65. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

2/2020 FORU LEGE-DEKRETUA, martxoaren 25ekoa, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko.

2020ko martxoaren 11n, Osasunaren Mundu Erakundeak nazioarteko pandemiaren izaera eman zion COVID-19 gaixotasunak eragindako osasun publikoko larrialdiari, gaitza nazioartean zabaltzeak herrialde guztietako osasun publikorako arriskua dakarrelako eta nazioarteko erantzun koordinatua eskatzen duelako. Testuinguru horretan, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez (martxoaren 17ko 465/2020 Errege Dekretuak aldatua), alarma egoera deklaratu zen COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko.

463/2020 Errege Dekretu horrek 4. artikuluan ezartzen duenez, alarma egoeraren ondorioetarako eskumena duen agintaritza Gobernua izanen da, bai eta, zein bere ardura eremuan, ministerio hauetako titularrak ere: Osasuna, Defentsa, Barne Arazoak, Garraioak, Mugikortasuna eta Agenda Urbanoa. Hala eta guztiz ere, errege dekretu horren 6. artikuluarekin bat, administrazio bakoitzak eskumenak ditu, indarreko legeriak bere zerbitzuen ohiko kudeaketarako emandakoak, beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartzeko, betiere kasuan kasuko agintaritzaren zuzeneko aginduen esparruan.

Horrela, COVID-19 koronabirusaren bilakaerak sortu duen egoera bereziaren ondorioz, zeharo ohiz kanpokoa baita, aparteko eta presako zenbait neurri hartu dira, osasun publikoko arrazoietan oinarrituta. Horregatik, martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege-dekretuaren bidez, premiazko neurri batzuk onetsi ziren osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko.

Ohizko kanpoko premia bereziko inguruabarrak ikusita, beharrezkoa da beste neurri sorta bat ezartzea, foru lege-dekretu honetan jaso direnak, hain zuzen.

COVID-19aren ondoriozko aldi baterako zailtasunen aurrean jarduera ekonomikoari eusteko beharrezkoa den likidezia bermatzeko asmoz hartu diren neurrien artean, beharrezkoa da zenbait neurri ezartzea indarrean dauden kontratu publikoen esparrurako, izan ere, alarma egoeraren deklarazioak edo horren ondoriozko neurriek eragina izan dezakete kontratu horiek egoki bete daitezen. Hala, kontratuak eteteko edo/eta luzatzeko berariazko araubide bat aurreikusten da kontratuak suntsiaraz ez daitezen, eta behar diren baldintza eta egoerak ezartzen dira eteten diren kontratu publikoen adjudikaziodunek ordain bat hartu ahal izan dezaten kalte-galerengatik, lehenbizi, egoera honen eragin ekonomikoa arintzeko eta, ondoren, jarduera errekuperatu ahal izateko.

Ildo beretik, zenbait neurri hartu behar dira Eskubide Sozialetako Departamentuaren eta Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren dirulaguntzak emateko baldintzak aldatu ahal izateko, dirulaguntzen xedeko zerbitzuak ematea edo jarduerak egitea osorik edo partez ezinezkoa den egoeretarako.

Bestalde, martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduaren bidez hainbat neurri osagarri ezarri ziren gizarte zerbitzuetako egoitzen esparrua antolatzeko eta haietan informazioa banatzeko COVID-19ak eragindako osasun krisiaren kudeaketari buruz (2020ko 81. Estatuko Aldizkari Ofiziala, martxoaren 24koa). Agindu horren hirugarren apartatuan ahalmena ematen zaio kasuan kasuko autonomia erkidegoko agintaritza eskudunari agindu horren xedeko egoitzetan esku hartzeko, lurralde horretan edo egoitza bakoitzean izurriak eta laguntza-baliabideek duten egoeraren arabera, betiere behar eta proportzionaltasun irizpideei jarraikiz. Esku-hartze horren ondorioz, osasun publikoko arrazoi justifikatuengatik honakoak agintzea aurreikusten da besteak beste: egoiliarrei alta edo baja ematea; egoiliarrei lurralde bereko beste egoitza publiko edo pribatu bat esleitzea eta hara eramatea; egoitza berriak abian jartzeko behar diren neurriak ezartzea eta dauden egoitzen edukiera edo antolaera aldatzea; eta langile publiko bat izendatzea egoitzaren laguntza-jarduera zuzendu eta koordinatzeko, martxoaren 19ko SND/265/2020 Aginduaren bigarren apartatuaren 1. zenbakiaren b), c) eta d) taldeetan sailkatutako pazienteak dituzten egoitzen kasuan.

Horri dagokionez, kontuan hartzekoa da, orobat, martxoaren 15eko SND/232/2020 Agindua, zeinaren bidez giza baliabideen eta baliabide materialen arloko neurri batzuk hartu baitziren COVID-19ak eragindako osasun krisiaren egoera kudeatzeko. Agindu horren 8. apartatuak xedatzen du ezen, COVID-19aren epidemiaren bilakaeragatik edo eraginagatik ezinezkoa bada herritarrei behar bezalako osasun laguntza ematea kasuan kasuko autonomia erkidegoak dituen baliabide material eta giza baliabideekin, autonomia erkidegoek eskura izanen dituztela osasun zentro eta establezimendu pribatuak, baita hango langileria ere, eta lan istripuetarako mutualitateak.

Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko jarduketen arloan, harrerako baliabideak –apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legean arautuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak kudeatuak– Gizarte Zerbitzuetako zerbitzuen zorroan bermatutako baliabideak dira, eta, beraz, bai baliabide horien kopurua, bai haietako bakoitzaren gehieneko iraupena, ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuan daude arautuak, zerbitzuen zorro hori ezartzen duen arauan, alegia.

Alarma egoera eta biztanleriaren konfinamendua indarrean jarri zirenetik, lanean ari gara baliabide horietan behar bezalako baldintzak izan daitezen osasun arloko agintariek emandako gomendioak bermatu ahal izateko, hala balizko kasu positiboak bakartzeari buruzkoak, nola baliabideen erabiltzaile guztien konfinamenduari buruzkoak. Gainera, beste neurri batzuk ere aplikatu dira, eta horien ondorioz erabiltzaile batzuk lekualdatu, hori guztia osasun alertak irauten duen bitartean gerta litezkeen presako sarreretarako lekua izateko. Horren ondorioz, litekeena da baliabide horietan egoteko gehieneko aldiak aldatzea, eta, horregatik, bidezkoa da horren gaineko neurriak hartzea.

Etxebizitzaren arloan, neurrien helburu nagusia da erraztasunak ematea etxebizitza babestuen sustapenaren arloan eta etxebizitza babestuak birgaitzearen arloan abian dauden espedienteek beren bidea segi dezaten, jarduera ekonomikoaren motorrak diren aldetik, eta, halaber, egoera ekonomiko ahulean dauden familiei laguntzea, etxebizitza libre edo babestu batean errentari daudenean. Gainera, etxebizitza babestuei dagokienez, enpresa sustatzaileek errenten ordainketa atzeratzearen edo barkatzearen alde egiten du. Proposatutako neurriak erraz eta azkar ezar daitezke, eta haiei lotutako eskaerak telematika bidez aurkezten ahal dira, ezarrita dauden plataformen bitartez. Hori guztia deusetan galarazi gabe epe laburrean edo ertainean beste neurri batzuk hartzeko aukera, egoeraren arabera, gaur egun zeharo aldakorra baita.

Beste alde batetik, Nafarroako Planeamenduaren Erregistroa eta Nafarroako hirigintza eta lurralde plangintzarako tresnak aurkezteko formatua arautzen duen urriaren 16ko 253/2019 Foru Dekretuak, azken xedapenetako bigarrenean, xedatzen du foru dekretuak sei hilabeteko epean hartuko duela indarra, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik hasita. Foru dekretu hori 2019ko 216. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 31koan. Hortaz, maiatzaren 1ean hartuko du indarra.

COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratu zuen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak xedatu du sektore publikoko prozedurak tramitatzeko epeak etetea eta mugaegunak bertan behera uztea. Etete horiek eragina dutenez lurraldearen antolamendurako tresnak prestatu eta onesteko prozeduretan, eta, ondorioz, baita tresna horien ondoko erregistroan ere, egoki ikusi da foru dekretu horrek indarra hartzeko eguna atzeratzea, tresna berriak onesteko egunak eta ondoren erregistratzekoak koordinatzearren eta tresnak txertatzeko aurretiazko prestakuntzarako epe bat bermatzearren, toki entitateetako hirigintza zerbitzuei, langileei eta hautetsiei begira.

Zerga arloan, jarduera etetearen edo gutxitzearen ondorioz kaltetuak izanen diren autonomoen eta enpresen likideziari laguntzearren, neurri batzuk hartzen dira zerga betebeharrak bete ditzaten erraztasunak emateko, hots: zerga prozeduretako epeak etetea edo luzatzea; zenbait autolikidazio edo aitorpen informatibo aurkezteko epeak etetea edo luzatzea; zenbait tributu zor ordaintzeko epeak etetea edo luzatzea; pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren ondoriozko zenbait ordainketa zatikatu kentzea; eta tributu zorrak zatikatu eta geroratzeko ohiz kanpoko araudi bat ezartzea.

Honaino azaldu diren arrazoiek justifikatzen dute foru lege-dekretu hau onestea, aipatu neurriak berehala hartzea behar-beharrezkoa baita.

Horregatik guztiagatik, abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis artikuluan jasotako baimena erabiliz, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2020ko martxoaren 25ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATZEN DUT:

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru Lege-dekretu honen xedea da neurri bereziak hartzea koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari erantzuteko.

I. TITULUA

Neurri bereziak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren foru-sektore publiko instituzionalaren kudeaketa eraginkorra egiteko

2. artikulua. Kontratazio publikoaren eta itun sozialen arloko neurriak.

1. Zerbitzuak eta hornidurak emateko kontratu publikoak, segidako prestaziokoak, automatikoki etenda geldituko dira kontratua betearaztea ezinezkoa den partean, baldin eta Foru Lege-dekretu honek indarra hartzen duenean indarrean badaude, kontratu bakoitza adjudikatzeko unean Nafarroako Foru Komunitatean indarrean dagoen kontratazio publikoaren arloko araudiaren mende dauden entitateek egin badituzte eta COVID-19ak sortutako egoerarengatik edo administrazio publikoek gaitzaren kontra hartutako neurriengatik kontratu horiek osorik edo partez gauzatzea ezinezkoa bada; etendura kontratuaren prestazioa galarazten duen izatezko edo zuzenbidezko egoera gertatzen denetik prestazio hori berriz has daitekeen unera artekoa izanen da. Ondorio horietarako, ulertuko da prestazioa berriz abian jar daitekeela hura gauzatzea galarazten duten inguruabarrak edo neurriak bertan behera gelditzen direnean. Hartara, kontratazio-organoak etetea bukatu dela jakinaraziko dio kontratistari.

Aurreko paragrafo batean aipatutako kontratu bat etenda egon edo ez, haren epemugan formalizatu gabe badago kontratu berria, kontratazio-prozedurak, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan xedatutakoak eraginda, gelditzearen ondorioz prestazioaren jarraipena bermatuko duena, eta ezin bada kontratu berria formalizatu, jatorrizko kontratua luzatzen ahalko da kontratu berria betetzen hasi arte eta, betiere, bederatzi hilabeteko eperako gehienez ere, kontratuaren gainerako baldintzak aldatu gabe eta edozein izanik ere espediente berri horren lizitazioa argitaratzeko eguna. Aipatutako martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratzen du, eta martxoaren 17ko 465/2020 Errege Dekretuak aldatu zuen.

2. Aurreko puntuan aipatutakoak ez diren zerbitzuetako eta hornidurako kontratu publikoetan, baldin eta foru lege-dekretu hau indarrean sartzen den unean indarra badute eta kontratu bakoitza adjudikatzeko unean Nafarroako Foru Komunitatean indarrean dagoen kontratazio publikoaren arloko araudiaren mende dauden entitateek egin badituzte, eta kontratu horien xedea ez bada bukatu COVID-19ak sortutako egoeraren ondorioz, kontratistak betetzen ez dituenean kontratuan ezarritako epeak COVID-19ak sortutako egoerarengatik edo administrazio publikoek gaitzaren kontra hartutako neurriengatik, eta kontratistak berak adierazten badu bere konpromisoak beteko dituela indarrean dagoen hasierako epea edo luzapena handitzen bazaio, kasu horretan epea luzatuko zaio aipatutako arrazoiarengatik galdutako denbora bezainbeste, kontratistak ez badu bederen epe txikiagoa eskatzen. Epea luzatuko da kontratuaren unitate kudeatzaileak txostena egin ondoren (txosten horretan adieraziko da atzerapena ezin zaiola egotzi kontratistari eta COVID-19aren ondoriozkoa dela).

3. Obretako kontratu publikoak automatikoki etenda gelditzen ahalko dira, baldin eta foru lege-dekretu honek indarra hartzen duenean indarrean badaude, kontratu bakoitza adjudikatzeko unean Nafarroako Foru Komunitatean indarrean dagoen kontratazio publikoaren arloko araudiaren mende dauden entitateek egin badituzte eta COVID-19ak sortutako egoerarengatik edo administrazio publikoek gaitzaren kontra hartutako neurriengatik kontratu horiek xedea galdu ez badute, eta, egoera hori dela eta, kontratua betetzen jarraitzerik ez badago; etendura kontratua betetzea galarazten duen izatezko edo zuzenbidezko egoera gertatzen denetik prestazioa berriz has daitekeen unera artekoa izanen da. Ondorio horietarako, ulertuko da prestazioa berriz abian jar daitekeela hura gauzatzea galarazten duten inguruabarrak edo neurriak bertan behera gelditzen direnean. Hartara, kontratazio-organoak etetea bukatu dela jakinaraziko dio kontratistari.

4. Artikulu honetako 1. apartatutik 3. era bitartekoetan bildutako kasuetan, ez zaio zigorrik ezarriko kontratistari, ezta kontratua suntsiaraziko ere. Horrez gain, puntu honetako bigarren paragrafoan ezarritako baldintzak bete ondoren, kalte-ordainak jaso daitezke kontzeptu hauengatik:

1.–Kontratistak kontratuaren exekuzio arruntari atxikitako langileei eteteak irauten duen bitartean benetan ordaindutako soldata-gastuak.

Artikulu honetako 2. apartatuan aipatzen diren zerbitzu edo horniduretako kontratuetan, COVID 19agatik galdutako denboraren ondorioz benetan izan diren soldata-gastu gehigarriak ordaintzeko eskubidea ez da gehienez ere kontratuaren hasierako prezioaren 100eko 10 baino handiagoa izanen, BEZa barne dela.

2017ko irailaren 26an argitaratutako 2017-2021 eperako eraikuntzaren sektoreko VI. lan-hitzarmen kolektibo orokorraren edo negoziazio kolektiboaren bestelako esparruetan hitzartutako antzeko hitzarmenen arabera, obra kontratuetan ordaindu beharreko soldata-gastuak izanen dira oinarrizko soldata, eraikuntzaren sektoreko lan-hitzarmen kolektiboko 47.2.a artikuluan aipatutakoa, desgaitasunagatiko osagarria, aipatutako hitzarmeneko 47.2.b. artikuluan aipatutakoa, aparteko haborokinak, aipatutako 47.2.b. artikuluan aipatutakoak, eta oporren ordainsariak, edo eraikuntzaren sektoreko beste lan-hitzarmen kolektibo batzuetan hitzartutako kontzeptu baliokideak.

Betiere, martxoaren 14a baino lehen kontratuaren exekuzio arruntari atxikita zeuden eta kontratua berriz ezartzean atxikita dauden langileen gastuak hartuko dira kontuan.

2.–Behin betiko bermea mantentzeagatiko gastuak, kontratuaren etete-aldiari dagozkionak.

3.–Makineriaren, instalazioen eta ekipamenduen alokairu gastuak edo mantentze-lanen kostuak, baldin eta kontratistak frogatzen badu baliabide horiek ezin izan direla erabili etendako jarduera edo zerbitzua betetzea ez den beste xede baterako, eta kostu horiek ez badute gainditzen makineria, instalazio eta ekipamenduak alokatzeko edo mantentzeko kontratuak suntsiaraztearen kostua.

4.–Pleguan ezarrita dauden eta kontratistak kontratuaren xederako izenpetu dituen aseguru polizei dagozkien gastuak, baldin eta kontratua etetean indarrean badaude.

Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea onartu eta artikulu honetan aipatzen diren kalte-ordainak ordainduko dira baldin eta kontratista nagusiak behar bezala frogatzen badu baldintza hauek betetzen direla:

–Hark edo kontratua betetzeko kontratatu dituen azpikontratistek eta hornitzaileek egunean zituztela beren lan eta gizarte arloko betebeharrak 2020ko martxoaren 14an.

–Kontratistak berak 2020ko martxoaren 14an egunean zituela azpikontratistei eta hornitzaileei ordaindu beharrekoak, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 153. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Puntu honetan xedatutakoa soilik aplikatuko da kontratazio organoak, kontratistak hala eskatzen duenetik bost egun naturaleko epean, kontratua hasieran hitzartutako baldintzetan gauzatzea ezinezkoa dela ikusten duenean, artikulu honetako 1. apartatutik 3.era bitartekoetan azaldutako egoeragatik. Xede horrekin, kontratistak eskaera igorriko du kontratazio organora honako hauek adieraziz: kontratua betetzea ezinezkoa egin duten zergatiak; une horretan kontratuaren exekuzioari atxikitako langileak, egoitzak, ibilgailuak, makineria, instalazioak eta ekipamenduak; eta kontratistak zergatik ezin dituen kontratu honetan aipatutako bitartekoak erabili. Eskaeran azaldutako inguruabarrak egiaztatzen ahalko dira geroago. Aipatutako epea igaro bada kontratistari berariazko ebazpena jakinarazi gabe, ezetsitzat joko da.

5. Obra-emakiden eta zerbitzu-emakiden kontratu publikoetan, foru lege-dekretu hau indarrean sartzen den unean indarrean badaude, eta kontratu bakoitza adjudikatzeko unean Nafarroako Foru Komunitatean indarrean dagoen kontratazio publikoaren arloko araudiaren mende dauden entitateek egin badituzte, COVID-19ak izatez edo zuzenbidez sortutako egoerak eta administrazio publikoek egoera horri aurre egiteko hartutako neurriek eskubide emanen diote emakidadunari kontratuaren oreka ekonomikoa berrezartzeko, emakidaren hasierako iraupen-aldia gehienez ere 100eko 15 luzatuz edo kontratuko baldintza ekonomikoak aldatuz, kasu bakoitzean bidezkoa den bezala.

Betiere, berroreka horrek emakidadunei konpentsazioa emanen die diru-sarrerak galdu dituztelako eta jasandako kostuak handitu direlako. Horien artean daude COVID-19ak izatez sortutako egoerak irauten duen bitartean benetan ordaindu dituzten soldata-gastu gehigarri posibleak, obren edo zerbitzuen emakida-kontratuaren exekuzio arruntean aurreikusitakoekin alderaturik. Konpentsazioa eginen da soilik emakidadunak aldez aurretik eskatu eta behar bezala frogatzen badu gastu horiek benetan eta eraginkortasunez izan direla eta gastu horiek zenbatekoak izan diren.

Apartatu honetan xedatutakoa aplikatuko da soilik kontratazio organoak, emakidadunak eskaturik, lehen paragrafoan azaldutako egoeraren ondorioz kontratua betetzerik ez dagoela ulertzen duenean.

6. Artikulu honetako 1. eta 2. apartatuetan aurreikusitakoa ez zaie inola ere kontratu hauei aplikatuko:

a) Zerbitzu edo hornidura sanitarioko, farmazeutikoko edo bestelakoetako kontratuak, haien xedea COVID-19ak eragindako osasun krisiari lotuta badago.

b) Sistema informatikoen mantentze-lanetarako kontratuak.

c) Garraioko azpiegituren eta zerbitzuen mugikortasuna eta segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren zerbitzuetako edo hornidurako kontratuak.

Ulertzen da artikulu honetan aurreikusitako araubideak ez dituela ezertan galarazten Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako ministroak pertsonak, ondasunak eta tokiak babesteko beharrezkoak diren prestazioak bermatzeko har ditzakeen neurriak, horretarako agintari eskudun izendatzen baitu COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratu zuen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 4. artikuluak. Neurri horiek berekin ekar dezakete, besteak beste, aldatzea kontratuen etendura zilegi den kasuak.

7. Kontratazio organoak kontratu bat alda dezake, pertsonak babesteko premiek eta COVID-19ri aurre egiteko Nafarroako Gobernuak harturiko beste neurri batzuek eraginda, martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege Dekretuaren 15. artikuluko 4. apartatuan ezarritakoaren babesean; izan ere, foru lege horren bidez premiazko neurriak onesten dira COVID-19 koronabirusaren osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko. Horrelakoetan, kontratazio organoak finkatuko ditu hasierako kontratuan ez zeuden unitate berrien prezioak edo beren ezaugarrietan funtsezko aldaketa bat izan dutenenak, eta prezio horiek nahitaezkoak izanen dira kontratistarentzat. Alarma egoera bukatutakoan, aldaketa espedientea tramitatuko da Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 143.1 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Aipatutako kasuetan, kontratua aldatzearen ondorioz hasieran aurreikusitako unitate kopurua murrizten bada, kontratistak ez du izanen inongo kalte-ordainik eskatzeko eskubiderik.

8. Aurreko apartatuetan adierazitako neurriak aplikatuko dira, halaber, osasun arloko eta gizarte zerbitzuetako itun sozialetan.

3. artikulua. Eskubide Sozialetako Departamentuak eta Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak emandako dirulaguntza publikoen arloko neurriak.

1. Eskubide Sozialetako Departamentuak eta Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak baimena ematen ahalko dute onartutako dirulaguntzak emateko baldintzak aldatzeko, partez edo guztiz ezinezkoa bada diruz lagundutako jarduerak gauzatzea edo zerbitzuak ematea, COVID-19ren ondorioz edo administrazio publikoek haren aurka hartutako neurrien ondorioz. Gauzatu ezin den zatia aldatuko da, jarduera betetzea edo zerbitzua ematea galarazten duen izatezko egoera gertatzen denetik betetzea edo ematea berriz has daitekeen unera arte.

2. Foru lege-dekretu honek indarra hartzen duenean deituta edo onartuta dauden dirulaguntzen kasuan, baldin eta dirulaguntzaren xede diren jardueren edo zerbitzuen xedea bukatu ez bada COVID-19ren ondorioz, dirulaguntzaren onuraduna den pertsonak edo entitateak betetzen ez dituenean oinarrietan edo hitzarmen arau-emailean ezarritako epeak COVID-19ak sortutako egoerarengatik edo administrazio publikoek gaitzaren kontra hartutako neurriengatik, eta onuradunak berak adierazten badu bere konpromisoak beteko dituela hasierako epea luzatzen bazaio, kasu horretan dirulaguntza ematen duen organoak epea luzatzen ahalko dio, aipatutako arrazoiarengatik galdutako denbora bezainbeste, onuradunak txikiagoa eskatzen ez badu bederen. Epea luzatuko da dirulaguntza kudeatzen duen unitateak txostena egin ondoren (txosten horretan adieraziko da atzerapena ezin zaiola egotzi onuradunari eta COVID-19ren ondoriozkoa dela).

3. Artikulu honetako 1. apartatuan bildutako kasuetan ez da dirulaguntza itzuli beharko, eta, gainera, hurrengo apartatuan ezarritako baldintzak betez gero, kontzeptu hauek ere diruz lagungarriak izanen dira:

1.–Dirulaguntzaren onuradunak benetan ordaintzen dituen soldata gastuak, diruz lagundutako jardueraren edo zerbitzuaren ardura duten langileei eta horiek gauzatzea ezinezkoa den denbora tarteari dagozkionak. Gehienez ere dirulaguntzaren % 10 izaten ahalko dira gastu horiek.

Betiere, dirulaguntzaren xede den jarduera edo zerbitzuaren exekuzio arruntari martxoaren 14a baino lehen atxikita zeuden eta berriz hastean atxikita jarraitzen duten langileen gastuak hartuko dira kontuan.

2.–Instalazioen eta ekipamenduen alokairu gastuak edo mantentze-lanen kostuak, baldin eta pertsona edo entitate onuradunak frogatzen badu baliabide horiek ezin izan direla erabili etendako jarduera edo zerbitzua gauzatzea ez den beste xede baterako, eta kostu horiek ez badute gainditzen instalazio eta ekipamenduak alokatzeko edo mantentzeko kontratuak suntsiaraztearen kostua.

3.–Oinarrietan aurreikusitako aseguru polizei dagozkien gastuak edo horien parekoak, indarrean daudenak jarduera edo zerbitzua eten behar dela onartzen den unean.

Apartatu honetako ordainketetarako eskubidea onartuko da baldin eta dirulaguntzaren onuradun den pertsonak edo entitateak behar bezala frogatzen badu baldintza hauek betetzen direla:

–Hark edo diruz lagundutako jarduera edo zerbitzua gauzatzeko kontratatu dituen azpikontratistek, beharrezkoa bada, egunean zituztela beren lan eta gizarte arloko betebeharrak 2020ko martxoaren 14an.

–Onuradunak berak 2020ko martxoaren 14an egunean zituela bere azpikontratistei ordaindu beharrekoak, merkataritzako eragiketetako berankortasunaren kontrako araudian ezarritako baldintzetan.

4. Aurreko apartatuan xedatutakoa soilik aplikatuko da dirulaguntza ematen duen organoak irizten dionean, dirulaguntzaren onuradun den pertsonak edo entitateak hala eskatzen duenetik hasita bost egun naturaleko epean, ezinezkoa dela dirulaguntzaren xede diren jarduerak gauzatzea edo zerbitzuak ematea hasieran ezarritako baldintzetan, 1. apartatuan azaldutako egoeragatik. Xede horrekin, dirulaguntzaren onuradun den pertsona edo entitateak eskaera igorriko dio organo emaileari honako hauek adieraziz: diruz lagundutako jarduerak edo zerbitzuak gauzatzea ezinezkoa egin duten zergatiak; diruz lagundutako jarduera edo zerbitzuari une horretan atxikitako langileak, egoitzak, ibilgailuak, instalazioak eta ekipamenduak; eta dirulaguntzaren onuradunak zergatik ezin dituen aipatutako bitartekoak beste jarduera batean erabili. Eskaeran azaldutako inguruabarrak egiaztatzen ahalko dira geroago. Aipatutako epea igaro bada dirulaguntzaren onuradun den pertsona edo entitateari berariazko ebazpena jakinarazi gabe, ezetsitzat joko da.

4. artikulua. Behin-behineko zentro soziosanitarioak.

1. Eskubide Sozialetako Departamentuak zentro soziosanitario berriak abian jartzen ahalko ditu, horien bidez indartzeko edo modu alternatiboan emateko sektore kalteberek edo COVID-19ren ondoriozko osasun krisiak nahiz krisi horren kariaz harturiko neurriek ukitutako kolektiboek behar duten arreta.

2. Zentro horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren mende egonen dira organikoki, agentzia horren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuaren 22.1 artikuluan jasotako zentro berekiak bezalaxe.

3. Zentro horietako zuzendaritza karguak izendapen librearen bidez bateko dira, Nafarroako Administrazio Publikoetako bateko edo horietako bati atxikitako funtzionarioen artetik; Eskubide Sozialetako kontseilariaren foru agindu bidez izendatuko dira.

Zentro horietako zuzendarien ordainsariak atalburuen ordainsarien parekoak izanen dira, baldin eta 50 toki baino gutxiago badituzte, eta zerbitzuetako zuzendarien ordainsarien parekoak, 50 toki baino gehiago badituzte.

5. artikulua. Osasun Departamentuaren eskura jartzea osasun zentro eta establezimendu pribatuak eta laneko istripuen mutualitateak, eta horietan aritzen diren langileak.

Osasun Departamentuaren eskura jartzen ahalko dira, Osasuneko kontseilariaren foru agindu baten bidez, osasun zentro eta establezimendu pribatuak eta laneko istripuen mutualitateak, baita horietan aritzen diren langileak ere, beharrezkoa den denbora tarterako, COVID-19ren epidemiak aurrera egitearen edo kalteak sortzearen ondorioz herritarrei ezin bazaie osasun arreta egokia eman osasun sistema publikoari atxikitako langileekin eta baliabide materialekin.

Aurreko paragrafoan aipaturiko entitateen zerbitzuko langileek, Osasun Departamentuaren eskura jarriak izan ondoan, dagokion entitatean zerbitzu ematen jarraitzen ahalko dute, edo osasun zentro publiko batera atxikitzen ahalko dira zuzenean; nolanahi ere, indarra izaten segituko dute, ondorio guztietarako, departamentuaren eskura jarri aurretik zuten lan kontratuak, aurreikuspen sozialeko araubideak eta beste aurreikuspen, estaldura, onura, eskubide edo betebehar orok.

6. artikulua. Genero-indarkeriaren biktimentzako harrerako baliabideetan egoteko gehieneko aldiak.

Indarrik gabe uzten dira genero-indarkeriaren biktimentzako harrerako baliabideetan (larrialdi zentroa, babes etxea eta egoitza-pisuak), ekainaren 17ko 260/2008 Foru Dekretuak bermatutakoetan, egoteko gehieneko aldiak, alarma egoerak egoerak irauten duen bitartean.

II. TITULUA

Neurri bereziak etxebizitzaren arloan

7. artikulua. Bizigarritasun zedulen indarraldia eta sustatze eta birgaitze babestuko obrak bukatzeko epeak.

1. 2020ko urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitarte bukatzeko epea duten bizigarritasun zedulen indarraldia luzatzen da 2020ko abenduaren 31ra arte, bai eta bizigarritasun zedula lortzeko eskubidea ematen duten behin betiko kalifikazioena ere.

2. Etxebizitza babestua sustatzeko espedienteen kasuan, behin-behineko kalifikazioa 2020ko ekainaren 30a baino lehen lortua baldin badute, sustatzaileek 48 hilabeteko epea izanen dute –2020ko urtarrilaren 1etik hasita– behin betiko kalifikazioaren eskaera aurkezteko, erregelamenduzko luzapena galarazi gabe.

3. Birgaitze babestuko espedienteen kasuan, behin-behineko kalifikazioa 2020ko ekainaren 30a baino lehen lortua baldin badute, birgaitze lanak gehienez 12 hilabeteko epean hasi beharko dira, behin-behineko kalifikazioa ematen denetik. Aipatu behin-behineko kalifikazioa ematen denetik hasita, 48 hilabeteko epea izanen da behin betiko kalifikazioa eskatzeko, erregelamenduzko luzapena galarazi gabe.

4. Etxebizitza arloan eskudun den departamentuaren titularrari gaikuntza ematen zaio aurreko datak eta epeak aldatzeko, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharreko foru agindu baten bidez.

8. artikulua. Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasuna deritzon (ERREGEROSNA) adierazlearen zenbatekoa.

2019ko zerga-ekitaldirako, Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasuna (ERREGEROSNA) deritzon adierazlearen balioa 8.616,98 eurokoa da.

9. artikulua. Etxebizitza babestua sustatzea.

Etxebizitza libreak eta etxebizitza babestuak izan daitezke eraikin berean, eta etxebizitzetako kalifikazioak eraikin osoa edo horren zati bat har dezake, berria izanda edo lehendik egonda ere. Aurrekoa gorabehera, horren ondorioz izaten diren etxebizitza babestu guztiek bete beharko dituzte oin berriko etxebizitzei eskatzen zaizkien baldintza tekniko guztiak.

Etxebizitza libreak eta babestuak izanen dituzten eraikinetan sustatutako etxebizitzen kasuan, ez da aplikatzekoa izanen lurzoruaren eta urbanizazioaren kostuaren gehieneko jasanarazpenaren betebeharra.

10. artikulua. Etxebizitzarako eskubide subjektiboa.

1. 2020ko apirilaren 1etik aurrera, eta betiere ekitaldi horretan, honako hauek egiten ahalko dute emantzipaziorako errentamenduagatiko kenkaria, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi zuen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren 68 quinquies artikuluaren A apartatuan zehaztua dagoena: Nafarroan erroldaturik egonda, eta kenkaria egin ahal izateko gainerako baldintzak betez (salbu eta adinari dagokiona), 2020ko martxoaren 14tik aurrera langabezian lan eskatzaile gisa inskribatzen direnak. Izan ere, egun horretan deklaratu zen alarma egoera COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko.

2. 2020ko apirilaren 1etik aurrera, eta betiere ekitaldi horretan, etxebizitza errentamenduagatiko kenkaria egin ahal izateko, ez da beharrezkoa izanen gutxienez urtebete eramatea inskribatua etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsuan, eta errentamendu kontratu ikus-onetsiari dagokionez ere ez da gutxieneko epe hori eskatuko. Hala, nahikoa izanen da etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsuan inskribaturik egotea 2020ko martxoaren 14a baino lehenagotik, errentamenduaren modalitatean edo erosteko aukera duen errentamenduaren modalitatean, edo, bestela, etxebizitza babestu baten errentari izatea eta Administrazioak egun hori baino lehen ikus-onetsia izatea kontratua. Kenkari hori Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi zuen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren 68. quinquies artikuluaren B.1.a) apartatuan jasota dago.

11. artikulua. Etxebizitza babestuetako errentarientzako dirulaguntzak.

1. Alokairu Poltsan sartutako etxebizitzen edo etxebizitza babestuen errentamendu kontratuetako titularrei ematen zaizkien dirulaguntzak automatikoki berrituko dira, betiere 2020ko apirilaren 1etik ekainaren 30era eskatu behar diren kasuetarako.

2. Aurrekoa gorabehera, 2020ko martxoaren 31n dirulaguntza baten onuradun ziren familia-unitateen edo pertsonen kasuan, kasu guztietan aitortuko den dirulaguntza-portzentajea errentaren % 75ekoa izanen da, 2020ko apirilaren 1etik ekainaren 30era arteko aldirako.

3. Errentaren ordainketan interesik gabeko berandutze bat ematen duten enpresa errentatzaileek, baita errentariek ordaindu beharreko kopuru guztiak edo parte bat barkatzen dutenek ere, eskubidea izanen dute errentamenduagatik hilabete horiei dagokien dirulaguntza jasotzeko. Dirulaguntzak ordaintzeko aldizkako eskaeran, enpresa errentatzaileek zehaztu beharko dute zein familia eta pertsona errentari izan diren berandutze edo barkatze horren onuradun.

4. Etxebizitza arloan eskudun den departamentuaren titularrari gaikuntza ematen zaio aurreko datak eta epeak aldatzeko, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharreko foru agindu baten bidez.

III. TITULUA

Zerga arloko neurri bereziak

12. artikulua. Epeak etetea zerga arloan.

Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenen eremuan, Hitzarmen Ekonomikoan ezarririk dagoenarekin bat, neurri hauek ezartzen dira tributu prozeduretako aurkezpen eta ordainketa epeei eta epeen kontaketari dagokienez:

1. 2020ko ekainaren 1era luzatzen da 2020. urteko lehen hiruhilekoko balio erantsiaren gaineko zergaren aitorpenak, likidazioak edota autolikidazioak, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, sozietateen gaineko zergaren edota ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren konturako atxikipenak aurkezteko eta ordaintzeko epea.

2020ko apirilaren 30era arte luzatzen da otsailari dagozkion aipatutako zerga aitorpenak, likidazioak edota autolikidazioak aurkezteko eta ordaintzeko epea, baita aurkezteko epearen amaiera martxoan edo apirilean duten aitorpen informatiboak aurkezteko epea ere.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunetatik jarduera ekonomikoak gauzatzen dituzten horiek ez dira beharturik egonen 2020ko lehen eta bigarren hiruhilekoetako ordainketa zatikatuak autolikidatzera eta ordaintzera.

2. Araubide berezi erraztua eta nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren araubide berezia 2020. urtean aplikatzeari uko egiteko epea, baita ekitaldi horretan ondorioak izan beharreko uko hori errebokatzekoa ere, 2020ko ekainaren 1era arte luzatzen da.

Era berean, 2020. urtean zenbatespen objektiboaren araubidea aplikatzeari uko egiteko epea, baita ekitaldi horretan ondorioak izan beharreko uko hori errebokatzekoa ere, 2020ko ekainaren 1era arte luzatzen da.

3. Zerga arloko araudian zerga zorra ordaintzeko aurreikusitako epeak, 2020ko martxoaren 14a baino lehen amaitu ez direnak, 2020ko apirilaren 30era arte luzatzen dira.

2020ko martxoaren 14tik aurrera egindako jakinarazpenei dagozkien zerga zorrak ordaintzeko epeak 2020ko ekainaren 1era arte luzatzen dira, salbu eta arau orokorrak emandakoa luzeagoa denean, kasu horretan hori aplikatuko baita.

Era berean, hilabetez atzeratzen da indarra duten geroratzeen 2020ko apirilaren 5eko mugaeguneko ordainketa, eta, horrenbestez, gainerako mugaegunak ere hilabetez atzeratzen dira. Ez da berandutze interesik sortuko, epe bakar batean ere ez, apirilaren 5etik maiatzaren 5era bitarte.

4. 2020ko martxoaren 14tik 2020ko apirilaren 30era bitarte bere horretan mantenduko dira tributu itzulketen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aitortutako bestelako ordainketen ofiziozko konpentsazioak, eta konpentsazio horien ondoriozko premiamendu probidentziak emanen dira.

5. 4. apartatuan adierazitako epea ez da kontuan hartuko zerga prozeduren gehieneko iraupenaren ondorioetarako, baina aldi horretan Administrazioak ezinbestekoak diren tramiteak sustatu, agindu eta betetzen ahalko ditu.

Epe hori, era berean, ez da kontuan hartuko alegazioak aurkeztearen ondorioetarako, ez eta errekerimenduei erantzutearen edo errekurtso zein erreklamazio ekonomiko administratiboak jartzearen ondorioetarako ere. Nolanahi ere, zergapekoak errekerimenduari kasu egiten badio edo alegazioak aurkezten baditu tramitea egin dela joko da.

6. 4. apartatuan aipatzen den aldia ez da kontuan hartuko Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 55. artikuluan ezarritako epeen ondorioetarako, ez eta iraungitze epeen ondorioetarako ere.

13. artikulua. Zerga arloko zorrak salbuespenez geroratzea.

1. Jarduera ekonomikoak gauzatzen dituzten nortasunik gabeko pertsona eta erakundeetatik 2019an eragiketen bolumena 6.010.121,24 euro baino handiagoa izan ez duten horien zerga zorrak –2020ko martxoaren 14tik ekainaren 1era bitarte borondatez aurkeztu eta ordaindu beharreko aitorpen-likidazioei edo autolikidazioei dagozkienak–, geroratzen ahalko dira, konturako ordainketarik egin gabe, bermerik eskatu gabe eta berandutze interesik sortu gabe, hori guztia artikulu honetan xedatutakoarekin bat, eta baldin eta eskatzaileak, gerorapena emanda ere, zerga arloko betebeharrak betetzen baditu gerorapenaren indarraldi guztian.

2. Era berean, jarduera ekonomikoak egiten dituzten nortasun juridikorik gabeko pertsonen eta erakundeen zerga zorrak baldintza berberetan geroratzen ahalko dira, baldin eta 2019an 6.010.121,24 euroko eragiketa bolumena gainditzen ez badute eta zor horiek badagozkie aurreko artikuluko 3. apartatuaren bidez borondatez ordaintzeko epea luzatu zaien jakinarazpenei.

3. Salbuepenezko geroratze hori aplikatzen ahalko zaie Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketari buruzko Erregelamenduaren 48.3 artikuluko b) eta d) letretan adierazitako zerga zorrei ere (erregelamendu hori uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

4. Artikulu honetan aipatzen diren zor geroratuen ordainketa hiru hilabetez etengo da, aitorpenaren eta ordainketaren borondatezko epea amaitzen denetik zenbatzen hasita. Epe horretatik aurrera, zatikatuta ordainduko dira, zenbateko bereko hileko lau kuotatan.

5. Geroratze horien eskaera geroratze eredu ofiziala erabiliz eginen da, soilik Nafarroako Foru Ogasunaren zerbitzu telematikoen bidez aurkezten ahalko delarik, eta Diru-bilketa Zerbitzuko titularrak ebatziko du.

6. Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren hogeita seigarren xedapen gehigarriko 4. apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, ez dira inola ere zenbatuko xedapen honen babesean emandako geroratzeak, ez horiek emateko ezta etorkizuneko geroratzeak emateko ere.

Lehen xedapen gehigarria.–Aldatzea 253/2019 Foru Dekretua, urriaren 16koa, Nafarroako Planeamenduaren Erregistroa eta Nafarroako hirigintza eta lurralde plangintzarako tresnak aurkezteko formatua arautzen dituena.

Nafarroako Planeamenduaren Erregistroa eta Nafarroako hirigintza eta lurralde plangintzarako tresnak aurkezteko formatua arautzen dituen urriaren 16ko 253/2019 Foru Dekretuaren azken xedapenetako bigarrena aldatzen da; hartara, testu hau izanen du:

“Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea. Foru dekretu hau indarrean sartuko da bi hilabeteren buruan, zenbatzen hasita COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak indarra galtzen duenetik, edo, bestela, haren luzapenek.”

Bigarren xedapen gehigarria.–Aldatzea Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren testu bategina, apirilaren 26ko 129/1999 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitakoa.

26. zenbakia aldatzen da Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren testu bateginaren 35.I.B) artikuluan (apirilaren 26ko 129/1999 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako testu bategina); hartara, testu hau izanen du:

“26. Mailegu eta kreditu hipotekarioen kontratuetan nobazioak egiten direnean Baliabiderik gabeko zordun hipotekarioak babesteko presako neurriei buruzko martxoaren 9ko 6/2012 Errege Lege-dekretuaren babesean, bai eta COVID-19aren inpaktu ekonomiko eta sozialari aurre egiteko premiazko neurri bereziei buruzko martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-dekretuaren babesean ere, horiek formalizatzeko eskritura publikoak salbuetsirik egonen dira egintza juridiko dokumentatuen modalitateko notario-agirien mailakako kuotatik.”

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetzen diren xedapenak.

1. Ondorioak 2020ko apirilaren 1etik aurrera hasita, hogeita zazpigarren xedapen iragankorra indargabetzen da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginean (ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru-dekretuaren bidez onetsia).

2. Lehen xedapen gehigarria indargabetzen da Koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege-dekretuan.

Azken xedapenetako lehena.–Nafarroako Parlamentura igortzea.

Foru lege-dekretu hau Nafarroako Parlamentura igorriko da baliozkotu dezan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21.bis artikuluaren 2. apartatuan ezarritakoaren arabera.

Azken xedapenetako bigarrena.–Erregelamendu bidez garatzea eta betearaztea.

Gaikuntza ematen zaio Nafarroako Gobernuari, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuetako titularrei ere, zeinek bere eskumenen eremuan, behar adina xedapen eman ditzaten, foru lege-dekretu honetan ezarrita dagoena garatzeko eta betearazteko.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarra hartzea eta indarraldia.

1. Foru lege-dekretu honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean, eta indarrean egonen da Nafarroako Gobernuak ezartzen duen bitartean badirauela hura onestea ekarri duen egoera bereziak, foru lege-dekretu honen 8., 9. eta 11.3 artikuluetan xedatutakoa izan ezik. Halaber, foru lege-dekretu honetan onetsitako neurrien artean iraunaldi zehatza dutenek hura beteko dute.

2. Foru Lege-dekretu honen 2. eta 3. artikuluetan jasotzen diren neurriek izanen dituzte ondorioak 2020ko martxoaren 15etik aurrera.

Iruñean, 2020ko martxoaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2004229