5. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

UHARTE ARAKIL

Deialdia, garbitzaile lanpostuan aldi baterako kontratuarekin aritzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez eratzeko, sortzen diren beharrei erantzutearren

Alkateak emandako 139/2019 Ebazpenaren bidez onetsi dira izangaien zerrenda bat hautaproben bitartez osatzeko deialdiaren oinarriak, jarraian argitaratzen direnak, garbitasuneko enplegatu izateko lanpostuan aldi baterako kontratuarekin aritzeko, Uharte Arakilgo Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

Aditzera ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

UharteArakilen, 2019ko abenduaren 10ean.–Alkatea, Jose Domingo Huarte Baleztena.

OINARRIAK

Lehena.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdia egiten da garbitzaile lanpostuan aldi baterako aritzeko izangaien zerrenda hautaproben bidez osatzeko, Uharte Arakilgo Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

1.2. Zerrenda horrek indarrean iraunen du agortzen den arte. Hala ere, zerrendaren indarraldian lanpostu bererako beste zerrendaren bat eratzen bada Nafarroako Aldizkarian argitaratutako deialdi baten bitartez, hura lehenetsiko da, berriagoa izateagatik.

1.3. Kontratatuak E mailan sartuko dira -Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langile Lan-kontratudunen Hitzarmen Kolektiboan ezarritako E mailan, lan-kontratua badute, edo Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuan ezarritako E mailan, administrazio-kontratua badute-, eta maila horri dagozkion oinarrizko lansariak eta, hala badagokie, Udalaren plantilla organikoan esleitzen zaizkien lansari osagarriak jasoko dituzte.

1.4. Lanaldia osoa edo partziala izaten ahalko da. Lan ordutegia berariaz ezarriko da deialdiko lanposturako, eta zerbitzuaren beharrei egokituko zaie une oro; organo eskudunak noiznahi aldatzen ahalko du, zerbitzuaren beharrei erantzuteko.

1.5. Lanpostuari dagozkion eginkizunak hauek dira:

–Garbiketa eta desinfekzio lanak egitea eta ordena mantentzea Udalaren eraikin eta instalazioetan (udaletxea, kontsultategia, kirol instalazioak, ikastetxe publikoa, gazte txokoa, alondegia eta Udalaren jabetzako gainerakoak, bide publikoak barne).

–Antzeko beste edozein eginkizun, zerbitzuan sortzen diren eskaeren arabera.

Bigarrena.–Betekizunak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

c) Eskola ziurtagiria edo balio bereko beste bat izatea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa egiaztatzen duen agiria eduki beharko da.

d) Nahitaezkoa izanen da euskaraz jakitea: 2. HE-B2 maila izan beharko da. Euskara maila frogatzeko titulaziorik ez duenak ahozko proba bat egin beharko du, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuko teknikariek eginen dutena edo eskuordetutako langileek.

e) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

f) Dagozkion eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik edo bazterturik ez egotea eta administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek, zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

2.2. Izangai guztiek Oinarri honen 2.1. c) eta d) baldintzak eskabidea aurkezterakoan frogatu beharko dituzte, 8.7 apartatuan xedatutakoari jarraikiz.

2.3. Oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean mantendu ere.

Hirugarrena.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Uharte Arakilgo Udalaren Erregistro Orokorrean (Udaletxe plaza 1, 31840 posta kodea) aurrez aurre aurkezten ahal dira, edo bestela egoitza elektronikoan (http://uhartearakil.egoitzaelektronikoa.eus), edo 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak adierazten dituen bideetatik edozein erabiliz. Epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, azken eguneko 13:00ak arte.

3.2. Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik. Nolanahi ere, postaz bidalitako eskaerak onartuen hasierako zerrenda argitaratu baino lehen iritsi beharko du.

3.3. 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoaren babesean eskaera Uharte Arakilgo Udaleko Erregistro Orokorrean beharrean, beste batean aurkezten denean, eskatzaileak eskabidearen kopia eta sartzeko baldintzak betetzen dituela frogatzen duten agiriena, kasuan kasuko erregistroko zigilua eta sarrera-data dituztela, info@uhartearakil.com helbide elektronikora igorri beharko ditu, eskabideak aurkezteko epearen barruan, betiere. Nahitaezkoa eta saihetsezina izanen da aipatu agiriak posta elektronikoz igortzea, hautapen-prozeduraren tramitazioak aurrera egin dezan, baina ez du erabateko baliorik izanen Uharte Arakilgo Udalean jatorrizko ereduaren araberako eskabidea jatorrizko agiriekin batera sartzen ez den bitartean.

Igorpen-prozedura hori bete ezean, izangaia hautapen-prozeduratik kanporatua izanen da, baldin eta erregistratutako eskabidea izangai onartu eta baztertuen hasierako zerrendaren argitalpenaren ondotik iristen bada.

3.4. Eskabideak II. eranskinean argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio. Horiek Udaleko bulego orokorretan eskura daitezke, baita Interneten ere, Uharte Arakilgo Udalaren egoitza elektronikoan (http://uhartearakil.egoitzaelektronikoa.eus).

Eskabideetan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela.

3.5. Izangaiek, eskabidearekin (II. eranskina) batera, nortasun agiri nazionalaren kopia aurkeztu beharko dute, bai eta eskola ziurtagiria edo balio bereko beste bat izatea eta Euskara maila frogatzeko titulazioa ere.

Merezimenduak aurkeztuz gero, horiek balora daitezen, III. eranskina ere aurkeztu beharko da, eta merezimenduak frogatzeko agiriak erantsi (tituluak, lan-bizitza, EJZko alta, Diruzaintzako ziurtagiriak edo txostenak, Gizarte Segurantza, lan-kontratuak eta abar).

3.6. Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean behar den tokian adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

3.7. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

Laugarrena.–Izangaien onarpena.

4.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Uharte Arakilgo Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta aginduko du Uharte Arakilgo udaletxeko iragarki oholean eta Uharte Arakilgo Udalaren egoitza elektronikoko iragarki oholean argitara dadila.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko dira onartuen behin betiko zerrendak.

Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko 5 egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, okerrik egin baldin badute, horiek zuzendu.

4.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Uharte Arakilgo udaletxeko iragarki oholean eta Uharte Arakilgo Udalaren egoitza elektronikoko iragarki oholean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

4.3. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako betekizunak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztutako dokumentazioa edo Udalak bere eskuetan daukana aztertuta, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

4.4. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, 39/2015 Legearen 45.1 artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

Bosgarrena.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

5.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Probetarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.

5.2. Oposizioaldia:

a) Lehen ariketa: Euskara. Ahozko proba bat eginen da, lanpostuak eskatzen duen euskara maila kontuan izanda, izangaiek gaitasuna duten ala ez duten zehazteko (1. HE-B2).

Proba hori Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuko teknikariek eginen dute edo eskuordetutako langileek.

Froga baztertzailea da hau, bazterturik geldituko dira “Ez gai” kalifikazioa jasotzen duten izangaiak.

Ez dute proba egin beharko eskatutako euskara mailaren gaitasun agiria dutenek, Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzatua, edo ofizialki haren baliokidetzat jotzen den agiria.

b) Bigarren ariketa, teorikoa. Proba bat egin beharko da: deialdi honen II. eranskinean dauden gaiei buruz zenbait galdera erantzun beharko dira, idatziz. Test moduko galderak izanen dira: erantzun bat baino gehiago emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da egokia.

Gehienez ere 60 puntu lor daitezke eta baztertuak izanen dira, gutxienez ere, 30 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

Zuzen erantzundako galdera bakoitzak puntu 1 izanen du eta erantzun oker bakoitzeko 0,25 puntu kenduko dira.

Oposizioaldia amaiturik, epaimahaiak puntuazioak emanen ditu eta Udalaren iragarki oholean eta webgunean argitaratuko dira.

Seigarrena.–Lehiaketaldia.

6.1. Oposizioaldia gainditzeko eskatutako gutxieneko puntuazioa (30 puntu oposizioaldiko probetan) lortu duten izangaiek alegatutako merezimenduak baloratuko ditu epaimahaiak, 6.3 oinarriko merezimenduen baremoari jarraikiz.

6.2. Deialdi honen III. eranskina bete beharko da merezimenduak alegatzeko, eta egiaztagiriak erantsi (tituluak, lan-bizitza, EJZko alta, Diruzaintzako ziurtagiriak edo txostenak, Gizarte Segurantza, lan-kontratuak eta abar), oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezten den unean.

6.3. Merezimenduak. Atal honetan 5 puntu emanen dira, gehienez.

–Garbitzaile lanetan esperientzia izatea, edozein administrazio publikotan edo enpresa pribatuan enplegatuta nahiz autonomo gisa: puntu bat urte bakoitzeko, eta gehienez ere 4 puntu.

Aldi laburragoa izanez gero, hainbanaketa eginez kalkulatuko da puntuazioa.

–Laneko arriskuen prebentzioaren arloko oinarrizko titulazioa: puntu bat.

Epaimahaiak informazio, azalpen edo agiri osagarriak eskatzen ahalko ditu merezimenduak egiaztatzeko.

6.4. Behin proben kalifikazioa eta alegazioen epea bukaturik, epaimahaiak Uharte Arakilgo Udalaren iragarki oholean eta egoitza elektronikoan jarriko du izangaien zerrenda, lortutako guztizko puntuazioaren araberako hurrenkeran.

6.5. Oposizioaldiko ariketan gutxienez 30 puntu lortzen dituzten pertsona guztiak sartuko dira aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan.

6.6. Parte-hartzaileen artean puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik zein izan den oposizioaldiko lehen eta bigarren probetako puntuak baturik lortutako puntuaziorik handiena.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren abizenak eta izena. Zozketaren emaitzak webgunean (deialdiaren aipuan) eta Uharte Arakilgo Udalaren iragarki oholean argitaratuko dira.

6.7. Gainditu duten pertsonen zerrenda, lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran, alkateari aurkeztuko zaio hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera, onets dezan, eta argitara emanen da Uharte Arakilgo udaletxeko iragarki oholean eta Udalaren webgunean.

Zazpigarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

7.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Mahaiburua: José Domingo Huarte Baleztena, Uharte Arakilgo Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Iker Gorriti Borreguero, lehen alkateordea.

Lehen mahaikidea: Martze Villanueva Palacios Uharte Arakilgo Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: Amagoia Betelu Aldaz, Uharte Arakilgo Udaleko zinegotzia.

Bigarren mahaikidea: Susana Mendinueta, Cederna-Garalurreko teknikaria. Ordezkoa: hark izendatzen duena.

Hirugarren mahaikidea: Yolanda Viguera Ijurko, udaleko garbitasun langilea.

Ordezkoa: hark izendatzen duena.

Mahaikide idazkaria: Ione Miren Lazkoz Maiza, Uharte Arakilgo Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: María Barcos Berruezo, Lakuntzako Udaleko idazkaria.

7.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen direnean.

Halaber, zilegi da epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errekusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, aditzera emanen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdietako oinarrien interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Zortzigarrena.–Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.

8.1. Gainditu duten izangaiei Uharte Arakilgo Udalean gertatzen diren beharren arabera eginen zaie dei, deialdi honetan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

8.2. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), baita helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.

8.3. Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak edo beste entitate publiko edo pribaturen batek diruz lagundutako kontratazioen kasuan, zeinetan langabeen zerrenda bat eskatu behar baitzaio Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eta zerrenda hori Uharte Arakilgo udalerrira mugatua izan baitaiteke, izangaiek zerrenda horretan egon beharko dute deituak izateko. Deialdi honen babesean osatutako zerrendako langileek, aipatutako betekizunak betetzen ez badituzte, ez dute kontratu zehatz horretarako deirik jasoko, baina zerrendan duten tokia mantenduko dute hurrengo kontratazioetarako.

8.4. Lanpostu baterako aldi baterako kontratazioa egin behar denean, une horretan zerrendako lehenbiziko lekuan dagoen izangaiari deituko zaio. Izangai bakoitza aurkitzeko bi saiakera eginen dira telefonoz bi lanegun jarraitutan, eta dei horien frogak jasoko dira, alegia, eguna, ordua eta inguruabarrak. Telefonozko harremana izateko lehenbiziko saiakerarekin batera, mezu elektroniko bat bidaliko da izangaiak emandako helbide elektronikora. Mezu elektroniko hori bidaltzen denetik egun bateko epean erantzunik lortzen ez bada, eta telefonoz hitz egiterik ere ez bada, zerrendako hurrengoari deituko zaio.

Izangai batekin harremanetan jarri eta, kontrataziorako eskaintza bat eginik, izangaiak uko egiten badio, zerrendako azkeneko postura igaroko da, salbu frogatzen badu arrazoi justifikatuengatik uko egiteko kasu batean dagoela, 8.5 apartatuan xedatutakoari jarraikiz.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan duen lehentasunari eutsiko dio eta zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.

Izendapena eginda, toki entitate eskatzaileak aldi baterako kontratatuko du proposaturiko izangaia.

Deia eginda kontratu bat onartzen dutenei ez zaie zerrenda bereko beste lanposturik eskainiko kontratua indarrean den bitartean.

8.5. Honako hauek onartuko dira eskainitako lanpostua kontratatzeari uko egiteko arrazoi justifikatu gisa eta, beraz, ez dute izangaiaren lehentasun ordena aldatuko aldi baterako kontratazioko izangaien zerrendetan:

a) Aldi baterako ezintasuna.

b) Amatasun edo aitatasun baimena.

c) Hiru urtez azpiko haurra zaintzea, edo hiru urtez azpiko adingabea harrera iraunkorrean edo adoptatua izatea.

d) Bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela kausa bere burua ezin gobernatu duena zaindu behar izatea.

e) Norberaren ezkontza edo Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera parekatutako egoera, baldin eskainitako kontratazio administratiboaren hasiera eguna badago hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturaleko epearen barnean.

f) Jada administrazio- edo lan-kontraturen bat izatea, eskainitako kontratuak adina edo gehiago iraunen duena indarrean.

g) Desgaitasunen bat behar bezala onartua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren ezaugarri bereziekin.

Aipatu egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, errefusatu duten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta fede emanez justifikatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Baldin kontratazio eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua frogatzen duen dokumentazioa ez bada aurkezten epe barrenean, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

Uko egiteko arrazoi justifikatua dagoenean, idatziz adierazi beharko dute noiz dauden berriz lanerako prest, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

8.6. Deia eragiten duen zerrendatik baztertuko dira honako egoera hauetako batean dauden izangaiak:

a) Kontratazio eskaintza onartua dela, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoiagatik.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu horren arrazoia baldin bada beste kontratu bat sinatu dela beste entitate publiko edo pribatu batekin. Agiri bidez eta modu fede-emailean frogatu beharko da hori, ukoaren formalizaziotik 7 egun naturaleko epean. Kasu honetan, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

c) Lanpostua bertan behera uztea.

d) Probaldia ez gainditzea, kontratuan ezarri den kasuetan.

e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.

f) Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 52. eta 54. artikuluetan aurreikusitako arrazoiengatik lan-kontratua azkentzea, hori bidegabetzat jotzen denean, baldin eta Udalak ez badu hautatzen langilea lanean berriz hartzea lege-testu beraren 56. artikuluan aurreikusi bezala.

8.7. Deia jasotzen duten izangaiek aurkeztu beharko dute deialdian eskatutako titulua dutela frogatzeko agiriak, honako hauen fotokopia konpultsatua aurkeztuz: DBHko graduatuaren titulua, Eskola graduatuaren titulua, Erdi Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako eduki behar dira tituluak edo gordekinak.

8.8. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

8.9. Oinarri hauetan arautzen ez den orotan, abenduaren 31ko 814/2010 Foru Agindua aplikatuko da. Horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuetan aldi baterako kontratazioaren bidez aritu nahi duten izangaien zerrendak kudeatzeko arauak ezarri ziren.

Bederatzigarrena.–Datuen babesa.

2016/679 (EB) Erregelamenduaren (DBEO) 13. artikuluan ezarritakoari jarraituz, izangaiei honako hau jakinarazten zaie:

–Izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Uharte Arakilgo Udala da.

–Datuen tratamenduaren xedea da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Hona oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-eginbeharra betetzeko), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).

–Datuak zein xedetarako bildu diren, bada xede hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondorioz izan daitezkeen erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Entitateen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuen komunikazioa eginen da legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 LED, urriaren 30ekoa), gardentasunaren atarian argitaratzea barne, 5/2018 Foru Legearen 19.2.f) artikuluarekin bat.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joaz. Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

Hamargarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtsoetako bat aurkez daiteke, hautara:

–Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

1. gaia.–Uharte Arakilgo udalerria: kaleen eta udal eraikin eta instalazioen izenak.

2. gaia.–Garbitasuneko kontzeptu orokorrak. Garbiketako materialaren zainketa.

3. gaia.–Garbitzeko makineria.

4. gaia.–Makinak eta garbiketa sistemak. Zoruan erratza pasatzea; moparekin fregatzea. Altzairuak garbitzea. Komunak garbitzea. Kristalak garbitzea.

5. gaia.–Eraikinen eta administrazio eremuen garbiketa.

6. gaia.–Garbitzeko produktu kimikoak. Produktu bakoitzaren ezaugarriak. Produktu horien gaineko arau orokorrak. Garbiketak eragindako desinfekzioa. Arriskuak identifikatzea produktu horiek erabiltzerakoan. Produktuen etiketak.

7. gaia.–Hondakin eta zaborren sailkako bilketa: sailkapena eta tratamendua.

8. gaia.–Lan arriskuei aurrea hartzea garbiketa lanetan.

II. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa)

III.ERANSKINA

Merezimenduak (PDFa)

Iragarkiaren kodea: L1915934