302. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Aldaketa 19. ordenantza fiskalean, zeinak arautzen baititu tokiko jabari publikoko lurzoruaren, hegalkinaren eta zorupearen aprobetxamendu bereziaren tasak 2020rako.
Behin betiko onespena

Tafallako Udalak, 2020ko urriaren 27an egindako ohiko osoko bilkuran, hasiera batean onartu zuen 19. ordenantza fiskalaren aldaketa.

Horien hasierako onespena 2020ko 264. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen eta 30 egun balioduneko epea igaro denez inork erreklamazio, eragozpen edo oharrik jarri gabe, behin betiko onartu dira.

Jarraian, ordenantza horien testu osoa argitaratzen da, jende guztiak horren berri izan dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea betez.

Tafallan, 2020ko abenduaren 30ean.–Alkatea, Jesús Arrizubieta Astiz.

19. ORDENANTZA FISKALA,
TOKIKO JABARI PUBLIKOKO LURZORUAREN, HEGALKINAREN ETA ZORUPEAREN ERABILERA PRIBATIBO EDO APROBETXAMENDU BEREZIAREN TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri daNafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen 7. ataleko IV. kapituluko lehen tituluan xedatutakoaren arabera eta 12. artikuluan jasotako baimenaren arabera.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egitateak dira tokiko jabari publikoan lurzoru, hegalkin eta zorupean egiten diren erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak, hala nola:

a) Erabilera publikoko zorupea okupatzea.

b) Erabilera publikoko lurrak okupatzea salgaiekin, eraikuntza-materialekin, obra-hondakinekin, hesiekin, puntekin, astoekin, aldamioekin eta antzeko beste instalazio batzuekin.

c) Solairuetako burdin sareak, sabai-leihoak, arnasbideak, sarrera-ateak, karga-ahoak edo antzeko elementuak instalatzea, era guztietako tokiko bide publikoen lurzorua edo zorupea okupatzen dutenak, argiak, aireztapena, pertsonen edo ibilgailuen sarbidea sotoetara edo erdisotoetara, eta argien sare publikoko argi-hargunea jartzea.

d) Era guztietako tokiko bide publikoen hegalkina okupatzea: eraikuntza-elementu itxiak, terrazak, begiratokiak, balkoiak, markesinak, toldoak, haize-babesak eta antzeko beste instalazio batzuk, eremu publikoaren gaineko edo fatxada-lerrotik ateratzen diren hegalkinak, eta balkoi eta terrazetako itxitura beiraztatuak.

e) Argindarra, ura, gasa edo beste edozein jariakin eramateko hariteria, tutueria eta galeriak, linea, kable, krisketa, palomila, lotzeko, banatzeko edo erregistratzeko kaxak, transformadoreak, errailak, baskulak, aldamioak eta antzekoak, bide publikoetan edo tokiko jabari publikoko beste lur batzuetan ezartzen diren salmenta automatikorako aparatuak edo horien gainean iraultzen diren antzeko beste batzuk.

f) Erabilera publikoko lurrak okupatzea irabazteko asmoarekin mahaiak, aulkiak, tribunak, oholtzak eta antzeko elementuak erabiliz.

g) Kioskoak jartzea eremu publikoan.

h) Erabilera publikoko lurretan kokatutako postuak, barrakak, salmentarako etxolak, ikuskizunak, atrakzioak edo josteta jartzea, bai eta kaleko industriak eta industria ibiltariak eta filmaketa zinematografikoa ere.

i) Portadak, erakusleihoak eta beira-arasak.

j) Erregaien eta, oro har, erabilera publikoko lurretan edozein artikulu edo salgairen biltegiak eta banaketa-aparatuak.

k) Tokiko jabari publikoko lurretan edo errepideetatik eta tokiko gainerako bide publikoetatik ikus daitezkeen lurretan iragarkiak jartzea.

l) Lurrei, eraikinei edo hesiei eusteko hormak, behin betikoak nahiz behin-behinekoak, tokiko bide publikoetan.

m) Aziendak bide publikoetan edo tokiko jabari publikoko lurretan ibiltzea.

n) Banku-establezimendu, bideoklub, vending eta abarren fatxadan jarritako kutxazain automatikoak, bezeroak kaletik erabiltzen dituenak

Ordaindu Beharra

3. artikulua. Ordaindu beharra sortzen da erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia hasten denean, eta aldez aurretik baimena eskatu behar da.

Erabilera edo aprobetxamendua aldez aurretik udal lizentzia lortu gabe egiten bada ere, ordenantza fiskal honetan ezarritako tasa ordaindu beharko da. Ordainketa horrek ez du legeztatuko egindako erabilera edo aprobetxamendua, eta kalte-ordainik eman gabe instalazioak kentzeko agindua ematen ahalko da, eta, hala badagokio, ezartzen diren zigorrekin.

Ordenantza honen xede den erabilerak edo aprobetxamenduak tasaren aldizkako sorrarazpena eskatzen duenean, tasa urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean sortuko da, eta zergaldiak urte naturala edo urtaroaren araberako aldia hartuko du, erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia hasi edo bertan behera uzten denean izan ezik. Kasu horretan, zergaldia hainbanatu egingo da eta kuota ordainduko da, mahai eta aulkien kasuan izan ezik.

Mahai eta aulkien kasuan, hainbanaketa ezartzeko, lehenengo urtaroetako hilabeteei tarifa aplikatuko zaie beren prezioan, eta gainerako hilabeteetan, urtaroen tarifarekin bat ez etortzeagatik.

Mahai eta aulkietarako lizentzia lortu ondoren eskatzaileak hari uko egiten badio, ez da kontuan hartuko zerga ondorioetarako hainbanaketari dagokionez.

Elkarteen, Gizarte Erakundeen eta/edo Hezkuntza Erakundeen Erregistroan inskribatuta dauden irabazi-asmorik gabeko erakundeek lurzorua okupatzea salbuetsita dago beren jarduerak direla-eta kontzeptu horrengatik ordaindu beharreko tasetatik.

Ordaintzera behartuak

4. artikulua. Tasa ordaintzera behartuta daude, zergadun diren aldetik, pertsona fisiko eta juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izan arren, unitate ekonomikoa edo ondare bereizia osatzen duten erakundeak, baldin eta tokiko jabari publikoko lurzorua, hegalkina edo zorupea modu pribatuan erabili edo aprobetxatzen badute.

Eremu publikoan jarritako edukiontzien kasuan, lizentziaren titularrak edo aprobetxamenduaren erabiltzaileak ez ezik, edukiontzien jabeak eta eraikitzaileak ere behartuta daude ordaintzera.

5. artikulua. Hornidura-zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek lurzoruaren, hegalkinaren eta zorupearen erabilera edo aprobetxamenduagatik ordaindu behar dituzten tasak dagokion ordenantza fiskalaren edo haiek arautzen dituzten udal-erabakien mende egonen dira.

Oinarriak, motak eta tarifak

6. artikulua. Tarifak aplikatzeko oinarria erabileraren edo aprobetxamenduaren iraupenaren eta eremu publikoaren neurriaren araberakoa izanen da.

7. artikulua. Tarifak ordenantza honen eranskinean zehazten dira.

Kudeaketa arauak

8. artikulua. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak tokiko jabari publikoa suntsitzea edo hondatzea badakar, onuradunak, dagokion tasa ukatu gabe, berreraikuntza- edo konponketa-gastuen kostu osoa itzuli beharko du, eta zenbatekoa aldez aurretik gordailatu.

Gordailu hori ukituak izan daitezkeen ondasun edo instalazioen balioaren arabera eratuko da, Udalaren irizpen teknikoa jaso ondoren.

Eremu publikoa edukiontziekin okupatuz gero, eremu publikoan edukiontziak paratzeari buruzko ordenantzan ezarritako zenbatekoen arabera eginen da gordailua.

Gordailuak indarra duen araudia edo lizentziaren baldintzak ez betetzearen ondoriozko zehapenei eragiten ahalko die. Fidantza itzultzeko, aldez aurretik aldeko txostena beharko da, indarrean dagoen araudia, lizentziaren baldintzak eta zoladura behar bezala konpondu direla frogatzeko.

9. artikulua. Erabilerak eragindako kalteak konponezinak badira, onuradunak desegindako gauzen balioa edo kaltetutakoen balio-galeraren zenbatekoa adinako kalte-ordaina eman beharko dio Udalari. Bereziki, konponezinak izanen dira interes artistiko edo historikoko monumentuetan egiten diren kalteak eta 20 urtetik gorako zuhaitzak suntsitzen dituztenak.

Lehenik eta behin, fidantzak kalte-ordain horiei erantzuteko erabiliko dira.

10. artikulua. 1) Ordenantza honetan araututako tasei lotutako erabilerak edo aprobetxamenduak, erregularrak eta jarraituak badira, dagokien errolda edo zerrndan sartu beharko dira, eta urtero ordaindu beharko da tasa, Ordenantza Fiskal Orokorrean ezarritako epe eta baldintzetan.

2) Erabilerak edo aprobetxamenduak lizentziarik behar ez badu, dagokion kuota jarri beharko da aldez aurretik, eta, kasu horretan, horretarako izendatutako langileek behar bezala datatutako txartela eman beharko dute.

3) Gainerako kasuetan, likidazioa dagokion bulegoak eginen du, eta tasa lizentzia edo baimena eman dela jakinarazi baino lehen utzi beharko da, erabileraren edo aprobetxamenduaren denbora erabat zehaztuta dagoenean; bestela, erabilera edo aprobetxamendua amaitzen den unean ordainduko da, eta erabilera edo aprobetxamendua partikularrak Udalari jakinarazten dion unean amaitzen dela ulertuko da.

Erabilera edo aprobetxamendua denboraldi osorako ematen bada, hiruhilekoa amaitu ondoren ordaintzen ahalko da tasa. Hiruhilekoko likidazioa ez da eginen erabilerari edo aprobetxamenduari uko egitea hiruhilekoa hasi baino hilabete lehenago eskatzen bada

4) I. epigrafeari dagokionez (“Mahaiak eta aulkiak”), Udalak baimena osorik ezeztatu edo aldi baterako eteten ahalko du, baldin eta horretarako arrazoi justifikaturik badago: obrak, konponketak, etab. Horretarako, jasotako tasaren zati proportzionala itzuli beharko du.

Lizentzia lortu ondoren eskatzaileak uko egiten badio, eskatutako aldi osoaren zenbatekoa ordaindu beharko du.

“Mahai eta aulki”en tasa aurreko urteko multzoa kontuan hartuta likidatuko da, “Zaindariaren jaiegunetakoak” izan ezik, azken horiek ez baitira automatikoki berritzen.

Salbuetsita egonen dira “mahaiak eta aulkiak” tasak ordaintzetik Zaindariaren jaiegunetako kafe kontzertuak (El Aguazón, El Empuje eta El Cierzo peñetako kafe kontzertuak), baldin eta kontzertu horietarako bakarrik jartzen badira eta egun bakoitzean desinstalatzen badira, kontzertu hori amaitutakoan.

5) Aldamioekin, plataformekin, edukiontziekin eta abarrekin okupatuz gero, tasa behin-behinekoz likidatuko da erabilera-aldiaren aurreikuspenaren arabera, eta behin betiko erabilera-aldia amaitutakoan. Okupazioari uko egitearen edo hura uztearen aldaketak kontuan hartuko dira soilik aurreikusitako epean egiten direnean, eta ez dute atzeraeragineko eraginik izanen. Beraz, epez kanpo egindako jakinarazpenak ez dira kontuan hartuko.

XEDAPEN IRAGANKORRA

2020ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin eta 2020ko ekitaldi osoan zehar bertan behera geratzen dira I.2 epigrafeko tasak (mahai eta aulkien erabilera pribatiboagatiko edo lurzoruaren aprobetxamendu bereziagatiko tasak).

Iragarkiaren kodea: L2014768