69. ALDIZKARIA - 2020ko apirilaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

25/2020 EBAZPENA, martxoaren 30ekoa, Garraioetako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularraren zerbitzuetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenekoak diren horietan. Hori guztia, COVID-19aren ondoriozko osasun krisiko egoera kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak ezarritakoarekin bat.

Garraioetako zuzendari nagusiaren martxoaren 15eko 19/2020 Ebazpenaren bidez, neurriak hartu ziren errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularraren zerbitzuetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenekoak diren horietan. Hori guztia, COVID-19aren ondoriozko osasun krisiko egoera kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera. Onetsi zen, neurri horien artean, %50 murriztea, alarma egoerak iraun bitartean, errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularraren eskaintza.

Egoeraren bilakaera ikusita, Garraioetako zuzendari nagusiaren martxoaren 18ko 20/2020 Ebazpenaren bidez, %75 ere murriztu ziren, alarma egoerak iraun bitartean, errepidez egiten diren eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak ematen dituen erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraioaren zerbitzu publiko erregularraren zerbitzuak.

Pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatzeak eta 463/2020 Errege Dekretuan ezarritako hainbat arlotako euste-neurriek nabarmen murriztu dute erabilera, errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularraren zerbitzuetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenekoak diren horietan. Horren eraginez, %75eko murrizketaren ondotik eman diren zerbitzuen okupazio datuak oso txikiak dira, eta egunero izan da zerbitzua hutsik ematen duten autobusik.

COVID-19aren kontrako borrokaren testuinguruan herritarren mugikortasuna murrizteko asmoz, ordaindutako baimen berreskuragarri bat arautu da funtsezko zerbitzuak ematen ez dituzten besteren konturako langileentzat (martxoaren 29ko Errege Lege Dekretua).

Beraz, zerbitzu publikoen prestazioa benetako eskarira egokitzeko neurriak hartzea beharrezkotzat jo da.

Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriko 1. apartatuaren bidez emandako eskumenak erabiliz, eta Garraioen Plangintzaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak egindako proposamenari jarraituz,

EBAZTEN DUT:

1. Murriztea errepidez egiten diren erabiltzaile guztientzako hiriarteko garraio publikoaren zerbitzuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emandakoak, irizpide hauekin bat:

–Ordutegi eta egutegi finkoak dituzten ibilbideetatik egunean 1 - 6 bidaia oso (joan-etorri) dituztenak: bidaia oso bakarra mantentzea (joan-etorri bakarra), trafiko guztiak kontuan izanik, eta eskariaren arabera.

–Ordutegi eta egutegi finkoak dituzten ibilbideetatik egunean 7 - 10 bidaia oso (joan-etorri) dituztenak: bidaia oso bakarra mantentzea (joan-etorri bakarra), trafiko guztiak kontuan izanik.

–Ordutegi eta egutegi finkoak dituzten ibilbideetatik egunean 10 bidaia oso (joan-etorri) baino gehiago dituztenak: eskaintza %75 murriztuko da, Garraioetako zuzendari nagusiaren martxoaren 18ko 20/2020 Ebazpenean adierazitakoarekin bat.

Mantentzen diren bidaien helburua izanen da funtsezkotzat jotzen diren lanetan aritzen direnen mugikortasun beharrak asetzea, eta oinarrizko zerbitzuetara iristeko modua ematen dela bermatzea.

Errepidez egiten diren bidaiarien garraio publikoko zerbitzu batzuk osasun arloko langileek edota osasun zerbitzuetako erabiltzaileek erabiltzen dituzte nagusiki. Zerbitzu horien ordutegiak egokituko dira langile horien laneko txandetara eta ematen diren osasun arloko zerbitzuetara, arestian aipatutako mugak ezarri gabe.

2. Enpresa emakidadunek Garraio Zuzendaritza Nagusiari jakinaraziko diote, informazioa 2020ko apirilaren 1a, asteazkena, baino lehen bidalita, zer zerbitzu emanen diren irizpide horiek aplikatu ondoren. Horrez gain, adieraziko dute nora jo behar duten eskatu ahalako bidaien erabiltzaileek, eta zer prozedura beteko den eskaera horiek dokumentatzeko (eskaerak 24 ordu lehenago egin beharko dira, gutxienez ere).

Horrez gain, udalei, autobus geltokiei eta erabiltzaileei jakinarazi beharko diete zer zerbitzu emanen diren eta, eskatu ahalako bidaietan, adieraziko dute zer prozedura bete behar den eta zer telefono zenbakitara deitu behar den zerbitzua eskatzeko.

3. Hartutako neurrien inpaktua ebaluatu ahal izateko eta beste neurri batzuk ezarri behar diren edo ez aztertzeko, enpresa emakidadunek honako hauen berri eman beharko diote egunero Garraioetako Zuzendaritza Nagusiari, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan adierazitakoari jarraikiz: egindako zerbitzuak, zerbitzu bakoitzeko erabiltzaile kopurua, gertatu diren gorabeherak, eta beste edozein inguruabar, uste badute horren berri eman beha dutela.

4. Autobus geltokietan, zerbitzu horiek emateko ezinbestekoak diren jarduerei eutsiko zaie.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ondorioak izanen ditu Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik, eta 2020ko apirilaren 1ean hasi beharko dira zerbitzu murriztuak ematen, ebazpen honetan adierazitako irizpideekin bat.

Iruñean, 2020ko martxoaren 30ean.–Garraioetako zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.

Iragarkiaren kodea: F2004330