32. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

36/2020 EBAZPENA, otsailaren 3koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, hamar egun naturaleko epea irekitzen duena, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, enpresa eta entitate publikoetan gizarte-erantzukizuna “InnovaRSE” metodologiaren arabera ezartzeko aholkulariak akredita daitezela eskatzeko.

Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren (S3) 14. erronkak, “Enpresa kudeaketarako kultura berria” izenekoak, hauxe du xede: enpresa kultura ireki eta gardena garatzea partaidetza bidezko lidergoaren eta kudeaketa-bikaintasunaren bitartez, enpresen eta enpresak osatzen dituzten pertsonen dimentsio sozialean oinarritutako lan harreman esparru bat sortzeko, balioa, konfiantza eta elkarrenganako konpromisoa ekarriko duena.

Nafarroako Gobernua 2008. urtetik garatzen ari den kudeaketa sisteman, besteak beste, Nafarroako enpresen kudeaketan gizarte-erantzukizuna ezartzeko metodologia bat aplikatzen da (InnovaRSE). Ekintza hau 2009. urtetik lagundu da diruz.

InnovaRSE metodologia aplika dezaketen entitateen tipologia ahalik eta gehien zabaltzeko asmoz, 2018an metodologia horren bi egokitzapen prestatu ziren: bat, lan autonomoarentzat eta mikroeteentzat, eta bestea, sektore publikoarentzat.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak dituen eskumenen artean, enpresaren gizarte-erantzukizuna bultzatu eta sustatzea dago, halaxe xedatua baitago Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 265/2019 Foru Dekretuaren 26.e) artikuluan.

Nafarroako Gobernuak gizarte-erantzukizuna sustatzen du, eta, horretarako, enpresentzako laguntzen deialdiak onesten ditu, beren enpresa-estrategietan gizarte-erantzukizuna sar dezaten errazteko.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak 2020ko ekitaldirako daukan aurrekontuko zuzkiduraren barnean, 810012-81500-4709-494112 partida dago, “Gizarte-erantzukizuna sustatzeko programa” izenekoa, 72.000,00 euro dituena. 2020rako Nafarroako Aurrekontuei buruzko Foru Legea onetsi bitartean, deialdia 2019ko gastuen aurrekontuko partida beraren kargura finantzatuko da, automatikoki luzatu baita.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren apirilaren 15eko 39E/2019 Ebazpenaren bidez, gizarte-erantzukizuna sustatzeko 2019ko dirulaguntzen deialdia egin zen. Deialdi horren 4. oinarrian (Aholkulari gisa akreditatuako pertsonak) ezarrita dago ezen Lan Zerbitzuak akreditatutako pertsonek egiten ahalko dituztela diruz lagundutako jarduketak, eta akreditatutako pertsonen zerrenda “InnovaRSE kanpoko aholkularitza zerbitzuen akreditazioa” zerbitzu-fitxan argitaratuko dela kasuan kasuko akreditazio prozedura bukatutakoan.

Dirulaguntza eskatzen duten enpresek aukera izan dezaten jarduketa diruz lagungarriak egiteko akreditazioa duten aholkulariekin harremanetan jartzeko, akreditazio epe bat irekitzen da.

Hauek dira aholkulari akreditatua izateko betebeharrak:

–Hiru urteko esperientzia akreditatzea enpresentzako eta/edo entitate publikoentzako kontsulta edo aholku lanetan.

–Jarduera profesionala gehienbat Nafarroan garatzea.

–Lan Zerbitzuak ematen duen prestakuntzan parte hartzea.

Akreditazioa lortu nahi duten pertsonek eskabide eredua aurkeztu beharko dute, eta bertan erantzukizunpeko adierazpen bat agertu beharko da aitortzeko hiru urteko esperientzia dutela enpresentzako eta/edo entitate publikoentzako kontsulta edo aholku lanetan eta beren jarduera profesionala gehienbat Nafarroan garatu dutela. Eskaerarekin batera curriculum eguneratua aurkeztuko da.

Akreditazioa lortzeko eskaera eta dokumentazioa hamar egun naturaleko epean aurkeztuko dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Gobernuaren Interneteko www.nafarroa.eus Atariaren tramiteen katalogoan dagoen zerbitzu-fitxa honen bidez: “InnovaRSE metodologiako kanpoko aholkularitza zerbitzuen akreditazioa”. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Aipatutako lehenengo bi baldintzak betetzen dituzten eskatzaileen zerrenda prestatzen denean, bertan agertzen direnei prestakuntza saio bat egitera deituko zaie.

Prestakuntza egin eta gero, InnovaRSE metodologia ezartzeko akreditatutako pertsonen zerrenda argitaratuko da goian aipatutako zerbitzu-fitxan.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 10 egun naturaleko epea irekitzea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, enpresa eta entitate publikoetan gizarte-erantzukizuna “InnovaRSE” metodologiaren arabera ezartzeko aholkulariak akredita daitezen eskatzeko.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko otsailaren 3an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

Iragarkiaren kodea: F2001638