineko zuzendaritza eta eskualde horretako beste zentro sozio-sanitario batzuen jarraipen lana egin dezan.

4. Foru agindu hau jakinaraztea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Kudeaketaren eta Baliabidearen Zuzendariordetzari, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari eta Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari, eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko martxoaren 31n.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2004341