37. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

161E/2020 EBAZPENA, urtarrilaren 28koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen-inpaktuaren txostena egiten duena Caparroson behi-aziendaren ustiategi bat handitzeko proiektu bateratuari buruz, (gehienez ere 4.900 behi heldu izateko). Sustatzailea Valle Odieta SCL da.

Gaur egungo ustiategiak ingurumen baimen integratua eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena ditu, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 11ko 2275/2009 Ebazpenaren bidez emanak, esnetarako behi-aziendaren ustiategirako eta hondakin organikoen biometanizazio instalaziorako. Horien titularrak Valle de Odieta SCL, HTN SL eta Corraliza Tomillar S. Coop. dira.

2019ko apirilaren 9an, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak eskaera bat igorri zuen Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, ustiategia handitzeko espedienteari buruz (gehienez ere 4.900 behi heldu izateko) ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuari egiteari ekiteko. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinean (1. taldea, f) Bigarrena).

21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen-organoak ebatziko duela, arrazoiak emanda, proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta behar duen edo txosten honetan ezarritako baldintzetan ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar den erabakiz.

Esnetarako behi-aziendaren ustiategia handitzeko proiektu bateratua (gehienez ere, 4.900 behi heldu izateko) 17. poligonoko 46. lurzatian dago, Tomillar y Piteo bazkalekuan, Caparroson. Eraikuntzei, gobernatzeko eremuei eta egungo zentsua handitzeari dagozkion jarduketa batzuk dira –batzuk eginik daude, beste zenbait proiektuan–, ondotik zehazten den moduan:

a) Baimenik gabe osorik edo zati batean eraiki diren nabe eta eremu hauek legeztatzea eskatzen da:

–Esnea ematen duten behientzako nabea (6.809 m²) eta bigentzako nabea (7.149 m²): hurrenez hurren 220 eta 231 metroko luzera dute.

–Makineria gordetzeko eta haren mantentze-lanetarako nabea (1.598 m²), 85 × 18,85 metrokoa.

–Aratxeentzako bi estalpe, isuri bateko teilatua dutenak (2 × 1.855 m²).

–Elikadura eta baskula zentroa urbanizatu eta handitzea (29.700 m²).

b) Egin gabe dauden nabe edo eremu hauetarako, berriz, baimena eskatzen da:

–Urak biltzeko kanalizazioa eta lotura, biometanizazio instalaziora mindak garraiatzeko sarearekin lotuta.

–Simaurtegi berria (4.000 m²), eta haren ondoan bide bat, 237 metro luze eta 7 metro zabal izanen dena (egun dagoen bide perimetralaren paralelo).

c) Eskatzen da, halaber, jardueran dagoen zentsua formalizatzea, esnea ematen duten behientzako 1.450 toki gehiagorekin, eta ustiategiaren batezbestekoa 1.090 azienda unitaterekin:

ESKATUTAKOA

INDARREKO IBIa

IGOERA

Abelburuak

AzLU

Abelburuak

AzLU

Abelburuak

AzLU

Behiak

4.900

4.900

3.450

3.450

1.450

1.450

Bigak

1.100

770

1.460

1.022

-360

-252

Aratxeak

1.100

330

1.460

438

-360

-108

Guztira

7.100

6.000

6.370

4.910

730

1.090

d) Azienda gobernatzeko eta lurra zelaitu eta egokitzeko beste eremu batzuk, proiektuan eraikuntza unitate gisa sartu ez direnak baina eginik daudenak:

–Zekorrentzako igluen eremua ekialdean: 20.750 m² inguru, alorrean.

–Behi antzuentzako estabulazio librerako eremua (hego-ekialdean), 21.886 m² inguruko azaleran.

–Idoiak eta behien patioetako lixibiatuak biltzeko putzua.

–Lurrak zelaitzeko eta egokitzeko hondeaketak eta betelanak (iparraldean), indarreko baimenaren esparrua gainditzen dutenak (99.000 m²).

Ingurumen Eraginaren Atalak, behin espedientearen dokumentazioa aztertuta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean jasotako irizpideekin bat, irizten du proiektuak bete beharko lukeela ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunt bat, ingurumenaren gaineko ondorio nabarmenak izan ditzakeelako, 21/2013 Legearen 47.2.a) artikuluan ezarritakoa kontuan harturik.

Zehazki, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean bildutako irizpideak, proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio nabarmenak dituela pentsarazten dutenak eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta bete behar duela, hauek dira:

–Proiektu osoaren tamaina eta diseinua, instalazioaren eta proposatutako handitzearen neurria kontuan hartuta, III. eranskinean ezarritako gehienekoa bost halako delako; horrez gain, natura baliabideen zuzeneko eta zeharkako erabilera nabarmena, bereziki urarena eta lurzoruarena.

–Proiektua Bardeetako pseudoestepako eremu batean kokatuta dago, habitaten eta espezieen kalitatearen ikuspuntutik kaltebera den toki batean alegia, eta esparru horietan kargarako gaitasuna txikia izaten da, nabariak baitira bertan erabileren eraldaketaren eragina, batetik, eta bestetik instalazioak sortzen dituen hondakinak nekazaritzan baliatzearen ondorioak.

Jardueran zehar aurkeztutako ikuskapen aktak eta erregistroak ikusirik, egiaztatu da kontrol sistema ez dela eraginkorra izan ingurumen-inpaktuaren adierazpenean jasotako neurri zuzentzaileetako batzuen kasuan (Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 11ko 2275/2009 Ebazpenaren bidez emandako adierazpena), eta habitatei, jariatze-uren sareari eta abelbideei eragin diela; hori dela eta, komeni da jardueraren ondorio batzuen ebaluazioa berriz egitea, bai eta ingurumen zaintzako planaren jarraipen neurriena ere.

–Inpaktuaren konplexutasuna, eta proiektuaren ondorio metagarri eta sinergikoak –Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 11ko 2275/2009 Ebazpenaren bidez jaso zuen baimenarekin lotuta dago Caparrosoko HTNren biometanizazio planta–, ibilgailuen zirkulazioak eragindakoak, digestatoaren aplikazioa eta erabileren eraldaketa lurraldean jarduerarako dagoen eskaera asetzeko. Gaur egun ebaluatzen ari dira zenbait proiektu, batera aztertu beharko liratekeenak jardueraren inpaktua zehazteko eta neurri zuzentzaile egokiak hartzeko. Hauek dira tramitazioan dauden proiektu horiek:

  • “Caparroson, esnetarako behi-aziendaren ustiategia handitzeko proiektu bateratua, gehienez ere 4.900 behi heldu izateko”.
  • “Caparroson, hondakinen biometanizazio instalazioaren tratamendu gaitasuna handitzea.
  • “Digestato likidoa eramatea Caparrosoko biometanizazio instalaziotik Alesbesko alorretara”.

Horri gehitu beharko litzaizkioke dagoeneko eginik dauden beste proiektu edo jarduketa batzuek espezie katalogatuen eta habitaten gainean duten inpaktua, lurrak abereentzako elikagaien ekoizpena handitzeko eta digestatoa aplikatzeko eraldatzeak eragindakoak, bereziki hauek:

  • Carrascal bazkalekuan, 12. poligonoko 3. eta 4. lurzatietan, 105 hektareako ureztalurren proiektuak duen hondar-inpaktua; Valle de Odieta SCLk sustatu zuen eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren maiatzaren 24ko 625E/2016 Ebazpenaren bidez egin zen proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena.
  • Bertako landaredia duen 142.927 m²-ko eremu bat luberritzea (gehienbat espartzudiak eta gatz-lautadak, beiraki-belarraren sastrakadiekin) Nafarroako Ubidearen 1. faseko IV-4 sektorean (Erriberri), 0002-SAMA-2016-000153 zehapen espedientea irekitzea eragin zuena.

Ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Caparroson behi-aziendaren ustiategi bat handitzeko proiektu bateratuak (gehienez ere 4.900 behi heldu izateko), Valle Odieta SCLk sustatutakoak, ingurumenean eragin nabarmenak izaten ahal ditu, eta, hortaz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaio, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean xedatutako irizpideen arabera.

2. Sustatzaileak aurrera egin nahi badu ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren tramitazioarekin, ingurumen baimen integratua aldatzeko proiektu bakar bat idatzi beharko du, egun tramitazioan dauden hirurak barne hartuta (behi-aziendaren ustiategia handitzea, biometanizazio instalazioa handitzea, eta digestato likidoaren kondukzioa), eta proiektuari dagokion ingurumen-inpaktuaren azterketa, inpaktu metatua osotara ebaluatzeko, proiektuen zatiketarik gabe. Ingurumen-inpaktuaren azterketa horretan jasoko da Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 35. artikuluan adierazitako informazioa, eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren tramitazioa 21/2013 Legearen 33. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitakoarekin bat eginen da.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri, proiektua onesteko egintzaren aurka bide administratibo edo judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Animalien Ekoizpenaren Atalari, Caparrosoko Udalari eta interesdunari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko urtarrilaren 28an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2001343