60. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 20a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

132/2020 FORU AGINDUA, martxoaren 17koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, prebentzio neurriak eta gomendioak ezartzen dituena adinekoen, desgaitasuna dutenen eta adingabeen esparruan, koronabirusaren (COVID-19) eboluzio epidemiologikoak eragin duen alarma egoerak irauten duen bitartean.

ATARIKOA

Osasunaren Munduko Erakundeak, 2020ko martxoaren 11n, nazioarteko pandemia deklaratu zuen COVID-19ak osasun publikoan eragin duen larrialdi egoera. Espainian, egoera horri erantzuteko, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua eman da, zeinaren bidez alarma egoera deklaratzen baita COVID-19aren ondoriozko osasun krisiko egoera kudeatzeko xedez.

Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak gizarte zerbitzuen sistema arautzen du. Haren 1. artikuluaren arabera, legearen xede nagusia da populazioaren gizarte ongizatea lortzea, gizarte zerbitzuez baliatzeko eskubide unibertsala bermatuz. Orobat, xedatzen du bermatu behar dela zerbitzu horiek pertsonen autonomia, duintasuna eta bizi-kalitatea ziurtatzeko baldintzarik hoberenak dituztela. Artikuluz artikulu, bada, Nafarroako gizarte zerbitzuen sistemaren nondik norakoak jasotzen ditu, prestazio teknikoak, ekonomikoak eta materialak zehaztuta.

Egungo egoeran, bada, beharrezkoa da zenbait gomendio egitea, lagunduko dutenak adinekoei, desgaitasuna dutenei eta adingabeei zuzendutako zerbitzuek ahalik eta hobekien funtziona dezaten, eta, aldi berean, pandemia honen hedapena prebenitu eta herritarrengan izan ditzakeen efektuak leunduko dituztenak.

Horiek guztiak horrela, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 14.1 e) artikuluan ezarritakoaren babesean,

AGINTZEN DUT:

1.–Adinekoei zuzendutako neurriak eta gomendioak.

1. Egoitza zentroak:

a) Egoitza zentroetarako bisitak eten egingo dira; salbuespen bakarra izango da erabiltzaileak bere senideen laguntza behar duela beharrezkotzat jotzea. Hori egoitza zentroak berak baloratuko du.

b) Egoiliar berriak hartzen jarraituko dute. Egoitza zentroak funtsezko zerbitzuak dira, eta, hortaz, pertsonentzako arretak bermatuta egon behar du. Zentrora sartu aurretik, ebaluatu beharko da pertsonek harrera egiten zaien unean arnas infekzioko sintomarik ote duten eta, orobat, arrisku faktorerik ez dutela. Arnasketa sintomarik izanez gero, ospitale zerbitzuetatik datozenen kasuan, alta emateko txosten medikoa beharko da, eta etxebizitzetatik datozenen kasuan, berriz, oinarrizko osasun laguntzan egingo da balorazioa.

c) Aldi baterako egonaldiak eta ahaideei atseden ematekoak (aparteko kasuak izan ezik) bertan behera geratzen dira; suspertzeko egonaldiak, aldiz, mantenduko dira.

d) Ez dira hartuko beste egoitza zentro batetik datozen pertsonak.

2. Eguneko egonaldiak, eguneko zentroak eta autonomia sustatzeko zerbitzuak:

Zerbitzu horiek bertan behera geratzen dira. Hala ere, etxean arretarik gabe gera daitezkeen kasuak artatzen direla ziurtatzeko, zentroek pertsona bakoitzaren egoera indibiduala baloratuko dute, eta behar diren laguntzak antolatuko dituzte; gainera, telefono bidezko jarraipena ezarriko dute erabiltzaile guztientzat.

3. Erretiratuen elkarteak:

Ez dute zerbitzurik emango alarma egoerak irauten duen bitartean.

2.–Desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako neurriak eta gomendioak:

1. Egoitza zentroak:

a) Bisitak eten egingo dira; salbuespen bakarra izango da erabiltzaileak bere senideen laguntza behar duela beharrezkotzat jotzea. Hori egoitza zentroak berak baloratuko du.

b) Ez da egoiliar berririk hartuko eta aldi baterako egonaldiak bertan behera geratzen dira, justifikatutako premia kasuetan izan ezik. Kasu horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak baimendu beharko ditu.

c) Egoitza zerbitzuetako erabiltzaileak ezin izango dira atera beren etxera joateko.

2. Esku-hartze Soziokomunitariorako taldea:

Aurrez aurreko arretari eusten zaio, ezpada pertsonek beste laguntza-modalitate batzuk behar dituztela.

3. Eguneko zentroak, eguneko egonaldietarako zerbitzuak, zentro okupazionalak eta errehabilitazio psikosozialerako zentroak:

Zerbitzu horiek, oro har, bertan behera geratzen dira.

Hala ere, etxean arretarik gabe gera daitezkeen kasuak artatzen direla ziurtatzeko, zentroek pertsona bakoitzak behar dituen laguntza baliabideak antolatuko ditu. Gainerako erabiltzaileei telefono bidez egingo zaie jarraipena.

3.–Neurriak eta gomendioak adingabeen zerbitzuen arloan:

1. Egoitzako harrera-programa:

a) Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzaren eskumenen barruan gerta daitezkeen neska-mutilen eta gazteen lekualdatze edo joan-etorrietan, bereziki zainduko dira horien inguruabar zehatzak, eta egon daitezkeen arriskuak ere arretaz ebaluatuko dira.

b) Erakunde laguntzaileek etengabeko komunikazioa izango dute Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzarekin, azaltzeko COVID-19aren egungo egoera nolako eragiten ari zaien programetako langileei, adingabeei eta familia erabiltzaileei.

c) Erantzukizunez jokatuko da, eta uneoro jarraituko dira, oro har, osasun agintariek ematen dituzten gomendioak, arauak eta jarraibideak. Orobat, oinarrizko zuhurtzia printzipioa aplikatuko da, bereziki aurretiazko patologia izateagatik ahulenak diren adingabeei dagokienez. Kasu bakoitza baloratuko da, inguruabar zehatzak kontuan hartuta, eta egoitzak eta entitate publikoak behar besteko koordinazioa eduki beharko dute.

d) Adingabeak ezinbestekoa denean soilik atera eta mugitu ahal izango dira. Ateratzekotan, garraio publikoaren ordez, lehentasuna izango du egoitzaren garraiobide pribatuak.

e) Egoitzatik kanpoko pertsonen bisitak (egoitzan bizi diren adingabeen senideenak barne) bertan behera geratzen dira aldi batez. Halaber, egoiliarrak ezin izango dira atera haiekin aurrez aurreko bisitak egiteko. Egoiliarrak senideekin harremanetan jarri ahal izango dira aurrez aurrekoak ez diren bitartekoak erabiliz.

f) Bisita bat edo irteera bat ekar dezakeen premiazko edozein egoera berezi egoitzako edo zentroko arduradun batek ebaluatu eta proposatuko du, eta, hala badagokio, entitate publikoak baimendu beharko du. Salbuespenezko bisita horien kasuan, osasun agintariek ezarritako higiene neurriei jarraitu beharko zaie: ahalik eta gutxien ukitzea, eskuak sarri garbitzea, espazioak higienizatzea eta abar.

g) Ikastetxeak itxita dauden bitartean, txandak berrantolatuko dira, goizeko txandan ere adingabeen beharrei erantzuteko nahikoa hezitzaile daudela bermatzeko.

2. Familia-harrerako programa eta adopzio programa.

a) Atzeratu egingo dira, oro har, taldekako jarduera guztiak, bai eta ezinbestekotzat jotzen ez diren etxeko bisita, bilera eta jarduera guztiak ere.

b) Etxeko bisitak eta harrerako/adopzioko familiei arreta eman eta jarraipena egiteko hitzorduak kontaktu fisikorik ez dakarten bideen bitartez egingo dira: telefonoz, posta elektronikoz, whatsappez, bideokonferentzia bidez... Hori guztia familiekin kontaktuan jarraitzeko.

c) Aldi baterako etenda geratzen dira adingabeen eta senideen aurrez aurreko bisitak, bai eta bizikidetza-gunetik kanpoko senideen etxerako joan-etorriak ere, salbuespenezko kasuetan izan ezik, entitate publikoak baimenduz gero.

3. Ebazpen judizialen betearazpena.

Barneratze zentroetan, oro har, Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiak ezarritako protokoloa aplikatuko da.

3.1. Neurriak egoitza zentroetan, ebazpen judizialak betearazteko (barneratze zentroak eta heziketa taldeko bizikidetza zentroak).

Jarraian ageri diren neurriak hartuko dira, dagokion epaileari jakinarazita:

a) Aldi baterako eteten dira bisitak eta senideen eta egoiliarren arteko bizikidetza hitzorduak, salbu eta entitate publikoak baimentzen dituen salbuespenezko kasuak.

b) Aldi baterako eteten dira aisialdiko talde-irteerak.

c) Aldi baterako eteten dira asteburuko baimenak eta baimen arruntak egoiliarrentzat.

d) Zentroan egiten diren jardueretan, men egin beharko zaie osasun agintariek ezarritako jarraibide eta gomendioei.

3.2. Ingurune irekirako eta eguneko zentrorako neurriak.

a) Aldi baterako etengo dira joan-etorriak eta talde-interakzioa dakarten jarduerak edo neurriak, baita egungo egoera eta murrizketak direla-eta bete ezin direnak ere, dagokion epaitegiari jakinarazita.

b) Aurrekoa gorabehera, eta ahal den neurrian, ingurune irekiko neurriak, oro har, telefonoz edo bestelako bide ez presentzialen bitartez betearaziko dira, dagokion epaitegiari jakinarazita.

c) Gainerako neurri eta programa administratiboak edo epaiketaz kanpokoak (bitartekaritza, hezkuntza jarraipena,...) aldi baterako atzeratuko dira, bitarteko elektronikoen bidez egin daitezkeenak izan ezik.

d) Eguneko zentroan Hezkuntza Departamentuko araudi bera aplikatzen da. Hortaz, itxita egongo da.

3.3 Neurriak haurrei eta familiari arreta emateko programetan.

Haurrei, nerabeei eta familiari beren ingurune soziokomunitarioan arreta emateko programa, zerbitzu eta taldeei eragiten diete neurriok:

a) Oro har, eteten edo atzeratzen dira haurrei, nerabeei eta familiari arreta emateko programen barnean egiten diren talde interakzio eta lantegi guztiak.

b) Familiekin eta adingabeekin aurrez aurreko harremana dakarten etxeko bisita guztiak etengo dira, ezpada kasuaren ardura duen taldeak beharrezkotzat jotzen dituela. Salbuespenezko bisita/elkarrizketa horietan, osasun agintariek ezarritako higiene neurriak zaindu beharko dira: ahalik eta gutxien ukitzea, eskuak sarri garbitzea, espazioak higienizatzea eta abar. Programa hauetan, ahal den neurrian, telefonoz edo bitarteko elektronikoen bidez emango zaie arreta familiei (posta elektronikoa, whatsapp, bideokonferentzia...). Helburua da harremanetan jarraitzea haiekin, eta bereziki esku-hartzean parte hartzen duten pertsona eta familiekin.

c) Eteten dira aurrez aurreko bilerak eta koordinazio saioak. Harremanetan egoteko, telefonoa eta bide telematikoak erabiliko dituzte.

d) Aldi baterako eteten dira bisitak eta programatutako trukeak familia elkartzeko guneetan (aparteko kasuak salbu). Eten horren berri eman beharko zaie lehenbailehen familiei eta dagozkien epaitegiei.

e) Bertan behera geratzen dira Familia Bitartekotza eta Orientabide Zerbitzuek egiten dituzten saio terapeutikoak.

f) Baimena ematen da behin-behinean ixteko adingabeentzako eguneko zentroa, haur eta hezkuntza zentroekin egin bezala.

4.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta ukitutako toki entitateei eta zerbitzuei igortzea.

Iruñean, 2020ko martxoaren 17an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2004101